16:05
Lan egin ostean etxera iritsi naiz. Tripa-zorriak ditut orduak daramatzadalako mokadurik probatu barik. Arratsaldeko laurak dira. Sukaldeko mahaiaren gainean, ohi bezala ordenatuta, plater bat dago, eta ondoan mahai-tresnak, ahozapiaren gainean. Babarrun-usainak sukaldea betetzen du eta nekarren gosea areagotzen dit. Emazteak irribarrea ezpainetan duela begiratzen dit. Sabelaren biribiltasunak ezin du haurdun dagoela disimulatu, laster beteko ditu bederatzi hilabete. Ez dakit zer daukan amatasunak emakumeak ederrago eta atseginago bihurtzen dituena. Mahaian eseri eta zer moduz dagoen galdetu diot. «Odol-galera bat izan dut», erantzun dit apur bat kezkatuta. «Ez da egia izango!». Jatekoa ahaztu eta sabela ukitzera jaiki naiz. «Goazen ospitalera oraintxe bertan». Jaka eta autoko giltzak hartu eta prestatzeko esan diot. Nik zerbait jateko esan dit behin eta berriz. Baina jada ez dut goserik. Eta nik, setati, medikuaren bila joan behar dugula.
16:25
Ospitalean gaude. Bera amatasun-kontsultara sartu da eta ni kanpoan geratu naiz zain. Alde batetik bestera nabil, emaztearen berokia esku batean eta poltsa bestean dudala. Itxarongelan dagoen erlojuak arratsaldeko lau eta erdiak markatzen ditu. Beste gizon bat, ilekizkurra, sofan eserita dago. Emakume baten arropak ditu belaun gainean, eta erlojuari begiratzen dio etengabe. Korridorera noa eta irteerako aterantz gero. Eskuan daramadan berokia arrastaka doa pixka bat, eta, beraz, besartean hartu dut. Itxarongelara itzuli naiz. Gizonak erlojuari begira jarraitzen du. Bostak hogei gutxi dira. Beste buelta bat eman korridorean barrena eta berriro itzuliz naiz gelara. Bostak laurden gutxi dira. Sofan eserita zegoen gizonaren emaztea kontsultatik irten da, eta alde egin dute biek. Bostak hamar gutxiago dira. Berriro korridorera, sarrerako atera eta itxarongelara itzuli naiz. Arratsaldeko bostak. Sofan eseri eta berokia belaunen gainean utzi dut. Osagilea kontsultatik irten eta niregana hurbildu da dilatazio-gelara eramango dutela esateko. Bigarren solairuan omen dago. Zaindari batek nire emaztearen gona, blusa, jertsea eta zapatak eman dizkit. Zapatak eskuineko eskuan hartu ditut eta arropak besoetan. Jantziek ozta-ozta uzten didate ikusten. Igogailuan erizain bati eskatu diot bigarren solairuko botoia sakatzeko.
17:25
Dilatazio-gelan sartu naiz eta bikote bakarra ikusi dut, oraindik ez dute nire emaztea igo. Erdi-urren dagoena agurtu dut, eta eskuaz keinu bat egin dit. Haren aurpegian irribarre behartu bat ikusten da, izerditan dago. Gizona neskaren tripako kurbaduraren atzean ezkutatzen dela dirudi. Belauniko edo otoitz egiten egongo da. Nire emaztea ohe batean sartu dute. Berarengana hurbildu eta zer moduz dagoen galdetu diot. Orduan, erdi-urren dagoen beste emakumea oihuka hasi da. Emaztea ikaratu egin da eta eskua hartu diot neureen artean. «Erizaina, erizaina!», oihu egin du neskaren triparen atzean ezkutatzen zen mutilak. Gizon garaia da, nork esango zuen!, bere bizilagunaren sabelaren atzean ezer gutxi zirudien. Erizaina etorri eta kanpora bidali nau. Nire emazteari agur esan eta berehala itzuliko naizela ziurtatu diot. Beste emakumearekin zegoen gaztea korridorean zehar dabil, urrats luze eta lasterrak eginez. Orain mutur batean dago eta orain bestean. Zorabiatu egingo naiz hainbeste mugimendurekin. Aulki batean eseri eta aldizkari bat hartu dut distraitzeko. Argazkiei begira nago, baina ez diot bakar bati ere erreparatzen. Medikuari esan behar diot nire emaztearen erditzean egon gura dudala. Aldizkariaren orriak pasa eta berriro utzi dut mahai gainean. Urrats luzez zebilen gizona are lasterrago dabil orain. Korridorea oso motz geratzen ari zaio. Erizaina gelatik irten da eta gaztea hurbildu zaio arnasa estututa duela. Laguntzaileak behean dagoen itxarongelara joateko agindu dio, bertan baitaude erditzeko gelak. Hurbildu eta ea sar naitekeen galdetu dut. Pixka bat gehiago itxaron behar dut. Eseri eta erlojuari begiratu diot. Seiak eta hogeita hamabost dira.
18:45
Nire emaztearekin batera zegoena gelatik atera dute. Erizaina hurbildu eta emaztea ere eraman egingo dutela esan dit. Nahikoa dilatatu omen da. Arropa eman eta itxarongelara jaisteko agindu didate, abisatuko didatela. Dena oso azkar gertatu da. Ez dakit non jarri hainbeste arropa. Itxarongelan dabil gazte zangaluzea mutur batetik bestera bueltaka. Arropa aulki baten gainean utzi eta albokoan eseri naiz. Erlojuari begiratu diot, zazpiak eta bost dira. Nirekin batera itxaroten dagoenak sprinterraren antza du korridoreetan eta itxarongelan bueltaka. Zergatik ez ote da geldi geratzen apur bat? Urduri jartzen nau. Zazpiak eta hogei dira. Aldizkari bat hartu dut, gero beste bat eta beste bat. Ez dakit zer egiten dudan hainbeste aldizkari eskuetan ditudala. Denak begiratzen ditut, baina ez dut ezer irakurtzen. Megafoniaz entzuten da: «Idoia Rodriguezen senideak doazela 304. gelara». Hori ni naiz. Emaztearen arropa hartu eta lasterka irten naiz. Berokiarekin estropezu egin eta jantziak erori zaizkit. Urrats luzez dabilen gazteak haiek jasotzen lagundu dit eta zorte ona opa dit. Eskerrak eman dizkiot. Azkenean, jatorra ere iruditu zait gizona.
19:30
Gelara bidean, nire emaztea ohean daraman zaindariarekin topo egin dut. Emaztearen ondoan, ezkerreko bularraren eta besoaren artean bilduta, ume txiki-txiki bat dago. Irribarretsu begiratu dit emazteak. “Zer moduz?” galdetu diot. Zaindariak, txantxa artean, hurrengoa neuk erditzeko esan dit. Sorbaldak goratu ditut. Umeak begiak itxita ditu eta eskuak mugitzen ditu. Nire semea da. Bitxia gertatzen zait! Nire semea. Ezin dut sinetsi! Nire hatz erakuslea umetxoaren eskuetara hurbildu eta ukitu egin dut. Ama oso pozik dago. Zaindariak une batez erretiratzeko esan dit, gelan sartzera doa. Bakarrik utzi gaituzte. Emazteak bularra atera eta umetxoa hurbildu du titia har dezan. Bularra handiegia da hain izaki txikerrarentzat. Hala ere, berea balitz bezala hartu du eta indarrez xurgatu du. Ama eta semea unitate perfektu gisa ikusten ditut. Ohe ondoan eseri eta eskua eman diot emazteari. Gero, musu bat eman diot eta umeak eztul txiki bat egin du. Banandu egin naiz titia hartzen jarrai dezan. Biei begiratu eta oso lasai sentitu naiz. Dena primeran dago.
©Fernando Urien