Alanbre-hesi artean
(Bielorrusia – Polonia muga)
Gau hartan izotz-burruntziak zeuden izarretatik zintzilik, musika-notek dar-dar egiten zuten pentagrama isilean, argia ihes egina zen leku goibel hartatik, sinfonia astiro erortzen zen, ihes egin gura zuten elur-malutak bezala. “Ez begiratu atzera, ez begiratu atzera”. Zelai ilun eta hotzak marrantatuta arnasten zuen, hilzorian balego bezala, bizitza hor, alanbre-hesiaren ondoan, amaituko balitz legez. Beste aldean, aitak kontatua zion maitagarri eta iratxoen istorio hura zegoen. “Ez begiratu atzera”. “Baina frontea hain dago ilun…” hasperen egiten zuten han, ikusi gura ez zituzten bi munduren artean, harrapatuta geratu ziren arimen ametsek.
Ez, ez zitzaizkien axola mutiko haren negar-zotinak, sei urte besterik ez bazituen ere. Ikaratzen hasia zen alanbre ziztadunen bestaldeko argien oihartzunekin. Infernua existitzen da? Jendearen ahotsak ostertzeko soka ilunean ezkutatzen ziren, ia ez ziren entzuten. Ilunabarrean ez zegoen kolorerik. Listua irentsi zuen. “Aita, esnatu!”. Kilker baten kantu eten eta herabea entzun zen. Ilunpe urdinak dir-dir egiten zuen leku isil batetik. Hotzak ote dago? Zuhaitzen adarren eta han ez zegoen baina engranajea geratzen ez zitzaion erloju baten tik-tak artean erortzen zen itxaropena, zatika. Atzean, alanbre-hesiak argia ere ebakitzen zuen, ez zuen uzten ostertza hurbil zedin, ezta txorien kantua entzuten ere. Haizeak mitxoleta beltzen petaloak garraiatzen zituen, ez ziren ikusten, baina mutikoaren aurpegiko azal mehea ukitzen zuten, eta hura ikaratu egiten zuten. “Aita, esnatu!”. Isiltasunak begi errugabeen distira asaldatzen zuen, betazalen kontra malko-olatuak zerizkiela, gainezka egiteraino.
Ilargiak ez zuen jada barre egiten, apenas argitzen zuen pixka bat, han, isiltasunaren baso urrunean, alanbre-hesiaren beste aldean: lorez eta txoriz betea, non musika adarren artean flotatzen baitzebilen, gura gabe entzuten zen sinfonia bat osatuz; itsasgizon armagabeentzako sirena-kantua. Hara ezin da joan, hain dago urrun… Hainbeste amildegi daude haurraren begi izutuen eta iratxo eta maitagarri haien erresumaren artean, ezen haiek amestea baino ezin baita egin. Jendearen ahotsak jada ez ziren entzuten. Lurra hotz eta heze zegoen, han lurperatutako hildakoak metalezko orri puntazorrotzen bi ilarek osaturiko korridoreko lur-zerrendan arrastaka zihoazen bizitza gutxietsiei, isiltasunezko xuxurla batez, deika ari balitzaizkie bezala. “Aita, esnatu!”. Esku txikiek nekez mugi zezaketen berarekin zegoen gizonaren gorputza.
Haizeak indar handiagoz jo zuen. Ilunpe hotzak itxaropen urragarriak oihukatzen zituen zuhaitzen artean, argi mehe eta epelaren isiltasun lasaian ixten zen mundu bati ohartarazi nahirik. Haize bihozgabea astiro zebilen zuhaitz enborren eta pasabide iluna apaintzen zuen isiltasunaren artean. Elur-malutak, sinfonia gezurti baten doinuan hegaldatzen zirenak, mutu erortzen ziren eta belarren, zuhaitz-sustraien eta lokatz zakarraren artean nahasten ziren, lur bihozgabetu bat besarkatuz. Ilargiak bere argi-besoak zabaldu zituen eta bere aitaren sabel gainean zegoen mutiko bat argitu zuen. Brisak gizonaren ilea mugitu zuen. “Aita, esnatu!”.
Xuxurla bat besterik ez, isiltasunak harrapatu gura izan zuen xuxurla bat, alanbre ziztadunen beste aldean jaiotzen ari zela zirudien egunsentiari enbarazurik egin ez ziezaion. Mutikoaren esku batek aitaren berokiari heltzen zion, bestea jada mugitzen ez zen aurpegi baten gainean pausatuta zegoen. Une hartan isiltasuna arnasestuka ari zen urduri. Tiro baten hotsa entzun zen urrunean, eta haren oihartzunak desafioa errepikatu zuen, gero eta ahulago, egunsenti geldo baten baretasunean. Aitaren aurpegia ilargiaren kolorearekin eta goizaldeko izotz zuriarekin nahasten zen.
Mutikoaren ezpainek jada ez zuten arnasarik hartzen, zuritzen ari zen haien gorrimina. Jada mugitzen ez zen mutiko baten aurpegia laztandu zuen zeruko musikak. Brisa epel batek besarkatu zituen gorputzak, estaliz, inork susmatu ez zezan han hazten ziren loreak itxaropen baten fruitu zirela.
© Fernando Urien