Oinordeko desegokia

KANPOTIK ETORRIKO DA ETXETIK BOTAKO ZAITUENA

Leonor Rosembourg abenduaren hamahiruan hil zen azalore-betekada baten ondorioz. Hori esaten zuten behintzat. Leonor Rosembourgek gantzak gainezka zituen, bular neurrigabeak eta atseden hartzeko bi aulki behar zituzten ipurmasailak. Behin azaloreak pisua jaisteko zituen onuren berri eman bide zioten, eta hainbesterainokoa zen liraintzeko zuen obsesioa, ezen azken aldian haren mahaian ez baitzen zerbitzatzen aza hori ez zen beste jakirik. Horregatik ohikoa zen gonbidatuek hamaika aitzakia asmatu eta errepikatzea haren ospakizunetara ez joateko; azalore-errezeta berrien beldur ziren guztiak.

Rosembourg-tarrena familia aberatsa zen, ondasun garrantzitsuak zituena, eta zaputz samarra. Leonor ospetsuak eta Hans Leandro Leman bankari entzutetsuak osatutako bikoteak seme bakarra izan zuen, Alfonso Leman Rosembourg, mutil urduri eta oso-oso argala. Hain zegoen haragi gabe, ezen hezurren markak nabarmentzen baitzitzaizkion aurpegi zurbilean, eta ikatz beltzezko bibote eta kokospekoak eta beti ongi ebakitako ile lisoak areagotzen zioten zurbiltasuna. Traje ilunak janzten zituen, eta, horrek, bere ibilera isilarekin batera, aire goibela ematen zion etxeko korridoreetan barrena ibiltzen zenean. Familiako ume mimatua izan zen, edozerengatik protesta egiten zuena nahiko emakume-ahotsarekin, baina orduan denek barre egin eta inork ez zion jaramonik egiten.

Egun hartan, Leonor Rosembourgen hiletan, eliza bete-bete zegoen, eta eliztarrak lehian zebiltzan banku libreak hartzeko. Ez zen harritzekoa; izan ere, aspaldiko leinuko eta ondare handiko familia zen, eta, haien berekoikeria eta zekenkeriak han zeuden askori mesfidantza eta aurkakotasuna eragin arren, denak lehian zebiltzan gonbidatuen zerrendan agertze hutsagatik bakarrik. Beraz, goi-gizarteko gaina eta lorea bertan zegoenez, goi-mailako joskintzako soinekoen, bitxi distiratsuen eta harrokeria iraingarrien erakusketa bihurtu zen zeremonia.

Handitasun eta aberastasun-lehia haren guztiaren artean, aldaka zabaleko mutil txiki bat nabarmentzen zen; azala beltzarana zuen, eta buruan ile kizkur eta nahas-nahasia zuen oparo. Urratutako galtza bakeroak eta jertse higatua zituen soinean, hura ere hainbat urraturekin. Gaztea elizaren atzeko banku batean zegoen, non isiltasunik ezak zeremoniarekiko begirunea galtzen zuela baitzirudien.

Zerbitzuko pertsona bat, hileta ospetsuan norbait hain deigarria ikusirik, arrotzarengana hurbildu zen.

– Barka iezadazu, zeremoniaz nahastu egin zara agian. Leonor Rosembourg andre ospetsuaren ahaidea zara?
– Ni?– erantzun zion feligres arloteak harrituta.
– Bai, zu. Ez duzu ikusten zeremonia hau pribatua dela?
– Barkatu –erantzun zion gazteak gizalegez–, hildakoaren semea nauzu.

Eszenatik hurbil zeuden pertsona batzuk harrituta geratu ziren hark esandakoa entzutean. Txutxu-mutxuak aulkien artean zabaldu ziren, harri bat urmaelean erortzean sortzen diren ur-uhinak bezala. Zerbitzaria, hitzik esan barik, elizan Alfonso Leman Rosembourg jauna zegoen lehen jarlekuetara joan zen, han zegoen hildakoaren seme (ordura arte!) bakarra eta, jaunaren belarrira ezpainak hurbilduz, bisitari arrotzak esandakoa errepikatu zion.

Alfonso bat-batean zutitu zen, eta, arin-arin baina neurria galdu gabe, kaperaren atzealdera joan zen, eta haren aurretik bere takoi solemneek marmol gogorraren kontra egiten zuten zarata zihoan. Ile nahasiko gaztearengana hurbiltzean, hark ezagutu egin zuen, eta, agurtzera zetorkiola pentsatuz, txukun-txukun zegoen Alfonso besarkatu zuen ozenki oihukatuz:

– Anaia, anaia!

Eliztarrek, harriturik, ez baitzuten inoiz anaiarik zeukanik entzun, eta are gutxiago halako piurako bat izan zitekeenik, familiaren topaketa-gunera begiratu zuten. Alfonsok bisitariari bultza egiten zion bere lepotik aldendu zedin, baina mutil baldar eta potolo hura musu ematen saiatzen zen, estu-estu eginez ito behar balu bezala.

– Nik ez dut anaiarik!–eta Alfonsoren emakume-oihuak harrizko horma hotzen kontra egin zuen oihartzun, marmarrean hasi ziren eliztarren arreta erakarriz.
– Baietz, Alfonso, zure anaia Abelardo naiz! Ez duzu ikusten elkarren antz handia dugula?
– Baina zelako txorakeriak esaten dituzun! Berriro diotsut ez dudala anaiarik.

Orduan, gazte trauskilak ohar zimurtu bat atera zuen poltsikotik, zabaldu eta Alfonsori erakutsi zion. Notarioaren gutun bat zen, herentzia banatzeko deia egiten ziona.

Abelardok poltsikotik ateratako ohar zimur eta ia okre hartan, haren jatorria eta Leonor andrearen nahia zehazten ziren, hau da, bera hiltzean bi semeek elkar ezagutu eta errautsak airera barreia zitzatela.

Une hartan, isiltasuna zabaldu zen erdiko pasillotik barrena, alboko habearteak zeharkatu zituen, zutabe hotzetan gora igo zen ganga eta absideraino, eta handik ihes egin zuen, xurrutarrien ahotik irten eta kanpoan desagertu zen arte. Alfonso paperari begira geratu zen, denbora gelditu egin balitz bezala. Bitartean, gazte arlote zarpail hark batera eta bestera begiratu eta berari beha zeudenak agurtzen zituen.

Sinesgaiztasunak amore eman behar izan zuen, argi eta garbi ikusten baitzen txakur gonbidatu hura Abelardo Maroto Rosembourg zela, bere osabarena zen landetxe bakarti batean Leonor zaindu zuen laborari baten semea, anderea elgorria sendatzera joan zelarik etxe hartara. Leonorrek haren existentzia ezkutatu gura izan zuen arren, inguruko guztiek “elgorriaren semea” esanez aipatzen zuten hura, lizunkeriaren ordez gaixotasunaren pikorta edo grano bat balitz legez. Erditu bezain laster errefusatu egin zuen. Ez zuen inoiz onartu nekazariaren seme txiker eta potoloa berea ere bazela, baina, bizitzaren azkenean, erruduntasun-aldi bat izan zuen, eta familian zegokion lekuan sartzea erabaki zuen.   

Alfonso abailduta zegoen, 24 ordu baino gutxiagoan anaia bat agertu baitzitzaion, eta gorroto zion arrunta, paria eta musukatzaile itsaskorra zelako; gainera, ziur zegoen izaki hura han zegoela herentziaren bere eskubideak eskatzeko, eta, hori gutxi balitz, elkarrekin joan behar zuten errautsak airean barreiatzera. Baina ez zen ausartu amaren gurariei kontra egiten, azken finean, maite izan zuen eta min eman baitzion hura galtzeak. Beraz, hiletaren ostean, bi semeak muino batera igo ziren, eta handik familiaren jabego zabalak ikus zitezkeen.

Aurretik, amaren errautsak zeuzkan ontzia eskuetan zuela, Alfonso zihoan; haren atzetik anaia, etengabe berbetan. Behin gailurrera iritsita, beraien ondare ziren lurrak ikusi zituzten, eta Abelardok, eskua bere senide dotorearen sorbaldan jarrita, esan zion:

– Hara!, anaia bat izatea ere. Nork esango zuen horrelakorik?
– Horixe bera galdetzen diot neure buruari. Nork esango zuen horrelakorik?–erantzun zion Alfonsok, haurride itsaskor harengandik libratu nahian.

Baina Abelardok, besarkadarekiko bestearen higuina jolastzat hartuta, ontzia kendu zion eskuetatik, eta ireki egin zuen errautsak airean barreiatuz, barre artean oihu eginez:

– Bota ezak hori behingoz, motel!

Anaiaren bultzadaz oreka galduta, Alfonso muinoan behera erortzeko zorian egon zen. Une hartan, haize-bolada bat altxatu zen, eta hark erabat eraitsi zuen ia. Haizeak Leonor Rosembourgen errautsak nahasi zituen, hautsezko laino ilun bat sortuz, beraien kontra itzuli zena. Alfonsok, amaren errautsetatik libratzeko ahaleginean, bizkarra eman zion haizeari, ahal zuen moduan. Abelardok, ordea, begiak itxi eta Leonorren errautsak maitasun osoz hartu zituen aurpegian, kontrako egoera harengatik barre egiten zuen bitartean.

– Baina zergatik egiten duzu zuk barre?–errieta egin zion, ozpinduta, Alfonsok anaiari.
– Ixo –erantzun zion algaraka Abelardok–, izterrezurraren zati bat irentsi dudala uste dut.
– Agg! Ergela zara gero! Oso gaixorik egongo zen nire ama zu bezalako zerbaitez erditzeko. Elgorria baino txarragoa zara.

Azken esaldi hori Alfonsoren eztarritik txilibitu-ahotsez atera zen, eta Abelardori algara amaigabeak eragin zizkion emakume-ahots hark. Alfonsok, bere onetik aterata, pausoa bizkortu zuen, etengabe hizketan jarraitzen zion eta bera haserretu zenean atera zitzaion ahots zorrotzagatik barre batean zegoen anaiarengandik urrundu nahirik.

Gau hartan Alfonsok ez zuen ondo lo egin. Anaia aurkitu berriarekin herentzia banatzeak grazia handirik egiten ez bazion ere, ez zen hori izan halako loezinaren arrazoia, baizik eta amak, antza denez, izan zuen munstro hura jasan beharra. Amets egin zuen anaiak besarkatu egiten zuela, berak arrakastarik gabe aurre egiten zion bitartean; elkarrekin lubeta batean behera erortzen ziren, eta berak txilibitu-ahotsez oihu egiten zuen laguntza eske, eta horrek Abelardoren barre-algarak eragiten zituen, aurpegira tu egiten zizkion barre-algarak. Izerditan esnatu zen. Ondarearen murrizketak ez zuen garrantzirik, baldin eta Abelardo bere bizitzatik betiko desagertzen bazen.¡ Ezin zuen minutu bat gehiago ere jasan.

Loezineko gau izugarriaren ondoren, biharamunean bi anaiak notarioaren aurrera joan ziren. Albazea, testamentu-betearazlea, han zegoen, lehengusu batzuk eta ahaideren bat, hildakoarengandik ezer espero zuelako baino gehiago anaia berriak sorturiko jakin-minagatik joana. Abelardok Alfonsoren ondoan eseri nahi izan zuen, baina Alfonso bere haurridearengandik ihesi senitarteko eta lagunen artean izkina batean ezkutatu zen, anaia agertu berriarengandik urrun. Guztiak isildu ostean, notarioa testamentua irakurtzen hasi zen.

 “Leonor Rosembourg zenduaren nahia da dituen ondasunak bere semeen artean erdi bana geratzea, baina ezinbesteko baldintza da Rosembourgtarren egoitzan elkarrekin bizitzea, elkar ezagutu dezaten eta beraien artean harremana sor dadin, hildakoa hori eskaintzeko gauza ez baitzen izan bizitzan, eta, horrela, jabegoaren gaineko eskubideak bien elkarbizitzari lotuta geratuko dira.”

Denak isildu ziren notarioa entzutean. Abelardo bere anaia besarkatzen eta musukatzen hasi zen aurpegira errepikatuz: “Zein ona zen ama!”

Alfonsok, apurtzeko zorian zegoen txotxongilo mehe bat bezala astindua, ezin izan zuen gehiago, eta oihu egin zuen anaiarengandik libratzen saiatzen zen bitartean:

– Utz nazazu bakean! Zu ez zara inoiz Rosembourgtar bat izango, ergel hori!

Baina haren eztarritik atera zen ahotsa hain zen zorrotza, hain barregarria, neskato oihulari baten hain antzekoa, non, hura entzutean, barre-algaraka hasi baitziren denak, eta, beti legez, ez zioten jaramonik egin.  

 

© F. Urien

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies