SAN FRANTZISKO KALEA (lehen zatia)


PAGASARRI MENDIAREN GAILURRA

 

Egilea:
Juan Carlos Ruiz de Villa gaur egun Indautxu Hotela dagoen lekuan jaio zen, Bilbon, gure Jaunaren 1950. urtean. Hiri horrekin lotura estua izan du beti, eta munduko maitasun guztiarekin maite du, baita Pagasarri mendia, Tarin iturria eta han inguruan bizi den Tarin gnomo mitikoa ere; eta haiei bisita egitera igoko da astia duen eta belaunek uzten dioten neurrian.

Era berean, sentimendu hori Donejakue bidearekin ere badu, bere izpiritua ahultzen den bakoitzean bizitzara itzularazten baitu.

 

 

WOODY ALLEN

Esadazu gezurra: aipa ezazu aberats izatearen eragozpen bat.

COHN – BENDIT

Bizikletan doan jende zoragarria ezagutu barik geratzen zara.

 

HITZAURREA

“San Frantzisko”k guztiok asko entzun dugun baina oso gutxik ezagutzen duten auzo baten historia labur eta erraz kontatu baino ez du egin gura. Hau da, bere garapena, jendea, bizitza, … kontatu nahi du eta, batez ere, deskribatu gutxi batzuen utzikeriak zelan auzo baztertu eta baztertuen auzo bihurtu duen, non gaur egun droga, prostituzioa, arrazakeria eta abar eta abar nagusi diren Bilboren bihotzean. Horri buruz dagoen informazio ezarekin amaitzeko, eta Bilboko auzo hau garai batean izan zenaren benetako errealitatea jendeari ikusarazteko helburuarekin betiere.

 

SAN FRANTZISKO

Gaur egun ezjakinenek lotsagabekeria eta ausardia handiz “Auzo txinatarra” edo Gorteak (gero berba egingo dut horretaz) deitzen duten auzo hau gure agintariek ahaztu eta bertan behera utzi dute, mota guztietako jendeari sarrera eta lekua emanez: droga-trafikatzaileei, prostituziora emanei, etab.; etxeei banan-banan erortzen utzi zaie, denboraren poderioz, espekulatzaile, eraikuntza-enpresa eta abarrek lursail edo orubeak erosi eta urbanizazio handi edo txikiren bat egin dezaten etxe, txalet eta abarrekin, …  poltsikoak ederto berotuz. Bilboko auzo hau suntsitzen utzi dute gure politikari batzuek eta, horrela, ehunka pertsonak alde egin du bertatik. Hori da, bestalde, kantatu dutena, beren kantuetan abesten dutena eta diskurtsoetan aipatzen dutena.

Atxuri, San Anton, San Frantzisko, Mirasol kondea, Bailen, Maiatzaren Bia, Hernani, Castillo Jenerala, Mesedetako zubia, … daude Bilbo zati honetan. (Nori bururatzen zaio monumentu historiko izendatutako eliza bat Rock kontzertuetarako areto bihurtu eta Bilbo Rock deitzea!). Eliza 1675ean eraiki zen gatibuak berrerosteko, eta Mesedetako Amen Klausurako Komentu zaharrarena izan zen. Eliza ederra zen eta koru polita zuen. Sakristia, oso txikia, baina bazuen berezia eta oso ezaguna egiten zuen zerbait, tornua barne, eta haren bidez berba egiten zizuten mojek edo ematen zizkizuten eskatzen ziren gauzak. Denboraldi batez, mojak gaixo irteten zirela ikusi zen; dirudienez, arrazoia elikagairik eza zen, desnutrizioa: ez zuten baliabide propio nahikorik sortzen beren burua hornitzeko eta gaixotu egiten ziren. Egoera ikusita, aita santuak bulda bat eman zuen, eta hala, klausurakoak izan arren, eskolak emateko baimena eman zien. Orduan, mojek komentuaren zati bat ikastetxe bihurtu zuten, La Merced (Mesedetakoa) izenarekin. Geroago, Loiura eraman zuten, eta kontenplaziozko bizitza egiten jarraitzea aukeratu zuten mojek beste komunitate bat eratu zuten Nojan, Kantabrian. Komentu berriko ama nagusia ama Josefina Legarreta izan zen, Bilbon jaioa eta Naxako Mesedetako ikastetxeko ikasle ohia.

Ikastetxean izan zuen bere egoitza Bilboko Mesedetako Ama Birjina (La Merced) kofradiak ere, eta 1943ko irailaren 11n kanonikoki onartu zuen Gasteizko gotzainak.

1944tik aurrera prozesioetan parte hartzen hasi zen, eta Bilboko Aste Santuan musika sartu zuen lehen kofradia izan zen.

Ostiral Santuan, Isiltasunaren prozesioan, Zabalbide kalean behera jaistean, Larrinagako kartzelaren parean gelditzen zen, eta portaera onena izandakoen artetik preso bat askatzen zuten. Gero, 1970ean, kendu egin zitzaion kofradiari ahalmen hori. Espainiako beste kofradia batzuek jarraitzen dute eskumen edo pribilegio hori, hemen deuseztatu zena, izaten.

Ikastetxea Loiura eramatean, kofradiaren egoitza San Nikolas elizara aldatu zen, eta hantxe du orain bere Pauso nagusia ezkerreko aldarean: Pietatea, Juan Pascual de Menarena; eskultura hori 1756. urtekoa da, Bilboko irudirik zaharrenetakoa, politenetakoa da, eta balio izugarria du.

Duela urte gutxi arte, San Frantzisko, Zazpikaleekin batera, Bilbo tipikoa izan zen, merkataritza askotariko eta handiena zuena, Atxurin hasi eta Cantalojasko zubian amaitzen zena. Botxoko gabardinak San Frantzisko 28an zeuden, hau da, Gabardinas Muro. Baita ere han zeuden For, Calzados La Palma, La Barata, Manuel Cedrún aitarekin eta Manolito semearekin: haientzat bezeroa zen beti lehena, eta bertan, janzteko arropa arruntaz gain, garai hartan eraikuntzako edo herri-lanetako beharginek erabiltzen zuten kolore griseko beste hura ere saltzen zen, edo igeltsero-galtza zuriak, mekanikoen buzo urdinak, etab. Eta beste hainbat saltegi, hala nola Butí, Bizkaian eskala handiko lehen prêt-à-porter denda, Corte Ingles, Cortefiel eta, noski, Max Center, Bilbondo eta Artea bezalako hipermerkatuak baino askoz lehenagokoa, batzuk bakarrik aipatze aldera. Butí izan zen Bizkaian marketina erabili zuen lehen enpresetako bat, nahiz eta ohartuki edo oharkabean egin hori; egia esan, negozioa arrakastatsua izan zen salmenta aldetik, eta haren irabaziak izugarri handitu ziren. Bere gabardinen ondoan erakusleihoan sukaldeko tresna batzuk jarri zituen lehen denda izan zen, apeu edo erakargarri honekin: “Erosten duzun gabardina bakoitzeko sukaldeko tresneria oparituko dizugu”. Lehen marketin-sustapen horien ostean, beste asko izan ziren, eta arrakasta handia izan zuten publiko eta salmenta aldetik.

Almazen haien jabea gizon txiki samar, burusoil eta mozkote bat zen, beti ondo jantzia… Aurrez jostuna izana zen, eta, dirudienez, ona. Asko gustatzen zitzaion jendearen losintxa eta lausenguak jasotzea; hornitzaileek, batez ere, maisutasun handiz egiten zuten hori. Jantzi-mota bat, beroki bat adibidez, saltzera joaten zitzaizkionean, batzuetan Don Enriquek probatu egiten zuen, zelan geratzen zitzaion ikusteko eta salmenta aldetik izan zezakeen irteera ikusteko. Orduan hasten ziren, “Don Enrique, primeran daukazu, zeure neurrira egina dirudi!”. Eta begira zeuden enplegatuei begiak irteten zitzaizkien betzuloetatik, halako lotsagabekeria sinetsi ezinik. Ez ondo edo txarto geratzen zitzaiolako, baizik eta zurikeria hura lotsa bakoa zelako, berak oso gustura onartzen zuena. Bere gisara egindako gizona zen, beti oso serio ibiltzen zena, agintzea eta obeditua izatea gustatzen zitzaion, baina noiz behinka zuzendu eta atzera egiten ere bazekien, pertsona ona zirudien. 

Dendaren arima arduraduna, Florita, zen; hark erosten zien hornitzaileei, hark antolatzen zituen dendako saltzaileak, bertoko hiru atalez ─Emakumeak, Gizonak eta Umeak─ arduratzen zen, Don Enriquerekin berba egiten zuen eta salmenta-lerroak ezartzen zituen. Ordu pila sartzen zituen beharrean, goizetik gauera, atseden barik, eta izaera indartsua zuen hornitzaile, saltzaile, bezero, ugazaba eta abarren mundu hari guztiari aurre egiteko. Emakume handia. Esan ohi zuen: “Zelan ikusten zaituzten, hala tratatuko zaituzte”.

(jarraituko du)

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.