Zumaiara, Saizar sagardotegira eta Getariara txangoa (2022.04.26)

Txotx.

Klimatologiari dagokionez udaberriko egun berezi baten itxaropenarekin, elkarteko zuzendaritzak egindako deialdira 66 pertsona joan ginen, eta adierazitako orduan puntu-puntuan ‘abiatu ziren’ Institutuaren aparkalekutik Bilbon. ‘Abiatu ziren’ esan dut, gu Durangon autobiderako sarbidean hartu gintuztelako. Eskerrik asko detaileagatik.

Zumaiako autobus-geltokian egin genuen txangoko lehen geldialdia, eta, paseotxo bat eginez, ordu-orduan iritsi ginen topagunera. Bertan, Sagardoa Route erakundeko Amaia eta Maddalen genituen zain, aurrez eguneko programazioa osatzen lagundu zigutenak.

Aurreikusita zegoen legez, jardunaldiari hasiera emateko, talde osoa Ubera jatetxera joan ginen. Bertan gure zain zeuden kafe edo salda on bat dasta genezan, primerako txorizo batzuez gain, eta hori guztia Zuzendaritzaren adeitasuna izan zen Aldundiaren finantzaketarekin.

Mokadua amaituta, bi taldetan banatu ginen, aurreikusitako jarduerekin jarraitzeko.

Nire taldekoak Euskal Kostaldeko Geoparkean nabigatzen hasi ginen, eta, horretarako, Txomin Agirre kairantz jo genuen: han gure zain zegoen kapitaina, bi marinelekin eta Zumaiako Flyschari buruzko xehetasun guztiak azalduko zizkigun gida batekin.

Itsasoan barneratzean, Zumaiaren bilakaera azaldu zigun; izan ere, garai batean 15 ontziola baino gehiago izan ostean, gaur egun bakarra baitago bertan, Balenciaga ontziola, oso garrantzitsua eraikitzen dituen itsasontzi bereziengatik, une hartan bi, ikusgarriak, ari zelarik eraikitzen.

Baita ere azaldu zigun zelan irabazi zitzaion lur edo lehorra itsasoari, eta nola horren ondorioz hondartza berri bat sortu zen Getaria alderantz.

Itsas zabalera irten eta Flysch-era hurbilduz joan ginen. Gidak azaldu zigunez, formazio harritsu horietan hainbat material nahasten dira, batzuk beste batzuk baino bigunagoak, Lurraren eboluzioagatik itsasertzean agertzen direnak, eta batzuk bigunak eta beste batzuk ez izatearen arrazoia milioika urtetan zehar izandako aldaketa klimatologikoetan datza, hotzaldien edo beroaldien arabera Lurra hoztu ala berotu egiten baitzen. Horregatik, garrantzi handia dute, harri horietan lurraren liburu handia dagoela idatzita esan daiteke eta. Zientzialari ugari hurbiltzen dira Zumaiara harkaitzak aztertzera eta ondorioak ateratzera. Beste une batean txangoa oinez egitera animatu gintuen gidak bi puntu bisitatzeko, urrez seinalatuak, daukaten informazioaren garrantziagatik.

Ordubete itsastatzen eman ostean, kaira itzuli ginen, eta han Vio (Violeta) genuen zain, Zumaian zehar bisita gidatua egiten lagunduko zigun gida.

Lehenik eta behin, Zumaiako Marinelen San Telmo Kofradiara joan ginen. Bertan, eraikin txiki-txiki batean, gomendagarria da salmenta-aretoa eta enkanteetarako mekanismo sofistikatua bisitatzea bere balio etnografikoagatik.

Viok arrainaren enkantean esleipenak egiteko zailtasuna azaldu zigun; izan ere, oso zaila zen atzamarra lehenengo altxatu zuenari esleitzea arrain-lotea, horrek eztabaida ugari sortzen zituen, eta garai hartako teknologia berriek aukera eman zuten areto bat diseinatzeko, non eserleku bakoitzean gailu bat zegoen, eta hura sakatzean, aretoaren erdian zegoen armairu batean, kolore jakin bateko bola askatzen zen, eta horrela ez zegoen eztabaidarik. Zelan funtzionatzen zuen erakutsi zigun, eta ondoren marinelen patroia den San Telmo ermitaraino joatera animatu gintuen, XVII. mendetik aurrera, bertara lekualdatu zelarik izen bereko Marinelen Kofradia.

Aldez aurretik aldapaz ohartarazi zigun (Tourmalet ematen zuen hark), eta gura zuenari jakinarazi zion gure zain egon zitekeela bertan lasai-lasai, tragoxka bat hartuz.

Haren ohartarazpenak ez zuen arrakastarik izan, pixkanaka jende guztia joan baitzen ermitara iristen.  Han barruan azaldu zigun estilo herrikoiko arkitektura dela eta XVIII. mendeko rokoko estiloko erretaula nabarmendu zuen. Anekdota gisa, bertaratutakoren batek adierazi zuen laster senitarteko baten ezkontzara joango zela ermita hartara.

Bi bisitak amaituta, berriz elkartu ginen autobusera joateko, Usurbilgo Saizar sagardotegira eraman gintzan.

Sagardotegira iristean, bertako Iñaki eta senideren batzuk genituen zain, eta zenbait azalpen eman zizkiguten hangoaz.

Mende erdia baino gehiago zuela adierazi ziguten, nekazaritza-ustiategi tipikoa izatetik ohiko sagardotegi izatera igaro zenean. Apustu hori Esteban Lertxundik hasi omen zuen bere emazte Olivia Ibargurenekin batera, eta etengabe eraldatzen joan delarik orain haien seme-alabek jarraitzen dute.  2004. urtea inflexio-puntua izan zen ekoizpena handitzeko orduan, eta, une honetan, 2 milioi litro sagardo ekoiztera iristen dira.

Hor sartu zen Larri laguna eta galdera maltzur samar bat egin zion (nabari da Arriskuetako sailean egon zela): “Sagar guztiak bertakoak dira?”. Iñakik ezetz aitortu behar izan zuen, asko inportatzen zela Frantziako Normandiatik, Errumaniatik eta Europar Batasuneko beste herrialde batzuetatik.

Edozelan ere, beste sagardogile askorekin batera, Euskadiko sagar autoktonoz egindako “Euskal Sagardoa” sor-marka sortzeko lanean ari ziren.

Beste galdera batzuk egin ostean, ea bagenekien munduan zenbat sagar-barietate dauden (7.500), zenbat Euskadin (1.000) eta zenbat erabiltzen ziren Gipuzkoan (25), barrura sartu ginen, taldeka instalazioak ikusi genituen eta, ondoren, aurkezpen-bideo bat erakutsi ziguten.

Bideoa ikusi ostean, jantokira eraman eta esertzera gonbidatu gintuzten, eta hemen bai, aitortu behar dut mahaietan estu-estu sartu gintuztela, jatorduaz gozatzeko erosotasun-tarte handirik gabe, nahiz eta jantokian bazen nahiko mahai behar hainbat zabal. Txotx deiaz gozatzeko kupeletara jende larregi joatea saihesteko egin ote zuten? Hor utziko dut galdera.

Hala ere, hasierako txorizo-pintxoa, bakailao-tortilla, bakailao frijitua piper berde eta tipularekin, idi-txuletoia zatituta, bertako gazta, menbrilloa, intxaurrak, teilak eta zigarretak primerakoak izan ziren.

Jaki baten eta bestearen artean, batzuk txotx! deiari erantzutera animatu eta kupeletara joan ginen, han zegoen Iñaki Lertxundi, Saizar familiako kidea, eta hura joan zitzaigun kupelak irekitzen, eboluzio-prozesuaren arabera sorturiko hainbat zaporetako sagardoak dastatzeko.

Bazkaria amaituta, autobusa hartu genuen Getariara joateko. Han bi gida genituen zain, kostaldeko herri hari buruzko kontuak azaltzeko, ospetsua baita mundu osoan ezagunak diren bi pertsona garrantzitsuren ─Juan Sebastian Elkanoren eta Cristobal Balenciaga jostunaren─ jaioterria izateagatik.

Bide batez esanda, irailaren 6an 500 urte beteko dira Elkano, beste 17 tripulatzailerekin, Sanlucar de Barramedara iritsi zenetik, munduari bira hiru urtean eman ostean.

Portuaren ikuspegi panoramikoa ikusi eta zegozkion azalpenak entzun ostean, San Salbador elizara joan ginen: Euskal Herriko bitxi gotikoetako bat da, monumentu nazional izendatua.

Bisitak amaituta, autobusera berriro, Bilbora itzultzeko.

Nire ustez, egun bikaina izan zen, bai klimatologiari dagokionez, bai kulturari eta gastronomiari dagokionez, eta, gainera, aspaldi ikusi bako jende askorekin berba egiteko balio izan zidan.

Horrelako txango gehiago antolatzen jarraitzera animatzen dut zuzendaritza, eta horietan parte hartzera ere animatzen dut jendea.

Besarkada bero bat guztiontzat.

     Juan Mª Lersundi Gacetabeitia

 

Bideoak:

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies