behiek ez dute adarrik

1960ko uda zen, eta nire familia opor-egun batzuk igarotzen ari zen landan herri batean. Hango jende gehienak behi-azienda hazten zuen, batez ere esnetarako behiak. Gure etxetik gertu, abeltzaintzako familia-ustiategi haietako bat zegoen, hamar eta hamalau behi artean izaten zituena gehienetan.

Ni orduan hamar urteko mutikoa nintzen, bihurri samarra eta itxuraz beldur bakoa, eta kortara hurbildu eta behiei zelan jaten ematen zieten, zelan jezten zituzten… ikustea gustatzen zitzaian. Egun haietako batean, kortatik kanpo, hainbat pertsona zeuden eskortan, denak helduak, eta bat-batean haietako batek esan zidan: “Ezetz ausartu adarra zuzenean ukitzera hor barruko behi horri!”. Erronkak niri? Azkar erantzun nion: “Bai horixe!”. Baina berehala sartu zitzaidan beldur eta errespetu apur bat. Guztiak begira nituen. Hortaz, aska artean aurrera joan nintzen pixkanaka behi arriskutsu harengana hurbiltzeko, pertsona guztiak niri begira eta irribarrez zeudela nabarituz. Kontu handiz nindoan aberearengana, neure artean esanez: ‘Zer ote dauka behi horrek hain berezia izateko eta, itxura batera, zuzenean adarra ukitzera inor ez ausartzeko?’. Behiaren ondora iristean, besoa luzatu, eskua luzatu eta… zuzenean adarra ukitu nion! Behin, birritan eta hirutan! Baina badaezpada ere azkar alde egin nuen handik.

Kanpora irtetean, esan nien: “Egin dut, adarra zuzenean ukitu diot eta hiru aldiz gainera!”. Baina ohartu nintzen denek irribarre egiten zutela, harik eta gizon haietako batek, armairu bat bezain garaia eta handia zenak, esan zidan arte: “Zuzenean ukitu dioala? Okerrean ukituko hioan, bi adarrak okerrak dizkik eta!”

Orduan irribarreak barre-algara bihurtu ziren, zur eta lur geratu nintzen, eta ohartu nintzen abere arriskutsu haren aurrean bizia arriskatzeko behar izan nuen ausardia guztia adarra ukitzeko izan zela, bai, baina heldu haiek niri adarra jotzeko ere bai!

Gaur egun, urte batzuk gehiagorekin eta birbiloba zoragarri batzuen aitaita izanik, uste dut ez dela horrela jolastu behar ume baten inozentziarekin.

******

Beste egun batean, belardietan nenbilen, argi eta berde dotoreko, etzatera eta zelaiko eta zeru goiko bakeaz gozatzera gonbidatzen zaituzten egun zoragarri horietako batean. Lasai-lasai nindoala, gizon batzuk eta emakume bat ikusi nituen, bigantxa gazte bat geldiarazi nahian. Zer egiten zuten ikustera hurbildu eta galdetu nien: “Zergatik geldiarazten duzue?”. Erantzun zidaten: “Adarrak kendu behar dizkiogu, eta orain, txikerra denez, errazago egiten da eta gutxiago sufritzen du”. Ni ez naiz landa-gizona, eta ezin dut iritzirik eman ezagutzen ez ditudan gauzei buruz, baina sumatzen nuen hura gogorra izango zela. Ausardiaz bete eta begira geratu nintzen, txarto pasatuko nuela iruditzen zitzaidan, baina baita ere bigantxak okerrago pasatuko zuela. Hasi zen ikuskizun gogor eta odoltsu hura: gizon batzuek txahal txikerrari geldi eusten zioten bitartean, beste batek sopletez tresna bat berotzen zuen, sagarrei zuztar edo mutxikina kentzeko horietakoa bezalakoa, baina diametro zabalagokoa. Gori-gori eduki zuenean, albaitaria zirudien beste gizon bati pasatu zion, eta hark bigantxari adarraren inguruan sartu zion, eta buruarekin palanka eginez adar bat atera zion aurrena, eta gero bestea, eta gori-gori zegoen gailuarekin inguru guztia erre zion zauriak kauterizatzeko eta ez infektatzeko. Bigantxari jaregin ziotenean, alde guztietara ostikoak emanez irten zen jauzika, eta ez zen gutxiagorako! Prozesu osoa azkeneraino ikusi nuen, basakeria hutsa iruditu zitzaidan, eta triste eta zorabiatuta, txarto geratu nintzen.

Ez naiz landa-gizona, eta ez dakit asko animaliez, ez dut haiekin inoiz lan egin. Baina jakin badakit gaur egungo ume batek ezingo liokeela behi bati zuzenean adarra ukitu, ezta okerrean ere, oraingo behiek ez baitute adarrik.

Betiko maitasunarekin…

Juan Carlos Ruiz de Villa 2025.03.07

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude