COVID-19AGATIK BIDAIAK EZEREZTEA ETA ASEGURUAK


Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunaren (EHKB) artikulu honen xedea da kontsumitzaileei informazioa ematea, bidaiak ezereztu edo bertan behera uzten direnean dagozkien eskubideei buruz, haietarako asegurua kontratatuta bazegoen.

Zer motatako bidaia-aseguruak daude?

Bi motatakoak daude: bidaiako laguntza-aseguruak (bidaia bertan behera uztea barne hartzen dutenak edo ez), eta bidaiaren ezerezte-aseguruak. Oro har, bidaiako laguntza-aseguruak bidaia baten ondorioz gerta daitezkeen gorabeherak, aurreikusiak edo aurreikusi bakoak, estaltzen ditu, adibidez, gaixotasuna, mediku-gastuak, epidemiak, matxinadak, lapurreta, ekipajea galtzea, dokumentuak galtzea eta abar. Bidaiaren ezerezte-aseguruak bidaia ez egiteko arriskua estaltzen du, eta bidaiarengatik aurrez ordaindutako prezioa berreskuratzea ahalbidetzen du. 

Aseguru horien kontratazioa librea eta borondatezkoa izaten da kontsumitzailearentzat, eta, kontratatzen direnean, nahitaezkoa da kontratu idatzia ematea, eta bertan berariaz argi eta garbi jaso behar dira aseguruaren estaldura, estaldura horren salbuespenak eta mugak, efektu-data edo indarrean jartzeko data, bermatzen diren zenbateko ekonomikoak (hau da, estaltzen diren gastuen zenbatekoa) eta abar, kontsumitzaileak informazio nahikoa izan dezan aseguruaz. Eta garrantzitsua da kontsumitzaileak jakitea zer aseguru-mota gura duen bere bidaiarako eta zer estaldura duen, eta gogoan izan behar du estaldura kontratuak zehazten duela, eta ez bidaia-agentzian edo aseguru-etxean berbaz adierazitakoak.

Zer gertatzen da kontratatutako bidaia COVID-19aren ondorioz ezereztu edo bertan behera geratu bada eta bidaia horretarako aseguru bat kontratatuta badago?

Kontuan hartu behar da zer motatako aseguru-kontratua sinatu den, zer erreklamatu dezakegun zehazteko.

Bidaiako laguntza-aseguruetan, bidaia hasi ez bada, bidezkoa da ordaindutako prima guztiak itzultzeko eskatzea eta horren arrazoia da bidaia ezerezteak aseguratutako interesa desagertzea dakarrela, eta, beraz, aseguru-etxeak ez duela inolako estaldurarik eskaintzen.

Bidaiaren ezerezte-aseguruetan, bidaia hasi ez bada, jakin behar da noiz sartu den indarrean kontratua ordaindutako primaren gainean zer eska daitekeen jakiteko, aseguru-etxea arriskua estaltzen aritu baita efektu-datatik. Kasu horietan, bidezkoa da igaro ez den estaldura-denborari dagokion prima itzultzeko eskatzea.

Zelan erreklamatu eta nori erreklamatu bidaia-aseguruaren prima itzultzeko?

Kontsumitzaileari dagokion primaren zenbatekoa itzultzeko erreklamazioa aseguru-etxeari egin behar zaio, edo bidaia-agentziari, asegurua agentziaren bitartekaritzarekin kontratatu bazen.

Erreklamazioa egiteko era idazki bat aurkeztea da, erreklamazioaren edukia eta data jasota gera daitezen. Gomendagarriena idatzizko jakinarazpen baten bidez egitea da, eta hori edo pertsonalki entregatu behar da aseguru-etxean, kopia batekin erakundeak zigilatu dezan, edo posta-zerbitzuaren bidez bidali jaso izanaren ziurtagiria duen modalitatean edo burofax modalitatean.

Gehienez ere hilabeteko epean erantzunik jasotzen ez baduzu edo erantzuna ona ez bada, eta Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunaren (EHKB) elkarteko bazkide bazara, elkartera jo dezakezu erreklamazioa bideratzeko.

 

Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasuna – EHKB. Alameda de Recalde, 31 – 1 dtpo. 1   web:https://www.euskadikokontsumitzaileak.com/es

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude