Bagan – Popa mendia – Bagan

myanmar-110
            Palmondoan igota

Ondo lo egin genuen… goizaldeko bostak arte; ordu hartan gertuko bozgorailu indartsu eta kalitate txarreko batetik irteten zen monje baten ahotsak iratzarri gintuen. Modu guztiz monotonoan “otoitz egiten zuen”, bere leloa etengabe errepikatuz. Gelako terrazarako ateak gaizki ixten zirenez, haien mantentze-lanik ezagatik zalantza barik, soinua ozen-ozen sartzen zitzaigun.

Gogoratu nahi dut hemen José Luis, BBK-ko Hedapen Sareko bulego bateko langilea, bere tarte libreetan Espainiako erakunde budista bateko (ez dakit zen adarretako) idazkaria zena. Bere garaian CD bat saldu zidan bere kongregazioaren kantuekin, eta gau hartan guk entzundakoaren antzekoak ziren. Errespeturik gabeko ezjakina naiz gaiaz.

6:00etatik aurrera otoitzak isildu egin ziren eta musika-zinta bat entzuten hasi ginen, hura ere monotonoa eta errepikakorra.

Otsailaren 12an, Batasunaren edo Independentziaren eguna ospatzen da, 1947an mitin batean emandako hitzaldi baten urteurrena delako, hura lortzeko mugimendua sustatu zuelarik. Herri hartan ospatzen diren gauza herrikoi guztietan bezala, erlijiosoak arduratzen dira festa edo jaiez.

Gosaria, berriz ere hotelean, nahikoa kalitatekoa izan zen. Gainera, hura osotzeko bagenuen ezti ona, egun batzuk lehenago erosia.

Martxan jarri ginen Popa mendira txangoa egiteko. Txangoa ez zegoen programatuta hasieran, baina Joserrari eskatu genion bidaian sartzeko, esparru hari eta haren inguruari buruz Interneten irakurri genituen artikuluek erakarrita.

Erlijio-zentro bat da, antzinako sumendi baten kraterrean eraikia. Bertara iristeko, 777 eskailera-maila igo behar dira, neurri batean eguzkitik babestuta. Igoera tximinoz inguratuta egiten da, batez ere lehen 100 mailetan.

Interneten txarto hitz egiten zen eremuaren garbitasunaz, baina bisitatutako beste eremu batzuekin alderatuta, ez zen hainbesterako. Gazte-taldeek garbitzen zuten (gutxi gorabehera) noizean behin, eta tximinoek ez zituzten beren beharrak jendearen artean egiten, irakurria nuen bezala, beharbada haiek baino gehiago ginelako eta traba egiten genielako, edo ematen zitzaien janari eta litxarrerien zain zeudelako. Edo, besterik gabe, haien ordua ez zelako.

Barruti sakratuaren goialdeak, polita izanik ere, dezepzionatu egiten du apur bat ordu arte ikusitako mirariekin alderatuta. Besteak beste, tenplu eta irudi asko-asko daudelako hain leku estuan.

myanmar-111
                     noria eta idia

Egin beharreko bideari ekin genion, 50 bat km, eta Birmaniako gozokiak egiten dituen zentro larreko eta oso oinarrizko batean gelditu ginen. Tailer hura, behintzat, naturala zen, ez zen batere modernoa, ezta prestatua ere, eta prezioak oso neurrizkoak ziren. Familia-negozio bat zen.

Jakin genuen Birmaniako gozoki tradizionala (txokolateak eta bonboiak) karameluarekin egoten dela, eta haren oinarria palmondo jakin batzuetako hostoek jariatzen duten likido gozotik lortzen dela. Zurtoinarekiko lotunean zulatzen dira, eta jariatzen dutena erabiltzen da gozagarri gisa. Baina, esan zigutenez, goizean lortutakoarekin bakarrik. Arratsaldez baldin bada, likidoa mingostu egiten da.

Mutil gazte batek palmondo altu batean gora igo eta zuku desiratua ateratzeko prozesu guztiaren erakustaldia egin zuen gure aurrean.

Esan bezala, artisau-prozesu baten emaitza zen ekoizten eta saltzen zutena, baina beldur ginen oinarria beste likido bat izan ote zitekeen. Egiaztatu ahal izan genuen ez zela horrela, prozesua aire zabalean egiten baitzuten, eta zuzenean eros zitekeen lortutako produktua.

Merkataritza-esparrua askoz xumeagoa zen, eta turistentzako zentro modernoak baino desordenatuago zegoen.

Ondoriozko produktua, nahiz eta oso oinarrizkoa izan bere aurkezpen eta bilgarrian, atsegina zen ahosabaian, ahogozo atseginekoa.

Bitartean idi bat noria baten inguruan bira eta bira zebilen putzu batetik ura ateratzeko. Argi zegoen turista barik atseden hartzen uzten ziotela abere errukarriari.

Popa mendiaren oinera iritsi eta igoera hasi aurretik, herrialdeko naten tenplurik garrantzitsuena bisitatu genuen. Denak zeuden irudikatuta aurreko pareta kristalezkoa zuen esparru baten barruan, barruan zer zegoen eta zer egiten zen ikusteko.

Gure egonaldian, elbarriekin bi familia xume iritsi ziren dirua uztera, zegokion natari laguntza eskatzeko. Ondoan zegoen moja batek letania batzuk errezatu zituen, eta eskaintzak jaso eta gorde.

Irudikatzen dituzten irudi landuak nabarmentzen dira, eta haien jantzi polit eta koloretsuak. Burutsuak dira portzelanazko edo antzeko materialezko aurpegiak eta irudiak, eta zertan eragiten duten, horixe adierazten dute.

Natei buruzko kontakizunak entzuteaz gain, bitxienei erreparatu genien zehazkiago, adibidez, likore-botilen, bereziki whisky-botilen, eskaintzak jasotzen zituztenei, eta hori adibide gisa erabiliko dut aurrerago.

Naten historia deigarri gertatu zitzaidan joan baino lehenagotik ere. Amy Tan-ek idatzitako “Un Lugar Llamado Nada” eleberrian, zeinaren bilbe edo trama militarren garaiko Birmanian garatzen den, sarritan egiten zaie haiei erreferentzia.

Kanputxear jatorriko sinesmen bat da, birmaniarrek inportatu zutena eta budismoarekin nahastu, nahiz eta hasiera batean ematen duen hori ezinezkoa izan daitekeela

Natak natura edo izadiko izpirituak dira, egitez edo ez-egitez gaizkira bultzatzen gaituztenak, salbu eta, haiek baretzeko behar dena guk eginez, gure alde jartzen diren gu ongirantz eroanez, edo, beste barik, inoratzen gaituzten. Haur-ipuinetako deabru gaiztoa eta ona bezalako zerbait espiritu bakar batean. Eragin negatiborik izan ez dezaten, pozik mantenduko dituzten eskaintzak egin behar zaizkie.

Adibide gisa, alkoholdun edarien nata aipatuko dut. Mimatzen ez badugu, edatera bultzatuko gaitu. Hori saihesteko, noizean behin gehien gustatzen zaigun horretatik beraiei botila batzuk eroatea da onena.

Sineskeria horiek urrun iristen dira: adibidez, pertsona arrotz batek gure senitartekoren bat hiltzen badu, oso litekeena da hiltzaileak nat zaindu ez duelako gertatzea hori.

myanmar-112
                                 Nats. Panpina peponak dirudite

Bada tradizio bat natei eta Popa mendiari buruzkoa:

Elezahar horrek dioenez, lehen aipaturiko Anawrahta erregeak, birmaniarren eta mon-darren lurraldeak batu ostean, garai hartan Popa mendiaren oineko tenplu batean ezagutzen ziren 19 naten gurtza ere bateratu zuen, eta sumendi horren izpiritua beste nat bat izatera igaro zen, guztien artean garrantzitsuena.

myanmar-113
         Buda Nat batekin Popa mendian

Hain bisita interesgarriaren ostean, 777 mailak igo genituen: hainbat ataletan banatuta daude, eta eskailera-buruetan ezinbesteko dendak. Ez dakit nobedadeagatik edo gai berriak ezagutzen jarraitzeko irrikagatik, oso ondo igo genituen eta espero genuena baino askoz gutxiago nekatu ginen. Egia da lasai hartu genuela eta bi geldialdi labur egin genituela.

Oro har, eskailera estua bi zatitan banatuta zegoen, batzuetan bereizita: igotzekoa eta jaistekoa. Tarte batean, inor ez zetorrela aprobetxatuz, jaitsierakotik igotzen hasi nintzen, baina, erdibidean nengoela, turismo-talde bateko kideak hasi ziren jaisten, eta estutasunean aurkitu nintzen. Nik ez nuen atzera egin eta itxaronarazi egin nien. Ohartarazpen bat jaso nuen birmanieraz, ez nuen ulertu hizkuntza, baina bai esan gura zidana.

Gailurrean monasterio bat dago. Kasu honetan, ikuspegi komertziala espiritualaren gainetik dago, argi eta garbi. Beste leku batzuetan baino gehiago. Figuren kalitatea ez zen azpimarratzekoa, gainera, saltoki gehiegi zeuden beste leku batzuetan baino kontzentrazio handiagoarekin, eta pasabideak estuak direnez, bisita apur bat itogarria gertatzen zaizu. Jende asko, tenplu asko eta irudi asko hain leku txikian.

myanmar-114
                       Popa mendia. Igoera eskuinetik da

Jaitsi eta kafe bat hartzera joan ginen luxu handiko hotel batera, Popa Mountain Resort delakora, mendi sakratuaren aurreko muino baten tontorrean dago, eta bere lorategietatik distira guztian ikusten da mendia.

myanmar-116
                 Bagango pagodak eta tenpluak

Baganera itzuli ginen. Gure gidari preziatuak pagoda abandonatu bateraino eraman gintuen, bailarako leku lasai batean zegoen, eta bisitari bakarrak izan ginen han. Goiko aldetik ikuspegi zoragarriak zeuden. Maila handiko gidari bat, laguntzeko gogoarekin eta denbora nahikoarekin izatea lagungarri gertatzen da. Argazki egokiak egin genituen.

Herrialde aurreratu batean ez ziguten utziko hain mantentze-lan prekarioak zituen eraikin batera sartzen.

Bazkalostean eta birmaniarren ohiko bizimoduarekiko jakingura asetzeko asmoz, nekazarien herri txiro-txiro batera eraman gintuen San Yuk, nekazaritzan aritzen zen familia bat ikustera. Besoak zabalik hartu gintuzten. Bazirudien ez zeudela atzerritarrak ikustera ohituta.

Lehenik eta behin, haien etxalde apaleko instalazio urriak bisitatu genituen: etxebizitza eta biltegia, lursailaz gain. Konkor bikoitzeko bi idi zeuden, munduko inguru hartan ohikoak, oso oinarrizko traktore zahar-zahar bat, erdi desegina, eta dilista-landare pila bat, zeinetatik emakume batzuk produktua ateratzen ari baitziren iritsi ginenean. Ordura arte, ez nuen inoiz landare hura ikusi, ezta fruitua lortzeko modu neketsua ere.

myanmar-117
              Baserriaren ikuspegia
myanmar-118
             traktore
 

Etxeko atean zuten kamaina moduko batean eseri ginen gu, eta familia-burua eta amona ondoan zegoen beste batean, neska gazteek dilistekin jarraitzen zuten bitartean.

Antza denez, ez ziren ausartzen guri sartzen uztera, eta ez zuten aulkirik, eta, beraz, edo lurrean esertzen ziren, egin ohi zuten bezala ikusi genuenez, han inguruan zeuden egurren gainean, edo ohe gainean.

Te birmaniarra eskaini ziguten, guk gizalegez onartu genuena, eta elkarrizketan hasi ginen, batez ere Javi, bera baita horretarako gehien ulertzen duena, San Yu itzultzaile gisa erabiliz.

Beraiek galdetu ziguten gauza gehien Mendebaldeko laboreei buruz. Negutegiez, ustiategi intentsiboez eta abarrez hitz egin genuen. Txundituta zeuden. Kosta egiten zitzaien barneratzea eta sinestea. Javik bere ortuari buruz hitz egin zien zehatz-mehatz. Telebistarik ez zutenez, guk kontatutakoaren antzekorik ez zutela ezer ikusi esan zuten.

Solasaldi oso interesgarriak ordubete baino gehiago iraun zuen, eta haien bizimoduari buruzko xehetasunak ere entzun genituen, nahiz eta ingurunea ikusita ez zen beharrezkoa argibide asko ematea. Jende xume eta apal hark primeran tratatu gintuen.

Baganera itzuli ginen, eta han denbora libre izan genuen hiriko erdigunean (horrela deitzerik badago) batera eta bestera ibiltzeko. Erosketak, ibilaldiak ibairaino, etab.

myanmar-119San Yu gure bila etorri zen, afaltzeko erreserba geneukalako txotxongilo-antzokian. Eszenatokiaren erdian jarri gintuzten lehen lerroan. Aldez aurretik, inguruko mahai guztiak baztertu zituzten, hain kokaleku garrantzitsuaz gozatzen bakarrak izan gintezen.

Ikuskizuna oso polita eta gomendagarria iruditu zitzaigun.

Yok-theipwe txotxongilo-antzerkia Birmaniako herriaren adierazpen artistikorik handiena da. Gaur egun jarraipen txikiagoa du zinemaren eta telebistaren eraginez. Bere distirarik handiena XVII. eta XVIII. mendeetan izan zuen, Mandalay eta Bagan inguruan.

Artistak 28 txotxongilo erabiltzen ditu (azkenean zenbaki bikoiti bat), erregeak, gortesauak, bufoiak, natak, nekazariak eta abar irudikatzen dituztenak.

Han inguruan zeuden ume batzuk hurbildu zitzaizkigun gurekin batera ikustera. Haiei ez zitzaien axola gu desberdinak izatea. Inguru hartako gizarte-elitekoak ziren, argi eta garbi.

Horrela amaitu zen eguna. Gau hura aurreko gaua baino hobea izan zen. Monjea ordubete geroago hasi zen otoitz egiten, eta musika barik.

Bagan (II)

Arratsalde erdira arte eguna libre genuen programan. Ez zen oso-osorik hala izan.

Geroxeago jaikitzea erabaki genuen eta hoteleko igerileku inguruan denbora-pasa geratzea.

Goiz erdian neskek kafe bat bilatzeko eskatu ziguten. Zerbitzari bat aurkitu genuen, beste lankide batekin batera harraskaren ondoko tabernara joan eta Faema motako kafe-makina bat jarri zuen martxan.

Ikusgarria izan zen zelan prestatzen zuten ikustea: hasteko, bi gazteak luzaro egon ziren argibide-liburu bati begira, eta, ondoren, hainbat saiakera huts egin zituzten. Gutxienez ordu-erdi igaro ostean, funtzionamenduaren berri ematera ausartu ginen keinuen bidez, eta kafea ateratzeko gai izan ziren. Antza denez, emaitza nahiko ona izan zen. Nik ez nuen probatu.

myanmar-120
              Bagan zaharreko harresiaren hondakinak

Bego eta biok hirian paseatzera joan ginen eta Isabel eta Javi eguzkitan geratu ziren eleberri bana eskuetan zutela. Ez zegoen askorik ikusteko, eta jateko leku baten bila hasi ginen. Mutil gazte bati galdetu genion keinuz jatetxe-gunearen kokapenaz, ibaiaren ondoan zegoen, noski, ezin bestela izan, eta egokiena zein iruditzen zitzaigun ikustera joan ginen. Bidenabar, ibilaldi atsegina egin genuen itsasertzean barrena.

Hitzartutako lekuan, elkarrekin bisitatutako denda baten sarreran, gure lagunak jaso ostean, aukeratutako jatetxera joan ginen: Sunset Garden, Irawady handiaren ur ondoan. Bista zoragarriak izan genituen, eta onargarria baino gehiago zen otordu birmaniarra egin genuen prezio onean.

Eskerrak kartan jakien argazkiak zeuden.

myanmar-121Arratsaldean, Ayeyarwady izeneko ibai itzelean zeharkaldi pribatu txiki bat genuen, eta, gogorarazten dut, itsasotik 600 kilometro baino gehiagora egonda ere, nabigagarria dela. Horregatik, bertako uretan zehar, ibai-ibilgu bat izateko tamaina eta sakonera garrantzitsuko ontziak ikusi genituen.

myanmar-122
              Ilunabarra

Ontziralekura iritsi aurretik, Bagan zaharraren hondakinetatik igaro ginen.

Programaren arabera, txangoa barne genuen. San Yuren arabera, ez. Ez ginen eztabaidan hasi. Ordaindu egin genuen, oso gutxi, eta oso ondo pasatu genuen. Eguzki-sartze “bikoitz” polita begietsi genuen, guztia pribatuan.

Atzean hodei-lerro bat zegoela gertatu zen. Eguzkia hodeien gainean ezkutatu zen, gero azpitik berriro agertu eta berriro sartzeko.

Ibaian ontzi gehiago ere bazeuden, eta haietako bidaiariak ere gauza berera joanak. Lehenik, buelta bat eman genuen haren ibilgutik, eta ikusi genuen montzoi garaian bertaratzen duen harea bazterretan hondartza handi samarrak osatuz geratzen dela.

myanmar-123
                Ohe apaindua

Bilbora itzuli ginenean, eta gertatutakoa kontatu genionean, Joserrak itzuli egin zigun txangoa kostatu zitzaiguna. Ziur geunden horrela izango zela Argentinan Viedma aintzirarako txangoa, arrazoi meteorologikoengatik, bertan behera utzi eta gero izan zuen jokabideagatik.

Lehorreratu ostean erosketa gehiago egitera joan ginen. San Yuk, guk eskatuta, bertako bezeroen denda batera eraman gintuen. Elefante zuri bat eta Myanmarko elezahar bat birmanieraz idatzita zituen elastiko bat erosi nuen.

Itzulerako bidaian jantzi nuen. Handik irteteko hegaldia hartzera nindoala,  segurtasuneko zaindari batek ikusi zidanean, grazia egin eta irribarre egin zidan.

Hotelaren ondoan afaldu genuen berriro. Mahai-zapi orbandunak han jarraitzen zuen.

Logelara iritsi ginenean ikusi genuen ohe gainean lore-petaloekin bihotz eta gauzen marrazki batzuk egin zituztela eta, koaderno-orri batean ingelesez idatzita, gure etorkizunerako onena opa zigutela. Hori bai, garbitzeaz ahaztu egin ziren beste behin.

Bide batez, hotela utzi baino lehen, lau postal utzi genituen harrera-gunean, Bilboko lagunei zuzenduta. Hilabeteak behar izan ziren iristeko.

myanmar-124
                              ibaian zehar beste ontzi batzuekin gurutzatzen gara

myanmar-125

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies