Ordainbideak: eman bako zerbitzuengatik erreklamatzea


Nire esperientzia: aldeko bi kasu eta frustrazio bat

Irakurri berri dut txartel bidezko ordainketak dakartzan bermeei buruz Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunak gure elkarteari bidali dion idazkia, eta komenigarria iruditu zait azken urteotan izan ditudan hiru esperientzia partekatzea.

1.- HOTELAREN ERRESERBA BALIOGABETZEA

2019ko uztailean, 3 gela erreserbatu nituen hegoaldeko hotel batean, bertan, urriko lehen egunetan, mantenu-erdiko erregimenean, astebete pasatzeko.  Horretarako, Suitzan egoitza zuen AMOMA izeneko bilatzaile baten zerbitzuak erabili nituen.

Irailaren erdialdera, AMOMAren mezu elektroniko bat jaso nuen, ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz idatzia, non adierazten zidaten enpresak porrot egin zuela, gauzatu gabe zeuden erreserba guztiak baliogabetu zituela, besteak beste gurea, eta ez zigula dirua itzuliko.

Ondoren, ordaindutako zenbatekoaren % 100 berreskuratzeko moduaren berri eman zidan:

  • AMOMAren bidez egindako erreserbaren eta sozietate horrek bertan behera utzi izanaren egiaztagiria eskatzea hotelari.
  • Egiaztagiri hori lortu ostean, txartel bidezko ordainketa-agiriari eta aipatutako gutunari eranstea.
  • Hori guztia nire banku-erakundeari aurkeztea zerbitzuaren dataren zain egon barik, baieztatuta baitzegoen zerbitzua ez zela emango eta dirua ez genuela berreskuratuko.

Gaia txartela jaulki zuen finantza-erakundean zegokion kudeatzaileari planteatu nion, eta hark, era berean, STaren (TPV) jabe den erakundeari erreklamatu zion zenbatekoa;  55 egun natural zituen hornitzailearen zenbatekoa berreskuratzen saiatzeko, eta, edozelan ere, epea amaitutakoan, zegokion dirua bidali behar zuen.

Gutxi gorabehera 57. egunean, kopuru osoa nire kontuan sartuta neukan.

2.- EMAITZA NEGATIBOA:  BERMEAZ BALIATZEKO EZINTASUNA

Bidaia konbinatu bat ere erreserbatu nuen, alarma-egoeran egin beharrekoa, eta aurrerakin esanguratsu bat ordaindua nuen pandemia hasi aurretik.

Itxaropen handiak nituen zenbatekoak berreskuratzeari dagokionez, harik eta 2020.03.29an BOEk Errege Lege Dekretu bat argitaratu zuen arte. Bertan, Kontsumo Ministerioak berme hori etenda utzi zuen, eta horren ordez bonu bat onartu zuen, Bidaia Agentziak jaulki beharrekoa urtebeteko epearekin eta beste berme irmo barik salbu dena ondo joateko itxaropena.

Errege Dekretuaren zati hori bertan behera utzi zuen ekainaren hasierako beste batek, dirudienez Europar Batasunaren presioengatik kontsumitzaileen eskubideen aurkako eraso garbia zelako.

Zorionez, Agentziak bizirik iraun du eta urtebete geroago ordaindutako ia guztia berreskuratu dut.

3.- BESTE BIDAIA BAT BALIOGABETUTA

Lagun talde batek, aurrerapen handiz, atzerrira bidaia bat kontratatu genuen, 2020ko uda betean Bidaia Agentzia independente batekin egitekoa.

Ekainaren erdialdera, aurreikusitako irteera baino ia bi hilabete lehenago, Agentzia horrek bezeroei jakinarazi zien Hartzekodunen Konkurtsoan sartuko zela eta ez zela bidaiarik egongo (COVID egoerak ez zuen gomendatzen) eta ez zuela dirua osorik itzuliko (ez zeukalako). Kontu-hartzaile judiziala izango omen zen, Konkurtsoa onartu ostean, hartzekodun bakoitzak kobratu beharreko zenbatekoak erabakiko zituena.

Sistema bera erabili nuen: ordainagiria atera eta jasotako komunikazioa gehitu, eta erreklamazioa txartela jaulki zuen erakundean aurkeztu genuen.  60 bat egunetan, diru guztia kontuan genuen, konkurtso-egoera batek beti eragiten dituen kalteak saihestuta.

GOGORATU

  • Gehieneko epe bat dago eman beharreko zerbitzua betetzeko konpromisoa hartzen den egunetik aurrera. Beraz, ez da denbora pasatzen utzi behar.
  • Justifikatu beharra dago zerbitzua ez dela jaso.
    • Azaldutakoak bezalako kasuetan, zerbitzua emango ez zaigula eta ordaindutakoa itzuliko ez zaigula egiaztatzen denean, ez da beharrezkoa zerbitzua emateko aurreikusitako datara arte itxarotea.
  • Frogatu beharra dago ezin izan dugula gure dirua berreskuratu.

Bilbo, 2021eko uztaila.

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude