Segundo C. Escolar. – Gizona. – 3. zatia

Izan ere, nor da Segundo Calixto Escolar? Nola bereizi pertsona artistarengandik! Nola bereizi gizona artista gisa gaitzen duen nortasunetik! Gaur egungoa bezain mundu konplexuan, oso zail edo gaitza da, bi aldeen azterketa sakon baten ostean bada ere, gizakia eta arte-sortzailea bereiztea.

segundoC-41Haren etxean pare bat aldiz egon, berarekin jatorduren bat egin eta solasaldi luzeetan ahots serio eta patxadatsuz arte “guztiekiko” grina aletu ondoren, uste dut esan dezakedala, oroz gain, artista hau gizon on bat dela, arima xume bat, mundutik bere borondatez aldendua, baina bertan gertatzen den guztiaz jakinaren gainean dagoena. Bere haurtzaro gogorretik ideiak oso argi izan dituen pertsona, bere inguruan zeudenekin borrokatu behar izan zuena, baina ezagutu duten guztien adiskidetasunaren saria lortu ahal izan duena bere eskuzabaltasun, umore eta bere bizitzaren parte ere baden tristuraren bidez.

SegundoC-42
Segundo C. Escolar amaren besoetan

Haren hagiografoek diote ez dela gizon fededuna, eta are gutxiago erlijioduna. Orduan, zergatik dira haren obraren leit motiv irudi erlijiosoak, margotuak nahiz eskultura bihurtuak nahiz dominetan jarriak? Zergatik da haren  bizitzan konstante bat bere aurretik igaro diren erlijio-gizonekiko adiskidetasun zintzoa? Irudi erlijiosoak dituen obra bat mihisean irudikatzeko, asko sakondu behar da gerorako utziko duzun horretan, eta zure arima isuri behar duzu buztin edo zeramikara, alabastro edo marmolera. Eta hori da Segundo Escolar duela 70 urtetik egiten ari dena, bere arima besteentzat isuri eta xahutzea, artearen bidez. Bere bizitzako uneren batean, eta kazetari despistaturen baten galderei erantzunez, zera bota zion: “Ni gizakia naiz, eta jainkoak existitzen badira, gizakiok garelako da”.

Baina haren baitan “halako” bihotz handi bat dago, bera ikusi nuen lehen unetik aurpegian islatuta ikusi nuena. Eta esan nuen neure artean:  Hau gizon handia da. Ezagutu barik. Gela betetzen du haren presentziak bakarrik, solemnea baina enpatikoa da, serioa baina irribarrea ateratzen dizuna, dotorea bere itxuran, nahiz eta bere ibilera jada motelagoa izan.

Haren etxean sartzen zarenean, beti erdi ilunantzean, herabetasunez erakusten dizu, duen altxorraz zalantzan balego bezala, bisitariari eragingo dion inpaktua ziur jakin barik, eta bat-batean pieza eskultoriko, piktoriko, alabastro eta buztin modelatu eta margotuz osatutako alardearekin topo egiten duzu, haietako asko axolagabekeriaz bezala jarriak, jada ez zaiolako geratzen gehiagorako lekurik. Izan ere, haren etxea museo bat da berez: gela bakoitzean ―eta asko daude―, bertan behera utzita bezala, obrak eta objektuak pilatzen dira nonahi: margolanak, eskulturak, marrazkiak, zirriborroak, liburuak… Segundo  Escolarren etxeari gainbehera edo endekapen ederraren distira ematen diotenak. Errenazimentuko gizon baten etxea dela esan liteke.

Eta berehala konturatzen zara gizon honen sakontasunaz, transmititzen duen jakinduriaz, nahiz eta berak esaten duen ez zaiola asko hitz egitea gustatzen eta nahiago duela bisita gutxi jaso, benetako “eremutarren leku” batean bizi dela eta duela hamazazpi mendeko eremutar haiek bezala bizitzea maite duela, ia bakardadean. Hori bai, beti bere emazte Belenen ondoan, hura baitu euskarri eta laguntzaile bere lanean desagertzen denean, bere dorrean ezkutatuta eta umore txarrez dagoen uneetan. Izan ere, Segundo Escolar nortasun handiko gizona da, nahiz eta, bizitzaren une honetan, bere kemena apur bat baretu duen adinak.

SegundoC-43
                 Harkaitzean induskatutako «eremutarren lekua».
segundoC-44
                                      Eremutarren lekuan meditatzen

Artistak, eremutarren lekuetan babesten denean, lasaitasun bila egiten du. «Gustatzen zait, bakea ematen didalako. Uste dut hemen bizitzeko gai izango nintzatekeela. Isiltasun hau, barne-biltze hau… Zeure burua bilatzen laguntzen dizu. Ulertzen ditut eremutarrak. Leku hauek benetan bereziak dira. Eta egia da nolabait ere pertsona espirituala naizela, animalia-izaera galdu barik, noski. Gizakiak beti bilatzen du espiritualtasuna, eta nik hemen aurkitzen dut. Ez naiz doktrinez ari: denek amorrarazten naute». Begietara so eta bere ahots indartsuak uzten dion irmotasun guztiarekin baieztatzen duen arren, ez dakit sinetsi ala ez. Haren espiritualtasuna ezin hobeto uztartzen da edozein erlijiok bere doktrinan gordetzen duen barneko niarekin.

«Gaztaroko erokeria bat izan zen», aitortu du Segundo Escolar artistak, elkarrekin konektatutako hiru eremutar lekuen bere jabetzari dagokionez. Hiru eremutar guneek, balkoi perfektua lez, bizitoki duen basetxera jotzen dute, eta handik ehunka ibiltari ikusten dira egunero igarotzen, Santiago de Compostelara lehenbailehen iristeko asmoz. Belorado derrigorrezko geralekua da eta batzuk artistaren etxera zuzentzen dira, ezagutu egin nahi dute eta denei irekitzen die bere ateko burdin langa, bisitak larregi gustatzen ez bazaizkio ere; “Daniar Handi” arrazako txakurkume itzel batek ongietorri beroa egingo dizu, bere aurreko hankak bularrean jarriko dizkizu, ez izua eragiteko asmoz, baizik eta zurekin jolasteko, nahiz eta zuk, hasieran, hori ez jakin.

Errabino alderraiaren itxura du adats eta bizar zuri-zuriarekin artista totemiko, aldartetsu eta trumoi antzo mintzo den honek. Bere bizitzan langai izan dituen materialekin lan egiteari utziko ez balio bezala mugitzen ditu eskuak. XVI. mendetik, marrazkilari, margolari, eskultore, zeramikari, muralgile, urregile… izan ziren arbasoek ondorengo duina dute. Bere geneetan eta odolean daramalako. Nahiz eta inoiz ez duen bizimodu erraza izan, zazpi urte zituenetik laguntzen zion aitari burdinarekin eta ingudearekin, bozelketak egiten ikasiz.

Bere buruaz dio errebeldia propioa duela jaio zenetik; izan ere, txiki-txikitatik konturatu zen haur markatua zela, 36ko galtzaileetako baten semea. Berehala baieztatzen du gero, kontzientzia duenetik, «artearekiko grina» sentitu izan duela eta ez duela inoiz hori galdu.

Euskal Herria garrantzitsua izan zen Segundo Escolarrentzat, hemen beste artista garrantzitsu batzuekin harremanak izan zituelako eta beraietako bat balitz bezala hazi zelako, harreman horregatik baino areago bere sortzetiko jakinguragatik, lanbide guztietarako zuen grinagatik, bere begirada eta burua beti ari zirelako dena xurgatzen. Eta denetarik egin zuen: diseinua, publizitatea, grafismoa. ”Makina bat auto-ate margotu dut! Eta zenbat pareta arrabolaz!”, oihu egiten du. Nazionalismoaren mespretxua ere jasan zuen, baina batzuk konturatu ziren Segundo Escolarrek hartzen zuen droga, eta drogak gazte asko hil zituen hamarkada haietan, lana zela. Nekaezina. Egunean hamabost ordu gutxi ziren berarentzat. Horrek guztiorrek bere izaera, bere harrotasuna eta are bere harrokeria eratzen lagundu zion.

segundoC-45
           Sardina-saltzailea

Ez omen dio inori ezer eskatu inoiz. Den guztia eta lortu duen guztia bere ahaleginagatik eta lan edo beharragatik izan dela ziurtatzen du, bere burugogorkeria eta talentuagatik. «Hori da nire harrotasuna edo nire harrokeria. Nik ez dut inoiz eskatu. Izan ere, inork ez du ezer ematen. Alderantziz: iseka egin diezazuten arriskua dago. Neure burua nik egin dut: horregatik, inoiz ez diodalako inori ezer eskatu. Borrokalaria izan naiz, ez baitut inoiz bizimodu errazik izan». Hori guztia tiraldi batez eta sutsuki esaten du, esaten eta egiten dituen gauza guztiak bezala.

Bere aurpegierak izaera gogor, zorrotz, tematia adierazten du, oso argi dituen eta inor engaina ez dadin zabaltzen dituen bere printzipioekiko leiala, eta aldi berean eskuzabala, berarekin egon naizen bi aldietan erakutsi didan legez. Agian horregatik da izen ahaztu bat. Eta pena handia ematen du horrela izateak, sortu duen guztia ikaragarria baita, ukitu dituen sorkuntzaren eremuak ezin konta ahala direlako, eta kalitateak txunditu egiten duelako haren obrari erreparatzen diona.

Eta bere izaera menderatzeko, emozioei (egonezinari, urduritasunari, asegabetasunari, …) eusteko ziur asko izan duen barne-borroka horretan, eta, aldi berean, bere jeinutasun sortzailean egon da eta dago bere merezimendua. Denboraren poderioz, bere erraietatik sortzen diren bi osagai horiek orekatzea lortu du, eta horrek egiten du bikain. Etengabe hitz egiten uztea besterik ez dago, berritsua baita, edo bere lanen zehaztasuna eta perfekzioa ikustea. Bere koadroetan agertzen den sinadura bera ere arte hutsa da.

segundoC-46
     Autorretratua, 1966
segundoC-47
Bere estudioan maketarekin: Harri-zulatzaileak. Eskuinean: Zezenak. Behean ezkerrean: Altzifrea. Behean eskuinean: Plaza Barrian (frankismo garaian Plaza de los Mártires) jarritako eskultura.

Edo, agian, ezaugarri horiek artista sortzaile askok partekatzen dituzte. Litekeena da hori ohikoa izatea «sortzeko», edertasuna sortzeko, emozioak eta are grinak pizteko joera dutenen artean. Eta Segundo Calixto Escolarri, hori guztiori, familiatik datorkio, bere arbasoengandik, haiengandik heredatu dituelarik bere bi izenak eta abizena; azken bost mendeetatik hona artista eta artisau izan dira arbaso horiek, eta ondoz ondoko “Escolar” belaunaldiek ahaleginaren poderioz metatu duten jakinduria eta kemen guztia jaso ditu Segundo Calixtok. Hori da bere askotariko merezimenduetako beste bat.

Bere arteak igortzen dituen bibrazioek, horietako askok teknika oso zaharrak erabiliz, pentsarazten diete batzuei gizon hau berandu jaio dela, duela mende batzuetakoa dela, Errenazimentu garaikoa edo baita Erdi Arokoa ere, baina Segundo bere garaiko eta… bere inguruabarretako gizona da. Bere eskuek ez dute dar-dar egiten, irmoa eta segurua da, baina aldi berean samurra ere bai, maite duzun pertsonaren edo zizelkatuko duzun harriaren azala laztantzen duzunean bezala.

segundoC-48
                               Haren lanetako batzuen erakusketa.

Baina garai batean, samurtasun hori sumindura, amorru eta desafio ere bihurtu ziren. Margolan berri bati ekiteko astoaren aurrean jartzen zenean min sakona sentitzen zuen bere alaba baten, Lydiaren, heriotza goiztiarragatik, eta, azkenean, oinaze hori mihisean islatzen zen, bere pintzeletan itsasten zen, koloreetan nabaritzen zen. Pixkanaka, bere aurpegia eztituz joan zen, baita bere aldartea ere, eta hori bere lanetan islatuta geratu zen, bere arima grinatsuaren, etengabeko erupzio sortzailean zegoenaren, ispilu balira bezala. Eta bere artea landatar bihurtu zen, eta Burgosko bere mikrokosmosean gauzatu zuen desagertzear zegoen mundu bat, han ohiko lanabesek eta animali trakzioak makinei, berarentzat interesik ez zutenei, lekua uzten ari zirelako.

segundoC-49
Zilarrezko kaliza gainurreztatua Mirafloresko kartusiarako
segundoC-50
Kristoa 6,5 m-ko asturiar pinuzko tailu batean. Algortako «El Redentor / Kristo Eroslea» parrokia.
 

Apunte hauek nolabait amaitzeko, zelanbait amaitu beharra baitago, nahiz eta labur geratu nire azalpenean eta nire mirespen-hitzetan, hemen uzten dut haren 70 urteko lan etengabearen erakusgarri txiki-txiki bat, minimoa. Bat-batean sortu den miresmena da, bere obraren eta pertsonaren ezagutzatik sortua, inspirazioz, lanbidez eta umorez betea, hori ere bere nortasunaren zati garrantzitsua baita, nahiz eta bere keinu serio eta itxura zorrotzarekin disimulatzen saiatzen den. Haren etxea irekita dago bisitatu nahi duen ororentzat, baina aurretik abisatu dezala, hura bere dorrean egongo baita, bakartuta, lanean.

segundoC-51
    Kristoren erorketa Kalbarioko bidean

segundoC-52

 

©Javier Campo

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude