HAZIA – horrela hasi zen guztia


Azken hauteskundeetan Haziak lortutako emaitzak ikusita, uste dut zorionak eman behar zaizkiela Elkarteari eta bere hautagaiei lortutako emaitza bikainengatik, baita Funtseko bazkide guztiei ere.

Hori esanda, gogora datozkit Gauzatu eta Hazia funtsetan gure pentsio-osagarriak finkatu diren proiektua zenbait unetan zapuzteko zorian eduki zuten hainbat inguruabar edo zirkunstantzia.

Historikoki, aurreikuspen-eskubide osagarriak idatzi gabeko arauak ziren, eta errespetatu egiten ziren ala ez. Batzuetan, Kontseiluen akordioak edo Zuzendaritzen erabakiak izaten ziren. Eta lan-zuzenbidean, idatzitakoa eta sinatutakoa ere askotan errespetatzen ez denean, eskubide haiek airean zeuden.

Euskadiko (euskal kutxen, alegia, Hego Euskal Herriko 8en) bigarren Hitzarmenera arte –buruz ari naiz, eta ez dut informazioa eskuratzeko aukerarik, baina 70eko hamarkadaren erdialdean edo amaieran izango zela uste dut– ez zen lortu langile edo beharginen pentsio-osagarriak negoziatu, adostu eta sinatutako eskubide gisa eratzea.

Hitzarmen hartan, hirurogei urteko adina eta berrogei urteko zerbitzua izatea ezartzen ziren baldintza gisa pentsio-osagarria jasotzeko eskubidea izateko, hau da, erretiroa hartzeko unean diru-sarreren % 100 bermatzea, urtez urte eguneratuta bizitza guztirako. Gero, legea aldatu egin zen (Gizarte Seg.ren Erreforma, 1967. urtean) eta 1967an kotizatzen hasi zirenek ezin zuten erretiroa hartu 65 urte bete arte.

Eskubidea oso argi zegoen jasota. Baina gertatzen zen kutxek ez zituztela beren balantzeetan kontingentzia horiek zuzkitu edo hornituta, nahiz eta negoziazio kolektiboaren ondorioz behartuta egon horiek beren gain hartzera.

Garai hartan ezagunak ziren bi egoera, zeinetan langileen aurreikuspen-eskubide osagarriak heriotza gozoz hil baitziren. Bata, Bilboko Udalekoa, eta bestea, Telefónicakoa.  Bi kasuetan, une batean, erretiratua leihatilara joan zen bere osagarria erreklamatzera, eta dirurik ez zegoela ikusi zuen. Ez zegoen funtsik, ez zegoen ezer. Dena literatura zen. Eta bazirudien horixe zela euskal kutxen zuzendaritzen estrategia orduan.

Egoera horren jakitun, Euskadiko (Hego Euskal Herriko Federazioko 8 kutxen) Enpresa Batzordeen koordinakundeak –sindikatuak ez zeuden finkatuta– gutun bat bidali zion Espainiako Bankuari, eta salatu zuen entitateek ez zituztela beren balantzeetan hornituta hirugarrenekiko konpromiso ekonomikoei aurre egiteko behar zituzten kopuruak, zehazki, beren beharginen pentsio-osagarriari buruzko eskubideak, Hitzarmenean jasoak.

Espainiako Bankuak zirkular bat igorri zuen, Aurrezki Kutxei balantzeetan zuzkidura horiek kontsignatzeko betebeharra gogorarazteko. Erakunde batzuek errekerimendua kontuan hartu zuten, baina beste batzuek ez. Berriro ere, Euskal Kutxetako Enpresa Batzordeen Koordinakundeak beste salaketa-gutun bat, bigarrena, bidali zion Espainiako Bankuari, eta hark bigarren zirkular bat egin zuen, lehenengoaren ildo beretik, eta kontabilitate-printzipioak betetzera premiatu zituen erakundeak, zegozkien hornidura edo zuzkidurak eginez.

Bigarren zirkular horren ostean, beharginen pentsio-osagarriaren funtserako lehen zuzkidurak agertzen hasi ziren balantzeetan. Gaia bideratuta zegoela frogatzen du, EAEko zuzendaritzak Kontseiluaren akordio bat lortu izanak, eta akordio horren arabera, beste enpresa batzuetan lan egindako urteak Kutxan lan egindako urtetzat hartuko zitzaizkien sartu berri ziren zuzendaritzako beharginei, pentsio-osagarriari begira enpresan antzinatasuna kalkulatzeko. Hori zen funtsa eratuta zegoela, hornitzen ari zela eta eskubidea sendotzen ari zela egiaztatzen zuen kotoiaren proba.

Une horretatik aurrera hasi ziren presioak sartzen ziren langile edo behargin berrien osagarrirako eskubidea kentzeko negoziazio bakoitzean (oso presente egon zena greba historikoan). EAEn larunbatetako Hitzarmenean aldatu zen sistema. Geroago, CAMBrekiko bat-egite hitzarmenean, BGAEak eratu ziren, jada hornitutako funts kanporatuekin.

Estatuko Planen eta Funtsen Legean ez bezala, non Zuzendaritza Organoetan funtseko eskubideak zituzten langileei zegokien gehiengoa, Euskal Autonomia Erkidegoko BGAEen Legean, organoak paritarioak ziren eta lehendakariak kalitatezko botoa zuen, eta horrela, azken batean, enpresak zuen erabakitzeko ahalmena. BBKn kanpaina bizia egin zen. Enpresak funtsa kontrolatu behar bazuen, langileen pentsio-osagarriak bermatu behar zituen subsidiarioki. Kanpaina honela laburbiltzen zen: bermatzen badituzte (osagarriak), zergatik ez dute sinatzen (konpromisoa). Azkenean hitzarmenak jaso zuen Kutxaren  konpromisoa pentsioen osagarriak subsidiarioki bermatzeko.

Eta urtebete geroago, sistemak beste aldaketa bat izan zuen, eskubiderako adin-muga bat ezarriz (ezberdina gizonentzat eta emakumeentzat, bizi-itxaropen ezberdinengatik), eta horrela biziarteko izaera galdu zuen, eta erreskatatzeko eta funtsa onuradunei edo oinordekoei eskualdatzeko aukera jaso zen.

Zorionez, gaur egun pentsio-funts bat daukagu, baina izan… izan zitekeen ilusio-putzu bat.

 

ALAI

 

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.