MAHATS-BILTZEA ETA PIKILLO PIPERRAK (2019ko urriaren 2ko txangoa)


Joan zen urriaren 2an egun bateko beste txango bat egin genuen; oraingoan 66 bazkide izan ginen, eta lehenik Finca Valpiedrara joan ginen..

1999an irekia, Errioxako upategi bakarra da Grandes Pagos de España elkartean dagoena; Estatu osoan banaturiko upategien elkarte esklusibo eta murriztu honek, mahasti bereziekin eta bere nortasunarekin, benetako lursail txikiak aldarrikatzen ditu.

Finca Valpiedra Errioxa Garaian dago, Cenicero eta Fuenmayor ardo-herri historikoen artean. Cenicero da Errioxa Garaian mahasti-eremu handieneko udalerria, eta Erdi Arotik mahatsondoaren monolaborantzara emana gehienbat. Bere lursail harritsuetan nekez landa daiteke beste ezer eta, egia esateko, bai Ceniceron eta bai Fuenmayorren leize-zulorik zaharrenetako batzuk daude, XVI. eta XVII. mendeetakoak ere bai, orduan nobleenak ziren harlanduzko jauretxeetan.

TVEk emaniko Gran Reserva serie ezagunaren ekoizleek Finca Valpiedra aukeratu zuten filmaketarako gune nagusietako bat izan zedin. Eta ulergarria da, paraje gutxi baitira Errioxan eta Espainian natura, historia eta mahats eta ardogintzaren kultura horrela elkartzeko gai direnak, mende luzetako tradizioarekin, ia soil-soilik mahatsondoak landatzera emana den leku pribilegiatu batean.

Ardogintzari buruzko datu hauek guztiak entzun ostean, ardoak dastatzeko aukera izan genuen: hasteko muztioa, eta gero kopa bana ardo (ondua eta erreserba), hestebete batzuekin batera, ardoak ez joateko hutsik zeuden urdailetara.

Handik Lodosara joan ginen, Alfonso Martínezen jaioterrira, eta bertan aperitiboa genuen zain, pikillo piperrekin eta piper barrubeteko pintxo bero batekin.

Lodosako kaleetan paseoan ibili eta Marzo jatetxera joan ginen; mahaian Lodosako menu tipikoa genuen zain eta, noski, ezin falta berriro ere pikilloak eta zainzuriak.

Arratsaldean, oinez, Pedro Luis kontserba-fabrikara joan ginen eta, han azaldu zigutenez, 60ko urteen bukaeran hasi ziren beren lursailetako fruituak, zainzuriak eta piperrak, ontziratzen. Beraiek mimatzen eta zaintzen zituzten bai kultiboak eta bai kontserbak egitea.

Gaur egun ere bizirik eusten diote hasieran izan zuten espiritu eta kalitate-konpromisoari, kultiboen eta ekoizpenen erabateko kontrolean oinarrituta, beti ekoizpen mugatuak, artisauzkoaren ezaugarri pertsonalarekin eta produktu paregabea lortzeko ahalegin handiarekin.

Apur bat etsigarria gertatu zitzaigun ohartzea ezin zirela produktuak fabrikan bertan erosi, baizik eta eskaera egin behar zela eta gero etxera bidaltzen zutela. Dena den, ordainetan-edo, beraien espezialitateetako batzuen lagin bat eman ziguten.

Kaxa bat ere eman ziguten García anaien pastekin, ezagunagoak Lodosako Pirulo pastak esanda.

Labur esanda, berriro ere lagunartean egun eder bat pasatzeko aukera izan genuen, ez baitzen falta izan umorerik giro jatorrean.

Gure esker ona Alfonso Martínezentzat, eskualde hau ezagutzeko eta bertako produktu onak dastatzeko aukera eman zigulako.

 

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude