Atea irekita

XXXX. urteko martxoa zen, gure arloko zuzendariordea lankide berri batekin iritsi zen, buru guztiei aurkezten zien, guri, enplegatu xumeoi, izan ezik, eta, egia esateko, gu ginen harengandik hurbilen egongo ginenak, ni neu zehazki aurre-aurrean, haren bulegotik bi pausora. Gure harridurarako, enpresako presidentearen senide bat zen.

Lagun berri harekiko harremana apur bat tirabiratsua eta deserosoa izan zen, bai berarentzat, bai guretzat; gure ondotik burumakur igarotzen zen, eta zerbait esaten zuenean ‘egun on’ edo antzeko zerbait besterik ez zuen esaten. Gizona gu geu baino deserosoago zegoela ageri zen. 

Hamabost bat egun geroago, gure buru hurbilenak aurkeztu egin zigun; apur bat bitxia eta zentzugabea izan zen, bi astez ondoan izan duzun pertsona bat aurkeztea ez baita oso normala. Handik aurrera, gizona komunikatiboagoa izan zen, agurtu egiten gintuen eta noizean behin berbaren bat zuzentzen zigun, guk ere hitz egiten genion. 

Iritsi zenean, leihorik gabeko bulego batean (espedienteen agiritegi zaharrean) sartu zuten, gure aurrean. Hasieran atea itxita edukitzen zuen gizonak, doministiku egiten zuen maiz, harik eta egun batzuk gaixo eman zituen arte; nik uste dut ez zuela oso ondo pasatu bulego hartan egon zen bitartean. 

Poliki-poliki, atea irekitzen hasi zen, baina telefonoak jotzen zionean atea itxi egiten zuen, eta telefonoa eskegitzean ireki berriro. Gu hain hurbil geundenez eta jakinik presidentearen familiakoa zela, beti pentsatzen genuen zer-nolako elkarrizketa sekretuak izango ote zituen atea itxi behar izateko, jakin barik edozein pertsonaren elkarrizketa normalak zirela.

Baina pixkanaka-pixkanaka konturatu egingo zen lagunkoiak ginela, ez beligeranteak, hau da, enplegatu xume eta arruntak, halabeharrez normalak, atea zabalik uzten hasi baitzen maizago, baita telefonoz deitzen ziotenean ere; hala ere, batzuetan jarraitzen zuen atea ixten telefonoak jotzen zuenean, eta orduan guk gure irudimenari hegan egiten uzten genion eta ‘Nork deitu ote dio?’ galdetzen genion geure buruari.

Egunak aurrera joan ahala, konfiantza gehixeago izaten hasi ginen, hark gurekin eta guk harekin, atea gero eta luzaroago egoten zen zabalik, orain ia denbora guztian, eta gainera apur bat lagun izaten ere hasiak ginen. Ia lankideak ematen genuen, denok geunden gusturago, desagertuak ziren hasierako tentsioak, ate itxia, konfiantzarik eza, elkar ez agurtzea, gure ondotik burumakur igarotzea, etab. Hori guztia desagertua zen.

Geure buruari egiten genizkion galderak ere (“Zer egiten ote du gizon horrek bulegoan giltzapetuta, atea itxita, leihorik gabe, bakarrik?” eta antzekoak) desagertu egin ziren. Azkenean, atea zabalik uzten zuen.

Baina Saila berregituratu egin zuten, eta gure lankidea beste solairu batera eroan zuten, oraingoan bulegorik gabe baina leihoarekin, eta poztu egin ginen berarengatik.

Hura egondako bulegoa hutsik geratu zen, han bilera-gela bat jarriko zutela esan ziguten, baina ez. Egun batean, mantentze-lanetako mutilak iritsi ziren, eta bakarra zegoen lekuan lau mahai jartzen hasi ziren, eta lau ordenagailu, aulkiak eta abar. Argiketariak ere etorri ziren, eta lekuaren fisonomia aldatu zuten. 

Bi egun geroago, hiru mutil gazte eta neska bat iritsi ziren enpresako beste buru batekin, han sartu zituzten, ‘itxi’ egin zituztela esan behar nuen, eta orduan ere ez ziguten inor aurkeztu. Beraz, aurreko egoera errepikatu zen berriro.

Berriro ere bulegoko atea itxita, orain, aurrean gintuztenean, pertsona baten ordez, lau pertsona igarotzen ziren agurtu barik, burumakur eta beste aldera begira. Auditoria-enpresa batekoak zirela esan ziguten. Ur bila, bazkaltzera, beren gauzetara… irteten ziren, atea ireki eta itxi egiten zuten instintuz, zerbait egingo genien beldur balira bezala, haien arerio bagina bezala. Guk, berriz, eroso senti zitezen saiatuz, agurtu egiten genituen, “Egun on, hor daukazue kafeontzi bat, eta sandwichen makina, …” eta abar; haiek barre murritz bat egiten zuten edo lausoki erantzuten zioten agurrari.

Bulego barruan ez zen inoiz ezer entzuten, ez ahotsik, ez telefonorik; denbora igaro eta bi bakarrik geratu ziren, mutil bat eta neska bat, eta denak berdin jarraitzen zuen: atea itxita, isilaldiak, eta irteten zirenean barre murritz bat. 

Egun batzuetan neska bakarrik geratu zen, eta guri pena apur bat ematen zigun; izan ere, pertsona bat bakarrik gelan, atea itxita, leiho barik, ordenagailua bakarrik lagun zuela orduak eta orduak, eguna joan eta eguna etorri… 

Beraz, oso noizean behin, atea irekitzen genuen eta esaten genion: “Zerbait behar duzu?” edo “Han duzu atsedengune bat” edo…; eta iristen zenean agurtu egiten genuen, eta irteten zenean esaten genion: “Nahi baduzu, eta erosoago bazaude, utzi atea irekita”. Baina, bitxia bada ere, hark itxita edukitzen zuen, badirudi bere erabateko intimitatearen babesle sutsua zela, edo agian, batek daki, baliteke hori egiteko aginduak izatea.

Astebete geroago, haren beste lankide bat etorri zen, eta guk egoki agurtzen jarraitu genuen, eta abar. 

Egun batean, goiz erdian, atea ireki eta mutiletako bat irten zen, norengana jo ez zekiela begira geratu zen, eta azkenean guraize edo artazi batzuk uzteko eskatu zigun; guk, atsegin handiz, utzi egin genizkion eta eskerrak eman zizkigun normaltasunez, aurrerapen ona iruditu zitzaigun harremanetan.

Beste egun batean, zulagailu bat eskatu ziguten, eta inoiz agurtzen ez zaituen eta behin gatz pixka baten eske etorri zaizun auzokoak bezala, “kaixo” esaten hasi zitzaizkigun beren ekimenez, inork behartu barik! Orduan iritsi, sartu, irten, joan eta etorri egiten ziren, irribarre egin eta agurtu egiten gintuzten, “kaixo” eta “agur” esaten zuten, baina horraino iritsi ginen, hainbeste ahalegin eta gero, horraino bakarrik.

Eta ateak itxita jarraitu zuen, zein polita izango zen atea irekita izatea behintzat.

 

Juan Carlos Ruiz de Villa

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies