Oraindik ez dugu garrantzitsuena aipatu: bertako jendea. Auzoan bizi ziren pertsonak ez ziren askotarikoak eta bitxiak, jende askok pentsatu gura duen bezala. Pertsona normalak ziren, klase ekonomiko ertain-baxukoak, oro har; baina ondo heziak, jende adeitsua, besteekiko begirunetsuak, betebeharraren sena zutenak, umoretsuak, alaiak eta atseginak. Auzotarrek, ez bakarrik eskailera edo atarikoek, baita kalekoek ere, oso harreman ona zuten elkarren artean, salbuespenak salbuespen. Tratua oso adeitsua zen eta beti zuka egiten zizuten…, urruntasun barik, tratua begirunetsu eta maitagarria zen. Agian azken berba horrek definitzen du ongien auzoko jendea, jende maitagarria zen.
Aspaldi-aspaldiko garaietan, San Frantziskok garrantzi handia izango zuen. Mariaren Bihotza izeneko plazaren azpian, San Frantzisko Komentu Inperialaren hondakinak aurkitu ziren. XVI. mendeko eraikina estilo gotikokoa zen.
Gero hainbat erabilera izan zituen, lehen Karlistaldian helburu militarretarako birziklatu zen eta bertan Alfontso printzearen kuartela egon zen.
Hirurogeiko hamarkadan, klaretiarren eskubaloi-taldeen zelaia izan zen, eta han ekin zion bere ibilbideari gero lehen maila nazionalean egotera iritsi eta izugarrizko garaipenak lortu zituen taldeak.
Haurrak kalean, Mariaren Bihotzaren plazan, jolasten ziren, eta, jendeak pentsa dezakeenaren kontra, ez zuten ezelango arriskurik; aitzitik, haur arruntak ziren, jolas eginez hazi eta haurtzaro alai, dibertigarri eta adiskidetasunez betea bizi izan zutenak. Ziur asko ume haiek han jarraituko zuten bizitzen, halako batean batzuek auzoa bertan behera uztea erabaki ez balute, biztanleak alde egitera behartuz.
San Frantziskok bazuen pertsonaia tipikoren bat edo beste, auzo izan gura duen orok duen bezala. Moñoñoz gain Reganche zegoen. Familia oneko gizona zen, baina, ez dakigu zergatik, abandonatu samar, bakarti eta ekonomikoki oso behartsu amaitu zuen. Lagun bat zeukan, Hermano (Anaia) deitzen zuena eta Hernani kalean bizi zena; hark bere atariko giltzak uzten zizkion Regancheri gauez sartu eta eskailburuan lo egin zezan, berak ateratzen zizkion mantaren eta burkoaren epelean. Hark esaten zion Regancheri: “Goizaldera dena jaso eta eskailburua utzi behar duk, gerta ez dadin norbaitek hi bertan ikustea eta gero niri liskarra sortzea edo norbaitek nire familiari sortzea”. Eta Reganchek, buruaz baiezkoa eginez, erantzuten zion: “Bai, Hermano, bai, ez hadi kezkatu, horrela egingo diat eta”. Eta oso zorrotz betetzen zuen eskatutakoa, behin ere ez baitzuten han harrapatu. Reganche Athleticen beste zale handi bat zen, eta San Mamesen partida zegoen domeketan, ondo apaindu, dotore-dotore jantzi eta San Frantziskoko kaleetan zehar ibiltzen zen, jendeari oroitaraziz Athleticek Katedralean (San Mamesen) jokatzen zuela, eta ekitaldi handian parte hartzera animatuz. Athleticek kopa irabazten zuenean, jokalariak kamioian paseatzen zituzten Bilbon zaleek ikus zitzaten, eta Reganche beti eurekin eroaten zuten.
Javier de Villa Libarona euskal margolaria, garai guztietako figuristarik onenetako bat, San Frantzisko kaleko 8. zenbakian bizi izan zen haurtzaroan eta gaztaroan. Pintzel erromantikoaz, hunkigarritasun harrigarriko neskak eta arrantzaleak margotu zituen. Argizari-pintorerik bikainenetako bat izan zen, eta arte horrekin hasi zuen bere pintura-ibilbidea. Haren erakusketak beti izan ziren arrakastatsuak publikoaren eta salmenten aldetik, eta haren margolanetako bat, beatifikazio bat zela-eta, Vatikanoko balkoietako batean egon zen ikusgai.
Haren anaia Fernando, klaretiarra, Iparraldeko probintzietarako Ordenako Prefektua izatera iritsi nintzen
Gaur egungo Bilboko pertsonaia tipikoenetako bat, José Antonio Nielfa, La Otxoa, 1947ko irailaren 11n jaio zen San Frantzisko kalean.
Osaba Javier Lecumberriren tabernan egin zuen lan, eta, geroago, 8A izeneko beste batean, hortik datorkiolarik “La Otxoa” ezizena. Gurutzetako erietxeko kafetegian ere tabernari izan zen, eta bere adeitasun eta lan onagatik biziki estimatzen zuten gaixoak zaindu edo bisitatzera joaten zirenek. 20 urtez Bartzelonan lan egin zuen La Reja Dorada eta Barcelona de Noche aretoetan. 1968ko udaberrian haietako batean beharrean zebilela, homosexuala izateagatik atxilotu eta espetxeratu egin zuten, “Ley de Vagos y Maleantes” (Alfer eta Gaizkileen Legea) aplikatuta. 1978an, Bilboko jaietan, bere “Libérate” abestia ospetsu bihurtu zuen, eta handik aurrera, egindako antzerki-ikuskizunek bere karrera sendotu dute. Beharbada, Jose Antoniok, batzuetan, pazientzia handiz eraman behar izan du La Otxoa.
San Frantziskoko tabernak tipikoak ziren, txikiteoan ibili eta banderilla batzuk ─egia esateko, oso goxoak!─ hartzeko egokiak, non elkarbizitza osasuntsua eta alaia baitzen. Cantalojas zubia igaro orduko, ezkerretara Linaje taberna zegoen: sartu eta eskumara leku txiki bat zuen, eta han domeketan izkirak, nekorak eta karrakelak saltzen ziren, dena oso ona. Aurrerago, eskuman, Heredia taberna zegoen, gilda gozo-gozoak zituena, baita askotariko beste pintxo bikain batzuk ere.
Maiatzaren Biko kalean, ezkerreko espaloian, igo eta San Frantziskora ia iristean, Meson Canal zegoen; haren jabea Benito Canal izan zen, pisu astunetako boxeolaria. Galizian, Concello da Mercako Fontao herrixkan jaio zen 1941ean. Zortzi urte zituela, Bilbora etorri zen, boxeolari gisa ezagun bihurtu eta duela urte gutxi arte bertan bizi izan zen, jaioterrira itzuli arte.
Bilboko zezen-plazan, Espainiako txapeldun izendatu zuten pisu astunetan, Echeverriaren aurka borrokatu eta puntutan irabazi ziolarik. Diotenez, Gorte kalea kabriolet batean zeharkatu zuen, eta ikaragarria izan zen auzotarrek eta prostituzioko neskek egin zioten harrera, idolo bat baitzen haientzat. Denek maite zuten gizon hura eta oso ondo konektatzen zuen herriarekin.
Cantalojas zubiak ere ez zituen auzoaren alde bat eta bestea bereizten, kontrakoa baizik; San Frantzisko, Salazar Jenerala eta Zabalbururen arteko lotura zen.
Beraz, horra hor, San Frantzisko Bilboko auzo arrunt bat zen, non bertako jende xumea alai bizi zen, pozik familia handi bat lez, askok pentsatu dutenaren eta oraindik pentsatzen dutenaren aurka. Duela urte batzuetako San Frantzisko ez da oraingoa, auzo alaia zen, familiarra, bizitza handikoa eta saltoki on askoz betea. Oraingo hau, hein handi batean, gure politikarietako batzuei zor diegu, arduratuta ez dakit zerengatik eta guztiz erreala ez den Bilbo erakutsi guran.
San Frantzisko kalearen eta Mirasol Kondearen kalearen arteko izkinan, XIX. mende-erdialdeko etxe bat dago, kaleko zaharrena. Garai hartan, San Frantziskok inguruko denda gehienak eta burgeseria txikia batzen zituen.
Mirasol Kondearen kalean, bidaiatzeko maleta-denda bat zegoen, publizitatea irudimen eta grazia handiz egiten zuena: “Casar ya nos haremos, Josetxu, ¡sí, Mirentxu! pero con una condisión, que para el viaje de novios, ¡comprar harás maletas en el Conde Mirasol! Auzoaren alde txirenea zen hori.
…. Gaur egun San Frantzisko kaleko 19. zenbakian dagoen Tejidos y Confecciones Careaga denda da garai hartatik geratzen den bakanetako bat. Luis Careaga fundatzaileak eta gaur egun haren seme Ganixek auzoko jendea betiko maitasunez janzten jarraitzen dute.
(jarraituko du)