Luisen kontua

BEZEROEN KAPTAZIOA

Luisen kontua

Zein bitxia den historia erreala! Harrigarria da batzuetan elkarrizketa xume batetik anekdotak eta egoera bereziak nola sortzen diren. Halakoxea da lerro labur hauen bidez kontatuko dizuedana.

Amaitzear dagoen 2024ko abenduko igande arratsalde bat zen, euritsua, haizetsua eta hotza.   Noizean behin, gure adiskide Luisen eta Nerearen etxean hainbat lagun elkartzen gara, txokolatea, txurroak eta beste hainbat janari goxo hartuz berriketan aritzera.
Oso atsegina da haiekin egotea, betiko lagunak baitira, aspaldikoak. Bizipen ugari partekatu ditugu, eta eroso sentitzen gara haiekin, erlaxatuta, lasai, ongi; etxean bageunde bezala.

Hasi da askaria eta hasi da solasa ere. Denetarik dugu mintzagai: iritsi dira Eguberriak; zer moduz zure ama, ehun urte bete ditu jada, bai itxura ona duen… Eta, horrela, gauza bat eta beste. Eta, halako batean, lagunak esan digu:  Aizue, ba al dakizue nola egin nintzen ni Bizkaiko Aurrezki Kutxako bezero?  Bada, ez, ez dakigu. Ea, esan, kontatu. Eta iritsi da erantzuna.

Behin batean, nire izekorik gogokoenetako batekin paseatzera irten, eta Zazpikaleetara hurbildu ginen. Han, parrokiaren tenpluen aldeko tonbola bat zegoen, urtero bezala, Bilboko Areatzan. Urte hartan boleto batzuk erosi genituen, eta sari bat irabazi genuen: Aurrezki Kutxan libreta bat irekitzea, 100 pezetako saldoarekin. Nik hamar urte nituen.

Libreta 1953ko urriaren 19koa da. Testua ez da ondo irakurtzen, baina honako hau jartzen du: “Batzarrari parrokiaren tenpluen alde tonbolako sarietarako emandako dohaintza”.

Modu xume eta polit horretan egin zen nire lagun Luis Bizkaiko Aurrezki Kutxako bezero. Gerora, Udal Aurrezki Kutxako bezero ere izan zen, bizkaitar gehienak bezala. Denborarekin, bi erakundeek bat egitean, pixkanaka-pixkanaka kontu bakar batekin geratu ziren BBKn. 

Hori bai zela kalitatezko marketin fina egitea: gurasoei presiorik egin gabe, gaztetxoei opari gisa kontu bat irekitzea! 

Dagokionak kontuan har beza. Urte berri ona izan dezazuela.

©Juan Carlos Ruiz de Villa, 2024ko abendua

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude