Afiliatu guztientzat, eta, bereziki, Kanadarako bidaia egitera animatzen direnentzat, hona hemen ia ezagutzen ez diren datu batzuk, merezi baitu horien balioa nabarmentzea, ur-jauzietara hurbiltzen direnean kontuan izan ditzaten, une batzuez baino ez bada ere.
Spanish Aerocar (Espainiako aire-transbordadorea) munduan funtzionatzen duen teleferiko edo aerotransbordadore zaharrena da, Niagarako (Ontario) ur-jauzietan dago, eta bidaiariak Niagara ibaian Whirlpool (‘Zurrunbiloa’) dagoen gune batera eroaten ditu. Spanish Aerocar Leonardo Torres Quevedok (1852 – 1936) asmatu zuen, eta The Niagara Spanish Aerocar Co. Limited espainiar konpainiak eraiki zuen 1913an, Kantabriako ingeniariak egindako diseinuaren arabera. 1916ko abuztuan ireki zituen ateak, eta ordutik 1961, 1967 eta 1984an eraberritu dute. Gaur egun, atrakzio turistiko gisa funtzionatzen jarraitzen du. Leonardo Torres ingeniari argia izan zen, eta gauzarik xelebreenak bururatzen zitzaizkion. Hark sortutakoen artean, makina aljebraikoak, urrutiko aginteak, globo gidatuak eta munduko lehen konputagailua nabarmentzen dira. Transbordadorea 1916ko abuztuaren 8an inauguratu zen ofizialki, eta bere motako bakarra da martxan dagoena.
Aerocar delakoa Kanadako bi punturen artean dago zintzilika edo esekita, nahiz eta bidaia oso batean lau aldiz zeharkatzen duen Kanadako eta AEBeko muga. Erdiko tartean duen altuera 61 metrokoa (200 oin) da ibaiaren gainean. 539 metroko (1.770 oin) luzera du.
Aerocar-aren ontzitxotik, turistek Whirlpool State Park ikus dezakete Niagara Falls-en (New York), baita Robert Moses zentral hidroelektrikoa ere Lewistonen (New York). Baita ere ikusten dituzte hango bidexka naturaletan zehar ibiltzea erabaki duten txangozaleak eta ibaiaren bi aldeetako arrantzaleak.
Izan ere, tramankuluaren ideologoa Leonardo Torres asmatzaile handia izan zen arren, bere ondare pertsonalak ez zion ahalbidetzen proiektua berak bakarrik gauzatzea, eta, beraz, proiektua egiteko adina diru eta hura babesteko gogoa zuten pertsonekin harremanetan jarri zen. Laguntza ekonomiko eta profesionala eman zion pertsona nagusia Valentín Gorbeña bilbotarra izan zen, 1855ean jaioa eta garai hartan Ingeniarien Kidegoko Ikuskatzaile Orokorra zena.
Valentín Gorbeña teknologien, informazio eta komunikazioaren bihotzean beti presente zegoen “alma mater”a zen.
Hain zuzen ere, 1906ko azaroaren 30ean, Sociedad de Estudios y Obras de Ingeniería eratu zen Bilbon, Valentín Gorbeña Ayarragaray buru, José Luis de Goyoaga y Ercario idazkari eta Luis Landecho, Ricardo de Uhagón, Pedro Chalbaud eta José Orbegozo kide zituela. Sozietatearen xedeari begiratu bat ematea besterik ez dago haren garrantziaz ohartzeko, Oinarri Lehena eta Nagusia honako hau baitzuen: “Leonardo Torres Quevedo jaunak aurkezten dizkion proiektu edo asmakizunak esperimentalki aztertzea eta praktikara eramatea”.
Ordura arte, Leonardok ez zuen batere onarpenik jaso bere asmakizunekin, eta bai tarteka bere gisako zientzialari eta ingeniarien, nazional zein europarren, iseka. 1890 inguruan Suitzako komunitate zientifikoari aurkeztu zion transbordadorearen, kablez esekitako aireko funikularraren, patenteak suitzar ingeniarien artean iseka eta burla besterik ez zuen sortu. Urte batzuk geroago, bera izango zen barre egiten azkena, Niagarako ur-jauzietan antzeko transbordadore edo funikular bat, bi izenez ezagutzen baita, ezarri zuenean.
Urteetan haren ardura izan ziren trenbideak finkatuta, Gorbeña funikularren negozioan sartu zen. Haren lehen lana Donostia Ulia mendiarekin lotuko zuen funikularra izan zen, 280 metroko luzerakoa eta 3 minutu eta erdian egiten zena; arrakasta itzela izan zuen, nahiz eta bizitza laburra izan, Igeldokoak ‘ito’ baitzuen. Halako oihartzuna izan zuen bere garaian, ezen antzeko beste batzuk Chamonixen edo Rio de Janeiron egiteko kontratuak lortu baitzituzten.
Ondoren, 1911n, Gorbeñak eta Torres Quevedok bidaia bat egin zuten AEBera eta Kanadara, “zenbait xehetasun egiaztatzeko, gaiaz oro har orientatzeko eta kokalekua behin betiko finkatzeko”, eta bi gobernuen baimen egokiak lortu ostean, 1913ko uztailean hasi zuten (orduan izendatu zuten Gorbeña Ingeniarien Kidegoko Ikuskatzaile Nagusi, 1. klaseko administrazio-buru kategoriarekin); Igeldokoaren antzeko beste bat eraikitzeko lanak ziren, Niagarako ur-jauzien bi aldeak, AEBekoa eta Kanadakoa, komunikatzeko balioko zuena, eta 1916/8/8an inauguratu zen. Aurretik, otsailean, proba-bidaia bat egin zen, eta lehen aldiz zeharkatu zen “Whirlpool” (Zurrunbiloa) delakoa, Kanadako sektorean, 8 lagun ausart bertan zirela eta 3 tona burdinarekin.
Leonardo Torresek asmatutako obra hura oraindik ere badabil gaur egun, eta Valentin Gorbeña buru zuen euskal ingeniaritzaren gaitasunaren benetako erakusgarria da. Garai hartako 100.000 dolar baino gehiago kostatu zen, eta orduan Euskadin zeuden aberats nagusietako batzuek finantzatu zuten: José Orbegozok, Enrique Arestik, Horacio Echevarrietak… eta Ybarra, Zubiria, Echevarria, Icaza, Lezama-Leguizamon edo Olabarri familiek, Sdad. Transbordadores Españoles en América sortu zutelarik 550.000 pezetako kapitalarekin, aski aurrekontua estaltzeko, 510.000 pezetakoa baitzen. Hori dela eta, zuzen ziurta daiteke euskal kapitalez eta ingeniaritzaz egindako obra izan zela.
Asmoa zen Espainiako industriaren talentu eta jardueraren erakusgarri bat kanpora eramatea, transbordadore hau erakusleiho bihurtuz. 1916/4/20ko Revista de Obras Públicas en agertzen denez, Valentín Gorbeña izendatu zuten Administrazio Kontseiluko lehendakari. Hasierako garaietan zailtasun ekonomikoak eta teknikoak izan zituzten: matxurak ugari izan ziren, transbordadoreak geldirik egon behar izaten zuen, diru-sarrerak murriztuz. Baina 1920ko hamarkadan Kanadako konpainia bati alokatu zitzaion, eta hark bezero kopurua eta diru-sarrerak egonkortzea lortu zuen, baina inoiz ez zuen negozio handia izatea lortu. 1961ean saldu egin zuten.
Urtero, hainbat nazionalitatetako 250.000 pertsona inguruk abentura txiki bat bizi dute transbordadore ospetsuan. Spanish Aerocar izenekoaz ari gara, ingeniaritza-lan bikaina, ausarta eta zirraragarria, mundu osoko turistei Niagarako ur-jauziak gertutik ikusteko eta urak erortzean sortzen duen burrunba entzuteko aukera ematen diena. Esperientzia hori 60 metroko altueran gertatzen da, Torres Quevedok duela mende bat diseinatu zuen eta oraindik ezin hobeto funtzionatzen duen tramankuluan. 1961, 1967 eta 1984an egindako erreformak nahikoak izan ziren, gaur egun arte, milioika bidaiari batetik bestera eroaten jarraitzeko, inolako ezbeharrik izan barik. “Saski espainiarra” deituraz ezagutzen du jendeak.
Bi pertsonaia horien gogamen-batasunak bere garaian aitzindari izan ziren tramankulu ugari jarri zituen martxan, nahiz eta historiako urte-liburuetan, gehienetan gertatzen den legez, LEONARDO TORRESen izena bakarrik agertu, baina inork ez dezala zalantzarik izan, Valentin Gorbeña barik, eta hura izan zen Evaristo Churrucaren ondorengoa Bilboko Portuko Zuzendaritza Nagusian, Torres jaunak ezingo zukeen gauzatu eta burutu bere irudimenak esaten ziona.
Ondo ibili!