PAGASARRIKO VI. IGOERA: MENDI BAT BAINO ZERBAIT GEHIAGO

Ni bezalako batentzat, dagoeneko zortzi hilabete erretiroa hartuta eta Pagasarrira inoiz igo gabea, mendi-irteera hark pizgarri bereziak zituen.

Egia esan, jardunean zeundela beti gerorako uzten zenituen gauzen zerrendan egiteke zeuden gaiak berrikustean, Pagasarriko igoera zen horietako bat. Eta oraingoa aukera ezin hobea zen neure buruarekin zorra kitatzeko.

ASOJUBI BBK-k antolatutako PAGASARRIKO VI. IGOERA zen hura, eta haren buru Juanjo San Sebastian lankidea zen, zortzimilako batzuk egina. Bera gidari izatea zorte on handia eta pribilegio hutsa da gu guztiontzat, nahi ala ez, edozein gertakizunen aurrean seguruago sentiarazten gaitu eta. Horri gehitu gure atseginerako kontatzen dizkigun istorioak ‒bai guztioi oro har, adibidez Bilbo industrialari eta Pagasarriri buruzko pasadizoak kontatu zizkigunean; eta bai beste tarte batzuetan mendiari lotutako bere bizi-esperientziari buruzko jakingura asetzen duzunean‒ eta orduan ohartzen zara egun hartan bizi izandakoa bezalako jardunaldi batek duen balioaz.

Gainera, igoera hura Araceli Tamayo gure lankideari eskainia zen, betiko utzi baikintuen hark Afganistanen eraso armatu bat jasan ostean. Amaiera tragikoa, bai, baina Aracelik erakusten zuen sendotasun eta bizitasunaren emaitza, jarrera hark bizitza intentsitatez eta atseden barik bizitzeko aukera ematen zion, eta bere bidaietan eta edonon topatzen zituen pertsonen xehetasun handiak eta txikiak harrapatzeko aukera ere bai, horrek izan zezakeen arriskua gorabehera. Haren izpiritu bidaiaria eta abenturazalea, oraingo igoera honetan laguntzailerik onena izan da gutariko bakoitzarentzat.

Eta Alonsotegitik abiatuta Pagasarrira igotzeak ere badu bere zera, ez baita ibilbiderik ohikoena. Izan ere, 9:00etan Bilboko Concordia (Naxa) geltokian geratu ginen, eta handik 9:20an abiatuta minutu batzuk geroago seigarren geltokira, Irauregi-Alonsotegira, iritsi ginen. Harritu egin gintuen konboiak Basurtuko Ospitaleko bigarren geltokira iristeko behar izan zuen denborak; izan ere, lerro zuzenean 2 km baino gehixeago dira, baina trenean askoz gehiago iruditu zitzaigun; segur aski, Ametzolatik igarotzen den lurpeko trazadurak itzulinguru handi samarra egiten du: jakingura dutenentzat ikertu beharreko xehetasuna!

Hogeita hamar bidaiari mendizale jaitsi ginen trenetik (urrutitik nabaritzen zitzaigun zer ginen) eta ia umezurtz utzi genituen aurrera jarraitu zuten bidaiari bakanak. Geltokitik irten, elkartu eta lehen zenbaketa egitea dena bat izan zen. Ondo hasi behar genuen, inor ahaztu barik, noski.

Izango genuen eguraldiak zelanbaiteko kezka sortzen zuen. Zerua erabat estalita zegoen hodei mehatxagarriz. Gutxi-asko denok prestatuta gindoazen txarrenerako, eta motxiletan zirak edo aterkiak generamatzan zaparraden beldur. Zorionez, ez zen ur-tantarik jausi ibilbide osoan, ezta egun osoan ere, eta tenperatura, gainera, oso egokia izan zen egin beharreko ahaleginerako, haize leun batek lagunduta, bideaz gozatzeko aukera eman zigun eta.

Irteera-lekutik, geltokitik oso gertu, gogo biziz abiatu ginen gailurrerantz (673 metroko garaiera), eta lehen 300 metroak Azordoiaga auzoa eratzen duten etxeekiko paraleloan egin genituen, eta izen bereko erreka txikia ere zeharkatu genuen: historia duen erreka da, Juanjok esan zigunez, Bilbo Hiribilduaren fundazio-garaian On Diego Lopitz Harokoak Hiribilduaren mugatzat erreka hura ezarri baitzuen inguru hartan. Egunero ikasten da zerbait berria.

Eta paseoa amaituta, benetako ibilaldia hasi zen; lehen metroetan inguruan izan genituen etxeen ordez orain zuhaitz garai eta hostotsuak zeuden, eta zuhaitz haiek egun goibel baten argia iragazten zuten, guk geure ahots eta adorearekin benetan argitzen genuena. Bidea baso-pista moduko bat zen, aski zabala ibiltariok elkarrizketa bizietan parte hartu ahal izateko; batzuetan bihurritu egiten zen eta beste batzuetan aldapa gora; horregatik eskertzen ziren sasi-lautada edo ordokien eremuak.

Zuhaiztiak, errekastoak eta karkabak, iratzeak eta adarrak, lokatzak eta harriak, … eta hegazti batzuk ere begira genituen pasaeran; guk ez genituen molestatzen, errespetu osoz tratatzen genituen, haiek gu bezala. Dena ondo joan zen, agian, hori bai, aldapa batzuek eragina izan zuten ibiltarien erresistentzian, baina solidaritatez taldea ez sakabanatzen saiatzen ginen, eta horrek Frantziako Tourra gogorarazten zidan, inoiz ulertzen errazak ez diren bizikleta-estrategia konplexu horiek, non aurrekoen atzetik joateak atzekoei pedalkada erraztu egiten omen dien; baina beldur naiz aldapa gora, bizikletarekin eta bizikleta barik, gure kasuan legez, horrek ez duela funtzionatzen eta ez zegoela batere kontsolamendurik atzean geratu nahi ez zuenarentzat.

Neurketa ofizialen arabera, gure ibilbidea 8,6 km-koa zen aterperaino, baina justu lehenago, Alonsotegiko isurialdetik gindoazela, eta 300 metro falta zirela, azkenean Tarin iturriarekin topo egin genuen, eta han Udoi iturburuko ur freskoaren zurrustekin, gaur egun ere gure eztarriak zeharka ditzaketenak ihes egin ez dezan kate bati lotuta dagoen aluminiozko katilua erabiliz. Ai, katilu hark bere ertza musukatu dutenei entzundako guztia kontatuko balu!!! Eta goraxeago, metro gutxi baina alu samarrak eginda, eta gune hartako malda zorrotzagatik diot hori, “Pagasarriko hozkailu” ospetsuak daude, XVII. mendekoak, gaur egun izan zirenaren oroitzapena gordetzen dutenak, baina ez jatorrizko erabilera, geroko aurrerapenei esker soberan gainditua; edozelan ere, aitortu behar da garai hartakoen asmamena neguan jausten zen elurra izoztu eta kontserbatzeko; han bertan azalpen-kartel bat dago, ‘hozkailu’ haiek zelan eraiki ziren eta zer eginkizun izan zituzten azaltzen duena; puntu hau irekita uzten dut interesa duen irakurleak gaia ikertu dezan. Lekuaz baliatuz, oso antzinatik, baina bereziki industrializazio-garaitik, garaierak eta hurbiltasunak loturiko Pagasarri eta Bilbori buruzko xehetasun asko eman zizkigun Juanjo adiskideak: orduko bizi-baldintza zailak eta mendiak osasunarekin, eta Pagasarrik bilbotarren osasunarekin, zuen harremana aurkitu zutenekoa.

Eta jarraian, unerik egokienean, gorputza ahaleginaren ahaleginez kexuka hasia zegoenean, basamortuan ispilatze bat bezala, Aterpea agertu zen, non zoragarri artatu baikintuzten, gure urdaila guztiak asebetez: txorizo-ogitartekoa, ondo berotua, eta tortilla-pintxoa, bakoitzak aukeratutako edariarekin batera. Eserialdi bat, indarberritzeko eta gure gauzez berba egiteko, horixe izan zen egunaren gailurra. Talde osoa pozik eta animatuta zegoen etxera itzultzeko, orduan isurialderik ohikoenetik, Bilbora begirakotik. Bide batez, minutu batzuk hartu nituen Aterpea baino metro batzuk gorago igo eta ikuspegiaz gozatzeko, merezi du, eta egun garbi batean itzultzeko gogoz geratu nintzen.

Astia dago argazki batzuk ateratzeko, ibilbideko hainbat daude jada, baina oraingoak izango dira talde osoaren azkenak; izan ere, jaitsiera hasten denetik aurrera, erritmoa bizkortu eta bideak banandu egingo dira bakoitzak Bilbon duen helmugaren arabera, ez da guztion beste argazkirik egiteko aukerarik egongo, hainbat azpitalde eratuko baitira bide eta erritmo desberdinetan.

Pagasarrira igotzeko nire lehen esperientzia izan da, ziurrenik hain ohikoa ez den isurialde batetik, baina esperientzia oso atsegingarria izan da. Aldi berean naturaz eta lagunen konpainiaz gozatzen den jarduera bat egiteak ez du preziorik. Eta hori Pagasarri bezain gurea, bilbotarra eta sinbolismoz betea dagoen leku batean egitea oso pozgarria da, eta gainera gure arbasoei egindako omenaldi moduko bat ere bada. Ez naiz harritzen edizio honetan Araceli Tamayoren figura gogoratu izana, haren espiritu abenturazalea lagun izan baitugu ibilbide osoan zehar; horrela atera zaigu hain ondo!

Asojubiren Pagasarrirako igoeraren VII. edizioan ere parte hartzeko izena emango dut. Irakurle guztiok espero zaituztet datorren urtean, ziur nago-eta Juanjok izango duela berritasunen bat gu guztion gozamenerako!

Agur!

jl.aguirre

2025eko maiatza, Pagasarriko VI. Igoeratik egun batzuetara egindako gogoetak

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude