Gutunak hilerrian (hirugarren zatia)

Amaren gutuna

Ahotsik ez zen entzuten ordurako. Haize leunak bakarrik apurtzen zuen isiltasuna, zuhaitzen hostoak dantza jarriz. Leku hartako lasaitasunak nolabaiteko interesa piztu zuen Leopoldoren baitan, lauza pitzatu horren azpian lurperatuta zegoen gizakiaz zerbait gehiago jakiteko irrikan. Mutikoak, zutitu ondoren, buelta bat eman zuen nitxoaren inguruan. Hara iritsi zenean, ezezaguna zitzaion han lurperatutakoaren bizitza; une hartan, ordea, pena sentitzen hasi zen, bizirik ez zegoelako. Berarentzat, hura jada ez zen hilobi arrunt bat; nolabait, hildakoa ezagutzen hasia zen.

Panteoiaren oinetan, zinta batez lauzari lotuta, hirugarren gutun bitxi bat zegoen. Leopoldok, ikusi orduko, jakin-minez hartu zuen. Hilobiaren gainean eseri, eta irakurtzen hasi zen:

“Senar eta seme maiteak. Zuen arteko gutun-trukean esku hartu eta barkamena eskatu behar dizuet. Lehenik eta behin, gure semeari, bihotz-bihotzez maite dudan horri. Sentitzen dut bizimodu kaskar hau eman izana, seme. Nire nahia, ama ororena bezala, zu munduko haurrik zoriontsuena izatea zen. Barkamena eskatu behar diot senartzat izan nuen gizonari ere. Asko maite izan zintudan, eta oraindik ere maite zaitut, nahiz eta iraganaren eta orainaren artean zalantza-uneak izan ditudan nire sentimenduetan.

Ezagutu zintudanean, ene senar, auto baten azpitik irteten ari zinen, ondo kontatu duzun bezala. Koipez beteta zeneukan aurpegia, begi bihurriak ikaraz beteta, eta lotsaren eraginez gorrituta zeneuzkan masailak. Itxura horrek goxotasun-ukitua ematen zion zure soin handiari, eta ezinezkoa zen zure begirada ausartak ni mintzea. Une horretatik aurrera, ezin izan nituen begi beltz eta masail gorrixka haiek ahaztu. Egunero-egunero igarotzen nintzen zure tailerraren aurretik, noizbait begiratuko ninduzun itxaropenarekin, eta zoragarri iruditzen zitzaidan irribarre egiten zenuenean zure aurpegiak hartzen zuen kolore gorrixka hura. Inoiz ez zitzaidan axola izan nire ama haserre zegoen edo ez; gure arteko harremana ez zen haren kontua, eta nik ez neukan berari tartean sartzen uzteko asmorik.

Tailerrera eraman ninduzun egun hartan, zure asmoa elkarrizketa atsegin bat izatea baino zerbait gehiago zela susmatzen nuen. Alde batetik, zalantzak neuzkan, gonbidapen hori onartu edo ez, eta, bestetik, irrikaz nengoen zure plazer-gurari guztiak asebetetzeko, horrekin nireak ere beteko bainituen. Onartu egin nuen zure gonbidapena, eta ez naiz inoiz arratsalde hartaz damutu, ezta damutuko ere; alderantziz: ziurtatzen dizut nire oroitzapenetan gordeta daukadala, eta nire bizitzako unerik zoriontsuenetako bat izan zela. Pena ematen dit ezin errepikatzeak.

Erditze txarra izan nuen, egia da. Inoiz ez nizun ezer esan, nire erabakiaren ondorioa izan zela pentsatu nuelako, eta ez nintzelako damu. Ezin nuen gaitzespenik onartu, bihotz-bihotzez nahi izan nuelako, eta oraindik ere nahi dut, horrek ekar zitzakeen arriskuen beldurrik gabe.

Gure semearen jaiotza ere nire bizitzako unerik zoriontsuenetako bat izan zen. Ez nituen nire familiaren nahiak aintzat hartu, Jainkoak eman zigun seme hau bezainbeste maite zintudalako. Bihotz-bihotzez eskerrak eman nahi dizkizut, zuri esker dauzkadalako nire bizitzako oroitzapenik onenak. Horregatik, negar egiten dut, eta egingo, zure heriotzaren aurrean, askok ulertuko ez badute ere… Zer axola zait niri! Maitasuna gu bion artekoa da; mundua ilundu egin da.

Haurra eztarriko minez zebilela-eta, kontsultara joan nintzen egun batean ezagutu nuen sendagilea. Altua zen, gaztea, itxura onekoa, oso gizon jantzia. Zer esango dizut nik? Kontsultan sartu nintzenean, goitik behera begiratu ninduen, eta atsegina iruditu zitzaidan hain gizon gailenak ni horrela begiestea. Konturatu egin zen eta irribarre egin zidan, eta nik berari ere bai. Keinuez haraindikoa ez zen harreman bat sortu zen gure artean, dibertitzen eta pozten ninduena. Baina zu zure asmakeriak baino ez zirenak leporatzen zenizkidan. Oso argi nuen ez nuela nahi zuk nire zintzotasuna etengabe zalantzan jartzerik, eta are gutxiago zure jeloskortasunak nire bizitza baldintzatzerik. Horregatik, zure jarreraren aurrean asaldatuta, jarraitu egin nuen nire irribarretxoekin, eta egunen batean kafea ere hartu nuen doktorearekin, ez baitzitzaidan iruditzen ezer txarra egiten ari nintzenik. Baina zuk behin eta berriz iraindu ninduzun, eta alkoholari ematen hasi zinen. Nola ez zintudan baztertuko, zure kirats nazkagarri horrekin, nire aurka biraoka aritzen bazinen eta gero ni musukatzen saiatzen bazinen, gu biok ezkonduta egoteak nire duintasuna errespetatu gabe ni edukitzeko eskubidea emango balizu bezala. Ez nengoen hori onartzeko prest. Zurekiko harreman txarrek doktorearen besoetara eraman ninduten. Bai bera eta bai ni ezkonduta geunden, eta bagenekien gainditu behar ez genituen muga batzuk zeudela. Egun batean oheratu egin ginen, bai. Zeharo damutu nintzen, eta atsegin eman nahi izan nizun. Mozkortuta zeunden arren, zurekin amodioa egin nahi izan nuen, maite zintudala erakusteko. Nire gainean zeundela, doktoreaz gogoratzeko esan zenidan, gehiago gozatzeko. Baztertu egin nahi izan zintudan, bakean uzteko, eta nire indar guztiekin bultzatu nizun, baina zuk behartu egin ninduzun. Begiak itxi eta negar egin nuen, zu gozatzen ari zaren bitartean.

Egun zalapartatsu haietan, haurdun geratu nintzen. Ez dakit nork utzi ninduen haurdun, baina ez daukat jakiteko interesik. Haurdun geratu izana aurpegiratu zenidanean, esan nizun haurra zurea zela, eta ez nizun gezurrik izan, zurekin ere izan bainuen harremana. Basektomia egin zenuela esan zenidan. Ez nizun sinetsi. Nola sinetsiko nizun, sendagileak beti preserbatiboa erabiltzen zuen-eta sexu-harremanak izatean? Behin eta berriro esan nizun zurea zela, inoiz ez baitzenidan interbentzio hari buruz ezer esan. Nire burua hormaren kontra kolpatu zenuen, eta haurra ohetik altxatu zen. Ezin mingarriagoa egin zitzaidan sukaldeko atean gure semea begira geneukala ikustea. Ohera joateko eskatu nion, eta egin nituen txorakeriez hausnartzen hasi nintzen, eta basektomia beharbada benetan egin zenuela pentsatzen.

Sendagilearengana joan nintzen, eta, haurdun nengoela esan nionean, bota egin ninduen kontsultatik. Ez ninduen gehiago ikusi nahi izan. Medikua aldatu behar izan genuen. Nire baitan hazten ari zen ume horren beldur izaten hasi nintzen. Gorrotatu egiten ninduzun eta egunez egun mozkortu egiten zinen, nire ekintzen zabarkeria aurpegiratuz eta ernatzen ari nintzen bizitzari uko eginez. Negar asko egin nuen garai hartan, eta gero eta erruduntasun handiagoa sentitzen nuen. Neure buruaz beste egin nahi izan nuen. Haurdunaldi orok dituen arriskuez jabetuta, nigan batez ere, egun batean sabela paretaren kontra kolpatzen hasi nintzen, nire indar guztiekin, hankartetik odoletan eta ahituta lurrera erori nintzen arte. Ospitalera eraman ninduzuen; haurra hilda irten zen, baina ni ez. Jasanezina zen niretzat zure gaitzespenarekin eta neure buruarekiko sentitzen nuen mespretxuarekin bizitzea. Horren guztiaren eragilea aingeru gaizto bat izan zela pentsatzen hasi nintzen: zuk basektomia egin zenuen eta sendagileak kondoia erabili zuen; beraz, espiritu makur batek ernatuko zuen nigan izaki hura, eta jaio baino lehen eraman nahi izan zuen. Ez zegoen beste erantzunik. Behin eta berriz arnegatzen nenbilen izaki zital misteriotsuarekin konplizitatean engainatu ninduen mediku gaztearen aurka.

Ziurtatzen dizuet, nire bizitzako gorabehera guztien artean, zuekin igarotako uneak direla gertatu zaidan ederrena. Hainbeste maite zaituztet… Nire arimaren barru-barruraino sentitzen dut zuekiko sentitzen dudan maitasunak eskatzen zuen mailan egon ez izana”.

Leopoldok gutuna irakurtzen amaitu zuenerako, hurbilago entzuten ziren bere izena behin eta berriz errepikatzen zuten ahotsak. Aldi horretan, ez zen ezkutatu. Iluntzen ari zuen, eta hilerria ez zen oso leku egokia. Begiak atzera itzuli zituen, azpian zeukan lauza zartatu hura ikusteko. Begiratu, eta sorbaldak jaso zituen. Ez zekin zer pentsatu. Bizitzak erokeriak eginarazten ditu beharbada, edo agian erokeriek eginarazten dute bizitza. Kontuak kontu, bera ziur zegoen bere gurasoek ez zituztela hain harreman mingarriak izan; berak, seme gisa, ez zeukan halakoak pairatu izanaren sentipenik. Baina helduen ika-miketatik baztertua sentitzen hasi zen. Azken batean, nolanahi ere, hildakoaren semea zen gurasoen arteko liskarren berri gutxien izan zuena.

Lauzatik jaitsi orduko, amak besarkada bat eman zion, airean altxatzen zuen bitartean. —Seme! Seme! Zuk ez daukazu errurik. Helduen kontuak dira. — Amarekin batera, aitak ere besarkatu egin zuen eta musu eman zion, esanez — Ezin dugu elkarrekin jarraitu, baina ez dizugu kalterik egin nahi. Ez duzu ulertzen? —

Mutikoak, gurasoei begiratu, eta panteoira itzuli zuen begirada. Ahapeka, esan zuen: —A zer saltsa! —.

©Fernando Urien

Gutunak hilerrian (lehenengo zatia)           → Aitaren gutuna (bigarren zatia)

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude