Aireportutik bidaia hasteko gogotsu irten ginen. Gure “Viajes Ikea bidaiak” motxilak ilusioz, emozioz eta, nire aldetik, urduritasun apur batez beteta zeuden.
Kairora goizaldean iritsi ginen.
Gure logelako terrazatik, 16. solairutik, ikuspegi zoragarria zegoen; gure begien aurrean, Nilo ibaiaren uretan, ispilu batean lez, argiztatutako eraikin asko eta altu-altuak islatzen ziren.
Laster jabetu ginen hiriko anabasaz, zalapartaz eta zirkulazioaren desordenaz, non kalea zeharkatzea arriskutsua den, dena azkarren eta ausartenarentzat baita.
Hurrengo egunak Kairon denboran atzera bidaiatzea bezala izan ziren, istorioz, elezaharrez eta boterez beteta.

Gizako piramideak bisitatu genituen, kanpotik bezain ikaragarriak barrutik; han, haien aurrean zaudenean, ikusten ari zarenaren handitasuna sentitzen duzu, baina … Haien erraietan barrena ibiltzea misterioz betetako esperientzia osotzea da; izan ere… lau mila urte baino gehiago dituzte!
Kairoko egun egitekotsu haietan egiptoar museoa bisitatu genuen; estatua itzelak, hainbat dinastiatako pintura bikainak eta hilobi-elementuak, ehun eta hogei mila pieza baino gehiago, guztiak Antzinako Egiptokoak. Besteak beste, Tutankamonen Altxorra, Sarkofagoa eta Maskara Ospetsua jagon edo zaintzen dituzte.
Alabastrozko Meskita ezagutu genuen, auzo koptoa, “Jan el Jalili” bazarra (bertan galtzeko modukoa) hiriaren bihotza da, ez da ezer falta, artisautza, frutak, larrua, ehungintza, espezieak… Bertan dago ispiluen kafea, historia duen kafea, pertsonaia ospetsuak biltzen dituena, adibidez, Najib Mahfuz, literaturako Nobel sariduna, “Mirarien kalezuloa” eleberriarekin. Eta han geunden gu te goxo-goxo bat dastatzen eta jendearen joan-etorriak begiesten.
Egun bat Alexandrian eman genuen. Ponpeioren Zutabea ikusi genuen, granito gorrizko pieza bakar batez egina. Kom el Shoqafako katakonbetan, eskailera kiribil estu batek hilobi batzuetara eramaten zaitu, hileta-kultuaren eta eragin greko eta erromatarren arteko fusio interesgarria erakutsiz,
Alexandriako Liburutegi Handia oso eraikin modernoa da, eta Aswandik ekarritako harrizko fatxadan munduko hizkuntza gehienen kaligrafia-sinboloak ikus daitezke.
Qaitbayko gotorlekutik Mediterraneo itsasoaren ikuspegi zoragarriez gozatu genuen, non egun batean bere itsasargi ospetsuak distira egin zuen itsaso urdin hari begira.
Kairo utzi eta Luxorrera joan ginen hegazkinez. Han, “Esadora” gurutzaontzia genuen zain, lau egunez Nilon ontziz nabigatzeko. Topera, denak emanda bizi ahal izan genituen lau egunak!
Herrian ibilaldia egin genuen kalesa batzuetan (izan zitezkeen hobeak!), eta karrika estu, buztinezko bide eta kaleko postuen artean murgildu ginen, bertan nagusi zen zikinkeriaren eraginpean zeuden produktu artean. Benetan tamalgarria zen pobrezia- eta zikinkeria-egoera hura, zoritxarrez leku gehiegitan dagoen errealitatea. Aberastasuna eta pobrezia elkarren ondoan bizi dira.
Biharamunean oso goiz jaiki ginen globoan bidaia egunsentian egiteko. Jarduera ederra izan zen. Goizeko argiak Erregeen Haranaren gainetik hegan zihoazen globoen kolorea nabarmentzen zuen. Benetan esperientzia magikoa izan zen.
Hurrengo egunak bereziak izan ziren. Tenplu handien dotorezia faraonikoak urrats bakoitzean inbaditu gintuen: Luxor, Karnak, Kom Ombo, Hachepsut Hileta Tenplua, Erregeen Harana, handientsuak, ezin bikainagoak! Tenplu haietan guztiak liluratu gintuen.
Trajanoren kioskora eta Philaeren tenplura itsasontziz hurbiltzeak xarma berezia du leku zoragarri hartan.
Philaeren tenplua, Isis, maitasunezko jainkosari eskainia, Isis, Osiris eta Horus triadako kondairaren zati da, Edfu eta Kom-Ombon ere badaudenak.
Jatorrizko kokalekuan, Philaeren tenplua eta hari erantsitako tenpluak izen bereko uhartean zeuden. Aswango urtegiaren eraikuntzarekin urpean geratu zen. Unescori esker salbatu zen, Abu Simbel bezala, betiko urperatuta geratzetik. Tenplu-multzo hura harriz harri desmuntatu, lekuz aldatu eta inguruko uharte batean muntatu zuten berriro: Agilkian, eta han miretsi dezakegu gaur egun.
Abu Simbel, ahanzten zaila. Ramses II.aren eta Nefertariren tenplu itzelek, basamortuko hondarretatik eta Aswuango Presa Handitik erreskatatuak, ibilbide lasai bat merezi dute denboraren joana ahogozatzeko. Baina gauaren zain egoteko eta Abu Simbel gauez ikusteko aukera izan genuen. Oso gomendagarria: esperientzia magikoa da, bi tenpluek argiztapen berezia jasotzen dutenez, argi eta kolorezko ikuskizun zoragarria eskaintzen dute.
Gure bidaiari nubiar herrixka baten bisita gehitzea erabaki genuen.
Sudan eta Egiptoren artean zegoen lurralde bat zen Nubia. Inguruko zibilizazio garrantzitsuenetako bat izan zen, bere historiaren zati bat Egiptorekin partekatu zuena. Haren ibilbidea bi lurralde horiei lotuta egon da beti, harik eta 1956an biztanleria bi herrialde horien artean banatu zen arte.
Berriro ere txalupatxo atsegin batean ibili ginen, bere musika eta dantzekin, Nilok eskaintzen duen ingurune bikainaz gozatuz. Old Cataract hotelaren aurretik igaro ginen, non Agatha Christiek “Heriotza Nilon” eleberrirako inspirazioa aurkitu baitzuen.
Nubiar herrira iritsi ginen eta han artisautza-postu txikiz, ehunkiz, espezieaz eta abarrez betetako azoka ugarirekin topo egin genuen. Kolorea nabaria da, zati turistikoena erakartzeko izango da ziur aski, eta benetan lortu ere, bai horixe! Oso herri bitxia zen, hango etxe batzuk bisitatu eta krokodiloren bat ere ikusi ahal izan genuen bertan.
Nilon barrena egin genuen ibai-bidaia amaitzear zegoen, baina betiko geratuko zaizkit oroimenean ilunabarrak ontzigainean kafe kikara batekin, gozokiekin eta lagun arteko elkarrizketa bikainekin.
Hurrengo helmuga Amman izan zen, Jordanian.
Itsaso Hilerantz abiatu ginen.
Arratsaldean iritsi ginen, eta bidaia ostean suspertzeko, umeak bezala joan ginen lasterka bainua hartzera eta itsaso hartako flotazio ospetsua esperimentatzera. Zoragarria izan zen. Gutariko batzuk mineraletan aberatsa den hango buztin beltzaz igurtzi genuen gorputza, inguruko turismo-zentroetan tratamendu terapeutikoak eta kosmetikoak egiteko erabiltzen dutelarik. Une dibertigarria izan zen, denok beltzez ia ez genuen elkar ezagutzen.
Biharamunean Madabara joan ginen. Interesgarriak izan ziren hango bisitak ere, besteak beste, Nebo mendia, non Moisesek Agindutako Lurraldea ikusi baitzuen, inoiz iritsi ez bazen ere han sartzera.
Azkenean, Petra!
Petra hirira abiatu ginen Al Siq izeneko arroila estu batetik. Bertan, hareharri arrosazko labarretan induskatutako hilobiak eta tenpluak daude, eta handik datorkio bere goitizena, Hiri Arrosa. Gidariak gure arreta erakartzeko hitz egiten zigun, eta halako batean esan zigun: “Bira zaitezte! eta bat-batean… “Aaaa!” atera zitzaigun guztioi.
Gure begien aurrean Al Khazneh eraikin ospetsuena (‘Altxorra’ ere esaten zaio) zegoen, 45 metroko altuera duen tenplua, estilo greziarrean apainduta harrian zulatutako fatxada batekin. Mila aldiz ikusita argazkietan, filmetan, … eta azkenean bertan geunden. Bikaina benetan!
Betetako ametsa, beti gure oroimenean egongo dena.

Jordanian, Wadi Rum basamortuko esperientzia falta zitzaigun oraindik.
Gaua igaroko genuen kanpamentura iristeko eta gero Wadi Rum (“Ilargiaren Harana” ere esaten zaio) zeharkatu eta esploratzeko, gidaridun 4 × 4 ibilgailuan joan ginen batetik bestera. Kanpamentuan afari tipikoa, hondar azpiko labe batean egina, prestatu ziguten, oso goxoa zegoen, … eta gero burbuila-gelan lo egin genuen.
Basamortuan egunsentia bizitzea zoragarria da, naturaren oparia, ametsetako kolore-ñabardurekin. Eta ibilbideak 4×4 batean paisaia amaigabean zehar egitea beste dimentsio bat da.
Istanbul izan zen gure bidaiaren azken helmuga. Euripean hartu gintuen, eta hala ere ederra da.
Pribilegioa izan genuen Bosforon zehar nabigatzeko, guretzako bakarrik zen ontzi batean, ikus genitzakeen eraikin guztien xehetasunak eta herri hartako ohiturak kontatzen zizkigun gidari atsegin batekin. Zoragarria. Luxu hutsa.
Liluratu egiten nau Istanbulek, beti daude mila gauza egiteko eta beti itzuli gura duzun lekua da.

Gure bisita guztiak panoramika onena bilatuz amaitzen ziren, eta gure esperientzia laburbilduko zuen talde-argazkia eginez.
Ez nuke amaitu nahi esan barik taldea maitagarria izan zela hasieratik, eta une oro familian sentitu nintzela. Agian beste batean esperientzia berriak bizi ahal izango ditugu elkarrekin.
Eskerrik asko Joserrari, bere profesionaltasunagatik eta une oro hain ondo zaintzeagatik. Lagun handia bihurtu zara.
Ziur asko mila gauza geratu zaizkit kontatzeko. Azkenean esango dut han egon izanak oso zorioneko sentiarazten nauela.
M Carmen Blanco
