LIBURU BAT. 
Flores de Verano (Udako loreak), Tamiki Hara-rena.
LELO BAT.
“Ezin da onartu munduan arma nuklearrak egotea. Ezin dira militarismoa eta erasoa onartu” (Fernando Cordobés).
TESTU BAT.
“Gizateria kristal apurtua bezalakoa iruditzen zait. Mundua erotuta dago.
Gizateria! Gizateria! Gizateria! Ezin dut ulertu. Ez dut lortzen berarekin konektatzea. Dar-dar egiten dut.
Gizateria! Gizateria! Gizateria! Ulertu nahi dut. Konektatu egin nahi dut. Bizi egin gura dut”
(Tamiki Hara. Chinkonka).
IDAZLEA ETA LIBURUA
Tamiki Hararen liburuari buruzko lehen aipamen batekin (1) topo egin nuenean, nire lagun on Hirokori galdetu nion ea merezi al zuen irakurtzea. Haren erantzuna argia izan zen:
“Flores de Verano liburua ez dut irakurri; interesgarria da, baina bonba atomikoaren gaiak deprimitu egiten du.
Baina jakin behar duzu Hiroshiman zer gertatu zen”
Tamiki Hara (1905.11.15 – 1951.03.13) Hiroshimako bonba atomikotik bizirik atera zen idazle japoniar bat izan zen.
Maila ertain altuko familia batekoa izanik, unibertsitate-ikasketak literaturara bideratu ahal izan zituen. Poesian espezializatua, idazle profesionala izatera iritsi zen.
Oso maiteminduta egon zen emaztearekin (“Galduko banu, beste urtebetez bakarrik biziko nintzateke poema triste eta ederren bilduma bat idatzita utzi ahal izateko”).
Sadae (hala zuen izena emazteak) tuberkulosiaz gaixotu zen 1939an, eta eritasun horren ondorioz hil zen 1944an. Haren heriotzaren lehen urteurrena baino lehentxeago, AEBek historiako lehen bonba atomikoa bota zuen Hiroshima hiriaren gainera (1945.08.06), eta hilabete gutxiko epean, Tamikik trilogia bat idatzi zuen gertakariari buruz. Trilogia hartatik artikulu honi izenburua ematen dion liburua nabarmenduko dut: Flores de Verano (Udako loreak).
Egileak, modu sinple, errealista eta gizatiarrean, aurreko hilabeteak, gertakariaren eguna eta hurrengo egunak deskribatzen ditu bertan.
Egileak bere buruaz beste egin zuen trenbidera botata. Egun batzuk lehenago idatzi zuen:
“Normalean igarotzen naizen bidegurutzean, sarritan haren ondoan itxaron behar izaten dut langa jaisten denean… Gero, konboia oso azkar igarotzen da. Arrazoiren batengatik, abiadura hark nire kezka guztietatik libratzen nau. Baliteke jeloskortasuna sentitzea gehiago luzatu barik bere bizitzaren kargu egiteko gai den jende horrekiko”.
Liburua, laburra (120 orrialde inguru), oso erraz irakurtzen da, argumentuan murgiltzen zaitu eta usteko ez zenukeen mugetaraino hunkitzen zaitu..
Zoragarria iruditzen zait.
NIRE AURREKARIAK GAI HONETAN.

Asko irakurri dut Japoniari buruz. Ikasi dut zein gogorra izan den bizitza Japoniako herriarentzat, shogunek, samuraiek eta, beti, erlijioek menderatu zuten gizarte feudalak esklabo bihurtua egon zela esan genezake ia.
Meiji Iraultzak (1868) herrialdearen irekiera eta ustezko demokratizazioa ekarri zuen, laster militarismoak, muturreko nazionalismoak eta erabateko supremazismoak azpiratu zutena, zeinak bere bizitzeko era munduko onena zela eta gainerako gizateriari inposatu behar zitzaiola saltzen baitzuen.
2023ko azaroan Japonia bisitatu nuen berriro, eta orduan bai, Hiroshimara joan nintzen.
Mingarria izan zen ikustea Genbaku Domo, bonbardaketaren inguruan zutik geratu zen eraikin bakarra; oroimen-plakak (haietako bat Tamiki Hara-ri eskainia); ikasleen omenezko monumentua, kurriloen origami koloretsuekin apaindua; Sadako Sasaki-ren omenezko estatua: bonbardaketa gertatu zenean bi urte zituen eta 1955eko urrian hil zen 12 urte zituela, erradiazioak eragin zion leuzemiaren aurka bere indar guztiarekin borrokatu ostean. Hari buruz idatzi nuen:
“Japoniako elezahar sintoista baten arabera, pertsona batek kurriloen 1.000 origami baino gehiago egiten baditu, eskatzen duena ematen omen diote jainkoek. Bere burua osatu nahian, lan edo beharrari ekin zion eta 1.400 baino gehiago egin zituen.
Jainkoek huts egin zioten”.
Gaur egun, oroitzapen-monumentuaren aurrera eroaten dituzte eskola-adineko haurrak. Bertan kurrilo berriak, beren ume-eskuekin eginak, uzten dituzte egunero.

Urmael baten albotik zenotafiora eta bakearen aldeko sugarrera iritsi ginen, eta Holokaustoaren Museoan edo Izugarrikerien Museoan amaitu genuen.
Esperientzia oso gogorra eta mingarria izan zen.
DATU BATZUK.
1945.08.06an, historian lehen aldiz, bonba atomiko bat jaurti zen hiri bateko –Hiroshima– biztanleen aurka.
Iturri gehienen arabera, uste da 120.000 pertsona inguru hil zirela une hartan bertan. Kontuan izan honako hauek:

- Erroldak ez ziren orain bezain zehatzak.
- Jende asko lurrundu egin zen eztanda edo leherketaren unean, eta ez zen haien arrastorik geratu.
- Hurrengo bost urteetan, Estatu Batuetako aginte interbentzionistaren zentsura irmoak eragotzi egin zuen datuan sakontzea, eta informazio asko galdu zen.
- Are gehiago, zentsura hark eragotzi egin zuen ohartaraztea bizilagunek ez zutela erradioaktibitate handiko eremura itzuli behar, eta, ondorioz, kaltetuen benetako kopurua, zehaztu ezinezkoa, are handiagoa izan zen.
- Beste ondorio kaltegarri bat ere izan zuen. Ez zitzaien utzi osasun-beharginei ondorioak argitaratzen, ezta Nagasakiko lankideekin trukatzen ere, eta hiru egun geroago hantxe bota zuten bigarren bonba atomikoa. Horrek areagotu egin zuen hildakoen kopurua.
NIRE GOGOETAK.
- Pertsonen eskubide lehena eta handiena bizitzeko eskubidea da.
- Inork ez du beste inor hiltzeko eskubiderik.
- Inork ez du gerra bat hasi behar, ez errepresio hilgarri bat ezarri behar, ez besteen bizitzarekin jolastu behar.
- Inork ez dio lagundu behar beste pertsona batzuei bizia kentzea, errugabeak hiltzea, hiriak bonbardatzea erabakitzen duenari. Inork ere ez.
- Hiroshimako zenotafioaren kondaira gorabehera (2), uste dut giza zentzugabekeriak oraindik ere beste bonba atomiko bat botako duela.
- Florentino Rodao-ren “La soledad del país vulnerable. Japón desde 1945. (Memoria crítica)” irakurtzen ari nintzela izan zen.
- Bakearen aldeko zenotafioan, bonba atomiko bat jaurtitzearen ondorioz hildako guztien izenekin kutxa bat dago. Kaxaren estalkian hau irakur daiteke: “Har ezazue atseden bakean. Errorea ez da inoiz errepikatuko”.
Bilbo, 2026ko martxoa.
Jorge Ibor.