Neguko txangoa: Tolosa, Idiazábal, Zerain, Segura


Otsailaren 20an, ostegunean, Gipuzkoako lurretan gertatuaren laburpen txiki bat egiteko eskatu zidan berriro Jorgek.

Hasteko, eguna eguzkitsu eta distiratsua izan zen, fresko samarra, bazirudien guretzat berariaz programatu zutela klimatologiaren jabeari errogatibak eginez, nahiz eta ez dakigun nor den jabe hori.

Patroi eta babesleen zerrendan bila ibili naiz eta Santa Rita aurkitu dut, ekaitzena; baita Santa Barbara ere, meatzariena eta artillariena; eta San Gria, mozkorrena; baina meteorologoentzat inor ez.

Autobusera sartzeko behar ziren txartelak egiaztatu eta zahartzaroaren aurkako kontrol zorrotzak gainditu ostean, germaniar puntualtasunarekin –goizeko 9:00etan– abiatu ginen ia betetako bi autobus distiratsutan, bajaren batzuekin gripe arruntengatik, baina ez koronabirusik eta ez antzekorik.

Bidaia atsegina, salbu eta Areitioko tunelean sortutako auto-ilara txikia, zabortegiko zorigaiztoko ezbeharraren hondakinak kentzeko lanak direla eta. Langile batzuk ikusi genituen hondakinak kentzeko beharrean. Bide ona Bergararantz. Deskargako tunel berrietatik igaro eta ordu eta erdi eskasean Tolosan ginen

tolosa1

Hiribildua banderaz, zintzilikarioz eta oihalez apainduta zegoen marrazki koloretsu ugarirekin. Ertzain-etxearen fatxada ere apainduta zegoen.

Autobus bakoitzerako gidari bat genuen zain, gureak, bitxia bada ere, “Braian” zuen izena, Brian esango lukete beste batzuek, eta oso era atsegingarrian eman zigun xehetasun historikoen eta hiriko pasadizo txikien berri.

Zerkausiko merkatutik hasi ginen; harresiz kanpo Oria ibaiaren gainean eraikita dago, garai batean herriak bere barne-espazioan zituen mugapenen ondorioz. Beraren azpian, eta zoladuran zeuden argizuloen bidez, hiribildua inguratzen eta babesten zuen harresiaren zimendu-aztarnak ikusi genituen. Garai batean hura ixten zuten arku-ateetako bat ikusi genuen.

Hiriaren garrantziaz dokumentatu gintuen. Probintziako hiriburua izan zen, Nafarroaren eta Kantauriko beste portu batzuen arteko komunikazio-gune bat baitzen, iragan historiko garrantzitsua zuena.

Urte askotan zehar pribilegio eta foru ugari izan zituen, Donostiak ez zituenak, hau arrantzale-herrixka bat baino ez baitzen, Erregina udak pasatzera iritsi zen arte, eta, noski, orduan goratu beharra zegoen, hiriburu kategoria emanez. Tira, apur bat erreta daude Ñoñostiarrekin. Era berean, gogorarazi zigun Tolosa karlismorako joera handienetakoa izan zuen hiria izan zela.

Beste bitxikeria batzuen artean, zezen-plaza, XX. mende hasierakoa, urtero zezenketak izaten dituzten bakanetakoa da.

Euskal Herria plazan dagoen Txotxongilo Museora eraman gintuen, eta gero haren ondoko Bide-Bide hotelera joan ginen, han gure zain baitzeuden hamaiketako eder batekin: kafetxoa, tortillak, pastelak, kroketak, … oso erakargarria dena, goiz freskoa zen-eta.

Tolosaldeko espezialitateetako bat ere aipatu zuen, bertoko babarruna, “anothergauza” dena eta bertan dasta daitekeena. Erabat beltza eta pikart bakoa izateak bereizten du. Ez da aurrez beratzen utzi behar, eta su eztitan egosi behar da, irakin handirik gabe, hautsi ez dadin. Txuletez hitz egingo dugu eroaten gaituzten beste egun batean.

Zigarrotxo, teila eta xaxu ospetsuak erosteko aprobetxatu genuen, nahiz eta irmo adierazi behar dudan askoz hobeak direla Deustuko California gozotegikoak

tolosa2

12:00etan txupinazoa bota eta salto egitera. Jende gaztea udaletxeko plazan oso animatuta. Suziriari su eman ezinda ibili zen arduraduna, baina, azkenean, atera zen inauteriak iragartzen zituen txupinazoa. Gazteak, saltoka eta jauzika, konpartsetan kalejiran. Zaharkituok, inbidiak urtzen, autobusetara joan ginen.

Ordu-orduan, autobusa eta bidaiariok Idiazabalera iritsi ginen Aranburu gaztandegira, eta han gure zain zeuden gaztak zelan egiten dituzten erakusteko.

tolosa3 tolosa4

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Prozesu guztia ikusi genuen: behiak jeztea, pasteurizatu barik esnea berotzea, gatzagia eta gatza ematea, moztea, moldekatzea, prentsatzea, lehortzea, ontzea, … eta hori guztia altzairu herdoilgaitzezko upeletan, garbitasun bikainarekin. Gaztak dastatzen irakatsi ziguten, kontuan izanda haien kolorea, lurrina, testura eta ahosabaian zaporea. Tira, egundoko esperientzia neofitoontzat.

1.200 ardi dituzte, eta gaztak 10 hilabetez egiten dituzte. Gutxi gorabehera, zazpi litro ardi-esne gordin pasteurizatu bako behar dira, behar bezala ondutako kilo bat gazta egiteko.

Duela urte gutxi batzuk arte, larre batzuk Segurako Aranburu familiarenak ziren, gure lankide baten amaren familiarenak. Gaztandegiak, abizen bera izan arren, ez du hurbileko ahaidetasun-harremanik familia horrekin.

Gazta batzuk erosi ostean Zerainera joan ginen, Ohiarte sagardotegira, han ere gure zain zeuden eta.

tolosa5 tolosa6

 

 

 

 

 

 

 

Eserita, behar den bezala, ez zutik, beste batzuetan lez. Sagardo gozo eta freskoa dastatzeko txistor-pintxo txiki bat eman ziguten; atzetik etorri ziren bakailao-tortilla, oso mamitsua (arrautza askokoa), bakailao puska bat tomate eta piperrekin, eta txuleta zatikatua. Postre gisa, gazta, Idiazabal noski, irasagar-gozokia, intxaurrak, … eta kafea eta txupitoak.

Dena oso ona, ugari eta bikain zerbitzatua.

tolosa7

tolosa8

 

 

 

 

 

 

 

 

Bapo berdinduta eta asebeteta, bilbainada batzuk abestu genituen Angela, Araceli eta Jorgeren osasunari topa eginez, dena zehazki eta ezin hobeto antolatu zutelako.

tolosa9 Jarraian Segurara. Zeraindik oso hurbil dago, eta han ere gidari bat genuen zain, herriaren duintasuna ezagutarazteko prest. Alfontso X.a Jakitunak sortu zuen Segura, eta kokaleku estrategikoa duenez, goragune batean eta Oria ibaitik gertu baitago, garrantzitsu bihurtu zen. Erdi Aroko herrigunea almendra motakoa da, kaleak ia paraleloan ditu, kantoi edo kalezuloz zeharkatuta.

 

tolosa9a

Monumentu Historiko-Artistikoa den Jasokundearen Parrokiara sartu ginen, gotiko estilokoa erretaula Churrigueresco oso aberatsa duena. Ez dut gogoan hain zutabe lirainak dituen beste elizarik. Oso interesgarria. Erdiko lanpara edo argi-armiarma ikusgarria da, eta esaten da Lyongo katedralerako zela, baina lekuz aldatzean egindako hutsegiteagatik Seguran geratu zela. Inskripzio bitxi batzuk daude fatxadan: “La maldición de la madre abrasa y destruye de raíz hijos y casa” (Amaren madarikazioak seme-alabak eta etxea erre eta suntsitzen ditu errotik), eta beste bat, “En la casa del que Jura no faltara desventura” (Birao egiten duenaren etxean ez da zorigaitzik faltako) dioena.

 

tolosa9b

 

Bertan jaioen herritar-izena segurar da, baina “zopajaleak” ere esaten zaie ezizenez

Hainbat jai eta tradizio ditu, eta batez ere Aste Santukoak nabarmentzen dira, Gipuzkoan prozesioak egiten diren leku bakanetako bat baita. Beste ohitura errotua San Nikolas Txiki Eguna da; bertan, herriko haur bat gotzain izendatzen dute, eta gotzainari dagokion lez jantzita, herriko haur guztiekin batera kantu bat abesten ibiltzen da, balkoietatik gozokiak botatzen dizkieten bitartean.

Ilunabarrean autobusetara joan ginen erdi lotan, eguna oso egitekotsua izan baitzen eta klase pasiboko izateak ez duelako jada barkatzen; gure Botxo edo zulora itzuli ginen ordu-orduan, arratsaldeko 8etan.

Eskerrak eman behar dizkiegu dena zuzen baino zuzenago antolatzeko hainbeste saiatzen direnei. Txango BIKAINA, ikastetxean ere ez gintuzten hain ongi eta hain PREZIO ONEAN inora eramaten!!!!!!!!!!!!.

ZAINDU ETA AGUR GUZTIOI!!!

Jose Ignacio Segovia

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.