—Ixo! Zaude isilik! Kontuz! Ikusten duzu? Zure aita da hori.
Melindak egongelako alfonbraren gainean lasai zegoen txakurra seinalatzen zuen eskuaz, eta bitartean beste eskuko hatz erakuslea ezpainetara hurbiltzen zuen, semeak zaratarik egin ez zezan. Ricardok amari begiratu zion, gero txakurrari eta, txintik esan barik, esku artean zeukan historia-liburua irakurtzen jarraitu zuen.
—Gu zaintzen ari dira… Ez dakidala uste dute, baina beti ari dira gu zelatatzen.
Ricardok une batez ikasten ari zena utzi eta sofan eserita zegoen amari begiratu zion, gero liburura begiratu zuen berriro. Amak ilea nahasita zeukan eta begiak zabal-zabalik, larregi, bazirudien begi-globoak betazaletatik aterako zitzaizkiola, eta “Turko” txikiari begiratzen zion etengabe, eta hark, belarriak tente, burua altxatzen zuen etxekoandrea begira zegokiola sumatzen zuenean. Emakumea zakar mugitzen zen sofaren alde batetik bestera. Noizean behin, jaiki eta leihora joaten zen. Buruaz keinuak egiten zituen eta eskuekin espantuak kristalen aurrean, bere burua ikusarazi nahian, oinezkoek jakin zezaten berak bazekiela zer nolako kontu isilpekoak zituzten haiek.
—Nik esango dizkiet lau gauza. Uste dute ez dakidala…
Gero semearengana hurbildu zen. Semeak keinu ozpindu batez hartu zuen. Ekonomiaren Historiako azterketa zuen, eta amak ez zuen bakean uzten. Hala ere, ez zion agiraka egin. Etsita zegoen ile harroko bizikidea han izatearekin. Ama belarrira hurbildu zitzaion xuxurlaka:
—Mikrofonoak jartzen dituzte guri entzuteko. Lau gauza esango dizkiet. Nik ez baneki bezala non dauden…
Melinda egongelatik irten zen. Ikasle gazteak amari begiratu zion korridorean aurrera isilgordeka alde egiten zuen bitartean. Handik gutxira, ahotsak entzun ziren atzeko gelan, sukaldetik harantzago dagoen gelan. Amaren oihuen oihartzunak etxean zehar barreiatzen ziren, arrazoimenari ihesi zebilen mamu baten kate-hotsak bezala. Ricardok, belarriak eskuez estalita, ukondoak mahai gainean finkatu zituen ikasten jarraitzeko asmoz. Ezinezkoa gertatzen zitzaion. Zutitu eta ama paretekin berbetan ari zen gelako atea itxi zuen. Gero, egongelakoa itxi eta liburua hartu zuen berriro. Txakurrak burua alfonbraren gainean pausatu eta belarriak makurtu zituen. Isilune bat izan zen gela hartan. Arnasten zen lasaitasunaren lekuko zen erlojuaren tik-tak mutua. Mutila lasaitu egin zen liburuko orriak patxadaz pasatzen zituen bitartean. Zakurra atera hurbildu zen eta bultza egin zion hankaz; ireki egin nahi zuen. Euriak gogor jotzen zuen leihoetan. Ura kristaletan behera irristatzen zen, erorketa bertikaleko errekasto txiki eta gardenak balira legez. «Turko», egon gelako atetik aldenduz, sofara igo zen, han uzkurtu eta begiak itxi zituen.
Bat-batean, Melinda zakar sartu zen eta bila hasi zen, gelaren alde batetik bestera, txakurra sofa gainean ikusi zuen arte. Keinu azkar eta zakarrez, urduri ageri baitzen, semearengana oldartu eta galdetu zion:
—Zer esan dizu Sergiok? Badakit nitaz jardun duzuela nire atzean. Uste duzue ez naizela konturatzen. Tenteltzat naukazue, ala?
Nahiz eta liburuek etengabe eskatzen zioten arreta, mahaitik jaiki zen mutila, eta baso bat ur eta pilula bat eskaini zizkion amari, ahotsa ozenduz esaten zion bitartean:
—Hartu pastilla hau!
—Zer esan duzue nitaz?
—Aita hilda dago! Duela urtebete hil zen!
Gero pastilla ahora hurbildu zion. Amak errefusatu egin zuen, aurpegia albo batera jiratuz. Ricardok aire-ahokada handi bat hartu eta beso batez eutsi zion amari, bestearekin pastilla hortz artean sartzen saiatzen zen bitartean. Melindak indarrez itxi zituen ezpainak eta ebakortzak estutu zituen ez hartzeko. Gogor mugitu eta gorputz osoarekin kontra egiten zion. Indarrez bultza egiten zion semearen eskuari sendagaiari uko eginez. Mutilak, bere onetik aterata, amaren eskuari heldu zion, eta ezpainak behartu zizkion berriro, eta hain bortitz indarka eginez, lurrera erori ziren biak. Pastilla sofaren azpira joan zen, eta edalontzia alfonbra gainera isuri zen. Ricardo egindakoaz damututa zutitu zen eta amari lagundu zion zutik jartzen. Amak bortizki errefusatu zuen semea, zera aurpegiratzen zion bitartean:
—Ez dut hori inoiz gehiago hartuko! Har ezazu zeuk!
Gero, zutitu eta “Turko” zegoen sofara hurbildu zen, eta, txakurra seinalatuz, oihu egin zuen, eskuekin espantuka jardunez animaliaren aurrean:
—Zu!, Sergio zara, ezta? Ni ez nauzu engainatuko!
Txakurra seinalatzen zuen besoak gora eta behera zakarki astinduz. Halako imintzio eta keinuen aurrean, lasai zegoen animaliak jauzi egin zuen sofatik, eta zaunka egin zion etxekoandreari, amorruz betetako letaginak erakusten zizkion bitartean. Emakumea, izuturik, besaulkiaren gainera erori eta bertan uzkurtu zen, burua besoez estaltzen zuen bitartean. Zakurrak zaunka egiteari utzi zion, belarriak jaitsi eta goitik behera dardarka zegoen etxekoandrearengana hurbildu zen. Rikardok, ama besaulkian uzkurturik, eskuak garondoan gurutzatuta burua estaltzen eta dardarka ikusi zuenean, lehenago aitak garrasi egiten zionean egiten zuen bezalaxe, pastilla eta baso bat ur hartu, harengana hurbildu, besoak aurpegitik leunki kendu, masailean musu bat eman eta bularraren kontra estutu zuen, amak pilula hartzen zuen bitartean.
©F. Urien