Hara, hara… hemen ezin joan hondartzara!

Itsasoa maite dut, bihotz-bihotzez, batez ere Kantauri itsasoa. Mediterraneoa itsaso deskafeinatua iruditzen zait, ura bero dagoelako, marmoka asko daudelako eta ia ez dagoelako olaturik, eta ni maiteminduta nago olatuez goren-goreneraino. Mozkote bat nintzenetik, nire familia ugaria Gorlizera joaten zen udan. Garai hartan, turistek oraindik ez zuten herria aurkitu, ezta eraikuntza-enpresek inbaditu ere, nahiz eta urte batzuk geroago herri preziatu haren itxura asko aldatu zuten. Hondartzara jaisten ginenean, amak (aitek beharrean jarraitzen zuten Bilbon) taldetxoetan jartzen ziren, aulkiak eguzkiari begira, eta umeok gure kasa uzten gintuzten, baina arau jakin batzuekin.

Nire ama digestio-aldiak errespetatzeko teoriaren jarraitzaile leiala zen, baina bertsiorik zorrotzenean: bi ordu eta erdi gosaldu ondoren eta hiru ordu bazkalostean. Baina niretzat tortura zen hondartzara jaistea, itsasoa ikustea eta uretan ezin sartzea, eta mundu guztiak daki ez dagoela ondo torturatzea, batez ere urre-koloreko ile kizkurrak dituen neskato bat, beraz egunero-egunero errepikatzen zen eszena bera: amari bainatzera joateko baimena eskatzen nion, berak ‘oraindik ez’ erantzuten zuen, gogaikarri jartzen nintzen, oso gogaikarri, eta esaten nion oinak busti besterik ez nuela egingo. Azkenean amore ematen zuen, eta nik frogatzen nuen ‘oinak… besterik ez’ kontzeptua ez nuela batere ondo ikasia. Erabat bustita nengoenean, amari galdetzen nion ea bainua har nezakeen, eta amak begiratu eta esaten zidan: “Baina erabat bustita zaude-eta!”, nik erantzuten nion ez zela nire errua, olatu batek busti ninduela. Ama desesperatu egiten zen, nik ez niolako jaramonik egiten, eta ezin zuen nirekin burutu. Handik aurrera ez nintzen uretatik irteten.

Gorlizen ikasi nuen neuk bakarrik igeri egiten eta olatuak hartzen, bereizten zein saltatu nezakeen gainetik, zeinek irauliko ninduen neuk azpitik pasatu ezean, eta zeinek emango zidan aukera ur-bazterreraino iristeko. Erresaka handia edo txikia dagoen zelan jakin ikasi nuen, eta itsasoa, bere ur-lasterrak eta indarra errespetatzen ikasi nuen. Kostatu zitzaidan, ur asko irentsi nuen, hondarrez bete nintzen azken kizkurreraino, eta sekulako iraulkatzeak jasan nituen, baina hori da maitasun handiek dutena, ahalegin handiko istorioak izaten dituztela atzetik. Gainera, egun haietan, sorosleak gure neba zaharrenak izaten ziren, unibertsitate-ikasleak, Gurutze Gorriaren ikastaroren bat egindakoak, eta itsasoak hondartza irensteko mehatxua egiten bazuen soilik jartzen zuten bandera gorria. Abantaila zen olatu handiekin bainatzen ginela, baita erresakarekin ere; gaur egun, egoera haiek bandera gorrikoak izango lirateke argi eta garbi, baina itsasoari buruz asko ikasteko aukera eman ziguten.

Urteak joan ahala, itsasoarekiko nire maitasuna ez zen batere gutxitu, eta maitemindu ninduten beste hondartza batzuk aurkitu nituen, Laida edo Noja, esaterako. Neguan, igerileku estalietan igeri eginez kentzen nuen itsasoaren beharrizana, baina inoiz ez zen gauza bera izan. Igerileku batean, ura hilda dago eta kloro-usain sarkorra uzten du larruazalean; itsasoa, berriz, bizirik dago, bere kasa mugitzen da, eta haren adiskidetasuna lortzen baduzu, kulunkatu egiten zaitu. Itsasoa batzuentzat atsegina bezain beldurgarria da besteentzat.

Baina itsasoarekiko dudan maitasuna hain handia bada, zelan amaitu ahal izan dut Bilbotik ehunka kilometrora dagoen leku batean bizitzen? Eta hara, hara, hemen ezin joan hondartzara!

Senarrak eta biok beti pentsatu izan genuen erretiroa hartutakoan gure alaba bizi zen tokitik hurbil bizitzera joango ginela, alaba baita, azken batean, daukagun gauzarik baliotsuena, baina lana aurkitu zuen Madrilen, eta hara joateko, puf!, batere gogorik ez guk. Hiria ederra da, baina handiegia, distantziak izugarriak dira, tira, ez gintuen konbentzitzen eta Madril inguruko herrietan ibilaldiak eginez, Alcala de Henares topatu genuen. Hemen tarteki bat egin behar dut eta barkamena eskatu ‘herri’ deitzeagatik. Hiri bat da, eta bertakoak oso harro daude, eta ez zaie batere gustatzen ‘herri’ bat dela esatea, nahiz eta zu oso Bilbokoa izan. Kontua da gure lan-bizitza amaitu zenean, Begoñako pisu ederra saldu, puskak hartu eta Alcala de Henaresera joan ginela bizitzera. Bilbon igaro genuen azken egunean, paperak amaitzen ari ginela, Laidara bisita egin genuen, eta aitortu beharra dut malko txiki askok ihes egin zizkidatela, banekielako hartatik guztitik urruntzen ari nintzela eta turista gisa bakarrik itzuliko nintzela.

Alcala de Henares hiri liluragarria da, eraikin historikoz josia, eta bertako alde zaharrean sartzen zarenean, badirudi denboran atzera egiten duzula. Alcalako gauzarik onenetako bat jendea da, beste inor baino abegikorragoa eta atseginagoa. Turismo-helmuga garrantzitsua dela jakinda, tradizio bihurtu da kultur jarduerak kalean egitea, eta ez dago ezer hoberik igande batean paseatzera atera eta Kale Nagusia magoz, musikariz, dantzariz edo Erdi Aroko azokaz beteta aurkitzea baino.

Itsasoaren falta sumatzen jarraitzen dut, hemen ez dago hondartzara joaterik, baina pozik bizi naiz besoak zabalik hartu nauen hiri honetan, eta oso handia ez den arren, urbanizazioan igerilekua daukat, eta, batez ere, alaba, niregandik oso gertu bizi dena.

© Esther Sancho Urbina

 

                                     Alcala de Henares, Kale Nagusia

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies