Semearen gutuna
Leopoldok mutiko bihurria izatearen aurpegia zuen. Bere larruazal beltzaranean, begi beltz garden geldiezinak nabarmentzen ziren, eta beira behatzaile haien kolorekoak zituen ile nahasiak, eta ia distira berekoak. Ipurtarina zen hamabi urteko mutikoa, eta, bere irisaren beltzean, kontu handiz gordetzen zuen mundu baten misterioa sumatu zitekeen. Inork zerbait galdetzen zionean, bere aurpegia erabat argitzen zuen irribarrea eskaintzen zuen, sentimenduak ez erakustearren.
Igande eguerdia zen. Bero egiten zuen arren, hodeiek ez zieten eguzki-izpiei ingurunea marrazten uzten. Jende gutxi zebilen kalean; etxean zeuden gehienak, familiarekin bazkaltzen.
Leopoldo arkupeen artean korrika atera zen; plaza zeharkatu, eta hilerrirako bidea hartu zuen. Begiak itzuli gabe igo zuen kanposantuko bide estua, urrutian amaren oihuak entzuten ziren arren, berari deika. Nitxoen artean barneratu, eta hilobirik ezkutatuena bilatu zuen. Bazter batean, belar gaiztoek ia guztiz estalita, lauza bat apurtuta eta burualdea hondatuta zeuzkala, panteoi bat zegoen kanposantua ixten zuen paretaren ondoan. Han, hormaren eta hilobiaren artean, mutikoak gorde egin zuen bere gorputz txikia, eta iratzeen atzean ezkutatuta geratu zen.
Kristal beltzezko bere begietatik larritasun-tantak irten, eta belaunen eta besoen artean gordetzen zuen ikazkin-aurpegitxotik behera arrastatu ziren. Haize kirriak astindutako zuhaitz-adarren soinuak estali egiten zuen haren negar-zotina; hala, bertako isiltasunak desagerrarazi egin zuen mutikoa, ezkutalekua eta babesa emanez.
Egun hartan aita ez zen bazkaltzera joan; ama eta bera bakarrik egon ziren. Ezin zuen jasan familia lehen bezala elkarrekin ez egotea. Bere gurasoak banandu egin ziren. Amak esan zion helduen kontuak zirela, jada ezin zutela elkarrekin bizitzen jarraitu, nahi zuenean ikus zezakeela aita…, baina edo aita edo ama bakarrik.
Begi beltz haien atzean, erruduntasun-oroitzapenak hasi ziren pizten. Hondamendia berak eragina zela sentitzen zuen mutikoak: ez zuen hartu nahi izan aitak jateko agindu zion zopa hura, eta amak kendu egin zion platera, mutila ez zegoela zertan behartu esanez; aldi hartan, oihu egin zuten eta haserretu egin ziren. Bizikletarekin errepidean behera ziztu bizian jaitsi zenekoa ere gogoratu zuen; amak kendu egin zion bizikleta, eta aitak eraman egin behar zuela esaten zuen. Bere erruagatik eztabaidatzen zuten beti; dena gaizki egiten zuen. Hartu egin behar zuen zopa hura, eta kontu handiagoarekin jaitsi behar zuen bizikletaz. Hainbeste ziren ondo egin behar zituen gauzak, eta hainbeste ziren gaizki egin zituenak. Eztabaidan imajinatzen zituen bere gurasoak; elkarri egiten zizkioten gaitzespenen artean, mutikoak egindako zerbait egoten zen beti. Gauez, ohean sartzen zenean, batzuetan itxi egiten zuten atea, baina, hala ere, entzuten zituen sukaldetik zetozen garrasiak. Traidorea zen logelako iluntasuna; piztu egiten zuen haurraren irudimena eta lan betean jartzen zuen haren garuna, halako liskarra berak egindako zerk eragin zuen asmatu nahirik. Beti aurkitzen zuen bere burutxoan kezka eragiten zuen zerbait, bere ametsak asaldatzen zituena eta gauak desagerrarazten ez zuen nekea eragiten ziona.
Ur-tanta gutxi batzuk erori ziren. Jada urruti entzuten ziren mutikoari dei egiten zioten oihuak; itsasoko olatuen oihartzunek eta zurrumurruek estali egiten zituzten ia. Haurra ez zen gai bere izena airean aditzeko, ezta itsasoko olatuak, haizearen soinua eta euritik babesten ziren txorien kantua entzuteko ere; bere pentsamenduen oihartzunak bakarrik entzun zitzakeen, bere etxeko zorigaitzaren errua behin eta berriz berari egozten ziotela, suzko labanak balira bezala. Hainbeste estutu zitzaion urdaila, non oka ere egingo baitzuen, goiz hartan ezer jan izan balu. Iratze-adaxka batek kilimak egiten zizkion mutikoari lepoaldean, eta, eskuarekin baztertzera zihoala, zerbait erori zitzaion bizkarretik behera. Gutun bat zen. Harrituta, jertsearen mahukaz bere masail hezea lehortu, eta eskuetan hartu zuen gutun-azal bitxi hura.
Itxita zegoen gutun-azala, eta bi hitz baino ez zeuzkan idatzita: nire aitarentzat. Jakin-mina piztu zitzaion mutikoari, eta pixkanaka, gutun-azala irekitzen hasi zen, barruan zer zeukan ikusteko. Letra argiz zegoenez idatzita, zailtasun handirik gabe hasi zen irakurtzen. Gutunak honela zioen:
Oraindik ere nabaritu dezaket, zure hilobia estaltzen duen lauzaren pitzaduren artean, hilkutxan zure gorpuari darion alkohol-usaina; ez dakit deskonposatuta dagoelako edo deskonposatzen ari delako duen halako usaina, edota egoera horretan egotearen ondorioa den. Izan ere, bertan, alkoholetik kanpo, beharbada ez da geratzen urtetan benetako nazka eman didan irudi ez-seguru, oldarkor eta gorrixka bat besterik. Gezurretan ariko nintzateke zure heriotza sentitzen dudala esango banu. Garondoaren eta kopetaren artean daukadan hutsunean gordeta dauzkadan oroitzapenen artean bila ibili arren, ia ezinezkoa zait zurekin emandako une gogoangarriren bat aurkitzea… Bueno… esan dezadan egia; badago, bai.
Nire oroitzapenik onenak txikitakoak dira, zuk esku handi indartsu horiekin besarkatzen ninduzunekoak. Gogoan dut azal gogorrekoak zenituela esku-ahurrak, eta beltzaxkak zeneuzkala zartadurak, konpontzen zenituen autoen koipeagatik. Zuri esku haiek lotsa ematen zizuten arren, zakarrak zirelako eta, zikina kentzen saiatu arren, garbiak ez zeudelako, ez ziren bulegari dotore harro haienak bezalakoak. Niretzat, munduko eskurik indartsuenak ziren; iltze batek ere ezin zuen azal hori zeharkatu. Seguru sentitzen nintzen haien artean. Xafla bat hatzen artean bihurritzeko gai zinela esaten nien nire lagunei, eta, auto bat ikusten nuen bakoitzean, zuk halakoak konpontzen zenekiela esaten nien behin eta berriz. Gustatzen zitzaidan musu eman eta lo hartzen nuen arte nirekin nola geratzen zinen. Zurekin, mamuak izutzen ziren, eta iluntasunak lorategi bat ematen zuen. Baina aspaldiko kontuak dira horiek…
Errua alkoholak izan zuela esaten dute; ez dakit. Baina norberak erabakitzen du, bere borondatez, hartu edo utzi, eta zuk hartu egin zenuen. Ondo hartu ere! Ikaragarri pila, gainera. Ez dakit noiz eman zenion edateari, baina ia gauero oinekin estropezu eginez eta paretak kolpatuz iristen zinen etxera, arratoiak ere beldurtzen zituen eskandalua sortuz. Ozen, hitz ulertezinak esaten zenituen, zure mingaina makal bihurritzen baitzen hortzen artean. Zure begiak desitxuratuta egoten ziren beren barrunbeetan, eta, batzuetan, astakirten batek bezala oihukatzen zenion nire amari… Ezingo dizut barkatu!
Gauza batzuk hil arte izango ditut gogoan iltzatuta. Gogoan dut otsaileko gau hartan hotz egiten zuela, eta hurrengo egunean, ohi bezala, eskolara joan behar nuela. Goiz oheratu nintzen. Amak lagundu zidan, zu ez baitzinen inoiz egoten; tabernaz taberna ibiltzen zinen, lagunekin, alkohola edan eta edan. Gau hartan, beste guztietan bezala, kostatu egin zitzaizun atea zabaltzea; giltzarekin ezin asmatu ibili zinen. Azkenean, gure zoritxarrerako, etxean sartzea lortu zenuen. Estropezu egin zenuen zeure oinekin, eta hormetara eutsi zinen, ez erortzeko, garrasi ulertezin zaratatsuak boteaz. Ez ninduzun esnatu; esna nengoen. Beldurra ematen zidan lo hartzeak eta zure oihuekin izututa esnatzeak. Zure aho nazkagarritik lerdea nola erortzen zen entzun nuen, eta ama nola heldu zenuen. Hormaren aurkako kolpe batzuen osteko isiltasunak altxarazi egin ninduen ohetik. Ikusi zintudan; ezin izango dut sekula ahaztu: nire amaren burua sukaldeko baldosen kontra kolpatzen ikusi zintudan. Atean ikusi ninduzunean, gelditu egin zinen. Nire ama haurdun zegoen, eta zuk bazenekien; nola ez zenuen jakingo. Ume bat nintzen ni, eta jabetzen nintzen. Amak ohera joateko esan zidan, eta kasu egin nion. Gau hartan, isiltasun beldurgarria egon zen etxean; paretak lainotu egin ziren iluntasunean, eta nire pentsamenduak malkoz, inpotentziaz eta amorruz bete ziren. Ezin izango dizut sekula barkatu. Gaur, zure hilobian jaurtitzen ditut nire haurtzaroko amorruak. Infernuan sinesten ez badut ere, nahiago nuke existituko balitz, zu bertan etengabe usteldu zaitezen.
Gertaera haren ondoren, amak galdu egin zuen sabelean zeraman umea, eta nik haurtzaroa galdu nuen. Ordutik aurrera, gauzak ez ziren inoiz lehen bezalakoak izan. Nire munduaren zati handi bat, zu zeu, hondoratu egin zen, eta bihotzak ematen zidan indar guztiarekin arbuiatzen hasi nintzen, irudimenak behin eta berriz esaten baitzidan ez zenuela nire ama gau hartan bakarrik kolpatu. Aita higuingarri eta gorrotagarri baten irudia taxutu zenuen nire garunean.
Ez dakit ama negarrez inoiz ikusi zenuen, edota ez zitzaizun batere axola amak negar egitea. Gogoan dut arratsalde batean, eskolatik etxera iristean, negar-zotinak entzun nituela zuen logelan; ama lurrean belauniko zegoen, burua ohazalean bermatuta, negar batean. Beregana hurbildu, eta kontsolatzen saiatu nintzen, baina ezin izan nuen; hain zen sakona bere negar-zotinei zerien tristura, non nik ere negarrari eman nion. Nire malkoek bat egin zuten bere malkoekin. Berak, bitartean, esaten zidan: “Egizu negar, egizu, malkoek barrua lasaitzen dute-eta”. Ez dakit zergatik egin nuen negar, eta ez dakit berak zergatik egin zuen negar; dakidan bakarra da malkoz, iluntasunez eta tristuraz bete genuela gela. Orain, uste dut pairatzen zuen depresioak eragin ziola min hura. Burua galdu zuen, bai; bere neuronak ez ziren gai izan senarraren tratu txarrak eta sabelean zeraman haurraren galera jasateko. Erotuta balego bezala tratatu zenuen; pilulez ito eta gutxietsi egin zenuen, nahiz eta zu izan bere eromenaren eragilea, depresioaren zuloan erorarazi zuena, alkohol-kolpeekin gure bizitza mingostu zuena.
Ez espero izan errukirik nire partetik, ez baituzu izango. Hor behean usteldu zaitezela besterik ez dut nahi, betirako alkohol-usain jasangaitza izango duen hilobi ziztrin pitzatu horren barruan. Ez espero izan nire bisitarik; ez dut zure kiratsa jasaten.
©Fernando Urien
→ Aitaren gutuna (bigarren zatia) → Amaren gutuna (hirugarren zatia)