Hilerriko ate ondoko aparkalekua bete-bete zegoen. Kanposantuan, jendea batera eta bestera zebilen lore-sortekin eta zalapartatsu samar; haien senideen gorpuak gorde zireneko hilobi eta horma-hobien bila zebiltzan. Santu Guztien eguna zen. Urtearen gainerakoan leku hartan izaten zen isiltasuna orduan desagertua zen. Lagun-talde batek aukera hura aprobetxatzen zuen egun-pasa egiteko eta, aldi berean, senideen hilobiak bisitatzeko. Hilobi arteko bideetatik zebiltzan paseoan, epitafioren batzuei buruz barre eta txantxak egiten zituzten bitartean.
Ilunabarrean, familiakoek kanposantutik alde egin zutenean, brisaren ufada entzuten zen berriro altzifreen artean, eta hilobien artean, berriz ere, isiltasuna nagusi. Pixkanaka, hilak bakarrik geratu ziren berriro. Lore askok apaintzen zituzten marmolak. Kanposantuak beste kolore bat zuen, berriagoa zirudien. Eguzkia zerumugan galtzen ari zen, itzalak hedatzen, bakardadeak berriro laztantzen zituen hildakoak.
Lagun-taldeak bueltaka jarraitu zuen zelai haietan, beren barreak gurutzeen itzal eta hildakoen isiltasunaren artean ezkutatuz. Haien txantxak besterik ez ziren entzuten, bisitarien murmurioa isildua baitzen. Marmolezko forma zurrun eta mutuek apaintzen zuten zelai hura haizearen murmurioarekin batera.
—Horrela gustatzen zait hilerria —gogoeta egin zuen Alfredok—, lasai eta isilik.
—Hilerria gustatzen zaizu? —galdetu zion Cristinak barrezka.
—Leku lasaia iruditzen zait paseatzeko. Hona biziak gaurko egunez bakarrik etortzen dira eta hilek ez dute molestatzen.
—Baita zera ere! —erantzun zion Ricardok irribarrez—. Bakardadeaz eta isiltasunaz gozatzeko leku aproposa dela esango didazu, ezta?
—Bai, noski.
—Ez al da apur bat iluna? Hildakoak daude hilobi horien barruan! —ekin zion berriro Cristinak, zelanbaiteko atsekabez.
—Egia esan, ez dira ikusten, ez entzuten —berriro Alfredok.
—Bai, hilotzek traba gutxi egiten dute —jarraitu zuen Ricardok burlati samar—, baina ezetz potrorik izan gaur gauean hemen bakarrik geratzeko.
—Burutik eginda zaude, ala? —eskandalizatu zen Cristina.
—Alfredok asko hitz egiten du hilerriko lasaitasunaz, baina ez du garrantzitsuena aipatzen: hildakoen morboa.
—Zer jokatu nahi duzu gaur gauean baietz geratu ni hilerrian? Eta lasai asko, gainera!
—Garagardo-erronda bat.
—Ados.
—Baina burutik zaudete, ala? Zelan geratuko zara hemen bakarrik?
—Begira, banku hartan etzan eta lo-kuluxka bat ere egin dezake —erantzun zuen Ricardok ironiaz.
Mausoleo txiki baten aurrean, zurezko banku bat zegoen, burko legez arrosondo bat zuena.
—Ni banku hartan seko geratuko naiz lo.
Alfredo, lagunengandik aldenduta, arrosondoaren ondoko eserlekura joan zen. Bertan etzan eta eskuari eragin zion agur-keinu batez.
—Tira, goazen, hori erotuta dago eta —erabaki zuen Ricardok.
—Zelan utziko dugu hemen bakarrik?
—Nahi badu, etor dadila. Bestela, berak ikusiko du.
Alfredo, bankutik mugitu barik, begira geratu zen lagunek zelan alde egiten zuten. Bakarrik geratu zen arrosondo, arrats beherako ilunantz eta isiltasunarekin.
Poliki-poliki, zerua ilunduz joan zen. Ilargi eder, biribil eta zuria bakarrik nabarmentzen zen distiratsu. Ilunpetan, hilobiek are zorigaiztokoagoak ziruditen. Kanposantu osoan zehar zabaltzen zen tonu beltzaxka hartzen zuten marmolen koloreek, itzalak mugitzen ari zirela zirudien, eta haizeak, zuhaixken artean, sonata leun bat abesten zuen.
Alfredo, hala ere, eroso sentitzen zen. Bankuan lasai etzan zen, aire-ahokada bat hartu eta begiak itxi zituen. Han geratu bide zen norbaiten ahots urrunak jakingura piztu zion mutilari. Tentetu eta alde batetik bestera begiratu zuen, ea itzal meheen artean bere gau-laguna aurkitzen zuen. Kanposantua ilun zegoenez, ezin zuen urrutira ikusi. Ahotsak irteten ziren lekurantz abiatu zen. Hilobi artean zebilen bitartean, gurutzeek, txorimalo ilun eta geldiak bailiran, ingurua betetzen zuten. Gelditu egin zen zorioneko ahots haiek zetozen alderantz begiratzeko, eta orduan entzun zuen, argi eta garbi, bere atzean.
—Gorri madarikatuak! Ez zarete nire lurrekin geratuko!
Alfredo berehala jiratu zen, baina han ez zegoen inor. Haren ezkerretik, ahots apur bat urrunduago batek erantzun zuen:
—Lau akre dituzu, eta nor kezkatuko da, ba, horiengatik?
—Nireak dira!
—Herriarenak dira! —entzun zen urrutian.
—Elizak Jainkoarenak dira! —esan zuen emakumezko ahots herabe batek.
—Bai, beste munduan bai, jakina. Kar, kar, kar!
—Gorri alaenak, itzuli nire lurrak!
—Nahikoa duzu estaltzen zaituenarekin. Kar, kar, kar!
Alfredok inoiz imajinatuko ez zukeen iskanbila sortu zen. Ahotsak hilobietatik zetozen. Baina harrigarria zen ilunabarrean halako hizka-mizka egotea kanposantuan. Zalaparta gero eta ozenagoa zen, eta gazteak, jada urduri, panteoi, gurutze eta mausoleoen artean, ahots haien jatorria bilatzen zuen. Azkenean, bere onetik aterata, zeruari oihu egin zion, ez baitzekien nora zuzendu bere ahotsa: «Isil zaitezte guztiok!!!». Eragina berehalakoa izan zen. Berriro ere zuhaitzen hostoak mugitzean brisak eragiten zuen hotsa bakarrik entzuten zen leku hartan. Alfredo, txundituta eta mugitzera ausartu barik, isiltasuna entzuten geratu zen. Gero, lasaitasuna itzuli zela ikusirik, bere bankura bideratu zen. Berriro etzatera zihoanean, norbait ahapeka zera esaten entzun zuen:
—Ba al dago bizirik hor?
—Ixo!
Alfredok, berriro zerbait entzutean, zutitzera egin zuen, baina berehala etzan zen berriro lo egiteko. Geldi eta isilik egon zen. Jakingura zuen ahotsek zer zioten jakiteko. Kosta egiten zitzaion hildakoak zirela sinestea. Baina han ez zegoen inor bera, hilobiak eta altzifreak izan ezik. Ziur zegoen ahotsak hilobi barrutik zetozela. Handik gutxira, solasaldiarekin jarraitu zuten:
—Tira, ba… Joan da bizia, ala ez?
—Ixo!
—Zer egiten du hemen bizidun batek ordu hauetan?
Gero, ondoko hilobi batetik zetorren negar-zotin bat entzun zen:
—Non dago nire semea? Santanderren atxilotu zuten. Hamazazpi urte zituen…
—Ixo!
—Gorria zen?
—Burgosera eroan zuten —jarraitu zuen ahots arranguratsuak.
—Gorria bazen, oso ondo dago kartzelan.
—Ez duzue ikusten emakumea sufritzen ari dela? —entzun zen urrunetik.
—Itzul diezazkidatela nire lurrak!
—Hor dago hori, berriz ere…
Pixkanaka, zalaparta hasi zen berriro kanposantuaz jabetzen. Alfredok ezin zuen lorik egin. Sinestezina iruditzen zitzaion gertatzen ari zitzaiona. Baina ez zen beldur, ahotsak baino ez ziren. Han, ilunpeak ikusten uzten zion neurrian, ez zegoen inor. Hainbeste zarataz aspertuta, eta ea lo apur bat egitea lortzen zuen, oihu egin zuen berriro:
—Ixo! Isil zaitezte behingoz!
Hilerria mutu geratu zen. Alfredo ilunpeetara begira adi-adi egon zen apur batean. Gero, ez oso konbentziturik isilaraztea lortu izanaz, bankuan etzan zen. Begiak itxi zituenean, norbait ahopean berbetan entzun zuen:
—Joan al da bizirik zegoena?
—Mausoleoko hildakoa izan dela uste dut.
—Bai, ziur. Biziak ez dira hilerrira etortzen ordu hauetan.
—Ez dituzu lehenago entzun? A zer zarata!
—Horregatik kexatzen zara zu, bisitarik ez duzun hori. Baina niri alaba etorri zait biloba batekin… eta ez dakit nor gehiagorekin. Ez nituen ahotsak ezagutzen.
—Niri seme-alabak eta erraina etorri zaizkit.
—Niri etorri zaidana ez dakit nor izan den, baina negarrez aritu da…pena eman dit.
—Niri loreak kendu dizkidatela iruditzen zait.
—Nire lurrak gura ditut!
—Ekin dio berriro faxista horrek.
—Ixo, gorri masoia!
—Zer da masoi bat?
Alfredo lo egiteko amorratzen zegoen. Berriro oihu egin zuen:
—Isil zaitezte!
—Isil zaitez zeu, astun hori!
—Burgosen hil zen?
—Nor?
—Bai.
—Badakitnorzen,tuberkulosiazhilzengaztetxoa. Txakur bat bezala hil zen, ez zioten kasurik egin.
—Ez ezazu hori esan, bere ama da eta.
—Isil zaitezte!—errepikatu zuen Alfredok.
—Astuna halakoa! —erantzun zuen norbaitek.
Hildakoek solasean jarraitu zuten gau osoan. Alfredok ezin izan zuen begirik bildu, inork ez baitzion jaramonik egiten.
Biharamun goizean, lagunak Alfredoren bila joan ziren. Ile nahasia, azal zuria, kedarrezkoak ziruditen begi-zuloak eta mutil koitaduari halako hildako-itxura bat ematen zion bizar apur bat zituela aurkitu zuten, eta lagunak ikaratu egin ziren:
—Zer gertatu zaizu? Ez nizun esan ez geratzeko?
—Gau osoan ez dut lorik egin.
—Beldurrak akabatzen!!! Kar-kar-kar.
—Ez horregatik, baizik eta hildakoak ez direlako isiltzen.
Bi lagunek elkarri begiratu zioten keinu eszeptikoz, eta, biratu ostean, Alfredori esan zioten:
—Tira, goazen etxera.
©F. Urien