Kriptodiruaren gorakada

Denok entzun dugu zerbait txanpon birtual edo kriptomonetei buruz. Baliteke zuetako askok dagoeneko zuen aktiboen artean horrelakoak izatea. Ez dira urte asko gure artean daudela, baina beraien bilakaera itzelezkoa izan da.

Kriptomonetak gobernu eta banku zentraletatik at jaulkitzen dira eta, teorian behintzat, funtzio edo eginkizun hori parte hartu gura duen orori dagokio.

“Kripto” aurrizkiak beren segurtasuna kriptografia asimetrikoan oinarritzen dutela esan gura du

Hastapenak

Satoshi Nakamotok (Bitcoina garatu zuen pertsonaren edo pertsona-taldearen fikziozko izena) 2008ko urriaren 31n eman zuen argitara lehen kriptodirua (bitcoina), eta 2009ko urtarrilean jarri zen martxan.

Lehen transakzioak bitcoin bakoitzeko 0,00076 dolarreko prezioa finkatu zuen. Gaur egun 40.867,3 $ balio du, eta azken hilabeteetan izugarri igo da bere prezioa.

2011n Litecoin agertu zen eta hurrengo urtean Ripple.

Zenbat moneta birtual daude?

2020ko irailean, Coinmarketcap webgunearen arabera, guztira 7.165 kriptomoneta zeuden munduko merkatuan.

Kapitalizazioagatik garrantzitsuenak, eta ezagunenak ere bai, honako hauek dira:

 

Iturria: coinmarketcap (13-1-21)

Kriptomoneten prezioaren bilakaera

Kriptomoneten prezioaren bilakaera desberdina da. Bitcoinek eta Ethereumek, esaterako, duela hilabete gutxitatik gainditu dituzte errekor edo markak.

(Bitcoin-aren azken 6 hilabeteko bilakaera $-etan)

(Ethereum-aren  azken 6 hilabeteko bilakaera $-etan)

Baina dena ez da arrosa-bidea; abendu amaieran, Estatu Batuetako Burtsa eta Balore Batzordeak iragarri zuen Ripple (kriptomoneta garrantzitsuenetako bat) salatuko zuela lizentziarik gabeko baloreen ustezko salmentagatik. Horrek monetaren balio-beherakada handia eragin zuen, eta oraindik ez du berreskuratu.

Zelan funtzionatzen du “blockchain” lez ezagutzen den bloke-kateak?

Blockchain banaturiko datu-egitura bat da, non erregistroak (blokeak) lotu edo estekatuta dauden transakzioen segurtasuna eta pribatutasuna babesteko. Algoritmo kriptografikoen erabilerari esker, datu-base banatu eta segurua da. Transakzio bat egitean, erabiltzaile batzuk (nodoak) arduratzen dira transakzioa egiaztatzeaz eta blockchain teknikarekin eraikitako kontu-liburu erraldoian (ledger) erregistratzeaz.

Moneta birtual bakoitzak bere blockchain propioa du.

Blockchain teknologia dagoeneko erabiltzen da mota guztietako dokumentuen benetakotasuna erregistratu eta egiaztatzeko: adibidez, unibertsitate-tituluak eta ezkontza-aktak, historia klinikoak, kontratu adimendunak eta aplikazio deszentralizatuak

Zelan sortzen dira diru birtual berriak?

Diru birtuala sortzea “meatzaritza” deitzen da. Partaideek (meatzariek) ematen diete segurtasuna transakzioei, eta, gehienetan, blockchain (bloke-katea) teknologia erabiltzen dute eta kriptomoneta berriak (ezerezetik sortuak) jasotzen dituzte beren ahaleginaren truke.

Zer da diru-zorro edo wallet bat?

Kriptodiru-zorroa “software” edo “hardware” bat da, non diru-zorroarekin bateragarriak diren kriptomonetak jaso, biltegiratu eta bidal ditzakeen titularrak. Banku-kontu bat bezala erabiltzen dira.

Edo beste era batera esanda, diru-zorroa gako pribatuak gordetzeko gune (digital edo fisiko) bat baino ez da.

Gaur egun 5 motako diru-zorroak daude: Desktop (PCrako), Mobile (mugikorretarako), Web (hodeian), papera (bai, paperean), Hardware (usb baten antzekoa)

Diru-zorroak “Full wallet” eta “Lightweight wallet” ere izan daitezke. Lehenengoek blockchain osoa dute (Bitcoinek 300 GB baino gehiago ditu); bigarrenek, berriz, gako pribatuak modu lokalean biltegiratzen dituzte, baina ez bloke-katea (hala ere, segurtasun- eta anonimotasun-arazoak dituzte; beraz, kopuru txikiak jasotzeko edo igorlearengan konfiantza dagoenean soilik erabili behar dira).

Diru birtualaren salerosketa

Diru fisikoarekiko ezaugarri bereizgarriena da transakzio batean inork ez dakiela nork erosten eta nork saltzen duen; (banku-kontuaren baliokidea den) diru-zorro digital batetik diru-kopuru bat beste diru-zorro batera transferitu gura dela baino ez da ezagutzen.

“A” pertsonak mezu bat bidaltzen die erabiltzaileei diru birtuala erosteko asmoa duela jakinarazteko. Mezu-hartzaileek egiaztatzen dute ea nahikoa saldo duen. Horrela bada, transakzio hori behin-behinean idatziko dute. Denbora igaro eta transakzio gehiago egin ahala, bloke bat osatzen da (moneta horren blockchain). Bloke-katearen gaitasunera iristean, baliozkotu egiten da. Eroslearen eta saltzailearen nortasunak ezagunak ez izan arren, publikoa da bidalketak jarraitu duen bidea.

Konputazio-potentzia handia eta, beraz, energia-kontsumo handia eskatzen duten algoritmo matematiko konplexuen bidez, blokeak etengabe geratzen dira erregistratuta katean. Bloke horietako bakar bat ezingo litzateke aldatu berarekin lotuta dauden guztiak aldatu barik, benetan gertagaitza izango litzatekeen gauza, gainontzeko nodoek baliozkotu egin beharko lukete eta. Mekanismo horrek eragiketaren segurtasuna bermatzen du.

“X bitcoin dauzkat” esatea bezain esaldi arrunta ez da teknikoki egia. Benetan, gako pribatuak baino ez dira edukitzen, bloke-katean x bitcoin esleituta dituzten helbideak kudeatzeko gai direnak. Hori da bitcoinen bitxikeriarik handienetako bat: bitcoinak ez dira existitzen berez, blockchain-eko erregistroak bakarrik, balantze bat elkartuta dutenak. Egia esan, bloke-katean erregistratzen eta baieztatzen direnak helbide desberdinen arteko kopuruen jabetza-aldaketak dira, balantzearen aldaketak.

Kriptodiru baten oinarrizko ezaugarriak

  • Kriptografia: zifratze-teknikak erabiltzen dituzte kobrantza eta ordainketa seguruak egiteko.
  • Deszentralizatuak: ez da beharrezkoa erakunde edo banku batek kontrolatzea.
  • Ezin dira faltsutu edo bikoiztu: sistema kriptografikoak erabiltzaileak babesten ditu.
  • Ez dago bitartekaririk: harreman zuzena pertsonatik pertsonara.
  • Transakzioak itzulezinak dira: ordainketa egin ostean, ezin da ezereztu.
  • Beste dibisa batzuekin truka daitezke.
  • Erabilera-pribatutasuna: negozioak egitean, ez da beharrezkoa zure nortasuna adieraztea.

Abantailak eta desabantailak, on-gaitzak

  • Bitartekariak beharrezkoak ez direnez, transakzio-kostuak txikiagoak dira
  • Seguruak dira: moneta bakoitza (edo horren frakzioa) bere jabearena bakarrik da
  • Gardentasuna: transakzio guztiak sarbide libreko erregistro global bati gehitzen zaizkio
  • Fitxategiak direnez, toki txiki batean gorde daitezke (adibidez, USB batean)
  • Orain oso erraza da kriptodirua erostea eta saltzea, eta hori errazten duten enpresa asko daude (Coinbase, Kraken, Bittrex, …). Enpresa batzuek biltegiratze digitaleko zerbitzua dute moneta birtualak edukitzeko eta transakzioak egiteko. “Wallet” gisa ezagutzen da (adibidez: Jax, Parity, …)
  • Kutxazain batzuek bitcoinak eta beste moneta birtual batzuk erosteko aukera ematen dute.

Aitzitik,

  • Horien prezioa aldakorra da (ZERO balio izatera irits daitezke, inbertsiogileen konfiantzan soilik oinarritzen baitira)
  • Kontuz ibili behar da gako pribatuak zaintzeko, horiek ematen digute-eta kriptodiruarekin jarduteko aukera. Galdu edo lapurtu egin daitezke gako horiek.
  • Mundu guztiak ez ditu onartzen moneta hauek  (nahiz eta gero eta gehiago onartzen diren, batez ere garrantzitsuenak)
  • Pribatutasuna ematen dutenez eta inongo gobernu edo bankuk arautzen ez dituenez, legez kanpoko transakzioetarako erabil daitezke
  • Diru birtual exotiko berriak eta iruzurra etengabe ari dira ugaritzen.
  • Beste arrisku batzuk ere badaude, hala nola (fitxategiak, gakoak) galtzea, lapurtzea, etab.

Mota jakin bateko zenbat moneta birtual jaulki daitezke?

Batzuek jaulkipen-muga dute eta beste batzuek ez. Adibidez:

  • 2021eko urtarrilaren 7an, BTC baten prezioa Estatu Batuetako 40.000 dolarrera iritsi zen lehen aldiz, eta guztizko 21 milioietatik dagoeneko 18.593.00 BTC inguru egin dituzte. Balio horretara iristen denean, ez da gehiago egongo.
  • Ethereum: muga bakoa (urteko jaulkipena oraingoz 18 milioitan mantentzen da), Ripple: gehienez 100 mila milioi, Litecoin: gehienez 84 milioi.
  • BitShares: muga barik. 2500 milioi euro sortu ziren, eta, ondoren, % 6,3ko hazkunde asintotikoa lehen urtean % 0,9ra iristeko 100. urtean
  • Peercoin: Muga barik. Urteko inflazioa: % 1.

Kriptomonetak salerostea

  • Interneten moneta birtualak eros eta sal ditzakegu truke-atarien bidez; atari horiek “berdinetik berdinera” (peer-to-peer, P2P ere esaten zaio) merkatua ahalbidetzen duten atariak dira
  • Mundu osoan dauden kutxazain automatikoetan ere egin ditzakegu eragiketak, erosteko (ohikoena) edo saltzeko eta eskudirua lortzeko. (Hiri askotan daude; Bilbon badago bat Henao kalean)
  • Azkenik, salmenta-eragiketak zuzenean aurrez aurre egiteko aukera dugu.

Trukerako atariak dira erabiltzeko aukerarik erosoena eta errazena kriptomonetak erosi edo saldu gura baditugu.

Ogasunari zergak ordaintzea

Kriptomoneten bidez lortutako irabaziek beste inbertsio- eta aurrezki-produktu batzuetakoek bezalaxe ordaintzen dute zerga.
Kriptomonetetan galerak ondare-irabaziekin konpentsa daitezke. Arau orokorra da inbertsio-produktu bakoitzaren galerak eta irabaziak konpentsatu ahal izango direla, eta galerak izanez gero, bere kategoria bereko beste produktu batzuekin.

Kriptomoneten salerosketak edo eskualdatzeak ez du BEZik sortzen
Beste gauza bat da zerbait erosi eta kriptomonetekin ordaintzea. Kasu horretan, erosten duzunak dagokion BEZa darama, eurotan ordaindu edo kriptodirutan ordaindu.

Meatzaria bazara, Ogasunak argitu du ez dela BEZarekin fakturatu behar, blokean ‘meatzari-lana’ (mining) egiteagatik lortutako sariek ez baitute bezero jakin bat.

Ondarearen gaineko Zerga:
Autonomia Erkidego bakoitzak gutxieneko salbuetsi bat ezartzen du.
Dauzkagun kriptomonetak abenduaren 31ko balioarekin baloratu beharko dira, eta balio hori gure gainerako ondasunei gehitu, zergak eragiten digun ala ez ikusteko.

Aurreikuspenak:
Bada Iruzur Fiskala Prebenitzeko Legea Erreformatzeko Aurreproiektu bat, oraindik onartu ez dena (COVID-19aren krisiak legegintza-jarduera geldiarazi du); eta onartzen denean, kriptodiruarekin jarduten duten plataformak kriptodiruarekin eragiketak egiten dituzten zergadunen datuen eta eragiketa horien zenbatekoaren berri Ogasunari aldian behin ematera behartuko ditu Legeak. Aurreproiektu horretan aurreikusten da, halaber, zergadunek 720 ereduan (atzerriko ondasun eta eskubideen aitorpena) aitortu beharko dituztela kriptodirutan egindako inbertsioak

Bideo honetan zergei buruzko argibide gehiago duzue:

ZERGAK, OGASUNA eta BITCOIN  

Segurtasuna

Garrantzitsua da gogoratzea, gure kriptomonetak gordetzeko billete-zorro zerbitzuak eskaini arren, salerosketarako erabiltzen diren atariak ez direla inola ere leku seguru eta fidagarria zure funtsak gordetzeko.
Pirata informatikoen erasoetarako joera handia dute. Handienek ere, Binance edo Cryptopiarekin gertatu zen bezala, hacker-en lapurretak jasan dituzte.
Gainera, truke-atarietan ez zara benetan zure kriptodiruaren jabe, ez baitauzkazu trukearen barruan dituzun billete-zorroen giltza pribatuak.
Gomendagarriena da gure bitcoinak truke-ataritik aparteko billete-zorroetan gordetzea, eta salmenta-eragiketa bat egin behar dugunean bakarrik pasatzea kriptodirua atarira.

Diru birtuala gordetzeko modurik seguruena “hotzean” da, sarera konektatuta ez dauden gailuetan, Trezor eta ledger wallet-etan, adibidez.
Ideia da aurrezkiak hemen mantentzea eta salerosketarako diren monetak eta zenbatekoak soilik igotzea truke-atariko (edo “Exchange”) diru-zorrora.
Zergatik? Nagusiki bi arrazoirengatik: 1. Izan ere, zure aktibo guztiak leku bakar batean mantentzen ez dituzunez, lapurreta edo arazoak izanez gero, ez duzulako dena galtzen. Eta 2. Sarera konektatuta ez daudenez, askoz zailagoa delako hotzean biltegiratzeko “wallet” bat hackeatzea.

Ez dezagun ahaztu kriptodirua ez dutela babesten hazi-esaldiek, hardware-zorroek, sinadura anitzek, pasahitzek, hash funtzioek eta antzeko beste ezerk; pertsonek aseguratzen dute.
Teknologia ez da inoiz sistemaren segurtasunaren sustraia. Pertsonei baloratzen dutena segurtatzen laguntzeko tresna bat da teknologia. Pertsonek jardutea eskatzen du segurtasunak.  Zerbitzari batek ezin du bere burua “firewall” batekin babestu zerbitzari-gelako atean sarrailarik ez badago, eta sarraila batek ezin du zerbitzari-gela segurtatu atea zaintzeko guardiarik gabe, eta guardia batek ezin du atea segurtatu bere buruarentzako arrisku barik.

 
INFORMAZIO GEHIAGO IZATEKO ESTEKA BATZUK

Oinarrizko kontzeptuak:

Teoria

Tutorialak

Erosketa eta salmentako tutorialak

Zerga-gaiak

Segurtasuna

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies