Ainhoa emakume adimentsu bat da, lanbidez arkitektoa, eta horretan jarduten du eraikuntza-enpresa batean. Begi onez ikusten dute bertan. Langileak antolatzen aritzen da, aspalditik. Ez da erraz engainatzen den horietakoa. Ez da sinestuna, ez eta fantasien laguna ere; berak arrazoia, ebidentzia eta argudio sendoa ditu gogoko. Langilea da, eta, emakume orok bezala, irudi zurrun horren atzean, ama-sena du gordeta, baina, eraikuntza-enpresan duen karrera exekutiboa ez zapuztearren, ez du sen hori mamitzerik izan.
Ostiral hartan, berandu iritsi zen etxera, eta, astean zehar pilatutako nekearen eraginez, ohera joan zen ezinbestean. Akidurak atsedena eskatu zion berehala, eta, ziztu bizian, loak guztiz harrapatu zuen Ainhoa. Lasai eta patxada ederrean lo zegoela, amets arraro bat murgildu zen bere atsedenaldian:
Gazan zegoen, kaleak hautsez eta hondakinez beteta zeudela. Espaloietan han-hemenka, kristal hautsiak eta zementu-puska birrinduak ikus zitezkeen. Zuloak zeuden nonahi, eraikinak kolpez josiak, bala-zuloak nabaritzen ziren paretetan eta fatxadetan, leiho gutxik zituzten kristal guztiak osorik, eta hiriko kaleetan, hondakinen artean, ez zebilen ia inor ere. Hautsa eta hura airean zerabilen haizea ziren inguruko apaingarri bakarrak.
Sirena-hotsa entzun zen, eta kalean zebiltzan pertsona apurrak desagertu egin ziren. Bakar-bakarrik geratu zen zementuzko korridoreen artean. Balen hots lehorrak oihartzuna sortzen zuen kale bakartiko eraikinetan. Ozen entzuten ziren bonben danbatekoak, jendearen oihuak eta hormek erortzean egindako zarata. Hautsa gandua balitz bezala barreiatzen zen kaleetan.
Ainhoa lasterka egiten hasi zen; ez zekien nora jo, noraezean zebilen, zeharo ikaratuta. Ondoko kaleetatik entzuten ziren bala-hotsez eta bonba-danbatekoez gainera, harriak, zoladura hondatua eta ia itsutu egiten zuen hautsa jasan behar zituen. Gure arkitektoak, bere burua arriskuz inguratuta sentitzen zuen une horretan, bost urte inguruko ume bat ikusi zuen bat-batean: obra-hondakinen artean zegoen, bakar-bakarrik, negar-malkotan, eta eskuekin estaltzen zuen aurpegia, metrailatik babesteko. Aldamenean, emakume-gorpu bat, beste haur baten gorpua eta heriotzaren isiltasuna zeuzkan mutikoak. Ainhoa mutikoarengana hurbildu zen, estutu egin zuen, eta bere gorputzarekin babesten saiatu zen. Hamabi solairuko eraikin baten ondoan bonba bat erori zen, eta eraikina bera baino onddo-hodei altuagoa sortu zuen. Hedatze-uhinak hainbat metro atzerantz bultzatu zituen emakumea eta mutila. Altxatu zenean, hautsez estalita zegoen, eta alboetara begiratu zuen, urduri. Hantxe zegoen, oraindik ere, bere besoetan, haur hura, lepotik estu-estu heltzen ziola. Aurrean etxe bat ikusi zuen; txikituta zeukan atea, eta hondakinez beteta zituen barrualdea zein kanpoaldea. Birritan pentsatu gabe, hantxe sartu zen Ainhoa, umea besoetan zuela. Begizko txar batek jota balego bezala, haurra lurrean utzi orduko, sekulako burrunba entzun zen eta dar-dar egin zuen etxeak. Eta hantxe hasi ziren sabaia eta habeak erortzen, hormak arrakalatzen eta zorua dardaratzen, lurrikara handi baten erdian baleude bezala. Ama-senak bultzatuta, bere gorputzarekin estali zuen mutikoa, hura babestu nahian. Isiltasuna itzuli zenean, zaila egiten zen arnasa hartzea ere, hautsaren eraginez. Haurra eztulka hasi zen eta ikaratuta heltzen zion. Ainhoa zutitu egin zen hondakinen artetik, ur pixka bat bilatu nahian. Hautsitako hodi batetik likido-jario arin bat erortzen zen, eta tanta haiek, zorura erortzean, nolabait freskatu egiten zuten hautsez betetako giro hura. Mutikoari aurpegia garbitu zion eta ezpainak busti zizkion. Haurrak arabieraz hitz egiten zuen eta Ainhoak ezin zion ulertu; baina mutilak, guztiz ikaratuta, ez zionez hitz egiteari eta garrasi egiteari uzten, emakumeak, lasaitasuna eman nahian, ahots apalean esan zion ez beldurtzeko. Bularraren kontra estutu zuen eta musu eman zion masailean. Tarte batez horrela egon zen Ainhoa, haurra besoetan hartuta, norbait hurbiltzen ari zela nabaritu zuen arte. Orduan, oihu egin zuen, eta, dirudienez, entzun egin zuten, harriak mugitzen hasi ziren-eta.
Hondakinen artean argi-izpi bat apenas sartzen hasi zenean, Ainhoa esnatu egin zen. Gelako leihotik begiratu zuen: eguzkitsu zegoen eguna, zerua urdin-urdin; autoak hara eta hona zebiltzan kalean, eta jendea presaka zebilen, egunero bezala. Amets bat izan zen, besterik ez.
Gazan haur bat erreskatatu zuten, bonbardaketa baten ondoren etxe bateko hondakinen artean harrapatua geratu eta gero. Haurrak esaten zuen emakume bat zegoela berarekin, emakume atzerritar bat, eta ura eman ziola eta masailean musu bat eman ziola. Baina, ingurua ondo miatu bazuten ere, han ez zegoen inor.
Gazan bada bizitza salbatu dion eta masailean musu eman dion mamu bat ikusi duen mutiko bat. Gazan bada mamuetan sinesten duen mutiko bat, mamu onetan, nahiz eta Ainhoak ez duen horretan sinesten.
©Fernando Urien