SAN FRANTZISKO KALEA (amaiera)


Gorte kalean Bilboko “bandera-taberna” zegoen, guztiek, gazteek eta nagusiek, ezagutzen zutena, batzuek hartaz entzun zutelako eta beste batzuek aurretik pasa edo bertan sartu izan zirelako. Taberna hori Gato Negro (Katu Beltza) zen, horrela deitua sarrerako atearen gainean errotulu fluoreszente bat zegoelako “katu beltz” batekin.  Bertan prostituzioko neskak zeuden, neska ederrak, batzuetan bularrak agerian zituztela gazte eta nagusientzako erakargarri. Baina agian neska ederrenak Palanca 34 delakoan egon ziren.

Barkatu ondoren idatziko ditudan lerro hauek, baina norbaitek entzun eta horrela kontatu zizkidanak dira, eta kaleko errealitateak eta morboak bultzatuta, ezin ditut idatzi barik utzi.

Kaleko bizimodua oso gogorra izan da beti. Izan oihalak edo etxetresna elektrikoak saltzen dituenarena, izan liburu saltzailearena, … Beraz, pentsa nolakoa izan behar duen bizirauteko beren gorputza eskaini eta saldu behar duten emakumeena. Kaleko neska haietako batek, bezeroak lortzeko, esan ohi zuen: “Ni emagaldua, baina pozik nire alua”.

Palancan maiz ibiltzen zen batek esaten zuen bi emakume mota daudela prostituzioan:  batzuk “Hori nik ez dut egiten” esaten dutenak; eta besteak “Nik zer egitea gura duzu?” esaten dutenak. 1950. urtean txortan egitea 13 pezeta kostatzen zen eta errepikapenarekin 5 pezeta gehiago.

Gero beste espezialitate batzuk etorri ziren, hala nola musu beltza, frantses naturala, greziarra eta euri urreztatua, chic edo dotoreenak zirenak, atzerritik etorriak eta beren bezeroak jende sofistikatuenen artean zituztenak.

Beste neska bat ere izan zen, jendea erakartzeko hala zioena: “Nik popatik nahiago”.

Las Sevillanas, esan dezagun errebista-kluba, Aintzira kalean zegoen, leku fina zen, eta txortan egitea 25 pezeta kostatzen zen, eta haren etxabehetan Bataclan jai- eta dantza-aretoa zegoen prostituzioko emakumeekin. Lokal hori ezaguna izan zen bertan aritu zelako Juanito el Trianero, Palanca-ko mito handia. Espainiako lehen transexualetako bat izan zen, Coccinelle frantsesarekin bakarrik pareka daitekeena.

Berriro ere ez dakit oso ondo zergatik eskatzen dudan barkamena lerro hauekin pertsona batzuen sentsibilitatea zauritu baldin badut, baina errealitate txiki eta gogor hau azaldu nahi nuen erakusteko, auzoaren alde alai eta politaz gain, bazegoela beste bat ere izugarri gogorra eta konplexua, non berreraikitzen ari zen Espainiako herri eta hirietatik, miseria, lokatza eta pobreziatik ihesi, etorritako emakumeek ez zuten, jan eta biziraun ahal izateko, beste aukerarik izan prostituzioan aritzea baizik. Huts egiteko beldur barik esan genezake ia guztiak neska onak eta xumeak zirela, pentsioetan bizi zirenak eta makarrek edo txuloek babestuak, haiengan bilatzen baitzuten maitasuna eta babesa, ez beren etxeetan ez herrietan aurkitzen ez zutena, nahiz eta, eskrupulu bako mailegu-emaileekin batera, beren gorputzaren salerosketa gogor eta tristean irabazitako dirua kendu haiek.

Estatuko gainerako hiriak baino ekonomikoki indartsuagoa zen Bilboko errealitate latza, bertara ehunka etorkin iritsi zirelarik, bizitza hobearen itxaropenak erakarrita.  Baina egin dezagun apur bat atzera. San Frantzisko kale bat besterik ez zen, baina, aldi berean, inguru osoa ezagutzen zen horrela, eta kale asko ziren, hurbileko guztiak. Han zeuden Bailen, Hernani, Maiatzaren Bikoa, Lamana, Castillo jenerala.

Lamana kalean, janzki eta uniforme militarrak egiten ziren “jostundegi” bat zegoen. Bilboko onenetakoa omen zen. Zibilentzako arropa ere egiten omen zen.

Bailen kaleak, San Frantziskoren ia izkinan, litxarreria, aldizkari eta abarren kiosko bat zuen atari batean, eta diru-kopuru txiki baten truke gazteak ipuinak, tebeoak eta abar trukatzera joaten ziren hara. Zuk tebeo bat ematen zenuen, eta kioskoko andreak beste bat ematen zizun pezeta batzuen truke. Alokatu ere egin zitezkeen, horretarako diru-kopuru txiki bat ematen zen, eta umea han geratzen zen tebeoa edo ipuina irakurtzen; amaitzen zuenean entregatu eta kito transakzioa. Adinekoek ere egin zezaketen hori. Marcial Lafuente Estefaniaren eta Corin Telladoren eleberriak modan zeuden jende-mota jakin baten artean. Ohikoa zen gurasoek seme-alabak bidaltzea eurek irakurritako nobela batzuk trukatzera, eta normalean seme-alabak bidaltzen zituzten, gurasoei lotsa apur bat ematen zielako eurak joateak.

Askok esango duzue: “A zer zozokeriak irakurtzen zituzten!”, baina nobela haiei esker, jende askok beren nahigabeak eta arazoak ahazten zituzten, eta, une batez, ihes egin eta urte batzuk atzera bidaiatzen zuten Western garaira, non mutil puska, ilehori, garai, begi urdin, tinko eta ezerk izutzen ez zuena agertzen baitzen. Horrelako kioskoak ez ziren ohikoak San Frantziskon bakarrik, bai zera!, Bilbo osoan ikusten ziren.  Iparragirre kalean zeuden, egungo Guggenheimetik gertu, Concha Jeneralaren kalean, Irala kalean, Lavaran, etab.

San Frantzisko oso gauza garrantzitsua izan da Bilboko historian, eta ez dakigu oso ondo zergatik, orain historia besterik ez da.

Gaur egun, 2000. urtean…, bertan bizitzen jartzen ari dira gazteak, eta negozio bat edo beste irekitzen hasi dira ingurua onera ekartzeko asmoarekin. Lokalik esanguratsuenetako bat, Palanca 34, Jorge Lamas argazkilari eta gerra-korrespontsal ohi bilbotarrak erosi du, bere estudioa jartzeko. Espero dezagun arrakasta handia izatea eta denborarekin auzoak lortu dezala antzina izan zena berriz ere izatea.

San Frantzisko eta bere ingurua baliteke estatu osoan kultura eta arraza gehien dituen lekuetako bat izatea. Afrikatik datozenek, adibidez, izugarri harritzen gaituzte, eta, horren erakusgarri, honelako oharrak ditugu.

Afrikako eleaniztasunaren ideia bat egiteko, esan dezagun munduko hizkuntzen ehuneko hogeita hamar inguru kontinente hartan daudela. Adibidez, Nigeriak 450 hizkuntza ditu (desberdinak direnak: hizkuntza bateko eta besteko hiztunek ez dute elkar ulertzen) (Bernárdez, Enrique. 1999:23, 68-69).

Orduan, zer hizkuntza hitz egin dezake Alik?  Irakur dezagun arretaz bere diskurtsoa:

Con unas personas habla inglés. Con otra habla uskera o castiano. Con los marruecos habla árabe. La lengua que hablan los marruecos es un poco diferente que yo sabe, pero tendemos bien. Yo está un tiempo en Marruecos y habla un poco lengua de ellos. Otras lenguas sabe. Sabe francés y sabe wolof. Mucho tiempo esta con senegalés… y ya voy prender. Y puede hablar mandinga. Mandinga lengua comercial África del Oeste. Yo sabe otras lenguas de me país, sarakole, otras… pero esas no puede hablar aquí…

Yo vivo en Lendaran un año. Allí prende uskera ¡Oso herri polita da! Es un pueblo muy bonito. Luego viene a Bilbao. Aquí en Bilbao vamos clases de castellano. Yo siempre gusta conocer más… y pregunta parablas para tender más. Yo habla una lengua, otra lengua… y así puede tender todos. Bismi alah’ rahman’ rahim ¿tú sabes qué dice? dice, en el nombre de Dios, Dios grande, Dios da feliz, da bueno y da malo a personas. ¿Sabes qué yo dice? Así decimos nosotros en nuestra lengua, lengua árabe, lengua musulmán. Bueno, mucha cosa habla ¿eh? mí gusta mucha parablar ¡bihar arte!

 

AMAIERA

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.