SAGARDOTEGIRA TXANGOA 2026

Joan den 2026ko otsailaren 24an, eguraldi bikaina lagun (ez dakit ziur Elorrioko moja domingotarrenean dozena bat arrautza utzi zen edo ez), zorioneko jubilatu batzuek eta haien laguntzaileek txango bikaina egin genuen turismoari nahiz gastronomiari dagokionez, Añanako Gatz Harana, Varonatarren Dorrea eta Trebiñu sagardotegia bisitatuz.

9:00etan, ordu-orduan, txangoa egiteko izena eman zuen jende guztia geltoki intermodalean zegoen autobusera sartzeko prest. Txangoa hasteko tokia aldatu izana egokia dela uste dut, garraio publikoaren bidez bertaratzeko aukera ematen baitigu denoi, Bilbon eta inguruetan bizi direnei zein Lurralde Historikoaren bazterretan bizi garenoi.

Taldea bi autobusetan banatu beharra zegoenez, ez genuen aukerarik izan aurreko txangotik ikusi bako jendearekin berriketaldi bat egiteko sagardotegira iritsi arte. PENA. Busen arteko komunikazioa aztertu beharko litzateke.

Autobus bakoitzera igotzean, xehetasun pixka batekin jakinarazi ziguten zelan antolatu zen txangoa, zituen ezaugarriak eta antolaketa hobea izateko aholkuak.

Aldi berean, eta nahiz eta agian harira ez etorri, Haziako zuzendaritzan gure ordezkariak hautatzeko bozketetan parte hartzearen garrantzia aipatzeko aprobetxatu zen, eta nik kontatu egiten dut, lankide ohiekin kanpaina egitea tokatu zaidalako eta baten batek erantzun didalako: “Eta hori, zertarako?”. Ba, hori da beste batzuek, Elkartekoak ez direnek, gure intereseko gaietan gure ordez erabaki beharrik izan ez dezaten. Barkatu esku-sartze hau, baina ezin nintzen isilik geratu.

Gure autobusean A-68 errepidetik jo genuen eta Gesaltza Añana herrira iritsi ginen, non Plaza ostatuan patata-tortillak, croissantak, opilak eta abar zeuden gure zain, kafesne eta guzti. Lokalean estu samar egon arren, nola hala moldatu ginen eta gosariaz gozatu genuen.

Gosaria amaitu ostean, bi taldetan banatu ginen, arkitektura, paisaia, arkeologia, geologia eta historia aldetik munduko gune berezienetako bat bisitatzeko. Niri gustatu zitzaidan gure gidari Aitorrek (txankletetan) emandako definizioa, 7.000 urte baino gehiagoko eta egoera eta bilakaera ugari izandako “gatz-fabrika” batean geundela esan baitzuen. Garrantzitsuenetako bat gatza ekoizteko sistema aldatzea izan omen zen, suaren beroak eragindako ur-lurruntzetik eguzkiarekiko esposizioagatik lurruntzera igarotzea.

Gaur egun badago gune honen destinoa zuzentzen duen fundazio bat. Argibide gehiago nahi dituztenei web-orri honetara jotzea gomendatzen diet: https://www.vallesalado.com/eu/. Merezi du.

Bisitaren ostean, autobusera igo ginen Villanañe herrian dagoen Varonatarren jauregi-dorrera joateko. Araban hobekien kontserbatutako gotorlekuetako bat da.

Anekdota legez, esan behar da Danik, egokitu zitzaigun gidariak, adierazi zigunez, Villanañeko biztanleei “callarranas” deitzen zaie, igelak isilarazten zituztelako bertoko jauntxoak atseden hartu eta lo egiteko aukera izan zezan.

Varona izena, dirudienez, emakume batekin, Maria Ruiz Pérez-ekin, jaio zen Alfontso I.a Borrokalaria garaitu baitzuen, eta horregatik honek erabaki zuen hari bere ausardiagatik Varona deitu behar zitzaiola.

Jauregiak, non XIV. mendearen amaieratik, oso garrantzitsua izan den familia horren ondorengoak eten barik bizi izan diren, merezi du bisitatzea, familia horri lotutako objektu eta dokumentu asko baitaude bertan.

Argibide gehiagotarako: https://www.valdegovia.com/eu/index.asp

Aurreko bi bisita turistikoen ostean, antolatzaileek aukera bat eman nahi izan zioten Arabako sagardoari, eta, horretarako, TREBIÑU sagardotegira joan ginen: Askartzan dago, Trebiñuko konderrian.

Lehenik eta behin, esan dezakegu oso arraroa dela Gipuzkoa edo Bizkaitik kanpo sagardotegi bat aurkitzea; hala ere, Trebiñuko Konderrian (Burgos) badago sagardotegi bat, Arabako Sagardoa jatorri-deitura edo sor-markakoa, eta iristea oso gaitza den eskualdeko errepide estu eta bihurgunetsu batetik joan behar da bertara.

Baina, hala eta guztiz ere, esan dezakegu bizi izan genuen esperientzia oso atsegina izan zela, bai lokalaren ezaugarriengatik, bai zerbitzuagatik. Sagardotegiko menu tipikoa bikaina izan zen, eta niretzat nabarmentzekoak bakailao-tortilla eta txuletak, puntu-puntuan zeuden eta.

Otordua amaituta, autobusera igo ginen Bilbora itzultzeko, lagunarte alaian, abiapuntu izan genuen leku berera.

Juan Mª Lersundi Gacetabeitia
Elorrio (Bizkaia)

P.D. Pentsatzen dut agian bazkalostean kantua sustatu beharko genukeela jendeari festa girotzeko kantutegi bat emanez. Hor utziko dut proposamena.

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude