Gabonak etxe arrotzean

Gelako atea irekita dago, eta bere aurrean koloretako argiak islatzen dira paretan; pinturak une batetik bestera kolorea aldatuko balu bezala. Gelako zorua, terrazo hotza, garbitu berri dute. Ni besaulkian eserita nago, nire eskuinean metalezko ohe egin berri bat dago, bere gainean oxigeno-hartunea eta huts-sistema daude, pareta urdin argiz margotuta dago, distira barik. Nire atzean mahai txiki bat dago eta, ohearen beste aldetik, mendia ikusten da leihotik.

Gizon bat sartu eta irribarretsu begiratu dit, neskato bat du alboan. Hainbeste hurbildu denez, izutu egin naiz eta irribarre egin dut. Neskatoak etengabe begiratzen dit.

— Badakizu nor naizen?—galdetu dit arrotzak irribarre egiteari utzi barik. Ile beltza du, motza eta marrarekin orraztua, bekainak lodiak ditu eta irribarrea etenbakoa. Goibel-itxura egin dut. Neskatoa zerbait bilatzen ari da ohe-mahaiko tiraderan, edo agian ez du ezer bilatuko, baina umeak horrelakoak dira, begiluzeak.

— Ez dakizu nor naizen? —galdetu dit berriro helduak, altxatzen laguntzeko besapetik hartzen nauen bitartean. Neskatoak orrazi txiki bat aurkitu du eta bere ilea orrazten ari da. Gabon-kanta baten musika datorkigu korridoretik: “Olentzero joan zaigu…”.

— “Mendira lanera…” — abestu dut ahopean, konturatu barik.

— A! Kanta hori gogoan duzu. Baina ez dakizu nor naizen ni, ezta nor den neskato hau ere.

Berriro irribarre egin dut goibel-itxura eginez, Gabon-kanta ahopean abesten jarraitzen dudan bitartean.

— Zure semea naiz, Roberto. Ez zara gogoratzen?

Nire semea? Besoetan hartzen nuenean, semea gura barik lokartzen zen nire sorbaldan.  Oraindik gogoan dut haren buru txikia nire bular gainean.  Ilea beti motz zeraman, belarriak estaltzen zizkion arren. Fortunatak horrela mozten zion, gopor iletsu bat balitz bezala zetazko haridun kasko bigun baten itxurarekin. Hari gustatzen zitzaizkion Gabon-kantak, egia da, eta hostorezko pastelak…

— Etxera eroango zaitut Gabonak pasatzera. Ondo iruditzen zaizu?

Etxera… Fortu barraskiloak prestatzen ariko da… Ondo prestatzen ditu, niri barraskiloak ez zaizkit gustatzen, baina bai saltsa, hark egiten duena. Zenbat gautan ohartu naizen falta zaitudala!  Zure irribarrea gogoratzen dut mendian behera jaisten zinenean zure aitaren ahuntzak erakusteko. Gogoan dut zure ilearen dantza, gonaren konpasean, lasterka egiten zenuenean. Haizeak barre egiten zuen larru gorrizko zure ezpainetan. Fortu, non zabiltza? Atsegin dut zure musuen kolorea, zure irisaren xuxurla, zure ezpainen lurrina, zure bularren ahogozoa…

— Tira, jantzi beroki hau, hotz egiten du-eta. Eta goazen autora.

Gizonak soingainekoa jartzen didan bitartean, neskatoaren ilea ukitu dut. Robertorena bezalakoa da, leuna eta garbia. Nire atzamarrak pasatu dizkiodan tokian, hark bere eskua pasatu du berriro txukuntzeko. Gorantz begiratu eta esan du: “Kaixo, aitite”.

 Nik ez nuen aitaita ezagutu, gerran hil omen zen, Errepublikaren alde borrokan. Nire ama beti izan zen errepublikarra, bandera xifonierraren tiraderaren azpian zeukan ezkutatuta. Gogoan dut fisikako irakaslearen aurpegia, galdetu nionean ea zergatik egin behar den indarka kaka egitean. Amari deitu zion eta amak errieta egin zidan.

Autora sartu eta berehala iritsi gara etxera. Barrura sartzean, jende askok irribarrez agurtu nau, nik ere irribarre egin dut. Hau ez da nire etxea, desberdina da. Sarrerako aterki-ontzia falta da. Bertan egoten zen beti nire aitaginarrebaren, Forturen aitaren, makila… Non dago? Ez dut ikusten.

Jakiz betetako mahai baten aurrean eseri naute, baina ez dago barraskilorik. Ez, hau ez da nire etxea. Jendeak adeitasunez tratatzen nau eta denek galdetzen didate ea ezagutzen ditudan. Ez dakit, zerbait iruditzen zait…, baina hain da bitxia dena! Ez dut dena nahasten dabiltzan ume horietako inor ezagutzen. Jatorrak dira.  Platerean jarri didaten guztia jan dut. Zer egingo dut? Jan dezadan tematzen dira, bizitza honetan garrantzitsuena balitz bezala. Non dago Fortu? Ez dakit, hau ez da nire etxea. Gelaren batetik datorren musika entzuten da: “Olentzero joan zaigu…”

— “Mendira lanera…” —erantzun dut. Denek barre egin dute. “Begira, gogoratzen da” errepikatzen dute behin eta berriz. Orain nirekin batera abesten dute. Dibertigarria da.

— Tira, aitite, goazen ohera! —eta emakume batek besotik heldu dit laguntzeko. Gela arrotz batean sartu gara. Panpinaz betetako apalak daude. Errezelek kolore asko dituzte eta lanparak izar-sorta bat dirudi. Emakumeak janzten lagundu dit eta ohean sartu naiz. Musu bat eman eta “gabon” esan dit. Nik irribarre egin dut. Zer egingo dut? Ez dut ezer ulertzen.

Gaueko iluntasun eta isiltasunaren artean, Fortunata entzun dut… barraskilo usaina du, abestu egiten du… Zer ondo! Berriro etxean.

© F. Urien

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies