ITZULTZEA (Isdabe)


2020.10.03an hasten naiz hau idazten, ondo urte eskas honen barruan, pandemiaren ondorioz gauza asko eta asko okerrera joan zaizkigu eta. Gogoan dut ezin izan genuela udaberriaz gozatu, uda ere murrizketa askorekin etorri zen gure bizitzara, eta, dena gehiago izorratzeko, badirudi neguak udazkena jan duela.

Bitartean, albistegiek eta prentsak albiste katastrofisten, osasun-arazoen, bat-batean gainera etorri zaigun krisi ekonomiko handiaren eta itzuli behar ez luketen beste gauza batzuen berri ematen jarraitzen dute.

Gure Elkarteari dagokionez, ekitaldiak bertan behera uzteak eta horiek noiz berreskuratu ahal izango ditugun ez jakiteak ikuspegi ezkor hori areagotzea eragiten du.

Zein urrun dagoen otsaileko Idiazabalgo txangoa! Oso polita eta arrakastatsua izan zen, bai horixe. Eta zelan ahaztu huts egindako plan guztiak:  Siberiarako bidaia interesgarria, Fríasera programatutako txangoa, jada klasiko bihurtzen ari zen Pagasarrirako igoera, eta Teruelgo astea, egiteko gaitza izango zela bagenekien arren, sakon eta zehazki prestatua zegoena arte eta historian adituak ziren Aragoiko laguntzaileekin.

Eta, jakina, urteroko bazkaria azaroan: iazko arrakastaren ostean, ziur geunden hobetzea lortuko genuela aurten.

Bai, gaur motel eta goibel nago, malenkoniatsu.  Baina gainditu egin behar da hau.  Bizitza aurrera doa, familia eta lagunak ondo daude, bilobek etengabeko pozak ematen jarraitzen dute, … Bai, dena doa aurrera. Eta egunen batean birus madarikatua menderatu egingo dugu.

Beharrezkoa zaigu utzi genuen puntura itzultzea: baikorrak izatera itzultzea, galdutako guztia berreskuratzera, inoiz baino indar eta intentsitate handiagoz bizitzera… itzultzea.  Guztiaz gozatuko dugu berriro. Ziur. Bitartean, geure burua zaindu eta aurrera jarraitu behar dugu.

ITZULTZEA (VOLVER).  TANGOA. CARLOS GARDEL.

Argentina, Buenos Aires, oroitzapen bikainak nire gogoan. Egin genuen bidaia magiko hartako argazkiak ikusten ditut berriro, eta hobeto sentitzen naiz. Gogoan ditut paisaiak, Buenos Aries, Iguazu, Salta, Perito Moreno, Hego Itsasoetako bidaia. Eta egia bihurtutako ahalegin bat:  Chacaritako hilerrira joan eta etsipenez oroituriko Carlos Gardelen hilobia ikustea (hori guztia Elkartearen webgunean idatzita utzi nuen duela urte batzuk Argentina en marzo 2016. Parte 1)

Itzultzea ideia bikaina da. Etorkizuneko egoerak hori ahalbidetzea beste gauza bat da.


Baina gaiarekin jarraitu baino lehen, argi utzi gura dut ez dudala musikarako belarririk, ez dakidala abesten eta oso traketsa naizela dantzan, baina …  atsegin dut musika entzutea, kantatzeko itxurak egitea eta dantzan saiatzea. Eta, gaur, idazten ari naizenaren hariari jarraituz, kantu eta dantzen artean tangoa nabarmenduko dut eta, jakina, Carlos Gardel eta, zelan ez, haren Volver (Itzultzea).

Hemen geldialdi bat egin eta irakurleei eskatzen diet, aurrera jarraitu aurretik, berriz entzuteko kanta zoragarri hura:

VOLVER – CARLOS GARDEL – YouTube

 

Volver (Itzultzea). Iraganarekiko nostalgia, oroitzapenak. Dena izan zitekeen ona, baina …  gauza txarrak ere izan ziren. Hala ere, hobe duzu ahaztea edo, gutxienez, gainditzea. Utz ditzagun gorrotoak, arrangurak, gauza txar guztiak. Goza dezagun pertsonen eta gauzen alde onaz.

Gaur itzultzea gura dut, itzultzeko gogoa dut. Eta horregatik idazten dut, nire ustez, askori oroitzapen oso onak, denak partekatuak, ekartzen dizkigun zerbaiti buruz. Horrela, ideia bat transmititzen saiatuko naiz: itzultzea.

ESPAINIAKO ONGINTZA-AURREZKIAREN IRAKASKUNTZA- ETA GIZARTE-INBERTSIOAK: ISDABE

HISTORIA

1961. urtean, Caja de Ronda, Juan de la Rosa buruzagi nagusiaren bultzadarekin, egoitza-gune bat eraikitzeko urratsak egiten hasi zen, “Aurrezki-kutxetako zuzendari, langile eta bezeroei opor merkeak eta atseginak eskaintzeko”.  Zalantza barik, garai hartako “buruzagien” izaera paternalistak erraztu egiten zuen halako zerbait.

1963an, 70.000 m2-ko lursailaren erosketa formalizatu zen, eta proiektuak egin ziren, 137 mm pezetako aurrekontuarekin. 1964an, “ISDABE, Inversiones Social Docentes del Ahorro Benéfico Español, S.A.” merkataritza-sozietatea eratu zen; hasieran, CECAk eta 36 Aurrezki Kutxek (74 izatera iritsi ziren) osatzen zuten sozietatea, tartean zeudelarik Munizipala eta Bizkaiko Aurrezki Kutxa. Dibidendurik ez jasotzeko konpromisoa hartu zuten guztiek.

Berehala eraiki zen egoitza, askok ezagutu duguna 200 lagunentzako apartamentu-blokez eta 320 oheko eraikin nagusi batez osatua; horrez gain, igerilekuak, tenis-pistak, klub soziala jatetxearekin, kafetegia mahaiko jolasetarako gunearekin, terraza zabal bat eszenatokiarekin, kapera eta frontoia, eta, noski, hondartzako txosna ahaztezina eta haurren kluba. Eta telefono-kabina bat, ilara amaigabean itxaron ostean gure sorlekuekin komunikatzeko modu bakarra izan zena hainbat urtez. Aire zabaleko aparkalekua eta berdegune ugari ere bazituen.

Ez dut azterketarik egin BBK-ko beharginek eta lagunek egin zuten Isdaberen okupazioaz, baina ziur nago urte askotan Bizkaiko jatorriko 500 opor-egoiliar baino gehiago izan zirela han, txandaka, noski.

2013ko urrian Mallorcako Globales Hoteles kateari saldu zitzaizkion instalazioak. Gure kolektiboak egiten zuen erabilera nabarmen murriztua zen azken urteetan, eta Kutxek jada ez zuten interesik errentagarritasun barik diru inbertituarekin jarraitzeko. Ezta oporrak diruz laguntzen jarraitzeko ere.

KOKAPENA

Egoitza lehen itsas lerroan dago, N-340 errepidetik gertu, Estepona udalerrian, San Pedro de Alcántaratik (Marbella) oso gertu.

TXANDAK, PREZIOA ETA DIRU-LAGUNTZAK

Isdabe ia urte osoan egoten zen irekita, abenduaren 15etik urtarrilaren 31ra bitartean izan ezik, gutxi gorabehera esanda. Txandak 15 egunekoak izaten ziren, nahiz eta behe-denboraldian denbora gehiago edo gutxiago egoteko aukera zegoen, lehentasuna txanda osorako erreserbatzen zutenei ematen zitzaien, eta Aste Santuan eta udan bete egiten zen.

Hiru tarifa zeuden, urteko sasoiaren arabera, turismoan ohikoa den bezala. Hasieran prezioak oso moduzkoak ziren, gero igotzen joan ziren, baina beti neurritasun edo moderazioaren barruan.

Gainera, hasieratik, gero BBKn batu ziren Kutxen kasuan, behargin, ezkontide (besteren kontura lan egiten ez bazuen) eta 21 urtetik beherako seme-alabentzat diru-laguntzak egon ziren, urteko sasoiaren arabera aldatzen zirenak. BBK sortu ostean, zuzendaritzak egokitzat jo zuen abuztuko txandak modu nabarmenean diruz laguntzea, garai horretan oporrak hartzea sustatzeko.

Benetan merke ateratzen zen Isdabera joatea.

NIRE OROITZAPENAK

Oso garrantzitsua izan zen nire seme-alabek beren lagun koadrila izatea hara iristen ginen lehen egunetik. Txikiak zirenean, gogoan dut hango instalazio seguruetan egiten zituzten korrikaldiak eta hondartzako “moraga” festak; gero, urteak bete ahala, Banusera, amets debekatura, egiten zituzten irteerak, han lagunekin adiskidetasun-mundu bat bizitzeko, beraien oroimenean geratu zen zerbait.

Helduek, batzuk beren kirolarekin, beste batzuk beren karta-partida, kubata eta gin tonic-ekin (sagardo-edalontziak eta lehen kalitatezko ron botilak hemendik eraman behar izan ziren) eta afalosteko ikuskizunekin. Ezin dira ahaztu flamenko-saioak, ezta ere mozorro-festak eta bingoak, “Jero” buru zela. Eta ondorengo solasaldiak, batzuetan amaigabeak.

Batez ere udan, zeremonia bat zen txosna 13:00ak aldera ireki arte itxarotea, xerez idorrak (fino), manzanillak, rebujito-ak, garagardoak, … edan eta mota guztietako pintxoak eta aperitiboak hartzeko. Entsaladillak, maskor finak, abadira arrosa, izkira-tortillak, … dena zen ahogozo gehiagokoa han. Batzuetan, zinegotzigoaren kantinara joaten ginen aperitiboa hartzera eta, irekita egon zen bitartean, Telefonicako tabernara.

Ordu-muga iristean, bazkaltzera, ia denok batera beti. Menu oso oinarrizkoak eta osasungarriak. Baina batzuetan “patata-tortilla super gazta-xerrarekin” pairatzen genuen.  Pepe gure zain egoten zen bere zerbitzari-armadarekin, beti adeitasunez, denok batera artatzeko.

Gogoan ditut joan-etorriak: Marbella eta bere alde zaharra Laranjondoen plazarekin (Plaza de los Naranjos) eta, batez ere hasieran, Marbella Club eta Puente Romanora egindako bisitak.  Hemen esan behar dut, nire lehen bidaietako batean, Jaime de Mora pianoa jotzen eta abesten entzun nuela bere bigarren pubean, Kiss-en.

Ezin ditut ahaztu Mijas eta hango astoak, ezta Benahabis ere, bereziki oroitzen naiz Ostiral Santuko afariez (zezen-buztana), eta zelan ikusten genituen erdigunean, Banusen eta Esteponan egiten ziren prozesioak, ‘Alfredo’ Etxeko afariak San Pedro de Alcantaran eta “hain ondo eta prezio onean jaten den jatetxe berrira” bisita.

Jakina, Malaga eta haurrak Torremolinoseko ur-parkera eramateko joan-etorriak ere gure errutinaren parte ziren.

Eta azoka txikiak. Estepona, hiria zein portua, eta, batez ere, Banusekoa, derrigorrezko hitzorduak ziren larunbat goizetan.

Gogora datorkit urtero Isdabera joaten zen lagun batek zelan esan zidan berarentzat Isdabe zela ‘ez zeukan herria’.

Azken oroitzapena Manolo Solana eta haren mural edo horma-irudiarentzat: kafetegiko jolasgunearen kanpoko horman zegoen, futbolinen ondoan.

PASADIZOAK

Ziur nago hara joaten ginen guztiok izango ditugula pasadizo pila bat. Gertakizun txiki bat aipatuko dut, ea iruzkinetan beste batzuk kontatzera animatzen zareten zuek.

Gogoan dut bizar luzea zuen azti baten emanaldia (ez dut gogoratzen bizarra berezkoa edo ordezkoa zen). Nahiko txarra zen bere zereginetan. Haurrak haren inguruan batzen ziren eta trikimailuak ikusten zizkioten. Nerbioengatik agian, kirioak dantzan zituenez, suarekin egin zuen truku batean zerbaitek huts egin eta bizarra erre zuen. Sekulako estualdia. Eskerrak ez zuen ondorio fisikorik izan. Uste dut Aste Santua zela.

ZER DA GAUR EGUN ISDABE

Globales Playa Estepona Turistentzat Dena Barne eskaintzen duen 4*ko hotela da, eta lorategien zati handi batean uretako parke txiki bat dago orain. Bisitatu dut eta aldatuta dago. Baina ikusi nuenak ezin izan zituen nire oroitzapenak ezabatu.

 

ITZULTZEA: PROIEKTU BAT (GURARI BAT DENA)

Uste dut pandemiak arnasa hartzen uzten digunerako proiektu batean pentsa genezakeela:  Isdabera itzultzea. Ahal bada, datorren udaberrian edo uda-hasieran. Zazpi eguneko bidaia dut buruan.

Itzultzea. Gaur egun inguratzen nauen nostalgiatik planteatzen dut hori.

  • Orduan genuen giroaz gozatzera itzultzea. Hotel-enpresa berriaren etorrerak ekarritako aldaketen gainetik.
  • Gure anfitrioi ohiak ikustera itzultzea, eta gure kolektiboarekin gehien egon zirenak ─Luis Mesa, Pepe, Salvador, Jero, Antonio, Ana Belén eta bururatuko zaizkigun beste batzuk─ topatzen saiatzea, berriro agurtzeko.
  • Txosna, aperitiboak, zizka-mizkak, … berreskuratzera itzultzea eta ezagutzen ditugun hurbileko lekuetara txangoak ere antolaturik eroatea.

Eta, batek daki, egiten badugu eta dena ondo ateratzen bada, urtean txanda bat berreskuratzea gure kolektiboarentzat.

Itzultzea.

ESKAERA BAT

Horrek guztiorrek ahalegin handia eskatzen du. Proiektua findu eta sakon landu behar da. Dei asko, ideiak bateratzea, ezer esanguratsurik ez ahaztea, etab.

Hori dela eta, beharrezkoa da zuen lankidetza hainbat bidetatik:

  • Lehenik, ea nahikoa interes pizten duen jakin behar dugu. Horretarako modurik onena, artikulu honi buruzko iruzkinak eta/edo mezu elektronikoak hona bidaltzea: asojubibbk@gmail.com
  • Hara gindoazenen artean zegoen sentimendu hura berreskuratzeko lagungarri izan daitezkeen pasadizoak bidaltzea edo iruzkinetan sartzea. Artikulua aberastea.

ITZULTZEA, baina ez Tangoaren tristurarekin. Poz handiz. Nostalgia eta ezkortasuna garaituz.

ITZULTZEA… gozatzeko.

 Jorge Ibor
Bilbo, 2020ko urria

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.