Aisialdiaren balioa (berrargitaratua)

Aspaldi oparitu nien alabei fantasiazko haur-literaturako liburu bat, Michel Endek idatzia, «MOMO» izenekoa.mitiempolibrelogo

Istorioak kontatzen zuenez, hiri handietan «gizon grisak», denboraren aurrezki-kutxa bateko agenteak, sartu ziren. Haien helburua zen pertsonak beren denboraren zati bat aurrezteko eta aurrezki-kutxan gordailutzeko konbentzitzea, horrela, etekin gisa, etorkizunean denbora gehiago lortzeko.

Aurrezkia aisialdirako eta atsedenerako tarteak murriztuz edo ezabatuz lortzen zen, eta bezero izan zitezkeenak konbentzitzeko «gizon grisek» erabilitako argudioak honela laburbiltzen ziren:  aurreztu orain ahal duzun denbora guztia eta gozatu lasai etorkizunean, erretiroa hartzen duzunean.

Egia esan, gordailugileek aurreztutako denbora guztiaz jabetu nahi zuten aurrezki-kutxa hartako agenteek; izan ere, gordailugileak, beren denbora preziatuena aurreztean, ezinbestean, gaixotu egiten ziren «asperdura hilgarria» izeneko gaitz baten ondorioz, gordailututako denborarekiko interes guztia galduz.

Gaixotasunaren sintomak honela deskriba zitezkeen: «Egun batean jada ez dago ezer egiteko gogorik. Ez zaizu ezer interesatzen eta aspertu egiten zara. Gero eta nahigabetuago sentitzen zara, gero eta hutsago, gero eta atsekabetuago zeure buruarekin eta munduarekin. Erabat axolagabe bihurtzen zara, mundu guztiak arrotz dirudi, eta ez dio ezerk axola.» (1)

Eskerrak MOMOk, neska protagonistak, Hora maisuarekin batera, «gizon grisei» aurre egin eta mozorroa kentzea eta garaitzea lortzen duen, jabeei itzuliz lapurtu zieten denbora.

Sarrera honek egunez egun gure denboraz ez gozatzearen arriskuez ohartarazi gura du.  Geratzen zaigun denbora gure aktibo nagusia da, eta ageriko erabilgarria da!

Gure kasuan, erretiratuta edo aurre-erretiratuta gaudenez, are arrazoi gehiagorekin erabili beharko genuke gure denbora gogobetetasun handiena sortzen diguten jardueretan.  Gozatzeko ilusioa eta aisialdiaren gutxieneko plangintza bat besterik ez da behar.

Zailtasunak (nire kasuan behintzat) gure uneak nola inbertitu erabakitzeko orduan izaten dira.  Argi daukagu zer den benetan asebetetzen gaituena? Hobe da jarduera jakin bat aukeratzea ala hainbat aukera konbinatzea? Bakarrik edo lagunduta egingo ditugu? Beharrezkoa al da aisialdia programatzea ala denbora hori programatzeak berak baldintzatu egiten du denbora horren gozamena? …

Ez dut uste neure denboraren kudeatzaile ona naizenik, ez behintzat inori lezioak eman ahal izateko bezain ona (ezta gutxiago ere), baina 10 hilabete daramatzat aurre-erretiroan, eta foro honetan zerbait idazteko eskatu didatenez jende gehiago parte hartzera animatzen ote den ikusteko, neure bizipena kontatzea bururatu zait aisialdiaren gai honi buruz, eta, garbi aurreratzen dizuet: gauza batzuetan asmatu egin dut (horietaz hitz egingo dut) eta beste batzuetan porrot (horiek isildu egingo ditut).

Hamar hilabete hauetan egin ditudan eta gehien asebete nauten jardueren artean, lau daude nabarmen:

  • Lehenengoa zortzi hilabeteko bilobarekin pasatzen dudan denboraz gozatzea izan da.  Atsegin hutsa. Argi dago jarduera hau ez dela programatu daitekeen zerbait. Hau beste pertsona batzuen mende dago, baina baten bat itxaroten baldin badago, jakin dezala hor baduela mauka handi bat baliatzeko.
  • Beste jarduera bat, oso asegarria, oinez ibiltzea izan da, lagunduta zein bakarrik (Santiago edo Donejakue bideko etapa batzuk ere egin ditut, eta berriro ekin diot hasi nuenetik 10 urte igaro ostean). Ibilaldi horietako askotan lankide ohiekin topo egin dut, eta oso une atseginak pasatu ditut eurekin. Askotan, “Batman”ekin ere ibiltzen naiz paseoan, nire alaba Idoiaren bulldog frantses beltzarekin, alegia. Batzuetan nik eramaten dut hura, eta beste batzuetan berak eramaten nau, baina ez dugu inoiz eztabaidatzen.
  • Bidaiatzea beste erabaki on bat izan da. Gure agendan beti izan ditugun eta, hainbat arrazoirengatik, atzeratu egin ditugun bidaia horiek egitea. Orain da, pixkanaka, gure proiektu zaharrak gauzatzeko unea.
  • Azkenik, denbora dezente eskaini diot entretenimendu berri bati: ortu edo baratzeari.  Aurkikuntza handia izan da. Orduak konturatu barik pasatzen ditut, eta ahalegintzea eskatzen duen arren eta inbertsio guztia arrakastatsua ez bada ere, azkenean harrapatu egin nau. Izan ere, lagunei zure tomateak, porruak, piperrak, kuia edo kalabazak, babak, ilarrak, babarrunak, lekak eta abar oparitzea gogobetegarria da.

Zeure haziak izatea; landatzea; baratze-maila edo alor sakon bat, negutegi bat edo konposta egiteko instalazio bat eraikitzea; baratzea planifikatzea eta beharrezko txandakatzeak egitea; landare-elkarketarik onuragarrienak ezagutzea; landareak beste landare batzuekin sendatzea, heskai loretsuak sortzea, ortuari edo barazkien arerioak desagerraraziko dituen fauna onuragarria egon dadin…

Jarduera honetan hasteko ikastaro praktiko bat gomendatzen dizuet, bioeskola bbk-k Zamudion antolatu berri duena. Oso ondo aprobetxatutako lau goiz Mikel eta Carolekin. Horietan, nekazaritza ekologikoan hasten ikasten duzu, zeure ortu edo baratzea landuz, elikadura-ohitura osasungarriak eta lurrarekiko begirunea sustatuz.

Erakartzen nauten eta oraindik hasi ez ditudan beste jarduera batzuei ere eskaini nahi diet denbora apur bat:

Musika. Batetik, nire gitarrari denbora gehiago eskaintzea. Bestetik, Portugaleteko «Los Barbis» taldean (2016an 50 urte bete zituen sortu zenetik), hainbat emanaldi programatzen ari dira, noizbait aldi batez taldean jardun zutenek ─nire kasua da─ parte hartu ahal izateko. Logikoa denez, emanaldiak prestatu egin behar dira, eta entseguak aurten bertan hasiko dira; beraz, alderdi hori ondo bideratuta daukat.

Lan boluntarioa. Nire aisialdiaren zati bat jarduera solidario bati eskaini nahi diot, baina oraingoz ez dut ezer zehatzik erabaki, eta apur bat galduta nago kontu honetan.

BBK-ko Erretiratuen Elkartearen jardueretan parte hartzea: Etapa berri honetan, alde batetik, guri eragin diezaguketen alderdi finantzario, juridiko eta fiskal garrantzitsuenen berri jasotzeko tresna erabilgarri eta interesgarria izatea espero dugu; eta, bestetik, zerbait ludikoagoa izatea, profesionalki urte askotan enpresa berean egon garenon arteko harremanari eusteko eta harreman hori areagotzeko.

José Luis Borgesek bere «Instantes» poeman zioen bezala (bada poemaren egilea beste norbait izan zela defendatzen duenik):

«Ni izan nintzen bizitzako minutu bakoitza zentzuz eta oparotasunez bizi izan zuen pertsona horietako bat. Noski, alaitasun-uneak izan nituen, baina atzera egin ahal izango banu, une onak bakarrik izaten saiatuko nintzateke. Ez badakizue ere, horretaz egina dago bizitza, une edo momentuez bakarrik. Ez ezazu galdu oraina».

Espero dut gogoeta edo hausnarketa hauek uneez, orainaz, gozatzeko helburura, hau da, gure denbora preziatutik ezer aurreztu gabe bizitza bizitzeko helburura, hurbiltzen lagunduko dutela, kasuren batean behintzat.

Eta bizi gaitezen, bi egun baino ez dira eta!

 

(1) Michel Endek 1973an idatzi zuen MOMO, eta, beraz, Denboraren Aurrezki Kutxaren (haren zuzendaritzakoen, “gizon grisen”, eta bezeroek erakundean gordailutzen zuten denboraz jabetzeko haiek zuten grinaren) eta duela gutxi Espainiako zenbait aurrezki-kutxarekin eta haietako buruzagiekin gertatutakoaren arteko edozein antzekotasun kointzidentzia hutsa baino ez da.

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude