agur bero bat

Urrunetik igartzen zaio. Bere handitasunarekin, bere gorpuzkera baldresarekin. Urrats irregular eta baldarrekin dabil, xume eta trakets jantzita. Hurbildu ahala, zure begiek berezitasun bitxiak sumatu dizkiote, eta berezitasun horiek, hasiera batean, zur eta lur utzi zaituzte. Berehala konturatu zara zerbait ez dela ohikoa, hurbiltzen ari den figura hori ez dela gizaki gehienon parekoa. Bera desberdina da. Baina harrigarriena da berarekin gurutzatzen diren guztiak –izan jende asko, izan gutxi– banan-banan agurtzen dituela, haiekin geratu gabe. Eta ni ere, harekin gurutzatzean, agurtu egin nau. Nik, berriz, egunero itzultzen diot agurra. Izan ere, lehen aldiz ikusi nuen egunetik harritu ninduen haren jarrerak.

Ez dakit zein izen duen ere. Egunen batean galdetuko diot. Baina agur hori, bitxia bada ere –egunero desberdina–, haren izaera bereziaren erakusle bat da, gaur egun nabarmentzeko moduko bitxikeria bat. Beharbada, hain harrigarria iruditu zaidalako erabaki dut gertaera horren berri ematea. Izan ere, gizonak –oraingoz sine nomine– ez du besterik gabe «Egun on», «Kaixo, egun on», «Kaixo, zer moduz» botatzen agurtzeko. Aitzitik, egunero desberdin egiten du agurra: lehenik, eskuineko eskua altxatzen du, eta, gero, esaldi bat botatzen du, ikasi egin duena edo norbaitek apuntatu diona, auskalo. Esaldi laburrak dira, baina mezu sakonekoak: «Bakea izan dezagula gure artean», «Zure laguna izan nahi dut», «Denok denon lagunak izan behar dugu» eta horrelako esaldiak. Agurtu egiten du, baina ez da gelditzen; bere bidean jarraitzen du, motel, zurbil, beti erritmo berean. Bestelakoa izateagatik eta zerbait desberdina eta ustekabekoa egite hutsagatik oldarkorra –edo, gutxienez, axolagabea– dirudien mundu batekin komunikatzeko duen modua da. Agian, besteek onartzen duteneko sentipena bilatzeko modua izango da. Edo, besterik gabe, plazer hutsagatik egiten du, gustuko duelako; ez zaio batere kostatzen, libre sentiarazten duelako.

Ez dabil oso aspalditik auzoan; nik, behintzat, ez dut uste duela urtebetetik atzera inoiz ikusi dudanik. Hasieran, harekin gurutzatzen ginenok harriduraz begiratzen genion, gertakari xelebre edo ezohiko baten aurrean bageunde bezala. Batzuek mespretxuz ere begiratzen zioten, eta haur nahiz gazteek halako errukiz, pentsatuko balute bezala: «Zer du honek?».

Denborarekin, gizonaren ekintza erritual bihurtu da, eta jendeak erantzun egiten dio haren agurrari. Harekin hitz egiten geratu ere egin da baten bat –ni baino ausartagoa, jendearen intimitatean sartzea izugarri kostatzen baitzait–, zer moduz dabilen jakiteko asmoz. Denbora gutxian, auzoko pertsonaia eta hizpide bihurtu da; hainbeste, non, egunero haren agurra entzun ezean, haren falta sentitzen dudan.

Baina… garrantzirik ba al du gaur egun agurrak? Agurra keinu bat, hitz bat edo komunikatzeko beste edozein modu dela esan dezakegu, bi pertsonaren edo gehiagoren artean modu adeitsu eta atseginean egiten dena. Besteekin erlazionatzeko modu ona da, eta hurbiltasuna erakusten du, neurri handi batean lagunekin edo besterik gabe ezagunekin, eta normalean mugitu ohi garen ingurunean besterik ez. Eta, beharbada, komunikatzeko modu berrien ondorioz, agurra galtzen ari da gaur egun, baita agur formala ere; zer esanik ez musu ematea, eskua ematea edo besarkatzea, pandemiaz geroztik. Kortesia erakusteko modu bat ere bada, nahiz eta urteak diren hitz horrek adierazten dituen erabilera eta formak erabiltzen ez direla. Nork erabiltzen du hitz hori gaur egun? Eta gutako zenbatek baliatzen du?.

Latinezko esapideak oso gogoko ditudanez, oraingoan ere ezin alde batera utzi: gaztelaniazko saludo hitza, etimologiaren aldetik, latinezko salus hitzetik dator, eta osasuna esan nahi du. Horregatik, agurtzean, osasuna opa diogu besteari. Horrelako xehetasunek, denborarekin ohiko bihurtzean, galdu egiten dute beren zentzua, edo, hobeto esanda, lausotu egiten da haien esanahia. Pandemiak, noski, aldatu egin nahi izan ditu gure ohiturak zentzu horretan. Baina niretzat guztiz pozgarria da aspaldi ikusi gabeko adiskideari berriro besarkada bat eman ahal izatea, nire senideei musu bat edo bi eman ahal izatea, edo aurkeztu berri didaten lagunari bostekoa eman ahal izatea.

Eta, begirada erdi-galdua eta urrats zalantzatiak dituen arren, gizon hori gizon bihotz onekoa da, harekin gurutzatu ohi denari irribarrea eragiten diona eta ezezagunei ustekabeko begirada bat pizten diena. Baina, bere agurrarekin, nabarmendu egiten da, eta jendeak maitasuna ere hartzen dio. Egunero gurutzatu nahi dut nire bidean

P.S. Gaur, etxetik ogia erostera atera naizenean, nire aurretik zihoan, eta bere parean jarri naiz. Agurtu egin nau, beti bezala, eta nik erantzun egin diot. Euskaraz galdetu diot zein izen zuen, eta hark ere euskaraz erantzun dit. Ez dut izena esango, bere intimitatea urratuko nukeelako. Fikziozko bat esango nuke, baina ez dut egingo. Nik nirea esan diot.

Etxera itzultzean, berriro ere berarekin gurutzatu naiz, eta agurtu egin nau, berriro ere, oraingoan nire izenez. Hemendik aurrera, nik ere bere izenez agurtuko dut. Nire mundu txikiaren parte da jada.

©Javier Campo

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude