Neguko txango bat


Joan den ostegunean, otsailak 20, eta gure Erretirodunen Elkartearen gidoiaren arabera, boluntarioen arrakasta handiarekin, “EZ DAGO TXARTELIK” ipini behar izan baitzen, ohiko irteera-puntuan elkartu ginen TOLOSAra, IDIAZABALgo ARANBURU gaztandegira, ZERAINgo OIHARTE sagardotegira eta, azkenik, SEGURA Erdi Aroko herrira joateko.

Puntualtasun bikainarekin ─azkenak irteera-ordua baino bi minutu lehenago iritsi ziren, eta beste guztiak ordurako autobusetan eserita zeuden, hori da hori antolaketa!─, Bilbotik irten ginen lehen etaparantz, eta aurreikusitako orduaren inguruan iritsi ginen bertara.

Han gure zain zeuden gidariek Tolosa hiriaren, garai batean probintziako hiriburu izanaren, bisita labur baina interesgarria egin ziguten. Nafarroako zubitik Berdura plazara, barazkien azoka egiten den lekura sartu ginen, betiko lekuan jarraitzen duelarik; kolore biziz apainduta zegoen, gure Athletic-en kolorez, gustu oneko jendea leku guztietan dago eta. Gero Gaztelako Atearen aldetik Euskal Herria Plazara iritsi ginen, tolosarren gaur egungo bilgunera; txikiagoa izan arren, gure Plaza Barria edo Donostiako Konstituziorena gogorarazten ditu plaza honek. Han gure Elkarteak atsedenalditxo bat eman zigun, eta denbora izan genuen tortilla gozo edo kroketa eder bat egiteko, kafetxo batez lagunduta.

TOLOSAko INAUTERIetako OSTEGUN GIZEN zenez, Udaletxeko plazara hurbildu ginen; izan ere, eguerdiko 12etan jaien hasierako txupinazoa jaurti zen, eta han herri osoa zegoen bilduta mementoaz gozatzeko: txikerrak, handiak, ertainak, haur-kotxeetan zeuden umetxoak, aitaitak, amamak, …; nire ustez, San Ferminetakoarekin parekatzeko modukoa izan zen. Azpimarratu behar dut herriko balkoi guztietatik zintzilika zeudela maindire edo “izarak”, horrela deitzen zirela esan zigun gure gidari Jon Anderrek; bakoitzak bere kolore eta formak zituen, asko xake-itxurakoak; hala, Tolosak bere festa-jantzirik onenak erakusten zituen: ikusgarria!

Berriro ere puntualtasun txalogarriz, Idiazabal aldera abiatu ginen, ARANBURU gaztandegira, Ordiziako zein Gernikako gazta-lehiaketak hainbat aldiz irabazitakora. Han Olatzek, pertxenta eta oso adierazkorra bera, gaztandegiaren historia kontatu zigun, ardi-kopurua, zelan dituzten bi taldetan, eta zelan izaten dituzten arkumetxoak Gabon eta uda bezperetan, eta 30 egunez amaren esnea bakarrik hartu ostean… keinu argi eta garbia egin zuen… hiltegira doazela; gazta egiteko prozedura ere kontatu zigun, bere identifikazioa eta abar.
Haren osabak, hiru anaia dira, sarrerako berba askorik gabe, 4 produktu erakutsi zizkigun, bat 4 hilabetekoa, gauza bera ketua, eta beste batzuk urte eta erdikoak, ketu bakoa eta ketua; haiek dastatu ahala, bakoitzaren antzinatasuna eta kea bereizten joan ginen, eta gero, gura izan zuenak, gehien gustatu zitzaizkionak erosi zituen.

Asti handirik ez genuenez, berehala OIHARTE sagardotegira joan ginen, eta han, ingurune paregabean, sagardotegietan ohikoa den menua genuen gure zain: bakailao-tortilla, bakailaoa, txuleta, sagardoa gura beste, eta postre lez intxaurrak eta gazta irasagarrarekin, eta tragoxka bat gure Elkarteak gonbidatuta

Azkenean, iritsi ginen Segurara, Erdi Aroko herri ikusgarrira; ideia bikaina izan zen hura txangoan sartzea. Nik ez nekien herriaren edertasunari buruz ezer, ezta monumentu historiko-artistiko izendatuta zutenik ere Jasokundeko Andre Mariaren parrokia-eliza, erretaula bikain bat duena; denbora gutxi izan arren, talde osoari erakutsi zigun Arantzak: ezagutza handiko gidaria zen, komunikazio on eta ahots argi eta ozenekoa. Txunditu egin ninduten herriko familia handien hilobiek, beraien oroitzapena ez ahazteko eginak, benetan ikaragarria!

Elizako txoko batean, angelu zuzenean eta ondoz ondo grabatuta, honako hau jartzen du:

“EN LA CASA DEL QUE JURA, NO FALTARÁ DESVENTURA “ (BIRAO EGITEN DUENAREN ETXEAN EZ DA ZORIGAITZIK FALTAKO) eta
“LA MALDICION DE LA MADRE ABRASA Y DESTRUYE DE RAÍZ A SUS HIJOS Y CASA” (AMAREN MADARIKAZIOAK SEME-ALABAK ETA ETXEA ERRE ETA SUNTSITZEN DITU ERROTIK)

Are ikaragarriagoa!

Denbora amaitu eta argia amatatu zenez, autobusera eta bueltan Bilbora.

Laburbilduz, egun ederra, eguraldi bikaina izan genuen, eta ‘baina’ren bat jartzekotan, eduki larregitxo, agian; beraz, Tolosara eta Segurara berriro itzuli beharko dugu, lasaiago gozatzeko.

Eta gure lagun Periko Atutxaren “gatzarekin” eta “pasadizoekin” idazteko gai ez naizenez, eta gizona atsedenean zegoela dakidanez, zuzenean berari eskaintzen diot hau, besarkada handi batekin!!!

JOSE ANDOLLO

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.