Mahaia, bazkari berezi baterako prestatua, janariz gainezka dago. Ama nire ezkerrean eserita, aita mahaiburuan, bere eskuinean nire osaba eta aitaren arreba daude. Mahai-zapiaren gainean, platerkada urdaiazpiko, zainzuriak, erretilu bat otarrainxka eta ogi txigortuz inguratutako pate-zati bat daude. Mahaiaren muturrean, zopa-ontzia eta burruntzalia kirtenetako baten gainean pausatuta.
Besarkadak, musuak eta zorionak behin eta berriz entzun dira elkartu garen lehen uneetan. Orain dena lasai dago … harik eta osabak, harro-harro, gaur goizean botoa ematera joan dela aldarrikatu duen arte. Amak erantzun dio horrek ez duela ezertarako balio, legez kanpoko erreferenduma dela eta ez doala inora. Osabak erantzun dio Kataluniaren independentziaren alde bozkatzera joan dela. Aitak ez entzunarena egin du eta ea otarrainxkak gustatzen zaizkien galdetu die. Amak esan du Katalunia Espainia dela, eta boto horrek ez duela ezertarako balio. Izekok goiko auzokideaz galdetu du, bakarrik bizi den adineko emakumeaz. Osabak dio «okupazioko poliziak» ez duela lortu herritarren aldarria isilaraztea. Aitak jaiki, burruntzalia hartu eta galdetu du: «Norbaitek gura du zopa?». Izekok esan dio bi “burruntzali” bete nahi dituela, ozenki goretsiz: «Ze usain ona!». Amak dio herritarren aldarria isildua duela legerik errespetatzen ez duen President batek.
Gauza berotuz doa. Amari, amorratuta jartzen denean, lepoko zaina handitzen zaio; orain lehertu egingo zaiola dirudi. Oihuak hasi dira: zopa nork nahi duen galdetu du aitak berriro, amak dio espainiarra dela katalan guztiak bezala, osabak ukabila itxita hatz luzea altxatu dio amari, eta ama Espainiako bandera mahai gainean zabaltzen hasi da.
Nik ez dut ezer esan, baina joan naiz bozkatzera. Montserratekin joan naiz. Berak eraman nau, baina ez dit axola. A zer bularrak dituen… Eskutik helduta eroan nau, arrastaka, «polizia hiltzaile, Espainiara ospa» oihukatzen zuen bitartean. Lepo edo samako zaina amari bezala handitzen zitzaion. Liskarretik aldenarazi gura nuen nik, baina berak harantz eramaten ninduen, iskanbilarik handiena zegoen lekurantz. Botoa eman ostean —ez dakit zer bozkatu dudan—, ni nintzen Montserraten eskutik tira egiten nuena leku hartatik irteteko. Baina hark oihu eta garrasi egiten zuen. Gustatu zait berari eskutik heltzea eta noizean behin besarkatzea, disimuluan gatazkatik aldentzeko egiten banu bezala.
Amak Espainiako bandera astindu du osaba-izekoen buru gainean, eta aita hura kentzen ahalegindu da, kostata bada ere. Ahotsek eta oihuek gela osoa bete dute. Izeko zopa hartzen ari da txoko batean, burua makurtuta.
Mahaitik altxatu eta komunera noa. Prakak jaitsi eta komunean eseri naiz. Zaratak motelduta geratu dira gela txikiko atetik harantzago. Montserrat biluzik irudikatu dut… bere izter guriekin… eskua ipurdian jarri eta nigana erakarri dut. Musu eman diot sabelean. Aurpegia ukitzen didaten haren bularretaraino igo dut ahoa. Neure kontra estutu dut… bere ezpainak nabaritu eta musu eman diot, nire indar guztiarekin. Visca Catalunya Lliure!!…
“Kax-kax-kax… Zer egiten duzu hainbeste denbora komunean? Irten oraintxe bertan, mahaia jaso behar da eta!”.
Jaiki, prakak azkar jantzi eta ponpari tira egin diot disimulatzeko. Jangelara iristean, errekia oso-osorik dago mahai gainean. Zainzuri batzuk geratzen dira, otarrainxkak eta izekoren platera zopa pixka batekin. Aita leihotik begira dago, ama bandera jasotzen ari da, eta ni… jakin-minez geratu naiz.
©F. Urien