Kontratazioa: kontratua sinatzea, aldatzea eta amaitzea
Telefoniaren eta interneten kontratazioa pertsonalki egin daiteke, denda batean edo saltzaileen bisita baten bitartez; telefonoz, operadorearen arreta-zerbitzuaren bidez; edo internetez, web-orriko formularioa betez. Hautatzen den bidea edozein dela ere, enpresak kontratua idatziz edo euskarri iraunkorrean eman behar dizu, hala eskatzen baldin baduzu.
Eskabidea telefonoz, internetez edo saltzaileen bisita espontaneoaren bitartez izapidetzen baduzu, 14 egun dituzu atzera egiteko eskubidea baliatzeko; hau da, kontratua indarrik gabe uzteko, inolako azalpenik eman beharrik eta penalizaziorik gabe. Halaber, telefonoz edo internetez kontratatzen duzun eskaintzak web-orrian argitaratutakoak ez bezalako baldintzak baditu, eskaintzaren baldintzak eta iraupen epea jasotzen dituen dokumentu bat helarazi beharko dizu operadoreak, 15 eguneko epean.
Kontratuek, gutxienez, informazio hau jaso behar dute:
- Operadorearen izena edo izen soziala eta helbidea.
- Bezeroarentzako laguntza-telefonoa eta, horrela badagokio, zerbitzua eskuratzeko beste bideak.
- Eskaintzen den zerbitzuaren ezaugarriak eta kontratuan jasotzen diren prestazioen deskribapena. Halaber, deskonexio–eskubidea jaso behar du, baita hori baliatzeko modua ere.
- Zerbitzuaren kalitate–maila indibidualak, ez-betetzeetarako kalte-ordainak eta horiek automatikoki ematen diren edo, bestela, erabiltzaileak eskatu behar dituen. Horrez gain, hasierako konexioaren hornikuntza-denbora aipatu behar du.
- Zerbitzuen prezioak eta gainerako baldintza ekonomikoak, kontzeptuak eta zerbitzuak banakatuta. Era berean, mantentze-tarifen eta -kuoten inguruko informazio eguneratua lortzeko modua zehaztu behar da.
- Kontratuaren iraupena. Adierazi behar da ea gutxieneko epeak badauden kontratatzeko edo berritzeko, eta zein izango liratekeen ondorioak kontratua betetzen ez bada.
- Zerbitzu-kontratuaren eta beste kontratu batzuen artean dauden loturen xehetasuna, halakorik badago; zenbait terminal telefoniko batzuen erosketaren ingurukoak besteak beste.
- Kalte–ordainen eta diru- itzultzeen politika eta mekanismoak, baita zenbatekoak zehazteko metodoa ere.
- Mantentze–zerbitzuaren ezaugarriak.
- Kontratua azkentzeko eta berritzeko arrazoiak eta moduak. Edozein kasutan, pertsonak, bi egun lehenago jakinarazita gutxienez, kontratua amaitzeko alde bakarreko erabakia hartzeko eskubidea duela jaso behar du, baita horretarako prozedura ere.
- Bezeroarentzako arreta–zerbitzuarekin harremanetan jartzeko datuak: posta helbidea, posta elektronikoa, telefonoak, web-orria eta gainerakoak. Legearen arabera operadoreak argitaratu behar duen informazioa jasotzen duen web-orria.
- Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa. Indarreko araudiaren arabera dagokionean, sareak ustiatzerakoan eta komunikazio elektronikoen zerbitzuak ematerakoan datuei emango zaien babesari buruzko informazioa.
- Operadoreak askatasunez erabaki dezake zenbat denbora beharko duen zure linearen konexioa gaitzeko. Epe bat betetzeko obligazioa duen enpresa bakarra Zerbitzu Unibertsala ematen duen konpainia da; 60 eguneko gehieneko epea dauka telefonia finkoko hasierako sare-konexioa eskaintzeko, eskabidea jasotzen duenetik hasita.
Kontratua aldatzea
Klausuletan jasotzen diren berariazko kasuetan baino ezin da aldatu kontratua.
Zure konpainiak baldintzak aldatzeko alde bakarreko erabakia hartzen badu, gutxienez hilabete bat lehenago jakinarazi behar dizu; halaber, jarraitzeko konpromisoa sinatuta berri eman behar dizu. Operadoreek fakturan ohar bat erantsi ohi dute betebehar hori betetzeko. Aldaketa ohikoenetako bat zerbitzuak hobetzeagatik tarifa igotzea izaten da.
Kontratua amaitzea
Edozein unetan kontratuaren amaiera eskatzeko eskubidea duzu. Hala ere, jarraitzeko konpromisoa sinatu bazenuen edo epeka edo hileroko kuota batez ordaintzeko mugikor bat erosi, penalizazio bat ezarri ahal izango dizute.
Kontratuaren amaiera bi laneguneko aurrerapenarekin eskatu behar duzu gutxienez. Zure konpainiak ezin izango dizu epe hori amaitu ondoren emandako zerbitzurik fakturatu.
Izapidea telefonoz egiten baduzu, kudeaketaren erreferentzia–zenbakia adierazi behar dizute, eta hori egiaztatzen duen dokumentua edozein euskarritan bidal diezazutela eska eskatzeko eskubidea duzula jakinarazi.
2021-01-21
Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasuna – EHKB