Historiaren manipulazioa

Eranskinak:       

  • ERREINATU ZUEN BAINA EZ ZUELA ERREINATU DIRUDIEN ERREGEAREN KASUA
  • SAN JURGIREN KONDAIRA
  • Eta beste istorio batzuk

SARRERA.

Historiaren manipulazioa Gizateria bera bezain zaharra da. Kondairak eta tradizioak manipulatzen ziren ezaupideen transferentzia ahozkoa edo berbazkoa bakarrik zenean, eta idatzia izatera igaro eta orain arte ere manipulatzen jarraitu da. Eta Fake News eta Twiterrekin ez dago denbora igarotzeko itxaron beharrik, egungo gertaerak manipulatzen dira eta, batzuetan, etorkizunekoak ere baietz ematen du.

Hainbat motatako manipulazio historikoak bereiz ditzakegu.  Adibidez:

  • Garaileek idazten dute Historia. Izan ere, garaituek beste bide batzuk erabil ditzakete, baina ikuspegiak ez dira bat etortzen, eta garaileek uzten dute beren arrastoa. Zorionez, oraindik badira historialari serioak, espiritu kritikoak eta kazetari ausartak, nahiz eta beraien izena zikintzeko erasoak jasaten dituzten eten barik.
    • Horrelakotzat jo dezakegu, askoren ustez gaizki deituriko Errekonkista delakoaren historia Espainiako estatuan, aurkarien ikuspegia erabat gutxiesten duena, egin zuen ekarpen guztia gorabehera.
      • Hemen gogoratu gura dut arabiarrek, penintsularen konkistatik aurrera, aurrerapen handiak ekarri zituztela Europara arkitekturan, matematikan, medikuntzan, nekazaritzan eta ureztatze eta laborantzan, eta horien artean nabarmendu behar dira askotariko fruta-arbolak eta sarrazeno-garia, zekale-ogia zokoratu zuena, izan ere, zekale-ainoak kalte handia egiten zuen. Aurrerapen horiek guztiak, geurearen izen ona galtzea dela-eta, hain ongi maneiatzen dugun zerbait, Gurutzaden lorpentzat hartu izan dira, nahiz eta hauek 400 urte geroago gertatu.

 

  • Historia berridatzi edo, are gehiago, asmatu egiten da konkistatzaileak edo beren doktrina politikoak inposatu gura dituztenak justifikatzeko.
    • Lehenengo kasuan, irakurri dudan adibiderik handiena Kublai Kan-ena da, Txinan botere politiko eta militar osoak izan zituen lehen mongoliarrarena; Marko Poloren arabera, 1.000 funtzionario baino gehiagoko Ministerio bat izatera iritsi zen, herrialde haren historia berridazteko eta bere artxibo ongi hornituak ezeztatzeko. Horrela argudiatzen zuen txarto zihoan guztia tronuan bere aurretik egondakoei zor zitzaiela eta horregatik suntsitu zituela, eta on guztia berari eta bere jarraitzaileei zor zitzaiela.
    • Bigarren alderdian, lurralde guztien bateratzearen egitateak azpimarra ditzakegu, horietako baten historia nagusiaraziz eta gainerakoena lausotuz. Horrela, Ondorengotza Gerraren ostean Filipe V.ak eman zituen Planta Berriko Dekretuen (1709-1716) ondorioz, lurralde guztiek galdu zituzten beren foruak eta legeak (salbuespen puntualak izan ezik), eta guztietan Gaztelako arauak ezarri ziren. Ez al zuten ezer berririk Aragoiko, Kataluniako (usatges bildumak) eta abarretako foruek?
      • Bitxikeria gisa, gaur egungo erregea, Felipe VI.a, Felipe VI.a Gaztelakoa, Felipe V.a Aragoikoa edo Felipe VIII.a Nafarroakoa izan zitekeen. Bereizketa hori Austriarren garaian mantendu egin zen.
      • Halaber, “Historia Fikzioa” delakoa diruz laguntzen eta garatzen dutenak ere sar ditzakegu hemen; horren bidez, gobernu jakin batzuek gertaera desitxuratuak edo irudikatuak moldatzen dituzte beren ideologiaren defentsarako, baina jokabide horiek erraz identifikatzen ditugu gaur egun apur bat kritikoak baldin bagara.
  • Aipamen berezia merezi dute beren bilauak heroi bihurtu dituzten herrialdeek, hala nola Ingalaterrak, beren piratak ‘Sir’ bihurtuz, edo alderantziz, gurea bezalakoak, beren gizon handiei ospea kendu eta bilau bihurtzen dituztenak, jarrera hori defendatzea politikoki desegokia izatera iritsiz.
  • Atal honetan sar daiteke, halaber, emakumeari jaramonik ez egitea edo gaitz guztien sorburu bihurtzea, horrek are pisu handiagoa duelarik erlijio-gaietan, hala nola sagarraren historian erruduna izatea edo lohitua izatea. Badirudi gaur egun arte salbuespen zehatz batzuk baino ez daudela, hala nola Joana Arc-ekoa edo Agustina Aragoikoa.
  • Ildo horri jarraituz, manipulazio politiko eta erlijiosoarekin egiten dugu topo. Honetan, kaosetik edo gaiztakeriatik libratzen gaituzten elezahar edo kondairak nabarmenduko ditut. Hori erlijio guztietan dago eta, esleipenez, agintari absolutista edo diktatorial guztiengan.

Gertu ditugun adibide batzuk garatuko ditut.

 

CUTANDAKO GUDUA (1120.06.17)

“Fedegabearen aurkako borroka” deiturikoan, bi aldeetatik horrela esaten zitzaion, geroago izan zen Navas de Tolosakoa (1212.07.16) bezain garrantzitsutzat jotzen dute historialari askok. Bertan, Alfontso I.a Aragoikoak almorabideen armada garaitu eta desegin zuen. Musulmanek berek azpimarratzen dute, beren kroniketan, euren tropen artean eragin zuen txikizio larria eta gertaera hark ondorengo urteetan izan zuen eragin handia. Hala ere, ia inork ez du haren berri izan.

 

KOMUNEROEN MATXINADA.

Guztien artean ezaguna da Gaztelak Komuneroekin (1520-1521) izandako arazoa eta haien altxamendua Komunitateen Gerra deiturikoan. Aitzitik, gutxi batzuek entzun dute Valentziako Erresuman Germaniez (1519-1523) berba egiten, nahiz eta monarkiaren aurkako bi herri-matxinada izan, denboran gainjarriak, motibazio ezberdinekin bazen ere.

 

ALFONTSO I.A ARAGOI ETA IRUÑEKOA ETA DEUS EZ LEON ETA GAZTELAKOA.

Errege honen kasuan (gure blogean pintzelkada labur bat idatzi nuen:  La Campana de Huesca, bere garaian manipulazio bat eman zen, gaur egun arte iraun duena.

Alfontso I.a Aragoikoa eta Iruñekoa, “Borrokalaria” legez ezaguna, batez ere militar handia izan zen, eta fedegabea deritzonaren aurkako garaipenengatik nabarmendu zen, goraxeago aipatu dudan bezala gertaera horietako batean.  Katoliko handi, homosexual eta misoginoak 29 gudu esanguratsu irabazi zituen eta bakarra galdu, Fragan, non heriotza eragin zioten zauriak jaso baitzituen.

Urraka Leon eta Gaztelakoarekin ezkondu zen, eta zorigaiztoko ezkontza liskartsua izan zuen, seme-alabarik bakoa, zalantza barik beraren erruz, Urrakak bai baitzuen lehen ezkontzako bat, Alfontso VII.a Gaztelakoa izango zena gero.

Urrakaren aita Leongo Alfontso VI.a (“Ausarta”) erregea zen, ospetsua, “besteak beste, Toledoren konkistagatik eta galdu eta irabazi zituen guduengatik, zalantza barik borroka zale eroa baitzen.

Alfontso VI.a bera, tronurako oinordekotza bere seme nagusi Antsorekin lotuta izanik, mairuen aurkako borroketan bere posizioa indartzen saiatu zen, eta horretarako zalantza barik garaiko militarrik hoberena zen Alfontso I.a Borrokalariarekin negoziatu eta ezkonarazi zuen bere alaba, beronen borondatearen aurka.

Baina Leongo erregea hil aurretik, haren seme eta oinordekoa hil zen gudu-zelaian. Orduan, Urraka bihurtu zen tronuan aitaren ondorengo. Garaiko legediaren eta sinatutako itunaren arabera, ezkontzaren ondorioz, Alfontso VI.a hil zenean, Alfontso I.a Aragoikoa eta Urraka Leongo errege-erreginak izatera pasa ziren, jarduera partekatuarekin.

‘Borrokalaria’ gerran oso ona zen arren, barne-politikako gaietan ez zen ona. Eta Leongo nobleez fio ez zenez, eta are gutxiago bere arerio handiaz, bere emazteaz, erresuma berriko goi-kargudun, gazteluetako jaun, zerga-biltzaile eta abar izateko Aragoiko nobleak izendatzea erabaki zuen, haserre orokorra sortaraziz Leongo gortean.

Urrakak, handinahia izateaz gain, gehiegi gorrotatzen zuen senarra eta bere mendekoen zerbitzura jardun gura zuen; beraz, mendekoek lagunduta, harremanetan jarri eta Paskual II.a aita santuaren laguntza lortu zuen. Aita santuak, Alfontso I.aren katolizismo sutsua gorabehera, Leongo Erresumari uko egitera eta bere emaztea zapuztera kondenatu zuen (azken honetarako, odolkidetasuna alegatu zuen, Nafarroako Antso III.a erregearen zuzeneko ondorengoak baitziren biak), eskumikatzeko mehatxupean.

Mehatxu hori ez zen hutsala, irmo bihurtuz gero, mendekoak basailutza eta obedientzia orotatik libre geratzea ahalbidetzen baitzuen, baita aita santuaren laguntza lortzen zuen edozein errege atzerritarrek tronua usurpatzea ere.

Urrakak eta haren nobleek ez zuten hori bakarrik lortu. Halaber, euren erresumako urte-liburuetan Alfontso errege gisa ez aipatzea lortu zuten. Eta horrela jarraitu du gaur egun arte. Bestela, ‘Borrokalaria’ Aragoiko I.a eta Leongo VII.a izan zela esaten ariko ginateke orain, eta horrela XX. mendean Alfontso XIV.a erregea ere izango genukeen, gaur egun erregeak izendatzeko modu gaztelarraren arabera.

KAOSA ETA ORDENA ERLIJIOETAN ETA POLITIKAN. SAN JURGI

Denboren hasieratik ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka izan da nagusi gure arimetan. Ongiak beti irabazi du izaki berezien laguntzaz, nahiz eta, oharkabetzen bagara, gaizkia itzuliko den; horregatik, adi egon behar dugu, batez ere  errege-erreginek, Jainkoak horretarako izendatu ditu-eta, esaten zen bezala. Franco bera ere Jainkoaren graziagatik izan zen Espainiako buruzagi (Caudillo), garaiko txanponetan adierazten zen legez.

Hau da, pertsonen zalantzak estaltzeko sortutako elezahar edo kondairak istorio bihurtu dituzte garai bakoitzeko agintariek beren postua eta ekintzak justifikatzeko.

Horri buruzko erreferentziak daude, adibidez, Mesopotamian, Egipton, Grezian, Kapadozian eta egon diren eta izan diren erlijio guztietan.

Mesopotamian herria oso erlijiosoa zen. Bertoko mitologia oso konplikatua zen, baina bere jatorria ongiaren eta gaizkiaren azalpenean laburbiltzen zen. Jainkoen “buruzagia” Enki, ona, eta Tiamat, gaiztoa, ziren, eta hauek, ezinbestean, elkarren aurka borrokan amaitzen zuten. Borroka onak irabazten zuen, noski. Baina beti geratzen zen gaiztoaren hazia, kontuz ibili ezean bueltan itzuliko zena.

Greziari erreparatzen badiogu ere, mitologia konplexua aurkituko dugu, non gaiztakeriaren mundua Medusak irudikatzen duen, sakonera ilunetako jainkosa maltzurrak, buruan ileen ordez sugeak zituenak.  Pertseok etorri behar izan zuen, ongiaren aldeko borrokalariak, eta Medusari burua moztu.  Argiak menderatu zuen gaizkia.

Antzeko zerbait dugu Antzinako Egipton ere. Kasu honetan, Horus-ek, giza gorputza eta belatz-burua duen jainkoak, kaosa, krokodilo eran Setek irudikatua, akabatuko du. IV. mendeko eskultura bat dago Louvreko museoan, oso esanguratsua.

Bibliara joaten bagara, Apokalipsiaren Liburuan San Migel goiaingerua ikusiko dugu, zeruan deabruaren aurka borrokan.  Beste behin, ongia gaizkiaren aurka, ordena kaosaren kontra, argia iluntasunaren aurka.

Eta gaia ez luzatzeko, mende batzuk geroago, esangura berarekin San Jurgiren irudikapena daukagu, Dragoi edo herensugearen aurka borrokan.

Bada, gertakari horien irudikapen artistikoak ikusten baditugu, Horus, San Migel eta San Jurgiren irudiekin topo egingo dugu, non borroka hauek modu bertsuan irudikatuak baitaude. Izan ere, ongiaren eta gaizkiaren, argiaren eta iluntasunaren, ontasunaren eta kaosaren arteko borroka, gizateria osoari berdin dagokio denboren hasieratik.

Eta behin hasita, San Jurgiri buruzko aipamen zehatzagoa egingo dut.

Hainbat lurraldetako patroiaren aurrean gaude; izan ere, gaizkia menderatu izanak ematen duen lasaitasuna irudikatzen eta berresten du, eta, horrela, garaipen eta lasaitasun hori jaun edo agintariaren esku dagoela pentsa dezakegu, haren laguntza edo eskuordetzearekin gai baita kaosaren gaineko nagusitasunari eusteko.

San Jurgi, gerlari santua, armada, Ordena Militar, zaldun… askoren patroia da, eta Eliza Kopto eta Ortodoxoan baita nekazariena ere, kaosa garaituta, oparotasuna etorriko baita, edo, bestela esanda, ekaitzaren ondoren, baretasuna.

Santu hau –bere gurtza onartzen duen arren, izan zela ere Eliza Katolikoak zalantzan jartzen duena–, besteak beste, Aragoi, Katalunia, Ingalaterra, Errusia, Mosku, Georgia eta Santurtziko patroia ere bada.

San Jurgiren gurutzea, hondo zuriaren gainean gorria, Huesca, Aragoi, Sardinia, Korsika, Mosku, Errusia, Ingalaterra eta, hedaduraz, Britainia Handi eta Commonweltheko herrialde askotako eta beste hainbatetako ezkutu eta banderetan dago. Lehenengoetan, lau mairuren buruak dituela gurutzearen oinetan, Alcorazeko guduan bere mirarizko esku-hartzeagatik.

San Jurgi Aragoiko patroi izendatu zuten, fedegabearen aurkako gudu horretan izandako esku-hartze erabakigarri eta miresgarria eskertzeko. Bertan parte hartzeko, teletransportatu egin zen bere zaldi zurian eta kolore bereko jantziz, bere gainean zaldun teutoi bat eramanez Antiokiatik, non egun berean gurutzatuei laguntzeko borrokatu baitzen. Gaztelan Santiago Matamorosek zuen esanguraren antzekoa izatea lortu zuen Aragoiko tropen artean, baina XVIII. mendeko bateratzearen ostean, hura nagusitu zen eta San Jurgiren garrantzia baztertuta geratu zen. Gainera, XVII. mendean Pilareko Ama Birjina Zaragozako zaindari bihurtzeak prozesu hori bizkortu egin zuen.

Txarto irudituko litzaidake artikulu hau amaitzea bere bizitzaren inguruko elezaharretako bat behintzat aipatu barik.

Esaten denez, soldadu kementsu eta kristau hau Kapadoziako mendietan erretiratua bizi zen, dragoi odoltsu eta suntsitzaile batek ondoko erresuma bati eraso egin zion garaian. Dragoiak, bere beharrizanak betetzen ez baziren, bere ahotik botatzen zuen suaz erresumako biztanleak erabat suntsitzeko mehatxua egin zuen. Biztanleek egunero arkume bat eskaini zioten elikagai gisa. Horrela izan zen arkumeak amaitu zitzaizkien arte. Orduan, herensugeak maiztasun berarekin ume bat emateko eskatu zien. Eta mendekoek ez ezik, monarkak ere bazituen seme-alabak:  printzesa fin eta eder bat.

Egoera horren aurrean, Erregeak jendea bidali zuen Jurgi soldadu ospetsu eta ausartaren bila, bere erretiroan baitzegoen egoeraz ezer jakin barik. Gaiaren berri izan zuenean, ezpata hartu, jantzirik onena eta garbiena soinean zuela zaldi gainera igo, herensugearen bila joan eta borrokan akabatu zuen, burua moztuz. Amaitu zuenean, bere tunika zuri eta distiratsua erantzi eta haren gainean ezpata odoltsua ipini zuen, hala osatuz bere izena daraman gurutzea. Biharamunean, beren salbatzailearen kristautasunarekiko esker onez edo, erresumako 20.000 biztanleak bataiatu ziren.

 

Jorge Ibor

2020ko apirila

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies