Koronabirusa, beste birus batzuk eta gure politikariak


Birusak agente infekzioso mikroskopiko azelularrak (zelula bakoak) dira eta zelulen barruan bakarrik bizi eta ugaltzen dira.

Oso txikerrak dira, eta bazirela jakin zenetik milaka urte igaro arren, 1931n mikroskopio elektronikoa egin arte ez zen ikusterik lortu.

Uste da baztanga edo nafarreria, ezagutzen den lehen infekzio birikoa, Kristo baino 10.000 urte inguru lehenago hasi zela.

Gaur egun oraindik ez dago birus gehienei modu eraginkorrean erasotzeko botikarik, eta, beraz, konponbiderik onena txerto bat sortzea da, txertoa gizakiari sartu eta honi erreakzionarazi egingo dio, birusa akabatuko duten antigorputzak sortuz. Gorputzean antigorputz unibertsalak sortzen dira, hau da, edozein infekziotarako balio dutenak, baina infekzio askotan ez dira behar bezain eraginkorrak. Txertoarekin birus horrentzat berariazko antigorputzak sortzea lortzen dugu.

Horretarako, pertsonengan birusak inokulatu behar dira, baina birulentzia behar beste indargabetu edo ahulduta dutenean, gorputzak antigorputzak sor ditzan baina infekzioa garatu barik. Birus bizien txertoak dira. Gerta liteke, oso kasu arraroa den arren, txerto-birus horrek pertsona sentikor edo kalteberetan prebenitu gura duen infekzioa bera eragitea. Hori argudiatzen dute txertoen aurkakoek. Berdin dio txertoak milioika heriotza saihestu baditu ere, txertoak eragin dituenak bakarrik zenbatzen dituzte haiek.

Atenuazioa hainbat modutara lortzen da, baina zaharrena eta onartuena birusa animalia batetik bestera pasatzea da, harik eta igaro dituen animalien antigorputzek erasota indarra galtzen duen arte. 230 aldiz ere bai txerto batzuetan.

Horrek esan gura du edozein epidemia birikoren birulentzia indarra galduz joaten dela zabalduz doan eta denbora aurrera doan neurrian. Epidemia hasi eta hiru hilabetera, hasieran baino 100 aldiz txikiagoa izaten da birulentzia.

Infekzioa igaro ostean, horrekiko immunitatea geratzen da, behin betikoa izan daitekeena, baztangaren kasuan lez, edo aldi baterakoa. Infekzio jakin baten aurrean antigorputzen maila garrantzitsua bada ere, garrantzitsuena da immunitate-sistemak baduela molde bat mota horretako antigorputzak sortzeko, infekzio-agente horrekin berriro topo egiten badu.

Txertoa jaso duten pertsonen kopurua handia denean, % 70etik gorakoa, epidemia garatzeko aukera ia hutsaren hurrengoa da. Mundu honetako pertsona guztiei ez zitzaien baztangaren aurkako txertoa jarri, eta, hala ere, desagerrarazita dago. Azken kasua Somalian gertatu zen 1977an. Honen aurka ez dakit txertoen aurkakoek zer esango duten, baztangak kutsatutakoen % 33 hiltzen baitzituen.

60 birus-familia baino gehiago daude, milaka birus-mota, eta gainera, abiadura harrigarrian aldatzen dira. Ezin da guztientzako txertorik prestatu. Horrela, gripearen birusekin 200 mota inguru ibiltzen dira inguru hauetan, andui arriskutsuenen aurkako txertoa soilik prestatzen da eta mutazioak egiten dituztenez, urtero txertoa aldatu egiten da eta 2 edo 3 birusen gainean egiten da.

Birusek eragindako infekzioak urteko egun guztietan izaten dira, baina epidemiak neguan gertatzen dira beti; horregatik jartzen da txertoa urtearen amaieran. Ez dira txerto guztiz eraginkorrak, baina gaixotasunari aurre egiten laguntzen dute.

Koronabirusaren pandemia hau hain da basatia eta hain erraz transmititzen da, non populazioaren % 5a baino ez den egon birusarekin kontaktuan.

Koronabirusagatik hildakoen kopuru ofiziala 27.000koa da. Duela urtebete garai honetan baino beste 16.000 hildako gehiago ere badaude, baina ez dakite zergatik hil diren, eta gobernuak ez du ikerketarik abiatu hori argitzeko. Ez dio axola, artaldea dira.

Berrogeialdia da prebentzio-neurririk zaharrena eta eraginkorrena, epidemiaren hasieran ezarriz gero. Hilabete pare bat igaro ostean, soberan dago.

Koronabirusaren transmisioa arnasaren bidez egiten da ia erabat. Gure osasun-agintarien arabera, pertsonen artean gorde beharreko distantzia edo tartea, hasieran, birulentzia handiena zegoenean, metro batekoa zen. Gero 1,5 metrokoa, eta orain 2 metrokoa. Alarma-egoera amaitzen denean, zuhurrena 2,5 metroko tartea dela esango digute.

Maskarak, hasieran, ez ziren gomendagarriak, gero komenigarriak, eta Normaltasun Berrian nahitaezkoak izango dira sine die.

Jarleku publikoetan esertzea galaraztea ergelkeria da, etxera iristean arropa 60 ºCtan garbitzea zentzugabea, eta ondoren dutxatzea buru bako jendearena. Esne-ontziak, arrautzak eta abar hartzeko plastikozko eskularruak janztea burutazio gatzduna da.

Immunitate bako artaldea garela esaten dutenez, esaten diguten guztia irentsi beharko dugu.

 

2020 ekaina
Santiago Otaduy Bengoa,  médico colegiado 484802393, Bizkaia

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude