ama baten bihotza

Familia bakoitzak historia Bat.
Dauka ongi etorri gure historiara

Haize leuneko egun eguzkitsu honetan, paseatzera irten naiz etxetik, beste goiz askotan bezala, eta domingotarren komenturantz zuzendu ditut pausoak. Beharbada, Donejakue bidean nagoela konturatzeko, erromes izan nintzen garaian hainbatetan bezala. Baita ere bidean aurrera joanez zelaiek eta itsasadarrak eskaintzen didaten ikuspegia ezin ederragoa delako, itsasbehera batzuetan eta itsasgora besteetan. Zoragarria beti!

Eta, horrela, goizaldeko ibilaldi lasaian erromes, komentura iritsi naiz. Haren hormetan, letra handiz, DONEJAKUE BIDEA irakur daiteke.

Museo eta Interpretazio Zentroan sartu naiz. Hantxe, mahaiaren aurrean, zentroa txukun eta maitasunez zaintzen duen gida dago. Mahaiaren beste aldean, gizon bat eta emakume bat daude eserita. Barrura sartu, agurtu, eta zentroan dauzkaten edertasunak ikusi ditut.

Irtetean berriro agurtu ditut, eta, horrelakoetan ohikoa denez, solasaldi txiki bat hasi dugu gure artean.

Bihar San Roke eguna izango da, eta gizon-emakume hauek San Roke talde edo kofradiakoak dira. Santuaren dominarekin ermitara joango direla eta han gainerako auzotar eta lagunekin elkartuko direla esan didate. Meza egongo da, eta gero festa txiki bat, dantza folklorikoekin, eta honetaz eta hartaz mintzatuko dira (gogoratzen al duzu taldea sortu genuenekoa, ze gazteak ginen…), eta jarduera ugari egongo dira, denen olgetarako.

Eta, hala, bakoitza nongoa den ari garela, bertakoak direla esan didate gizonak eta emakumeak, auzokoak direla. Arranopola! Guk bertako lagun bat daukagula esan diet, María duela izena. Gidak, irribarrez, «emakume honen alaba da», esan dit.

«Urte askotarako», esan diot emakumeari. Anaia morroskoak dituela esan zigun, gainera, zuen alabak.

«Bai, bai», esan dit andreak. Eta, jarraian:

«Beste alaba bat ere izan nuen, oso neska alai eta maitekorra, ezpainetan beti irribarrea zuena.

Zazpi urte zituela, gaixotu egin zen. Ez genekien zer gertatzen zitzaion. Ospitalera eraman genuen, eta esan ziguten bere gaixotasunak ez zuela sendabiderik. Lagun batek Madrilgo La Paz Unibertsitate Ospitalera eramateko esan zigun. Hara eraman genuen, itxaropentsu, munduko maitasun guztiarekin, eta ni Madrilen jarri nintzen bizitzen.

Neskatoak sei hilabete eman zituen La Pazen ospitaleratuta. Gelan beste paziente bat zegoen, emakume urtetsu bat, eta, bakarrik zegoenean, nire alaba harekin hitz egiten hasten zen, animatzeko eta poz pixka bat emateko. Sendagileek eta erizainek izugarri maite zuten nire alaba.

Oso gaizki jarri zenean, apaiz bati deitu genion, berarekin hitz egiteko. Bakarrik utzi genituen. Neskatoarekin egon eta gero, negarrez irten zen gizona gelatik, eta tarte bat horrela eman zuen, malkotan. “Hain zen maitagarria!”, esaten zuen».

Eta nik galdetzen dut, nolako handia ote da ama baten bihotza, hainbeste urte igaro arren seme-alabak aipatze soilarekin piztu egiten baitzaizkio bihotz-begiak, eta esaten baitu: «Beste alaba bat ere izan nuen, alai eta polita. Zazpi urterekin hil zitzaidan».

Horrelako une latzetan, neure artean pentsatzen dut bizitza batzuetan oso gogorra dela. Eta, nire bihotzaren sakon-sakonetik, pentsatzen dut neskato hori lorian egongo dela, ziur, eta handik, izarren artean, irribarrez, bere ama eta anai-arrebak zaintzen arituko dela.

Ziur gutako bakoitzaren familiak izango duela idazteko moduko historia handi edo txikirik.

Maitasun guztiarekin

      ©Juan Carlos

 

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude