MYANMAR-ERAKO BIDAIA ZORAGARRIA IZAN ZEN, ZIRRARAGARRIA, HAIEN KULTURAREN ETA GUREAREN ARTEKO EZBERDINTASUN ARGIA NAGUSI.
PENA DA BAI GARAI KOLONIALA ETA AGINTALDI MILITARREN AROA, BAI ERLIJIOA ETA URREZKO TRIANGELUA, BIRMANIA ERE DEITURIKO HERRIALDE HARTAN, ERAGOZGARRIAK IZATEA MUNDUAN MEREZI DUEN LEKUA HARTZEKO.
BERE ABERASTASUN NATURALEK, TURISMO-GAITASUNAK, BERTAKO JENDEAREN ADEITASUNAK… ETORKIZUNEAN ZERBAIT GARRANTZITSUA IZATERA ERAMAN DEZAKETE HERRIALDE HURA.
HALA ERE, ARRISKU ASKO (BARNEKOAK ETA KANPOKOAK, TXINATARRAK ETA MENDEBALDEKOAK) MEHATXATZEN DUTE. OSO “GOZOKI” DESIRAGARRIA DA.

Datu batzuk
Myanmarko Batasunaren Errepublika “Birmania” anglizismoaren arabera ezagutzen da nazioartean, baina bi terminoek gauza bera esan nahi dute: Bamar-en lurraldea.
Bamar edo Burman etnia, mendebaldean ‘birmaniar’ izenez ezagutuak, da ezarpen handienekoa Myanmarren.
Jatorriz tibetarrak eta, seguruenik, mongoliarrak, badirudi duela 3.000 urte iritsi zirela Ayeyarwady ibaiaren ertzera, eta VII. mendetik aurrera, Mon-en lekua hartu zutenean, talde nagusi bihurtu zirela.
Nahiz eta II. Mundu Gerra amaitu ostean birmaniar askok emigratu
Thailandiara, Ingalaterrara eta mendebaldeko beste herrialde batzuetara, herrialdeko biztanleria osoaren gehiengoa izaten jarraitzen dute, gaur egungoaren % 68ra iritsiz, eta herrialdeko estamentu politiko guztiak menperatzen dituzte, batzuetan oso-oso gogor eta Erdi Aroko formekin.
Haien hizkuntza, indoeuroparra, herrialde osoan gehien hitz egiten dena eta erabilera ofizialekoa da, gutxiengoen 100 hizkuntza baino gehiagorekin bizi delarik.
Budista sutsuak dira eta ‘nats’ izenez ezagutzen diren espirituen jarraitzaileak (horiei buruz zehatz-mehatz hitz egingo dut Popa mendiaren bisitari buruzko kapituluan)
Lonji edo gonarekin janztea gustatzen zaie, bai gizonezkoei, bai emakumezkoei.
Asiako hego-ekialdean dago. Ipar-mendebaldean Bangladesh eta India ditu mugakide, ipar-ekialdean Txina, ekialdean eta hego-ekialdean Laos eta Thailandia, eta mendebaldean Bengalako Badia eta Andalango itsasoa.
Birmania izen kolonialetik Myanmar-erako aldaketa 1989an nagusitu zen tokiko terminoen “erromanizazioa” indargabetzen zuen lege baten barruan. Normalean ez zituzten ondo hartzen Junta Militarrek ezarritako aldaketak, baina hura salbuespen bat izan zen.
Myanmar, batez ere, historikoki gerra zibil odoltsuetan elkarren aurka borrokatu diren herri eta arrazen batasun ezegonkorra da, beti ere gerra ostean garaileen errepresio oso gogorrak pairatuz.
Talde etniko garrantzitsuenak hauek dira: Birmaniarrak (biztanleriaren % 68), Shan (% 9), Karen (% 7), Rakhine (% 4), Txinatarrak (% 3), Indiarrak (% 2), Mon (% 2), etab.
Bere hiriburu administratiboa, duela urte gutxitik, Nay Pyi Taw da. Hango hiririk garrantzitsuena, alde handiarekin, Yangon da, aurreko hiriburua.
Myanmarko biztanleak oso superstiziosoak dira, egiaztatu ahal izan genuen eta liburu honetan irakurri ahal izango den legez. Horrek, gobernuburu ziren militarrek Yangongo portutik barrena inbasio iparramerikar bat gertatzeari zioten beldurrarekin batera, herrialdeko hiriburua aldatzea ekarri zuen, eta hori klase menderatzaileentzat onura handia lortzeko baliatu zen, landa-lurrak hiri-lur bihurtzean sortu zen espekulazio basatiaren ondorioz, Lermako dukeak Filipe III.aren erregealdian egin zuenaren antzera.
Nazioaren administrazio-organoen nahitaezko lekualdaketa benetako kaosa izan zen.
2005. urtean gertatu zen hiriburu-aldaketa. Zehazki, 11. hilean, 11. egunean, goizeko 11:00etan 11 ministerio lekualdatu ziren eta 11.000 kamioik armadako 11 batailoi eraman zituzten hara.
Zelanbaiteko antzekotasuna aurki dezakegu Bilboko Metroan. Hamar urte lehenago inauguratu zen, 11. egunean, 11:00etan, 11 minutu eta 11 segundoan, baina gure kasuan erraz gogoratuko zen zerbait egiteko izango zela uste dut.
Herrialdeak 1948an Ingalaterrarekiko independentzia lortu ostean aldi demokratiko labur bat bizi izan zuen, baina gero erregimen isolazionista militarretan erori zen (ikus eranskina), eta aberastasun naturalak izan arren (petrolioa, gas naturala, urrea, jadea, zafiroak eta zur-baliabide garrantzitsuak), atzerapen itzela du bere garapenean.
Iritsi ginenean zegoen gobernua militarrek zaindutako “demokrazia organiko” bat zen, eta hazkundearen aldeko apustu garrantzitsua gidatzen ari zen, azken urteetan % 7 ingurukoa baitzen urtean. Baina hain egoera txarretik abiatu denez, denbora luzea beharko du maila egokia lortzeko.
Tamalgarria bada ere, 2021eko otsailean, beste estatu-kolpe militar bat izan da, armadako buruzagiek ez baitzuten onartu beren alderdia barregarri geratzea hautestontzietan aurreko azaroan egindako hauteskundeetan, eta, nahiz eta gutxieneko ordezkaritza bat eta ministerio batzuk izan neurrira egindako Konstituzio batek ziurtatuta, egokia iruditu zitzaien aurrerapen sozial eta politiko guztiak apurtzea.
Antzeko zerbait gertatu zen 1980an askatasun-aldi labur baten ostean.
Jarduketa horretan argi geratzen da Txinak kolpistei ematen dien laguntza; izan ere, ez du Myanmarren duen nagusitasuna galdu gura, probetxu ekonomiko handia ateratzen baitu handik.
Izan ginen garaian datu konparatibo esanguratsuenak honako hauek ziren:
MYANMAR | EUSKADI | ESPAINIA | |
Eremua (Km2) | 676.563 | 7.234 | 505.370 |
Biztanleria (mm.) | 51,4 | 2,2 | 46,5 |
Per capita errenta $ USA | 908 | 30.459 | 29.863 |
B.P.G. nominala | 59.017 | 64.295 | 1.406.865 |
Haien pobreziaren adierazgarri da jendartean “gizendu egin zara” esamoldea adeitsu geratzeko erabiltzea, Indian ere gertatzen den zerbait.
Lehen esan dudan bezala, bertako biztanleak oso superstiziosoak dira, txinatarrak edo tibetarrak baino ere gehiago. Esate baterako, eskuinetik gidatzen dute, baina bolantea ere eskuinean daukate oraindik; horren ondorioz, gidariek ez dute ikuspenik aurreratzen hasteko, eta herrialde hartako zirkulazio-kaosa areagotzen du, non, gainera, ezin konta ahala motorrek gura duten moduan zirkulatzen duten (Yangonen izan ezik).
Azken urteetan izan duten diktadore bat oso sineskeriatsu edo superstiziosoa zen. Haren konfiantzazko pertsonak gobernuan astrologoak, igarleak eta xamanak ziren, herrialdearen egoera kaotikoa konpontzeko moduari buruzko aholkuak ematen zituztenak, ministroek eurek baino eragin handiagoa zutelarik.
1970ean, aholkulari horiek mandatariari aholkatu zioten, boterea gal ez zezan, ingelesengandik jasotako tradizioarekin hautsi beharko zuela, eta, ondorioz, kaleetan eta errepideetan eskuinetik zirkulatzeko agindu, baina britainiarrekin erabat ez hausteko, bolanteak alde horretan, eskuman, jarraitu beharko zuela.
Horrela, bere agintaldia errazagoa izango zela eta historiara pasatzeko aukera gehiago izango zituela ziurtatu zioten.
Horregatik, hiriko garraioek gidariaren laguntzaile bat eroaten dute, aurreratu dezaketen edo ez abisatzeko. Eta ateak ezkerrean daudenez, kontu handiz ibili behar da igo eta jaisterakoan, errepidearen erdira irteten baita bidaiaria.
Dagokion ediktua abuztuaren 9an sinatu eta argitaratu zen; izan ere, hilabete bakoitzeko egun horretan bakarrik sinatzen zituen gobernu-dekretuak agintari hark, hori ere sineskeriagatik.
Autobusak eta trenak egoera tamalgarrian daude. Zaharrak, deserosoak eta motelak dira. Hori bai, oso merkeak dira.
Motozikletak, gehienak txinatarrak, merkeak dira, 350 € inguru kostatzen dira, baina oso kalitate txarrekoak eta oso kutsagarriak dira. Mandalay bezalako hirietan, non milioi bat baino gehiago daudela esaten den, sortzen duten kutsadurak dena betetzen du.
Maila bereko bidegurutzeetan, ibilgailurik handienak du abantaila, eta tamaina berekoak direnean, muturra lehenengo sartzen duenak. Motorrak aparteko atala dira, maniobra sinesgaitzak egiten baitituzte, eta kontrako noranzkoan ere zirkulatzen dute. Baina idi-gurdiek dute erabateko lehentasuna, haiek berera joaten baitira munduan beste inor ez balego bezala.
Maniobra guztietarako klaxona erabiltzen da. Eta maniobrarik ez badago ere bai. Zaratotsa erotzekoa da.
Ez genuen inor ikusi 60 kilometro orduko abiadura gainditzen, ezta errei bikoitzeko errepideetan ere trafikorik ez zegoenean. Errepideen egoerak, ia asegururik ez izateak eta zirkulazio kaotikoak oso-oso kontuz ibiltzera behartzen ditu.
Herrialdeak maiz izaten ditu argindar-etenak. Batzuk, laburrak, Bagan-en bizi izan genituen.
Eguneroko bizitzako xehetasunak
Birmaniarrak, goi-kargudunak edo maila handiko hoteletan, adibidez ostalaritza sektorean, dabiltzanak izan ezik, ia beti txankletak jantzita ibiltzen dira, oso gutxitan zapatak.
Beren txiklea murtxikatzen dute: betel-hosto batzuekin beste produktu batzuk biltzen dituzte, eta emaitzak, mendekotasun edo adikzioa sortzeaz gain, hortzak kaltetzen ditu, kolore gorri desatseginez tindatuta geratzen direlarik. Hura murtxikatzeaz nekatzen direnean, tu egiten dute eta lurrean geratzen da orban odoltsu bat lez. Ez da atsegina turistak ikusteko. Haiek ohituta daudela dirudi.
Normalean, ura jendearen eskura egoten da kaleetan, doan. Ez da gomendagarria mendebaldekook edatea.
Ez da ohikoa birmaniar tea (te berde normala esne kondentsatu pixka batekin) edo otorduetan ogiaren lekua hartzen duen arroz zuri egosia kobratzea. Oso arraroa da herri-jatetxeetan mahai-tresnen artean aiztoak aurkitzea, nahiz eta eskatu.
Besoari ukondotik heltzen diote. Ezin dira atzamarraz pertsonak seinalatu, ezta oinak Buda aldera direla eseri ere. Bi pisuko ibilgailu publikoetan, emakumeak ezin dira goikoan joan, haien oinak ezin baitira gizonen burua baino gorago egon.
Oro har, inork ezin du jendaurrean afekturik edo maitasunik erakutsi. Ez laztanik, ez musurik, ezta umeei ere.
Ofizialki ez dago arazorik gay eta lesbianekin.
Erabat oinustu behar da pagoda, tenplu, monasterio edo beste edozein esparru sakratutara sartzeko. Gure kasuan, bakoitzetik irtetean, berriro oinetakoak jantzi aurretik, higiene-zapitxo heze batzuk ematen zizkiguten oinak garbitzeko. Tamalgarria bada ere, leku haietako askotan zorua zikin-zikin egoten da.
Herrialdea nahiko utzia dago eta zikinkeria da nagusi bazter askotan. Horrek, etxe kalamastra, auto, autobus eta motozikleta zaharrekin eta larruazalaren kolorearekin batera (bertako biztanleei ‘buztinezko pertsonak’ deitzera iristen dira), hiri handien erdigunean erabateko pobrezia- eta abandonu-sentsazioa sortzen du, eta badirudi horrek ez duela alde handirik herrialdeko gizarte-errealitatearekin.
Hori bai, pagodak eta tenpluak, utzikeria eta zoruko zikinkeria-kasuetan izan ezik, distiratsu eta oso zainduta daude.
Erosketei dagokienez, dendak, modak eta mendebaldeko prezioak dituzten eta herrialdeko aberatsentzat diren merkataritza-gune berriak izan ezik, dena bat dator soldatekin, nahiz eta, ohi bezala, turistoi zerbait gehiago kobratzen diguten. Derrigorrezkoa da tratuan aritzea, nahiz eta kontuan izan behar den, batzuetan, monetaren trukea dela-eta (1.000 Kiat = 0,70€), huskeria diren kopuruengatik borrokatzen garela.
Eskatzen dutenaren % 30 eta % 50 artean ordaintzea gomendatzen da.
Otorduei dagokienez, oso gutxi nabarmenduko ditut; izan ere, oro har, ondo etortzen zitzaigun tokian egiten genituen otorduak, normalean birmaniar sukaldaritza oinarri hartuta, pobrea, mina eta gopor itxurako plateretan zerbitzatua, batzuetan aurretiko barazki-saldarekin batera. Batez ere arrozean oinarritzen da, eta oilaskoa eta txerria ditu plater nagusi, plantxan behar bezala “erreta” ibaiko arrain pixka batekin batera.
Oro har, kakahuete-olioarekin prestatzen dute janaria.
Asko gustatu zitzaizkigun azoketan eta tabernetan gosaltzeko egiten dituzten txurroak. Pentsatzen dut nonahi dagoen arroz-irinezkoak izango direla aipaturiko kakahuete-oliotan prestatuta. Ez dirudi errezeta horren alternatiba askorik dagoenik.
Afariak, San Yu turismo-gidariaren aholkularitzarekin, hoteletan edo jatetxe “berezietan” egin genituen, eta orokorrean onak izan ziren, herrialdearen egoera ekonomikoa kontuan izanda. Lehenengo bi egunetan gure kontura izan ziren, gainerakoak bidaiaren prezioan sartuta zeuden.
Espero genuen, halaber, ingelesen kolonia ohia izanik, eta malariarekin bertan, gin-tonic onak prestatuko zizkigutela. Ez zitzaigun bururatu birmaniarrek garai hartako oroitzapen onik ez dutela eta ohitura horiek ez dituztela estimatzen. Horren ildotik, ingelesa ikastea ere ez zuten atsegin, baina hori hiri handietan, turismoaren etorrerarekin, aldatzen ari zen.
Dena den, ezin da hitz egin bisitatu genuen Myanmarri buruz, “Dama” edo “Anderea” aipatu barik. Aung San Suu Kyi, 1991ko Bakearen Nobel Saria eta Demokraziarako Liga Nazionaleko burua.
2021eko otsaileko estatu-kolpera arte, Gobernuko benetako presidentea zen itzalean, ezin baitzen titularra izan; izan ere, orduan militarrek idatzita indarrean zegoen Konstituzioan artikulu bat dago harentzat pentsatuta, agintari goren izatea debekatzen diena atzerritarren alargun edo emazteei edo beste herrialde bateko pasaportea duten seme-alaben amei, eta bi zirkunstantzia horiek ematen dira Aung San Suu Kyi-rengan.
Haren aita, militarra hura ere, Birmaniako armada modernoaren sortzailea eta buruzagia izan zen. Lehen presidente demokratikoa izanik, herrialdearen independentzia ekarri zuten negoziazioen buru izan zen. Erail egin zuten, agintea kendu zion kolpe militarraren ostean.
Demokraziaren aldeko borrokalari nekaezina da Aung San Suu Kyi, eta, beraz, gobernua 50 urte baino gehiagoz okupatu duten diktadura militarren aurkakoa; bere askatasuna mugatuta ikusi du, etxean atxilotuta egon baita, herrialdea gobernatzen aurkitu genuen demokrazia herabea itzuli arte.
Ziurtzat jotzen da Bakearen Nobel sariak zigor handiago batetik libratu zuela. Joan ginenean 4 ministerio zuzentzen zituen eta Myanmarko presidentea, bere laguna izateaz gain, berak esandako guztiari jarraitzen zion pertsona zen. Orain berriro etxean atxilotuta egongo dela uste dut.
Eta Myanmarren ezer baldin badago gauza guztien gainetik eta bizitzaren alderdi guztietan, BUDISMOA da hori. Erlijio ez-teista honi –edo, beste batzuen arabera, bizi-filosofiari– kapitulu bat eskaintzen diot liburuaren amaieran.
San Yu
Uste dut beharrezkoa dela atal berezi bat egitea turismo-gidari bikain honentzat, maila apartekoa baitu.
Orain arte egin ditugun bidaietan gidari onak edo oso onak aurkitu ditugu, Moskuko esperientzia txar baten salbuespena izan ezik.
San Yu litekeen mailarik onenean dago ezaupideei eta horien transmisioari dagokionez, eguneroko jardueraren antolatzaile handia izateaz gain.
Zalantza barik, ahalegin handiak egiten dituen arren, hizkuntzarekin hutsuneak ditu. Gaztelania oso urrun dago haientzat. Gramatika, hiztegia eta idazkera oso desberdinak dira.
Horrek batzuetan galdera konprometituei ez erantzuteko balio ziola uste dut, batez ere erlijioari buruzkoak baldin baziren.
Baina San Yuk bidaiari ematen dion tratamenduan zerbait goi-mailakoa dago. Xehetasun guztiak zaintzen ditu, une bakoitza gure gustuetara egokitzeko, edozein oharri jarraitzeko prest. Primeran enpatizatzen du.
Myanmarrera joateko asmoa izanez gero, komeni da aurrez berari idatzi eta aholku eskatzea.
(jarraituko du)