Ohea nahasita zegoen, maindirea habia txikitik zintzilik zegoen tapakiarekin korapilatua lurrean arrastatzeraino. Paretan, Leonardo DiCaprioren poster bat, Rafael Nadalen beste bat eta ohar batzuk itsatsita zituen kortxozko taula bat ikus zitezkeen. Mutil baten argazki apurtua lurrean barreiatuta zegoen. Zoko batean, gona labur batez estalita, Nelyren hanka zuri meheak uzkurtzen ziren. Besoek inguratu eta gorputzaren kontra bultzatzen zituzten hankak, ezkutatu eta ezerezean desagertu nahian bezala. Azazkalak urdinez margotuta zeuzkan eta ezpainak gorri lotsagabez. Gorritasun hark kontraste egiten zion aurpegiaren zurbiltasunarekin, zeina goitik behera begi hezeetatik abiatzen zitzaizkion errekasto beltzez zeharkaturik baitzegoen.
Mari-purtzil bat legez, halaxe sentitzen zen, aitak sarritan esana baitzion halakoen antza zuela. Isiltasuna haren sabelean uzkurtzen zen, eta buruan zituen ideia nahasiek ez zioten zerumuga garbi ikusten uzten.
Atearen heldulekuak biratzean egindako hotsak ez zuen irudi hezur-huts hura mugiarazi. “Ireki atea, Nely! Zertan ari zara?”, oihu egiten zion amak korridoretik. “Zer duzu, alaba? Ireki atea, urduri jartzen ari naiz eta!”. Nelyk aurpegia igurtzi zuen; begietako pinturak zikinduta zeukala ikusita, amari “Itxaron apur bat” erantzun zion, “Utz nazazu bakean!” esan nahi balio bezala. Ispilura hurbildu eta musuzapi batez aurpegia garbitu zuen. Amak behin eta berriz esaten zion: “Zertan zabiltza horrenbeste denbora?”. Bitartean, neskak, pausoa bizkortu barik, atea ireki zuen.
Amak, apurtutako argazkia lurrean, orbandutako zapia komodaren gainean eta alabaren aurpegi zikin desitxuratua ikusita, besotik heldu, pijama bat eman eta bainugelara eraman zuen alaba herrestan, dutxatu zedin. Bainugela hartan bertan hasi zen Nely bere gaitzen zati bat komun-zulotik botatzen.
─Zer gertatzen zaizu, alaba? Hartu bainu bat eta jantzi pijama, ez dut nahi zure aitak horrela ikusterik eta.
Egun hartan neska ez zen afaltzera joan. Sukaldean, txarto zegoela esanez justifikatu zuen amak absentzia, eta egia zen. Nely ez zegoen afaltzeko moduan, hobe zuen atseden hartzea.
Biharamun goizean, neska goiz atera zen gosaltzera. Ez zuen aurpegia pintatuta, azkazalak motz samarrak eta margotu gabeak, galtza bakeroak, blusa estanpatua eta jertse ireki bat zituen soinean. Ez zuen asko hitz egin, baina ondo jan zuen. Ikastetxera joan aurretik, musu eman zion amari, eta aita eskuaz agurtu zuen keinu batekin.
Ikastetxean saiatu zen argazkiko mutilarekin topo ez egiten. Ez zen bere gelakoa, bi ikasturte goragokoa baizik. Hamazazpi urte zituen, berak baino bi gehiago. Galai hutsa neskatxa harentzat! Nelyk ondo zekien zer leku saihestu behar zituen harekin topo ez egiteko.
Arratsaldean saiatzen zen ikasgelan apur bat gehiago geratzen ikasteko, beste guztiak irten arte.
Arratsalde haietako batean, liburu bat irakurtzen ari zela, argazkiko mutila begira geratu zitzaion atetik. Hura han zegoela ohartzean, Nelyk liburura begiratu zuen berriro. Ez zen ezer irakurtzeko gauza, berari begira zegoela pentsatze hutsak urduri jartzen zuen. Mutil gaztea hurbildu egin zitzaion eta txartel bat utzi zion ikasmahaiaren gainean. Nely ez zen ausartu burua liburutik altxatzen. Ikasten ari zen itxura egiten zuen, zentzurik gabeko berbak idazten zituen, edozein esaldi azpimarratzen zuen… begirada ezkutatzeko. Mutila ez zen tematu, eta gelatik irten zen astiro, noizean behin atzera begiratuz, neska zegoen lekura.
Mutila desagertu zenean, neskak apur bat gehiago itxaron zuen, eta gero mahaitik altxatu eta liburuak batu zituen. Mutilak mahai gainean utzitako txartelari erreparatu zion. Hartu edo ez zalantzan egon zen, baina alde egin zuen, zegoen lekuan utzita. Etxera zihoala, prakek pixka bat gerria estutzen ziotela nabaritu zuen. Eskua sabelera eraman eta, esku-ahurra zabalik, igurtzi egin zuen, haren kurbadura neurtu nahian.
Iritsi zenean, aita egongelan zegoen telebista ikusten, ama sukaldean, afaltzeko jakiren bat prestatzen. Nelyk ozenki agurtu zituen: “Arratsalde on!”. Inork ez zuen erantzun. Ez zitzaion axola. Bere gelara igo, armairuak ireki eta zeuzkan jantziak atera zituen. Fresko samar egiten zuen arren, udaberriko eguzki-izpiak nabaritzen hasita zeuden. Gero, galtzak eta blusa erantzi zituen. Ispiluan islatzen zen gorputzari begiratu zion. Ederra iruditu zitzaion bere burua. Tripa laztandu ostean, bularrei erreparatu zien. Aurpegia pixkanaka goibeldu egin zitzaion. Ohean etzan eta uzkurtu egin zen. Malko bakarti batek poema triste bat idatzi zuen haren aurpegian. Txolarre ar bat emea gorteatzen ari zen leiho-ertzean. Txorien txorrotxioak iristen zitzaizkion, baina ez zituen entzun nahi izan. Sukaldeko plateren hotsak eta telebistaren murmurio urrunak areagotu egiten zioten bakardadea. Aire hotza sentitu zuen larruazalean. Ohetik jaiki eta soineko estanpatu bat jantzi zuen. Eroso sentitzen zen. Flauberten “Madame Bovary” liburua irakurtzen hasi zen, Literatura irakasgaia gainditzeko derrigorrez irakurri beharrekoa baitzen. Afaria prest zegoela adierazten zion amaren oihuak ustekabean harrapatu zuen. Sukaldera joan, patata frijitu eta haragiarekin plater bat hartu eta desenkusatu egin zen, ikasi egin behar zuela esanez. Bere gelara itzuli eta, jaten zuen bitartean, irakurtzen jarraitu zuen. Eguzkia ezkutatzen hasia zen. Itzalek irakurketa zailtzen zuten. Argia piztera jaiki zenean, ama atean zegoela ikusi zuen, berari begira.
─Kaixo, ama. Zenbat denbora daramazu hor?
─Zer ari zara irakurtzen?
─Madame Bovary, astelehenerako amaitu behar dut.
─Udako soinekoa jantzi duzu.
─Bero samar egiten du eta.
Amak, iluntzen ari zuela ikusirik, argia piztu, gelan sartu eta atea itxi zuen. Gero, alabarengana hurbilduz, ilea laztandu zion, eta, haren eskuak bere eskuen artean hartuta, jada apur bat deseginda zegoen ohearen gainean eseri zen. Orduan, ahapeka esan zion:
─Badakizu laguntzeko beti prest naukazula, ezta, alaba?
─Bai, ama, badakit.
─Zerbait jakin behar al dut?
Nelyk amaren eskuetatik atera zituen bereak eta leihora begiratu zuen. Gero, begietara tinko so eginez, ezpainetatik irtetea kosta egin bazitzaion ere, “Ez” esan zion. Amak berriro hartu zizkion eskuak. Laztandu egiten zizkion, bere begiak Nelyren begietatik kendu barik. Alabaren begiak iheskorrak, mesfidatiak eta erronkariak ziren; amarenak, berriz, ziur zeuden bazekitela zer ezkutatzen zuen behatzen zuten iris ilunak. Begiak apartatu barik, amak jarraitu zuen:
─Ikastetxetik deitu dute…
Nelyk, uzkur, aurpegia jiratu zuen. Azken aldian lan guztiak eguneratuta edukitzen saiatzen zen, garaiz iristen zen eta bere eginbeharrak betetzen ahalegintzen zen.
─…zure tutoreak esan dit txartel bat aurkitu dutela zure mahai gainean,…
Mutilari begiratzera ausartu ez bazen ere, hark utzi eta berak baztertu zuen txartel hura zen. Orain pentsatu zuen hobe zuela hartu eta bere ikastetxea ez zen beste edozein lekutako zakarrontziren batera bota izan balu.
─…haurdunaldia eteteko izapideak errazten dituen mediku batena.
Nelyk lurrera begiratu zuen berriro. Urdailean min bat sentitu zuen, hartu zuen afariaren hondarrekin bere barnean iraultzen ari zitzaiona. Nahiago zuen batzuetan izaten zituen goragale haiek etorri balitzaizkio, ihes egin eta komunera joan ahal izateko, baina oraingoan urdaila uzkurtu egin zitzaion, besterik ez.
─Zenbat denbora daramazu haurdun?
─Bost bat hilabete, uste dut. Umea izan nahi dut.
Alaba estudioko aulkian lur jota geratzen zen bitartean, ama leihora joan zen kanpora begiratzeko. Egia esan, ez zen ezer ikusteko gauza. Haren gogoa ez zegoen han. Egoera berria onartzen ari zen. Aldi batez isiltasuna mututasun bihurtu zen gela hartan, baina gero alabarengana hurbildu eta erabaki zuen:
─Ondo da. Inork ez du jakin behar haurdun zaudela. Batez ere, zure aitak ez du ezer jakin behar. Sekretu bat izango da gu bion artean. Zure eginbeharra ikasketak ateratzea da. Pentsatuko dut zelan konponduko dugun hau.
─Izango dut nire umea?
Amak begirada zorrotza bota zion. Gero aterantz joan zen erantzun barik. Baina ireki baino lehen, alabari begiratu eta esan zion:
─Oraindik neskato bat zara.
─Nire umea da! ─erantzun zion alabak, aulkitik altxatuz, sabela laztantzen zuen bitartean.
Amak goitik behera begiratu zion, keinu bidez aurpegiratuz etxe hartara ekartzen ari zen arazoak. Gero, begietara so eginez, erantzun zion:
─Ez kezkatu ezertaz. Izango duzu zure umea…, baina ez esan inori, eta aitak ez dezala jakin… oraingoz.
Ama joan zenean, atea itxi eta ikasmahaiaren aurrean eseri zen Nely, Flauberten liburua hartu… baina ezin izan zuen lerro bat gehiago irakurri. Sabela laztantzen zuen bitartean, poztu egiten zen; ziur zegoen izango zuela bere haurra. “Luis jarriko diot izena, eta ume osasuntsu eta alaia izango da. Bularra emango diot, biberoia baino hobea omen da eta. Amak abestu zizkidan lo-kanta berberak abestuz eragingo diot lo”. Pentsamendu horiekin oheratu zen Nely eta lasai egin zuen lo, aspaldi egin ez zuen bezala.
Handik aurrera, ikasi eta gainera Nelyk puntuzko galtzerdiak, jakak edo txanoak egiten zituen. Semearentzat maindireak, lerde-zapiak, piqué edo kotoizko blusak… erosteko aurrezten zuen. Ertz metalikoak zituen kartoizko kaxa batean tolestuta gordetzen zuen dena. Denbora asko igaro baino lehen, beste kutxa bat erosi behar izan zuen. Ohean lo-kantak abesten zizkion semeari; haurrentzat musika ona zela esan ziotenetik, batez ere.
Ez zen sarritan gertatu, baina Nelyri behin edo behin goragaleak etorri zitzaizkion. Halakoetan amak kamamila prestatzen zion. Ez zuen inoiz medikuarengana eraman. “Ez kezkatu, alaba, gauza hauek nik ezagutzen ditut eta. Zutaz erditu nintzen. Ez ote dut bada jakingo nik!” errepikatzen zion amak behin eta berriz.
Ekaina zen. Erditzeko hilabete bat eskas besterik falta ez zenean, Nelyren amak aitari esan zion Santa Polan zeukaten apartamentura joango zirela. Aitak ez zuen eragozpenik jarri, eta jarri izan balu ere, berdin zion, Nelyren amak zerbait erabakitzen zuenean, ez baitzegoen geldituko zuenik.
Santa Polako apartamendua txikia zen. Barruko patiora eta komunitateko igerilekura ematen zuten bi gela zituen. Nelyk eguzkia hartzera jaitsi nahi izan zuen, baina amak ez zion onartu:
─Oso ahul zaude. Hobe duzu etxean geratu.
─Baina «D» bitamina hartzea ona dela esaten dute!
─Egizu esaten dizudana, alaba. Ez dut arazorik nahi.
Neskatoa puntuzko eskularruak egiten ari zen umearentzat, lehen uzkurraldia sumatu zuenean:
─ Badator, ama, badator!
Amak eskua alabaren sabelean jarri eta pixka bat itxaron zuen. Begiak itxi zituen arreta guztia jartzeko. Nely seguru sentitzen zen bere amarekin, eskarmentua baitzuen.
─Ez da ezer, alaba, uzkurdurak erritmikoagoak izan behar dituzu. Hartu eta bota airea etengabe pixka batean, eta hobeto sentituko zara.
Hala ere, bi ordu igaro baino lehen neska erotuta bezala hasi zen oihuka. Jendeak halako garrasiak entzun zitzakeelako beldurtuta, isiltzeko eta ohean etzateko esan zion amak. Zangoak irekitzeko agindu zion eta barrura begiratu zuen. Orduan, ahapeka esan zuen:
─Badator. Bultza, alaba! Bultza!
Neska izerditan hasi zen, ahaleginaren ahaleginez aurpegia puzten zitzaion bitartean. Amak eskuekin laguntzen zion umetxoari irteten. Nelyk garrasi bat edo beste egiten zuen, baina amak berehala isilarazten zuen. Beraz, garrasi egin baino gehiago, izerdia botatzen zuen, aurpegia larriminez itxuragabetuta, ezinbestean senperrenak eginez. Haurtxoaren negarra entzun zen. Nelyk maindireen gainean pausatu zuen haren gorputza:
─Uztazu pixka bat!
Izerditan blai zegoen. Semetxoa besoetan edukitzeko gogo bizia ageri zen haren begietan. Amak eman egin zion, maindireak aldatu eta alabari izerdia eta odola garbitzen zizkion bitartean.
Nelyk gorputz txikiaren pisua nabaritu zuen bere gainean. ‘Luis’ deitu zion, ahapeka. Orduan haurra isildu egin zen eta, bere ezpain samurrez, amaren bularra bilatu zuen. Eman zionean, emakume batek bizi lezakeen musurik samurrena sumatu zuen neskatxak bere semetxoaren ezpainetatik. Eta hurrupa egiten utzi zion, bera erlaxatu eta haurra lokartzen zen bitartean. Amak maindire garbiz estali zituen biak eta elikatzen utzi zion Luisi. Nelyk irribarre egiten zion amari, eguna isiotzen zuen distira begietan zuela. Gero, haurra lo zegoela, amak hartu egin zion alabari, garbitzeko eta janzteko. Neskak, umearengandik aldendu baino lehen, musu eman zion bekokian. Berehala, leher eginda, ametsek bildu zuten.
Esnatu zenean, gela txukun zegoen, ohea ondo egina, maindire zuriak… Han ezer gertatu ez balitz bezala. Amari deitu zion, eta hura laster sartu zen gelan, galdezka:
─ Zer nahi duzu, alaba?
─Ama, ekarri umetxoa, nirekin eduki nahi dut eta.
Amak, zentzugabekeria bat entzuten ari balitz bezala, erantzun zion:
─ Zer umetxo?
© F. Urien