“Juanjo, animatuko al zara aldizkarirako artikulu bat idaztera?”. Araceliren ahotsa zen, ezti eta gizabidetsua, beti legez. Agur esateko unean izan zen, Arraizko Galizia Etxean. Ahots irmoa ere bazen, beti bezala. Ordu batzuk lehenago, ohi bezala, Indautxuko plazako metroaren sarbidean elkartu ginen Pagasarrira igotzeko asmotan. Ez genuen ezer utzia zoriaren esku: plana ezin hobeto moldatua zegoen, ibilbidea erabakita, eguraldi ona eskatuta,…
Pagasarriren erakargarritasuna, neurri handi batean, bere aniztasunean datza: bizimoduetan (Bolintxu, hiritik hain gertu, gune pribilegiatua da alde horretatik), bideetan, zokoguneetan, askotariko paisaietan, … Beraz, gure asmoa, beti bezala, biderik jendetsuena saihestea zen: Artabeko pista, Pastorekortako lepoa eta Zollo aldera dagoen labar gaineko harkaitza aukeratu genituen, gailurrera iristeko eta gero aterpetxera, tortilla eta txorizo egosiz hornitua egongo baitzen… Plana ezin hobea zen.
Baina gero dena okertu zen. Eta ondo baino hobeto prestatua genuen! Une batez, Guardia Zibilak duela urte batzuk Araban jarri zuen operatibo bat ekarri zidan gogora egoera hark.
Kontatzen dutenez, Gasteiztik Estibalizko santutegi aldera ihes egin zuen lapur-talde bat harrapatu nahi izan zuten. Eta Beneméritak, dirudienez, eremu batean inguratu zituen ezin hobeto: errepide, basabide eta bidezidor guztiak moztu zizkieten, ihesbide barik utziz. Setioa estutuz joatea besterik ez zuten egin behar, minutuak beharko zituzten horretarako eta ez orduak. Dena ondo egina zuten, baina gauza harrigarri bat gertatu zen: lapurrek egin zuten txarto. Esparru kontrolatuaren barruan kokatu beharrean, kanpoan kokatu ziren. Akats barkaezin hori egin zuten eta, ondorioz, ezin izan zituzten harrapatu.
Gure akatsa klaratarrak kontuan ez hartzea izan bide zen. Ai, klaratarrak! Gotzain frankista-zismatikoaren istilu horrekin ez genizkien klaratarrei arrautzak eroan. Batek daki! Beharbada hori izan zen ondoren etorri zen guztiaren jatorria. Hasteko, aterpetxea itxita omen zegoen ur-hodietan izandako matxura baten ondorioz, eta, beraz, ezingo genuen ohiko mokadutxoa egin: txorizo egosia eta tortilla, alegia.
Eguna, gainera, oso euritsua zetorren. Zikloi, lurrikara edo, auskalo!, beste hondamendi beldurgarriren bat ere ezin genuen baztertu.
Okerrenerako prestatu ginen eta, hala eta guztiz ere, 20 zoro baino gehixeago Eskurtze eta Larraskitutik gure mendiaren lehen adarretara abiatu ginen.
Euriak ez zuen atertzen, eta gu, blai egin ahala, espezie baten, “sapiens”aren, barruko biodibertsitate ezkutua ere ezagutuz joan ginen.
- Aizu, euriak horrela jarraitzen badu, agian hobe dugu Artabeko pista eta abar utzi eta bide erosoenetik joatea.
- Biderik erosoena erosoena da, baina ez motzena.Aldatu behar badugu, eta horretara jarrita, goazen laburrenetik.
- Bai zera! Horrelako eguraldiarekin, lokatza handia izango da hor.
- Aizu, eta gainera aterpetxean ezin badugu ezer jan, zergatik ez dugu plana aldatzen, Arraizera joan eta han mokaduren bat egiten Galizia Etxean?Harainoko bidea ere oso polita da…
- Zer diozu! Pagasarri da helmuga, goazen Pagasarrira eta, gero bai, joango gara Arraizera, baina Pagasarrira igo ostean.
Dena txarto buka zitekeen. Niri neuri, taldean noanean, ez zait gustatzen ez inor gehiegi aurreratzea, ez inor atzean uztea, ez taldea zatitzea. Are gutxiago, euria eta lainoa dagoen egunetan. Eta banantzea baino amore ematea nahiago duen koldar horietakoa naiz.
Baina sapiensen aniztasunarekin topo egin genuen eta, nola ez, beraien adin-nagusitasunarekin; beraz, azkenean, zatiketari… amore ematea beste erremediorik ez zen izan: talde bat Pagasarriko zelaira eta aterpetxera abiatu ginen, eta bestea, berriz, zuzenean Arraizera.
Azkenean, denok Arraizen elkartu ginen berriro eta, bukaerako agurrean, betiko tonu leun eta gizabidetsuarekin, beti bezain irmo, berriro entzun nuen Araceliren ahotsa: “Juanjo, mesedez, anima zaitez elkartearen aldizkarirako artikulua idaztera”. Baietz erantzun nion, adeitsu eta uzkur, nahiz eta biok jakin zorioneko artikuluak itxaron egin beharko zuela.
“Juanjo, artikulua, arraioooooooa!”. Hilabete pasea zen eta ahots hura eta doinu hura ez ziren Aracelirenak. Txema Múgica aluarenak ziren (horrela idazten genuen, “Múgica”, biok Patronatuan ikasten genuenean –berak probetxu gehiago ateratzen zion–).Hitz eman nion egun pare batean egingo nuela… baina amaitzerako zazpi izan ziren.
Eta azkenean, Guardia Zibilak Arabako atrakatzaileei egindako itxitura edo setioan bezala, apirilaren 18 euritsu hartan Pagasarrin bezala, hainbeste eremutan maiz gertatzen den legez, ustekabeak astindu gaitu eta, batez ere, Araceli astindu du.
Orain, Araceliren ahots leun, gizabidetsu eta tinkoa luzaroan entzuten jarraitzea espero dut nik, eta grazia hori lortzea espero dut. Eta espero dut, baita ere, heriotza gurtzen duten gizatxar horiek guztiak desagertuko direla lurraren gainetik, edo, behintzat, ez dezatela inoiz atsedenik izan bertan. Baina jakin badakit ez dudala grazia hori lortuko.