Aitaren gutuna
Irakurri ondoren, oharkabean hatzen artetik erortzen utzi zuen gutuna Leopoldok. Sinetsita zegoen bere aita ez zela idazki hartako gizona bezalakoa. Bere aitak ez zuen inoiz bere ama jipoitu, eta sekula ez zen mozkortuta etxeratu. Hala ere, zenbaitetan, logelan bakarrik zegoela, entzun izan zuen aita garrasika. Baina inoiz ez zuen ama jipoitu; ziur zegoen horretaz. Ez zuen pentsatu nahi, ezta une batez ere, bere aitak inolako antzekotasunik zuenik gutun haren egilearekin. Hala ere, barru-barrutik, aitaren asmo onak zalantzan jartzea hasia zen.
Mutilari deika zebiltzanen deiadarrak gero eta hurbilago entzuten ziren. Ikusiko zuten beldur, sasien, hormaren eta hilobiaren artean ezkutatu zen. Eta han geldi-geldirik geratu zen, jende guztia igaro arte. Ahotsak urruntzen hasi zirenean, luzatu egin zen pixka bat, eta mozkorraren hilobi pitzatua ikusi zuen. Gutunari zerion usain bitxia nondik zetorren jakin nahirik, burua luzatu eta pixka batean usnatu egin zuen airea; baina hango usaina ez zen alkoholarena, belar bustiarena baizik. Hobeto usaintzearren eta irakurri berri zuena berresteko asmoz, sudurra pitzadurara gerturatu zuen. Ez zuen ezer usaindu, baina lauzaren arrakalen artean beste gutun bat harrapatuta zegoela ohartu zen. Lasto baten laguntzarekin pitzadura arakatu, eta bilgarri hura ateratzea lortu zuen. Ohar bat zeukan barruan:
“Ez naute harritzen zure hitzek, seme maite, nahiz eta min ematen didan haiek entzuteak. Errudun sentitzen naiz hainbeste zoritxar ikusteko eta hainbeste min jasateko jaioarazi zaitudalako. Nik ez nuen zuk sufritzerik nahi, ez zuk, eta ez hainbeste maitatu dudan eta oraindik ere maite dudan zure amak. Burutik kendu ezinik darabilzun alkohol-usaina nahigabeen lurrina da, ez sentimenduena. Zaila da patuaren zartakoak ekiditea, eta are zailagoa bata bestearen atzetik datozenean pairatzea, norberaren barru-barruan behin eta berriro kolpatzen dutenean. Egin nuenak zuribiderik ez duen arren, utz iezadazu, behintzat, ene seme, nire bizitzaren labirintoaren ibilbidea eta nire patuaren zoritxarra azaltzen.
Berak ni begiz jo baino askoz lehenago ezagutu nuen zure ama. Ikusi behar zenuen, seme, nire aitaren tailerraren paretik besapean liburuak hartuta paseatzen, bere ilea haizearekin jolasean, ezpain gorri horietan irribarrea etengabe zuela, ikasle-aurpegiarekin eta nire begiradak atzetik jarraitzen zuen eta nire pentsamenduak liluratzen zituen emakume-gorputz harekin.
Egun batean, konpontzen ari nintzen auto baten azpitik irteten ari nintzela, handik igaro zen; ezin hobeto ikusi nizkion zango-sagarrak, eta, ziztu bizian, eskuekin gorputzera estutu zuen gona. Zorutik, gora zuzendu nituen begiak, bere aurpegia bilatu nahian, eta berak begiratu egin zidan. Ez dakit zer itxura neukan; ez dakit ibilgailuaren koipea, nire begien urduritasuna edota aurpegian nabaritzen nuen berotasuna zen, baina barrez hasi zen. Oraindik ere entzun ditzaket bere algarak.
Gehiagotan igaro zen tailerraren paretik, eta gure begiradak gero eta ausarkeria handiagoarekin gurutzatzen ziren. Pixkanaka-pixkanaka, lotsa galtzen joan ginen, eta azken aldiaren oroitzapena eta hurrengo aldia iristeko nahia izaten hasi. Arratsalde batean, zinemara gonbidatu nuen, eta berak baiezkoa eman zidan.
Nire esku zakar koipetsu baldarrei begira egoten zen, nik ezkutatu arren. Berak irribarre egiten zuen, eta bere hatzekin jolastu egiten zen nire esku-haur zikinetako kailuen artean. Arima osoarekin maitatu nuen eta oraindik ere maite dut; ez daukat erremediorik. Maite ninduen, edo, behintzat, hala sinetsarazi zidan gure maitasunak hasieratik izan zituen arazoen aurrean hartu zuen jarrerak, gure harremanak zorigaiztokoa izatera bideratuta baitzirudien. Bere amak ez gintuen elkarrekin ikusi nahi; ez zuen bere alaba arlote batekin ibiltzerik nahi; sendagile bat, notario bat, eskribau bat, abokatu bat nahi zuen alabarentzat, ez azazkaletan koipea eta eskuetan kailuak zeuzkan behargin miserable bat. Behin baino gehiagotan egin zion aurre zure amak zure amonari, eta sutsuki defendatu ninduen, gure arteko harremana debekatzen zioten arauak desobedituz. Imajinatu zein harro sentitzen nintzen eta zer-nolako grina pizten zen nire bihotzean nola maite ninduen ikustean.
Igande batean, nire aitaren tailerrera eraman nuen. Jaieguna zenez, itxita zegoen. Gu biok bakarrik egon ginen, hizketan, musukatzen… “Milkinientos”aren atzeko eserlekuan gure arteko erakarmena askatu eta inork imajinatu ere ezingo lukeen moduan gozatu genuen gure maite-suaz. Gutun hau idazten ari natzaizun bitartean, berpizten ari zait une hura nire baitan, bizitza osoan zehar behin eta berriz gertatu zaidan bezala.
Abentura hark pasio neurrigabe baten oroitzapena baino zerbait gehiago ekarri zuen: zure ama haurdun geratu zen. Bere sendiak ez zuen haurdunaldi hura onartu, eta nirekin harremanak eteteko eskatu zion; ikusiko zuten gero haurrarekin zer egin. Baina bera nirekin geratu zen. Seat haren atzeko eserlekuetan sortutako haurra eduki eta gure harremanarekin jarraitu nahi zuen.
Ezkondu egin ginen, eta txapitula batera joan ginen bizitzera. Gero, zu jaio zinen. Ziurtatzen dizut egun hartan inoiz baino gehiago gorrotatu zintudala. Ez zen erditze erraza izan. Zure ama arriskuan zegoen, eta zesarea egin behar izan zioten zu jaiotzeko. Zu ondo zeunden, baina zure ama ez, eta nik behin eta berriz esaten nion neure buruari haurdun geratu izan ez balitz ez zela arazorik egongo. Hiru egun behar izan zituen arriskutik ateratzeko; gero, dena ederra izatera itzuli zen. Asko maite zintuen. Nik ere bai. Arazoak saihesteko, basektomia egitea erabaki nuen, baina berari ez nion ezer esan, ez baitzidan halakorik eskatu ere egin.
Etxebizitza berri bat erosi genuen; hain zuzen ere, zuk bizitza osoan ezagutu duzuna. Bizitzera joan ginen auzo hartan, beste familia-mediku bat egokitu zitzaigun. Itxura oneko mutil gazte altu bat zen.
Niri sekula ez zaizkit sendagileak gustatu; horregatik, denbora dezente igaro zen nik ezagutu nuen arte. Zure ama nahiko gaixo zegoen egun batean izan zen; sukarrarekin zegoen eta eztulka zebilen. Sendagileari deitu nion, ikustera etor zedin. Nik espero ez bezalako konfiantza zegoen haien artean. Bere bularra estetoskopioarekin auskultatzen hasi zenean, zure amak irribarre egin zion, eta sendagileak gustatu ez zitzaidan poztasun-begirada batekin erantzun zion keinu horri. Ez dakit haien artean zer zegoen, baina ordura arte sekula izan ez nuen sentimendu bat garatzen hasi zen nire irudimena: jeloskortasuna.
Orduko hartan bakarrik ez; gehiagotan ere sumatu nituen haien artean begirada konplizeak, irribarre adeitsuak eta mediku batekin izan zitezkeenik uste ez nuen konfiantza-keinuak.
Zer egin behar nuen nik, seme! Luze eta mehea zen sendagilea; txiki eta burusoila nintzen ni. Hatz luzeko esku finak zituen; lodi eta kailutsuak nik. Gizon errespetagarria zen, tituluduna; ni, berriz, hutsala, batuketa bat egiteko ere ia ezgauza. Guztiz baztertua sentitzen nintzen.
Nire baitan, isekan sumatzen nuen inguruko jende guztia. Nik susmo soilak neuzkan arren, iruditzen zitzaidan topatzen nituen guztiek ezin hobeto zekitela emazteak adarrak jartzen zizkidala.
Zure amak gero eta kasu gutxiago egiten zidan, eta, askotan, uko egiten zien nire laztanei, bizkarra emanez. Edateari eman nion, konturatzen bainintzen zure amak niri ukatzen zizkidan harremanez gozatzen zuela etxetik kanpo, edo beharbada gure etxean bertan; ez dakit, ez dut imajinatu ere egin nahi. Pixkanaka-pixkanaka, gehiagotan hasi nintzen lagunekin eta alkoholarekin egoten, hurbiltzen nintzen bakoitzean beste aldera begiratzen zuen eta behin gorroto nuen sendagile batekin ikusi nuen emakumearekin baino…
Denbora luze bat harremanak izan gabe igaro ondoren, amodioa egin genuen. Gure artekoa bere onera itzultzen hasiko zela pentsatu nuen, baina, hilabete luze baten buruan, gure harreman hark haurdun utzi zuela esan zidan zure amak. Ez nuen ezer erantzun; kalera irten nintzen, eta inoiz ez bezala mozkortu nintzen. Gero, etxera igo, eta oihukatu nion hori ezinezkoa zela, zu jaio ondoren basektomia egin nuela. Seme hori sendagilearena zela, ez nirea. Berak ezetz eta ezetz, baina nik egia zela esan nion…
Ez dakit zer gertatu zitzaidan; neure senetik atera, eta paretaren kontra bultzatu nuen; ezin nuen horrenbeste gezur jasan.
Seme maite, zure amarengatik egin nuen basektomia, zure ama galtzearen beldur nintzelako, eta sendagile kirten horrek haurdun utzi zuen. Gainera, niri botatzen zidan errua… Egin nuenak ez dauka justifikaziorik, baina ziurtatzen dizut hortik aurrera ez niola sekula eskua gainean jarri. Beti errespetatu dut zure ama, eta oraindik ere maite dut. Gero, galdu egin zuen haurra; ez dakit nire erruagatik izan zen, edota haurdunaldiak berez konplikatu egiten direlako. Burua galdu zuen, bai. Zer nahi duzu nik egitea? Hori ere nire errua izan zen? Bada, nahi baduzu, bota errua niri, baina nik ez nuen zure ama sendagile ergel horrek bezala abandonatuta eta depresioen zuloan hondoratuta utzi. Askotan mozkortu nintzen, jada ez zidalako lehen bezala begiratzen, bere eromenean ere sasimediku madarikatu haren ferekak bilatzen baitzituen.
Nahi baduzu, bota niri gaitz guztien errua, baina nik maite zaitut eta maitatuko zaitut, eta zure ama ere bai, alkoholean igerian ibili arren”
Gutuna irakurri eta gero, Leopoldo hasi zen bere amaren gizonezko lagun guztiak gogoratzen, banan-banan, mesfidati. Azkenean, ez zuen aurkitu aita bezala amarengana hurbiltzen zen inor. Bere gurasoak elkar musukatzen ikusita zegoen, eta bere amak ez zuen sekula beste gizonik musukatu. Ez, bere ama ez zen ibiltzen aita ez zen beste inorekin; txintxoa zen bere ama.
©Fernando Urien
→ Semearen gutuna (lehenengo zatia) → Amaren gutuna (hirugarren zatia)