Segundo C. Escolar. – Bere lana eta Algortarekiko harremana (2. zatia)

Artistari diodan miresmena paper batean islatuta utzi ondoren, haren obrari erreparatuko diogu orain, haren munduan murgilduko gara, eta haren mundua bi puntu kardinaletara zuzenduta egon da etengabe, arte plastikoetara eta familiara, bere familiara. Ez dago garatu ez duen arte plastikorik, ez dago probatu ez duen teknikarik, Erdi Aroan izandakoak barne, bere eskuetatik sortzen den guztia benetako artea da, bere margolanen sinadura barne. Izan ere, nor da Segundo Calixto Escolar? Zein da haren jatorria, haren arbaso artistak? Nondik datorkio bere bereizgarri duen artista globalaren genea? Haren mundu sortzaile eta pertsonalean sartzen saiatuko gara, traba egin barik, artistei ez baitzaie gustatzen inork gogaitarazterik. Oso gustura bizi da bere barnerakoitasun, lan isil eta eremutar munduan.

SegundoC-21

Segundo Calixto Escolar Díez, bere aurreko guztiek izandako izen berberak, jada desagertuta dagoen Salamancako auzo batean munduratu zen 1944ko urriaren 28an, Falangeak eta JONSek zorrotz gainbegiratutako gerraoste betean. Hiru senideetan zaharrena izan zen, eta bere bizitzako lehen urteak oso gogorrak izan ziren, baina artean ez zen horretaz jabetzen.

Aita, erregimenaren disidentetzat, «gorri»tzat joa, kartzelan zegoen, eta, hortaz, berak ume-umetatik ezkutatzen ikasi behar izan zuen, eta ahalik eta oharkabeenean pasatzen, nagusi zen erregimenarengandik zigor handiagoa jaso zezakeelako. Are gehiago, «Escolar» abizena utzi eta aitaren bigarrena zen «Frutos» abizena hartu behar izan zuen, seinalatu ez zezaten, eta amak eta izekok erretorearekin eztabaida sutsuak izan zituzten, «gorri» baten semea behar bezala bataiatzeko.

SegundoC-22

Salamancako hainbat ikastetxetan, «piper» eta «eskola-ihesiak» eginez ibiltzeak ezin zuen ezkutatu derrotak seinalatutako haurren gainean agintariek ezartzen zituzten desberdintasunak. Nahiago zuen haur-pikareska erabiltzea umetatik, kafetegietako solasaldietan sartzeko, katedralean cicerone moduan aritzeko, aitagure bat errezatzea trukean olata-zati bat lortzeko, bere irudimenak iradokitzen zion guztia. Irudimen hori areagotu egiten zion egunez egun “irispidean” ―hau da, edozein motatako materiala menderatzen ikaste aldera inguruan zituen lanbide guztien sekretuak sumatzen joateko irrikaz beteriko begien aurrean― jartzen zitzaion edozein lanbide edo jarduera ezagutzeko kezkak.

Kontserbatzen den bere marrazkirik zaharrena, zortzi urterekin egin zuen, eta lepo estilizatua duen murko moduko botila handi baten apuntea da, eta bertan ikus daiteke bolumenak eta perspektiba menderatzen hasita dagoela. Bitartean, bere eguneroko bilakaeran, aitaren bozelketa-tailerra konstante bat zen, baina beti marrazketa izanik bere bizitzan ukitu zituen arlo guztien sorrera. Aitaren lanbidean laguntzaile gisa izan zuen goiztiartasuna bere hainbat lan propiotan islatu zen, batez ere ikonografia erlijiosoaren barruan, «suntsitu gabe sortzea» ahalbidetuko zioten materialak menderatzeko ahaleginean.

Gerraosteko garaien zeinuak ―gerra amaitu eta 12 urte geroago oraindik ere garaituekiko, arma-indarrez ezarritako Erregimenak bezala pentsatzen ez zutenekiko, jazarpenak krudela izaten jarraitzen zuen― behartu zuen “Escolar” familia Salamancako jaioterria utzi eta aire arnasgarriagoa izango zuen leku bat bilatzera, kide guztientzat bizitza hobea lortu ahal izateko. Eta gurasoek uste izan zuten tokirik onena Bilbo zela, non industria baitzen ekonomia mugitzen zuen motorra, eta horrek eragin ona zuen Arteen loratzean.

Bilbo artista ezagun eta aitortuen ―Basterretxea, Ibarrola, Chillida, Oteiza eta abarren― sorterria eta altzoa zen. Eta Segundoren aitak, irizpide onarekin, erabaki zuen leku ezin hobea zela ekonomikoki eta artistikoki hobetu eta igotzeko. Segundo Calixto ―bere ume-arimari hasieran asko kostatu zitzaion Salamancakoaren oso bestelako idiosinkrasiara egokitzea― pixkanaka burua eta eskuak sartzen hasi zen arte desberdinei buruz egiten ziren lehiaketa ugarietan.

Laster iritsi zen lehenengoa, eta, gainera, Getxo lokartu samar batekin harremanetan jarri zen lehen aldia izan zen. 1958an hondarretako Haur Eskulturaren Lehiaketa Nazionala sortu zen, gaztelu baten modelatze tipikoa gaitzat hartuta. Ekitaldirako esleitutako hondartzetako bat Ereaga izan zen, eta hor etorri zen bere tramankuluak hartuta Segundo mutikoa, data hartan, 1959ko uztailaren 15ean, 14 urte zituena, beste berrogeita hamar bat umerekin batera, lehen saria irabazteko asmoz. Lortzen zuena azken fasera pasako zen, eta hori Parisen izango zen, Espainia ordezkatuz.

Epaimahaikideen izenek ―tartean zeuden, besteak beste, Eduardo Chillida, Julio Caro Baroja edo Llano Gorostiza ezagunak― lehiaketari eman zitzaion garrantzia adierazten dute. Ez zitzaion tokirik aproposena egokitu Segundori eta, beraz, bere asmamenaz baliatu behar izan zuen hondarra aglutinatzeko, itsasgora ez baitzen bere ur gaziarekin haraino iritsi. «Coca-Cola» bat erabili zuen hondarra trinkotzeko, eta, kasualitatez, berekin zeramatzan molde batzuk, adibidez pospolo-kaxa bat, erabili zituen almena perfektuak lortzeko. Ereagan Lehen Saria lortu ostean, Lehiaketa Nazionalera aurkeztu zen, non txapeldunorde izan baitzen, Parisera bidaiatzeko eskubidea irabaziz. Han, bere aldekoa ez zen egoeran, seigarren postuan geratu zen, baina garrantzitsuena hartu zuen eskarmentua izan zen eta gozatu zituen erosotasunak, berriak eta ezohikoak berarentzat.

SegundoC-23Nerabezaroan denboraldi batez Madrilen bizi izan zen, eta erregimen frankistak, aitaren iragan errepublikanoagatik bakarrik, matrikula ukatu zion Arte Ederren Akademian. Hori ez zen oztopo izan Publizitate Agentzietan, Arte Grafikoetan, zinemako kartelak diseinatzen eta erakusleiho-apaintzaile gisa lanean hasteko. Edozein sormen-lan ona zen berarentzat, alde batetik bizimodua ateratzeko eta, bestetik, bere sormen-dohainak sendotzeko, eta horrela, hiriburuan egon zen bitartean, merkataritza-lokalen, bulegoen, kafetegien… barnealdeen eta altzari-elementuen diseinua landu zuen.

SegundoC-24
    Autorretratua, 1966

Gazte-gaztetatik, Segundoren izaera langilea nabarmendu zen, prestakuntza akademiko espezifikorik ez zuen gizona, baina bere geneetan marrazketa menderatzea eta lanerako joera agortezina zituena.

Adin-nagusitasunarekin, Bilbon finkatu zen. Lehenik, sarrailagintza artistikoko tailer batean lan egin zuen, eta, ondoren, bere tailerra muntatu zuen: 21 langile izateraino iritsi zen, eta zintzo ordaintzen zien haiei, enkarguak aldez aurretik kobratuta izan edo ez. Abentura hura soldadutza egiteko deitu ziotenean amaitu zen.

Burdina izango zen 19 eta 27 urte bitartean erabiliko zuen elementu eta lehengai nagusia, orduan Bizkaia meatzaritzan eta burdingintzan eskualde nagusia zela aprobetxatuz, eta garai hartan egin zituen bere eskultura asko, abstraktuak nahiz figuratiboak. Haietako bat, goletaren haize-oihal handi bat, Bilboko Plaza Barrian jarri zen. Baina Segundo Escolarren arte-gaitasuna ezin zen jakintza-alor bakarrera mugatu; aitzitik, errementaritza artistikoko lan, bozelketa, eskultura, pintura, zeramika eta taillarekin hedatzen zen kanpoaldeetan, eta sareta, tximinia, burdin sare eta eskailerekin barrualdeetan.

Aldi berean, obra artistikoak erakartzea helburu zuten hainbat lehiaketatara aurkeztu zen, eta 1975ean Banco Españak 15 metroko altuerako beirate handi bat egiteko deitutakoa irabazi zuen. Horretan aritu zen Félix Cañada maisu beirategilearekin batera, gero Algortako «Kristo Eroslea» parrokiako beirateak egin zituen berberarekin, hain zuzen. Urte berekoa da garai hartan eliza eratzen ari ziren Ispizua eta Aristegui arkitektoekiko adiskidetasuna, eta haiekin erabaki zuen bere parte-hartzea Bilboko Bankunionen egoitza nagusiaren diseinu-proiektuan, Plaza Biribilaren, Buenos Aires kalearen eta Ledesma musikariaren kalearen elkargunean zegoelarik. Sei arkitektura-estudio aurkeztu ziren, eta hau bigarren tokian geratu zen; kronikek diotenez, irabazi ez bazuen, “kanpoko eragile”engatik izan zen, eta ez balio profesional hutsengatik.

Bere pintura-lanaren bakarkako lehen erakusketa Ercilla hoteleko galerian egin zuen. Kazetari baten galderei erantzunez, esan zuen une horretan «errespetua eta ikusmina» sentitzen zituela kritikaren eta publikoaren aurrean, ordura arte lagunei bakarrik erakutsi baitzizkien bere margolanak. Haren pintura figuratiboak moldeak apurtzen zituen, begiak bezalako ezaugarri fisonomiko batzuk ezabatzen baitzituen, horrela, ohiko bideetatik irtenez. Pintura serioaren eremu tradizionalera itzultzea zen, baina nortasun eta independentzia gehiagorekin.

Escolarrengan, bere artea, lehen esan dugun bezala, ez da pinturan geratzen. 1975eko abenduaren 6an «La Gaceta del Norte»n sinadura barik argitaratutako artikulu batean, eta «Windsor galeria» ospetsuan egin zuen erakusketa zela-eta, honako hau esan zuen: «Uste dut nirea eskultura dela, eta bete-betean dihardut horretan, horri lotuago sentitzen bainaiz nire arbasoengatik eta, gehienbat, horri esker bizi naizelako. Horregatik jarduten dut gehiago horretan».

Urte pare bat geroago, La Gran Enciclopedia Vascak argitaratutako «Biblioteca: Pintores y Escultores Vascos de Ayer, Hoy y Mañana» 160. zenbakian (kontu bitxia hau askorentzat, artista Salamancakoa baita, eta ez euskalduna), Luis de Castresanak irmotasunez adierazten du: «Gure garaiko —1977ko urtarrila— arte plastikoen panoraman, nik ez dut inor ezagutzen Segundo Escolar bezain artista osorik, erabatekorik». Erakusketaren sinopsi murriztu bat besterik ez da, Segundo artista polifazetiko bihurtzen duten aurpegi eta alderdi plastiko guztiei buruzkoa, eta ziurtatzen du: «Adierazpen artistiko oro interesatzen zaio, dena menderatzen du, dena ikertzen du, dena maite du. Guztiak balio dio arte bihur daitekeen material gisa».               

SegundoC-25
«El Redentor» (Kristo Eroslea) zirriborroak

1971n, eta Algortan Aita Hirukoiztarren eliza berri bat eraikitzeko proiektua hastearekin batera, Segundo Escolar eta arkitektoen arteko harremana hasi zen, borondate guztiak batuko dituen proiektu bat aurkezten saiatuz. Escolarrek 28 urte zituen eta gauza handi batean parte hartzeko gogo itzela zuen. Hemen zuen aukera, eta ez zuen alferrik galdu. Ispizua eta Aristegui arkitektoen eta Félix Cañada beirateen egilearen laguntzarekin, aldare nagusirako zurezko eskultura-lan handi batean ardaztu zen. Lan haren izenburua «Heriotza eta berpiztea» izan zen, sormenaren eta eskultura-teknikaren uztarketa, bai eta presbiteriorako zeremonia-aulkiak, zeramikaz eginak, eta parrokiako kriptan ikusgai dagoen gurutziltzatu bat ere. Halaber, ‘Ama Birjina Haurrarekin’ eta ‘apostoluak Jaunarekin’ irudi bihurtzeko eskatu zitzaion fatxadarako. Lan horiek ilusioz eta ahalegin handiz prestatu zituen, baina ez zuten lortu hirukoiztarren komunitatearen eta eliztarren oniritzirik, arteak jada ezarrita zituen kanonei atxiki baitzitzaizkien haiek, eta ez Escolarren bide apurtzaileei, eta, beraz, itzuli egin zizkioten.

SegundoC-26
Denbora batez “El Redentor / Kristo Eroslea” parrokiaren fatxadan erakusgai egon zen Kristoa eta zirriborroa

Joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan beste lan asko egin zituen, hala nola, Antonio de Lerchundi jaunaren, «Gráficas Lerchundi» sortu zuenaren, brontzezko bustoa, Bizkaiko Adingabeen Tutoretza Epaitegirako eskultura edo «Obrero» izeneko beste eskultura bat, «Refractarios de Vizcaya» enpresak enkargatua. Gero bere bizitzan beste etapa bat prestatu zuen Belen emaztearekin eta bere bi alabekin, Olga eta Lydiarekin, Burgosko Belorado udalerrian leku bakarti eta isil batean babestuz; hangoa da Belen, bere emaztea.

SegundoC-27
 Santa Kasilda brontzezkoa.

Bere jarduera frenetikoa da han, inork ez du molestatzen, modu nekaezinean lan egiten du bere dorrean, eta bere lanarekin beste behin erakusten du diseinuaren bidez espazioak eta dekorazio-elementuak sortzeko duen gaitasuna, eskulturaren artean duen maisutasunarekin uztartuta. Ez ditugu hemen azalduko laurogeiko hamarkadan eta hurrengoetan egindako lan guztiak, neurri handi batean landa-lanek eta bertako jendeak inspiratuta, eta obra bakarra nabarmenduko dut, dagokidan hurbiltasun familiarragatik: Santa Kasildaren brontzezko eskultura da, Briviescako Udalaren enkarguz egina, artistak garuneko bi infartu gainditu eta hilabete gutxira.

Mario Ángel Marrodán poeta eta saiakeragile emankorrak honako iruzkin hau utzi zigun Segundo C. Escolarren eskultura-lanari buruz: “…sen basati dotorekoa da, trebetasun miresgarrikoa, forma argi eta efektistakoa, gorpuzkera txukunekoa. Escolar gaian ezin bikainago gisa agertzen da, ahaztutako praktika zaharren xehetasun, teknika eta tratamendu guztiak ezagutzen dituena, aktiboa tresnetan, objektuetan, elementuetan eta espazio-ikuskeraren kontzeptuzko analisian. Han jarraitzen du lanean ia laurogei urte dituela, bere garaiko eta inguruabarretako gizon honek, bere ingurunearekin konprometituta.

SegundoC-28
Atapuercako historiaurreko gizakia: «Familia antecessor»

Baina ez dadila geratu haren denbora pinturak eta eskulturak bakarrik bete zuten ustea. Izan ere, Escolarrek ez ditu mihisea eta harria bakarrik erabili, baita zura eta metala, buztina eta ezkoa, alabastroa, marmola edo intxaurrondoa ere, harikortasuna, malgutasuna edo berehalakotasuna ezaugarri nagusitzat duen oro, bere obra osoa gizakiaren ―gizon edo emakumearen― inguruan biraraziz, ia beti modu indibidualizatuan. Bere obraren zati txiki bat bakarrik ikusi ondoren, ondoriozta dezaket erabilitako teknika eta materialen gainean duen nagusitasunak «suntsitu gabe sortzea» ahalbidetzen diola. Bozelketaren, eta horren barruan, dominagintzaren arte-eremuan ere eskuak sartu zituen, brontzea, kobrea, beruna, zilarra eta urrea, letoia, alpaka eta zinka erabiliz. Era berean, eta material horiek beroriek erabiliz, urregintzaren munduan sartu zen kaliza eginez Mirafloresko kartusiarako edo makuluak abadesa zistertar batentzat edo Silosko abadearentzat, leku horretan bere arte erlijiosoaren hainbat erakusgarri utzi dituelarik.

Jada mende berrian sartzen ari gara. Bere jarduera frenetikoa da, bere betetasun fisiko eta artistikoan dago eta artearen beste teknika batzuetan murgiltzen jarraitzen du, horietako batzuk bere genetikari dagozkionak, bere aurrekoek Erdi Arotik eta Errenazimentutik utzi dizkiotenak, bete-betean Arte Plastikoei eskainitako saga bat izaki. Eta berak ez dio horietako bakar bati uko egiten. Kanpaiak urtzen dituen maisu baten ondorengoa bada, Silosko monasteriorako kanpaiak diseinatzen ditu berak; arbaso batek errementaritza eta sarrailagintza artistikoa landu bazituen, berak San Pedro de Cardeña monasterioan San Sisebutoren gorpuzkiak dauden kutxa egingo du; bere aita bozelketan artista ezaguna izan bazen, bera benetako maisu bihurtu da jakintza-alor horretan. Horri bere pintura-lana, zuzendaritza grafikoa, diseinua, barnealdeen arkitektura, xilografiak, heliograbatuak, dokumentalak, esmalteak eta seguru asko ahazten zaigun beste arloren bat gehitzen badiogu, Segundo Escolar artista polifazetikoa dela baieztatuko dugu zalantza barik, are gehiago, artista erabatekoa.

SegundoC-29
             Silosko monasterioan dagoen eskultura

Horren guztiaren sorreran pintura dago eta bere oinarria marrazkia da. Ehunka obra, olio, akuarela, koloretako arkatz, paisaia, natura hil, mitologia eta, horien guztien gainean, gizakia, bere esparru propioan erretratatua. Euskal Herrian bizi izan zenean, itsasgizonak eta jende herrikoiak, eta jada Burgosen, goldearen eta laboreen landa-mundua, bere nortasunaren adierazpenak dira, eta horietan XII. mendetik XV. mendera bitarteko teknikak erabiltzen ditu.

SegundoC-30
          Sardina-saltzailea

Bilbon egin zuen lehen pintura-erakusketa 1974an izan zen, Euskal aretoan. Erakusketa hartan bere egoera emozionalean bisitarien iritziarekiko kezka zegoen, baina baretasuna ere bai, ziur baitzegoen oso ondo pentsatuta zeukala pinturaren plazara irten aurretik. Hurrengo urtean, Windsor aretoan egin zuen erakusketan argi eta garbi islatzen zen euskal izaeraren eragina: arrantza-portuetako gaiak eta txokoak, landa-eremuetako paisaiak eta euskal irudiak zeuden, errealitatea modu oso pertsonaletan ikusteko zeukan era nabarmentzen zelarik haietan.

Ezin dugu ahaztu giza irudiarekiko zuen zaletasuna, bere alaben eta emazte Belenen erretratuak, bere autorretratua edo Joan XXIII.a aita santuarena nabarmenduz, guztietan itxura lasaia eta barne-indarra azpimarratuz. Emakumea lehen planoan dago, eta bere marrazki eta margolanetan haren lan isila baina funtsezkoa geratzen da islatuta, batez ere emakumea ama-jarreran nabarmentzen da, amatasunaren figura, bere amari omen gisa.

“Xeheak” deituriko beste arte-adierazpen batzuetatik behatz-puntetan igaroko gara saioa gehiegi ez luzatzeko, baina ez dira horregatik garrantzi gutxiagokoak, Segundo Escolar marrazketan, pinturan edo eskulturan bezain indartsu sartu baitzen horietan: buztina, zeramika izan zen bere inspirazioaren beste iturrietako bat haurtzarotik bertatik, bere aurrekoen tailerrean elikatua; modelaketa, buztina irudi bihurtzeko; buztingintza, Gaztelako pegarrak eta murkoak, guztiak berak modelatuak eta aurpegi biribilez margotuak formatu zirkularretan; inprimaketa, serigrafia eta faksimileak, hala nola Mio Ciden eresia edo Silosko monasterioaren historiari eskainitako lan literario baten azalerako berak sortutako logotipoa, Escolarren aztarna oso ikusgarria delarik monasterio hartan; bozelketa numismatikara eta dominagintzara iristeko.

Baina Escolarrek beste iturri batetik ere edan zuen, zurrutada batzuk besterik ez baziren ere. Arte horretarako ez da klik bat bakarrik behar, unea jakin behar da, argi egokia bilatu behar da, ondoen egokitzen den laukiratze edo enkoadraketa, landa-eszena bere ingurune naturalean, gaur egun jada desagertuan, atzematea, eta adin jakin bat dugunoi eta hori bizi izan dugunoi nostalgia sorrarazten eta haren galera deitorarazten digu. Argazkigintzaz ari gara, jakina, batez ere bi unetan inspirazio-iturri izan zena, Bizkaian arretaz ezkutatzen zena ―ikusteko ez baitzen atsegina― erretratatzeko, eta jada Burgosen, Gaztelako nekazaritza-eszenak, teknologiaren ondorioz galdutako paradisua.

Beti bizikide zuten aberearen aurrean edo ondoan zeuden (abereak beroa ematen baitzien neguko gau hotzetan) gizakien eguneroko zeregina jaso zuten haren kamerak eta teleobjektiboak erakusketa antologiko batean. Gizakiaren, aberearen eta landaren panoramika bat, haientzat bizirauteko bitartekoak zirenak.

Lehenago, bere euskal garaian, leku bat aurkitua zuen, non agintariek pertsonak gizartetik baztertzen zituzten, jada pertsona ez balira bezala, ikusteko eta ondoan edukitzeko deserosoak zirelako. Escolarrek errealitatea bilatzen du, ez da itzulinguruka ibiltzen eta inork nahi ez duenari aurre egiten dio. Bermeoko psikiatrikoa ezagutu zuen, 1975. urteaz ari gara, non pertsona batzuk, izen-abizenak dituztenak, familia batekoak eta gizadiaren parte direnak, bananduta bizi diren, urrunduta, beren buruarekin bakarrik eta egoera berean dauden beste batzuekin bakarrik. Eta berak bilatu egiten ditu, estimatu egiten ditu, bere kameraz mimatu egiten ditu, haien unerik intimoenak birsortzen ditu gogaitu barik, bere erretratatzeko makinaren obturadorearekin laztanduz bakarrik, bere negatiboetan, bakardadearen erdian, giza berotasuna eta adiskidetasuna, agerian utziz.

SegundoC-31
          Bermeoko Psikiatrikoan egindako argazkien erakusketaren lagina

Bere argazkietan adierazten duten patetismoaren aztarna bat utzi zuen, zirraragarriak baitira, beren egiatasunagatik hunkituta uzten zaituzte, erraiak mugiarazten dizkizutelako eta, gutxienez, gizaki gisa deuseztatutako gizaki horien errealitatera hurbiltzeko balio dutelako.

Hemen uzten dugu Escolar artista, bizitza osoa bere artearen bidez espresatzen edo bere burua adierazten eman duena, arte ezagun guztietan. Gaur egun, jada zahartzaroan sarturik, lanean jarraitu arren bere indarrak apur bat urrituta, bere etxea eta bizitza energiaz eta introspekzioz bete duen guztiaz libratu nahi izateko egoera horretan dago. Bere artea estimatuko duten pertsonak bilatzen ditu etsi-etsian, eta jada diru-kontuak ez dira berarentzat interesgarri. Bere obrak errespetatuak eta, agian, miretsiak diren lekuren batean erakusten jarraitzea besterik ez du nahi, bere izpirituak, indarrak eta handitasunak lan horietan jarraituko duelako bizitzen.

©Javier Campo

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies