Gomutak

Etxeko leihoak hutsune ilunak dira oroitzapenean; fatxada zartatuko pitzaduretan iraganaren distirak suma daitezke.  Leiho batzuen goiko markotik kolore beltzaxkak abiatzen dira, suteren baten itzalak, iraganaren gomutak, martxoko arratsean gizon horren begitartea orrazten duen haizea bezain egiazkoak. Atetzarrak amaiera etereo bat iragartzen du barnealdeko iluntasunaren artean. Lehen solairuaren parean kokatutako ataria eta kalea lotzen dituen zubia balantzaka dabil eta haurren oinatz bizkorrak ditu amesten. Arratoi bat agurtzera irten da; adin arraroko gizona, bien bitartean, atea zabaldu eta iraganean murgildu da.

Eskailerek kirrinka egiten dute pauso bakoitzarekin, eta hormek haren haurtzaroko oihuak xuxurlatzen dituzte: «Ama, ama». Ama, entzun orduko, ziztu bizian joaten zen atea irekitzera. Mutikoa, eskailera-buruan geratu gabe, lasterka sartzen zen emakumea kantuan aritzen zen sukalderaino; trenkada higatuen artean, oraindik ere entzuten dira haren tangoak. Mahai hautseztatuaren gainean, itzalak xake-partida bat jokatzen ari dira abesti haien notekin.

Euria dator egunez eskailera osoa distira-errezel baten modura eta ostadar-kolorez argiztatzen duen kristalik gabeko argi-zulotik behera. Trenkadek, erorita jada, antzina etxe bat izan zena iradokitzen dute. Hezetasunak hoztu egiten du giroa, eta amaren besarkaden bero bitxia esnarazten. Ile luzea zeukan, gaztaina-kolorekoa, eta mutikoari, umetan, ile harekin jolastea gustatzen zitzaion.

Sagutxoak sukaldeko baldosetan barrena paseatzen dabiltza, txokoak usnatuz, eta armiarmek beren sareetan harrapatzen dute orduko haurren algara. Airean iragan-soinua entzuten da eta harraskak amaren esku hezeak gordetzen ditu bere marmolen artean. Hautsez beteriko armairu-hondarrek kantuan aritzen zen emakume haren estrofak errepikatzen dituzte. Zeruan, izarrek, iraganeko irin-tantak balira bezala, haren haurtzaroko tangoak dantzatzen dituzte.

Arropa bustia garbitzeko oholaren kontra marruskatzen entzuten da. Eta sukaldeko sutegi hotzak, itoginetako argien artean, haren pentsamenduen erritmoa markatzen duten gabon-kantak xuxurlatzen ditu. Oraindik errautsa dago tximinia zaharrean. Isiltasunak dar-dar egiten du azken ikustaldi honekin berpiztu egin nahi duela dirudien iragan hartako aurrien artean. Kristalik gabeko leihoan geranio zur bat bakarrik geratzen da, hondakinen eta haien oroitzapenen hautsaren artean lore herabe bat altxatzen duela. Itzalen artean txoko bat bereizten da, eta hezetasunak haurtzaroko musika islatzen duen putzu txiki bat eratu du han.

Helduaren irisean, distira egiten dute korrika dabiltzan haurrek, eta haien barreen oihartzunek ostadarra marrazten zuten ametsetan esekitako denboran: bere anai-arrebak ziren… Dar-dar egiten diote ezpainek. Kristal hautsiko ispiluak erakusten dion irudiak itauna egiten dio: zergatik ekartzen digu gaurko hautsak hain iragan polit, bizi eta maitea?

Horma hautsian zintzilik jarraitzen du gurasoen ezkontzako argazki okreak, denboraren joanarekin kolorgetuta. Haiek ere amets egin zuten etxe horretan. Oholtzaren kurruskak ilusioak ezkutatzen ditu, eta aire-korronte batek arrastatu egiten ditu. Besaulki zaharrak, urratuta eta zikina egonik ere, amaren zahartzaroko irudia gordetzen du oraindik. Haren begirada galdu egiten zen iragan urruneko oroitzapenean. Denbora poliki-poliki igarotzen zen haren masailetatik. Gizonak, altzariaren oihala ukitzean, oraindik ere nabari du amak berezko zuen lasaitasuna.

Altzari zaharren musika-notak behin eta birritan begiratu ondoren, joate egitea erabaki du. Eskailerako barandan, arratoi bat orekak egiten jolasean dabil, baina erori egin da hainbeste hondakin atzean uzteko zailtasunak dituen gizon baten aurrean. Sabaiko egurrek karraska egin dute eta teila busti bat erori da. Eskailerako argi-zulotik dagoeneko ez da euri-tantarik erortzen, dena herrestan daraman uharra baizik.

 Bere pausoekin balantza egiten duela dirudien zubia zeharkatu du. Etorbidean dagoela, zoru irmoan, trenkada bat erori da. Lurraren kontra jotzean egindako harrabotsa entzutean, itzuli egin da gizona. Beste trenkada bat erori da, eta gero beste bat. Hauts-laino batek ezkutatu egiten du garai batean etxe bat izan zena. Tangoak entzuten dira, haurren pausoen distira, etxeko ogiaren usaina, besaulki hondatuaren lasaitasuna… Haren zangoak balantzaka dabiltza hondakinen artean.

©Fernando Urien

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude