ELKARTEAREN URTEKO BAZKARIA 2021

Ez zen edozein egun. Gure egutegian egun berezi gisa markatuta egon behar zuen egun bat zen. Are gehiago, iaz, guztiok dakizkigun arrazoiengatik, ezin izan zelako egin.  Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak, programatzen dituen jardueren barruan, bazkideen urteko bazkaria egiteko seinalatuta zeukan eguna zen.

Beti izan dut oso argi gizon-emakume horien borondatezko lana eskertu egin behar dela, eta hori argi uzteko modurik onena programatzen duten horretara joatea dela, afiliatuta gauden –gu ere geure borondatez– guztiontzat egiten baitute.

Egun hori joan den azaroaren 11n izan zen, eta lekua Barceló Nervión hotela, Campo Volantín-en kokatua, duela 500 urte baino gehiagotik hiriko leku pribilegiatua, itsasadarretik hurbil baitago, eta historia interesgarria du, batez ere XIX. mendearen amaieratik, leku egokia bihurtu baitzen burgesen bizitegi-hedapenerako; paseo bat eginez gero udaletxetik Deustuko Unibertsitateraino, oraindik ere ikus ditzakegu bertan arkitektura-erakusgarri bereziak. Oso ezagunak ziren eta behin baino gehiagotan entzun ditugun pertsona ospetsu batzuek, hala nola Ybarra, Bergé, Aguirre, Zubiria, Gurtubay, Olabarri, Adán de Yarza, Casilda Iturrizar edo Luis Briñas-ek, jauregitxoak egin zituzten pasealeku osoan, harik eta gehienak Areeta eta Neguri aldera joatea erabaki zuten arte, garai hartan oso ohikoa zen zarata eta zikintasunetik urrun.

Oraingo honetan, nahiz eta ez ditudan ulertzen arrazoiak, ziur asko oso hausnartuak eta gehiengoz erabakiak, alde batera utzi da ohiko meza, bazkaritara bezain borondatezkoa izanik bertara joatea. Baina uste dut urtean zehar utzi gaituzten lagunek ordu erdiko oroitzapena merezi dutela. Espero dut urtero egiten dugun topaketaren zati hau berreskuratzea, batzuk gustura joaten gara eta.

Ingurune horretan eta hall zabalaren barruan izan genuen bilgunea. Casco Viejo I+II+III aretoetan, zortzinako mahaitan, 86 lagunok egokitu ostean, bazkaria atera ziguten profesionaltasun handiz, eta guk ez genion muzin egin menuari. Oso neurtua guztia, bai puntu-puntuan zegoelako, anoa egokiak, askotariko jakiak, ondo atondu eta aurkeztuak. Bazkariaz esan daitekeen gauzarik onena da platerak hondar barik itzultzen genituela sukaldera. Horri konpainia ona gehitzen badiogu, enpresa berean 40 urte baino gehiago lan egin genuenon pasadizoz beteriko mahaietan, bazkaria modurik atseginenean, ezelango ezbehar barik, joan zela esanez amaituko dugu, eta hori eskertzekoa da.

Postre garaian, Txema Mugica gure presidente berria ezagutzeko aukera izan genuen. Aurrez ezagutzen ez genuenok ez genuen esango 45 urte baino gehiago zituenik, haren azabatxe koloreko adats beltza inbidiagarria izaki.

Bere hitzaldian, eta bere burua aurkeztu ostean, azken nobedadeen berri eman zigun, eta bereziki azpimarratu zuen I.M.Q.aren auzi korapilatsua. Dirudienez, oso gaitz edo zail daukagu, baina Zuzendaritza Batzordeak era guztietako gestioak egiten jarraituko du, erremedio bakoa dirudien zerbaitetatik ahalik eta ondoen ateratzeko. Jakina, gai honi buruzko informazio zehatza ematen jarraituko dute.

Bazkalostean eta kopa bat zerbitzatu ondoren, Alberto Inunciaga, ezizenez “Cowboy”, ibilbide luzeko eta kalean zaildutako musikaria, entzuteko aukera izan genuen, eta bertsio ezagunen eta bere uztako beste batzuen askotariko errepertorioa eskaini zigun.  Baina emanaldiaren erdian zerbait magikoa gertatu zen. Bi lagun ausartek, musika, klasikoaren?, mundu oparoan etorkizun handia duten bi “gaztek”, mikrofonoari heldu eta bolero bat eta Bilboko folklore herrikoiko abesti bat oparitu zizkiguten. Haien ahots ederrek, gaztetasuna gorabehera ez eskarmentu bakoak, haien savoir faireak, frantses itxurati batek esango lukeen lez, haien mise en scèneak, nazionalitate bereko beste chauvinista batek esango lukeen bezala, mutu utzi gintuen denok. Eta paroxismoaren gailurra heldu zen haietako bat, gazteena, Angel M. izenekoa, alegiazko abesbatza bat zuzentzen hasi zenean. A zer modua eskuak sinkronizatzeko, a zer dotorezia eta espresioa keinuan! Ondo lagundurik eta duoak Santi A. izeneko beste gaztearekin eginez, ez ginateke harrituko “Got Talent”en hurrengo denboraldian ikusiko bagenitu. Eta arrakasta izango lukete, duda barik.

Eta horrela, kantu, konbinatu eta pasadizoen artean, topaketa amaituz joan zen lankideekin tarte eder askoa igaro izanaren sentsazioarekin, zorioneko ‘zomorrotxoaren’ ondorioz, 2019az geroztik elkar ikusi barik geunden eta.

Dagoeneko datorren urterako deialdiaren zain gaude, eta beldurragatik edo kontuz ibiltzeagatik joan den hilaren 11n etorri ez zirenak orduan berriro ikusteko itxaropena dugu, noski.

 

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies