SAN FRANTZISKO KALEA (bigarren zatia)


Tira, baina San Frantzisko askoz zabalagoa zen. Eszenatokia zuen kafetegi bat zegoen Hernani eta San Frantzisko kaleen arteko izkinan, Royalty izenekoa, eta eszenatokira neska batzuk ateratzen ziren dantzaren bat edo beste egitera, baina lizunkeriaz eta graziaz. Erakusleihoan ‘arin samar’ jantzitako neska batzuen argazkiak zeuden, gaur egun barre eragingo luketenak, eta zer esanik ez gure gazteen artean. Hain zen horrela, ezen hurbil zegoen Mariaren Bihotza ikastetxeko fraideek Royalty igaro arte laguntzen baitzieten umeei, neska haiei begira egon ez zitezen; baten batek bere kabuz begiratu bat ematera ihes egiten bazuen, ia beti jasotzen zuen Aita Villanuevaren kaskarreko bat, zelatan egoten baitzen hura; tira, gaur egun pentsaezina den zerbait.

Egunean zehar, izkina hartan bertan, egunkari-saltzaile bat egoten zen, Moñoño izenekoa, lodia, lodi-lodia bera, eta, Athleticek irabazten zuenean, taldearen elastikoarekin jantzi eta Bilbon zehar paseatzen zuten kamioi batean. Moñoño gaixoa, zoriontsu ote zen?

Gozotegiak ere baziren, Luis Rodriguezena adibidez, Maiatzaren Biko kantoian, gozogintza bikaina, pasta eta pastel gozo-gozoak egiten zituena. Gainera, saltzaileen tratua oso atsegina zen, eta gozamena zen hara sartzea! Argazki-dendak, optikak, bitxi-dendak, erloju-dendak eta abar ere baziren. Askotariko merkataritza eta denetarik aurki zitekeen bertan. Hernani kalean La Busturiana zegoen, eta oraindik ere han dago, Bizkaiko bakailaorik onena saltzen dizuten denda bat. Gainera, jada prestatuta ematen dizute egun bat, bi, … barru kuzinatzeko, bakailaoa pil-pilean ondo egin gura izanez gero.

Eta, zelan ez!, Hernani kalean lonja bat zegoen, gaur egun jendeari kosta egingo zaio sinestea egon zenik, baina han egon zen urte askoan, La Burrería, uste dut 28. zenbakian zegoela, igo eta eskuinera ia kalearen amaieran. Bai, ez harritu, izen hori zuen lonja handi samar hark, astoak eta orgak alokatzen baitziren salgaiak, tresnak, lanabesak…, garraiatzeko. Zementua eta hondarra ere saltzen zen igeltseroentzat, adreiluak eta antzeko gauzak. Egia esan, oso gauza tipikoa eta dibertigarria zen umeentzat, atsegin baitzuten gurdiak eta astoak sartu-irtenean ikustea. Lonjan, ugazabandrea lagunekin biltzen zen arratsalde batzuetan kartetan jolasteko.

Hernani kalean, 20. zenbakian, Pilar de Villa andrearen janari-denda zegoen, Primi izeneko saltzaile bat lagun zuela beti. Tamaina ertaineko denda bat zen, baina han produktuen kalitatea ezin hobea zen beti, eta bezeroei arreta ona ematea zuten goiburu.

Urdaiazpiko serranoa eskuz mozten zen, arrautzak bonbillaren argitara begiratzen ziren fresko ote zeuden ikusteko, eta kolpeak jasotako fruta-aleei txarra kentzen zitzaien eta etxean kontsumitzeko eroaten zituzten. Kalitatearen eta lan onaren profesional handiak izan ziren.

Baina San Frantzisko askoz gehiago zen: handia zen lekuz, handia bere askotarikotasunean, eta batez ere, handia bere jendeari zegokionez. Mariaren Bihotza ikastetxea zegoen, izen bereko plazan: han inguruko mutilek ikasten zuten, baita Concha Jeneral, Zabalburu, Hurtado de Amezaga eta abarretako beste askok ere. Fraideak, ikasle ohiek diotenez, hezitzaile onak ziren eta benetako gizonak hezten zituzten. Eta, bestela, galdegin diezaietela Aita Villanuevaren ikasleei, ikastetxetik igaro zen gogorrenetako bat, edo gogorrena, izan baitzen, hari buruz ikasleak gaizki esaka aritzen zirelarik. Kontatu ohi dutenez, ikasgeletara ilaratan igotzen ari zirela, ikasle batek eskailera-zulora atera zuen burua; orduan, Aita Villanuevak, goiko solairu batetik, gelak irekitzeko zeukan giltza-sorta osoari jaregin zion, ikasleari buru gainera erori eta zauri handi bat eginez. Baina, antza denez, haren oroitzapen ona izango zuten; izan ere, ikastetxean urrezko ezteiak bete zituenean, omenaldia egin zioten, eta ikasle ohi guztiak batu ziren lagunarteko afari adiskidetsuan.

Mariaren Bihotzaren eliza (ikastetxekoa), gaur egun monumentu historiko artistiko nazional izendatua, ederra zen, zilar koloreko bihotza duen Ama Birjinaren irudi batekin. Zoragarria! Baina, zelan diren kontuak, itxita egon zen urte askoan: fraideek esaten zuten, “monumentua baldin bada, kontserba dezala Gobernuak”, eta Gobernuak esaten zuen, “fraideena denez, konpon dezatela eurek”. Ondorioa? Elizak itxita jarraitu zuela, barrutik erortzen ari zen bitartean.

Gaur egun Bilboko Erreprodukzioen Museoa dago bertan, ederra eta ikusteko modukoa. Han dira, adibidez, Samotraziako Garaipena, Venus Miloskoa edo Michelangeloren Moises eskulturak. Ama Birjinaren irudia antzinako Liceo zinemara eroan zuten, parrokia eroan duten ikastetxeko zinemara, hau da, zinema hura eliza bihurtu dute.

Eta zinema eta elizei buruz ari garela, bi gauza horiei buruzko aukera handia zegoen San Frantziskon. Zinema-aretoetatik hasiko gara. Egia esan, luxuzko zinema zen; goialdea eta behealdea zituen:  lehena izan zen, ziur aski Espainia osoan, bi aldeetako txartel edo sarrerak prezio berean zituena, eta oraingo zine askok nahiko lituzketen besaulkiak eta pantaila ere bazituen. Colón zinema, Cantalojas zubitik Zabala kalera, auzoko zinema bat zen, non mota guztietako jendea egoten baitzen, baina batez ere gazteak. Zinema nahiko ona zen, agian inguruko onena, jende asko joaten zen Zabalatik eta inguruetatik.

Bosgarren Parrokiako katekesiko zinema zoragarria zen; arratsaldeko laurak aldera hasten zen eta goizeko ordu txikietan irten zintezkeen, saio jarraitua baitzegoen. Filmak eten barik ematen ziren, eta pare bat aldiz ikusten zenituen, pipa, gozoki eta umeen txalo eta txistuen artean onak iristen zirenean norbait gaiztoengandik erreskatatu edo onik ateratzera. Zinearen barruan, gozoki-postu txiki bat zegoen, non umeek litxarreria erosten zuten atsedenaldietan (bat baino gehiago izaten baitziren), gero filma ikusten zuten bitartean jateko. Eta orain, azkenik, inoiz izan den, garai hartako mundu ezagun osoan gutxienez, zinemarik ospetsuena aipatu behar dugu: “VIZCAYA” zine-areto famatua, El Chegas, arkakuso-toki ere deitua, ‘zulo’ zinemaren ospeak inguratzen zuena, non sartzera ausartzen zena heroi bat zen gutxi gorabehera, eta bizitza osorako gizon bihurtua.  ‘Vizcaya’ zinemak inork imajina dezakeen bezero aniztasunik handiena zuen: han batzen ziren eskeko behartsuak, bankuan lo egiten zuten arloteak, klase baxuko ijitoak eta kategoria guztietako kinkiak, siesta egitera, edo askaltzera, edo eskua sartzera joaten zen jendea, eta konturatu barik filma ikusteko asmoz sartu zenen bat edo beste ere bai, baina hala ezinezkoa zen hori. Izan ere, merienda jaten ziharduenak zarata egiten zuen eta ez zuen entzuten uzten, eskua sartzen zuenarekin batzuetan zaplaztekoka bukatzen zen kontua, eta siesta egiten zuenak, egon bazeuden halakoak ere, zurrungaka egiten zuen, eta, jakina, hala ez zegoen ez filmik ez ezer ikusteko modurik. Zinemarik ospetsuena ‘Vicaya’ zela esan dut: berriro eraiki eta berregin beharko litzateke, zinema-aretoen eta, oro har, zinemaren historiaren museo bat eginez .

Elizak oso bestelakoak ziren: gai honetan benetako arte-bitxiak zeuden. Mariaren Bihotzaren eliza, Zabalakoa eta, zelan ez, Bosgarren Parrokia zeuden, azken horrek Hurtado de Amezaga kaletik eta atzetik Iturrizatik zituen sarbideak. Egia esan, ederrak ziren eta erlijiotasun ikaragarrikoak, erretaula zoragarriekin.

Ikus dezakezuenez, denetarik zegoen: saltokiak, zinemak, elizak, kafetegiak, etab.

Bosgarren parrokiako elizan, Gure Aita Jesus Nazarenoaren Errege Kofradiak zuen eta du egoitza. Astelehen santuan egiten zuten prozesioa, hunkigarritasun handienetako bat zen orduan eta oraindik ere bai. Prozesioa gauaren hasieran hasten zen, eta Kristo Nazarenoa, urte osoan zehar elizaren aldareetako batean egoten dena, bizkarrean ateratzen zuten; Hurtado de Amezagatik irten, Zabalburu plazatik igaro eta Cantalojas zubia zeharkatzen zuen, eta, ondoren, Gorte kalean sartu eta Mirasol kondearen kaletik San Frantziskora jaisten zen. Bere ibilbidean zehar, balkoi eta leihoetatik xalak, mantak, tapizak, banderak zabaltzen ziren, loreak bota eta emozio handiz bat-bateko saetak kantatzen ziren. Nazarenoa igarotzean, prostituzio-tabernetako argiak itzali eta jendea debozio handiz kalera irteten zen bere Nazarenoa pasatzen ikusteko. 

(jarraituko du)

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.