Patua

Autoen gurpilek zoladuran egiten duten marruskadura entzuten dut. Kaleak bustita daude eta airea heze. Oinezkoen isiltasunak haien urratsen presa entzutea ahalbidetzen dit. Goiz da, zirimiriaren tanta ñimiñoek aurpegia hozten didate. Presaka noan arren, inorekin behaztopa ez egiten saiatzen naiz, makilarekin haztamuka nabil nire urratsen erritmoan. Badakit jendea aldendu egiten dela ni ikustean, eta ez diot inori enbarazu egin nahi. Pixkanaka, hirian bakarrik ibiltzera ohitu naiz.

Merkataritza-gunera sartzean, batere arraroa ez den usaina hartu dute nire zentzumenek. Usain hori… Bihotza bizkortu egin zait eta orientazioa galdu dut. Paretak haztatuz, gorputza haien kontra-kontra dudala egin dut aurrera, bazter baten bila, ezkutatzeko txoko baten bila. Zentzumenek oroitzapenak nahastu dizkidate, nire urratsek dar-dar egin dute eta paretetako marmol hotzak ez nau ezkutatu nahi. Izkinan beste aldera pasa eta babesleku desiratua aurkitu dut. Isiltasunez inguratutako txoko bat da. Gordeleku txikiko marmolen artean, geldi geratu naiz, ezkutaturik nagoela pentsatuz, usaina ni han nagoela ohartu barik igaroko den esperantzan, geldi-geldi, marmolezko beste baldosa bat izaten ahaleginduz. Arrotza atzo ezagutu banu bezala itzuli dira nire oroitzapenak.

Hamazazpi urte nituen eta, literaturako eskolan, Ramón del Valle Inclan-en Luces de bohemia antzezlana irakurtzeko agindu zidaten. Antzezlan bat zenez, liburutegian bertan irakurtzea bururatu zitzaidan. Bi ordutan irakurriko nuela pentsatu nuen.

Irakurgelan isiltasuna zen errutina, nahiz eta egun hartan jende gutxi zegoen. Bost mahai eskas txarto banatuta. Idazmahaiko lanparek liburuak bakarrik argitzen zituzten, eta apur bat ikasleak. Liburua ireki eta irakurtzen hasi nintzen; sei ginen jada. Obraren erdira iritsi barik nengoela, gelako isiltasunak atentzioa eman zidan. Begiak altxatu eta gela handian bakarrik nengoela konturatu nintzen; mahaiak hutsik zeuden. Airea lodi nabaritzen zen, eta iluntasunean laino arin bat sumatzen zen idazmahai hutsen artean. Areto osoan, nire mahaiko argia bakarrik nabari zen. Nire atzeko ate baten zaratak asaldatu egin ninduen. Jiratu eta arrotz bat ausarki hurbiltzen ari zitzaidala ikusi nuen. Ixteko ordua ote zen? Hain azkar? Usain arraro bat, pipiak jotako zurarena bezalakoa, zurgindegietatik irteten den zerrauts sikuarena lakoa. Jaun luze batek, arrantzale-kapelarekin, hiru laurdeneko gabardina zuen soinean, eta gerriko bat hain estua ezen gerririk gabea baitzirudien. Eskuak poltsikoetan zituela, zola gogorreko zapatak erabiliko zituen, haren oin-hotsak oihartzun luze batez errepikatzen baitziren gelan. Nire ikasgelara hurbildu zenean, ia dardarka nengoen ni; oso maltzurra ematen zuen. Hala ere, nire aurrean jarri zenean, aurpegi mehe eta triste bat ikusi nuen; masailalbo-hezurrak nabarmentzen zitzaizkion eta bizar hasiberria zeukan, beltzegia hain aurpegi zurbilarentzat. Haren begitarte tristearen eta janzkera bitxiaren kontrasteak itxura mistikoa ematen zion bisitariari.

— Asko sentitzen dut zurekin topo egitea. Hain zara gaztea…

Haren eiteak eta ahots-tonuak hunkitu egin ninduten. Zergatik desenkusatzen zen? Azken finean, hurbildu besterik ez zen egin.

― Ez kezkatu ― erantzun nion bere presentziarekiko jakinguraz.

— Ez dakizu nor naizen, ezta?

Zelan jakingo nuen ezer arrotz hari buruz? Hala ere, haren ahotsaren seriotasuna ni urduritzen hasi zen. Liburutegian alde batera eta bestera begiratu nuen, baina han ez zegoen inor. Ez nion begiratu nahi gizonari, urduri nengoen eta. Arrotza, ordea, niri begira neukan. Giroa hainbesteraino tenkatu zen, ezen isiltasunari odola baitzerion.

― Zer gura duzu? ― galdetu nion bere begi grisei… ilunei… marroiei… so eginez. Zein bitxiak ziren!

— Patua naiz.

Alajainkoa! Besterik ez nuen behar! Oraindik ordubeteko irakurketa falta zitzaidan bukatzeko. Begiak jaitsi eta irakurtzen hasi nintzen, bera han ez balego bezala. Baina ezin izan nuen ezer irakurri, haren presentziak, isila izan arren, ez zidan uzten-eta gogoa biltzen.

 — Zorigaiztoko patua.

— Barkatu, baina irakurri egin behar dut… — Orduan konturatu nintzen betazalak bustita zituela eta aurpegia triste. Ez nekien zer esan. Hala ere, jarraitu egin zuen hark:

— Neska batekin gurutzatu nintzen. Orduan, ondoan zuen gazteak bortxatu egin zuen. Garrasika ari bazen ere, inork ez zion entzun.

— Jainkoarren!, sentitzen dut. Baina zuk… ez zenuen ezer egin? Ez zenion poliziari deitu?

— Zelan, ba? Bakarrik nengoen berarekin, zurekin bezala. Gela hau beteta egon arren, biok bakarrik gaude.

Batera eta bestera begiratu nuen, han ez zegoen inor. Hala ere, idazmahaien gainean zintzilik zegoen lainoa kezkagarria iruditzen hasi zitzaidan.

— Neskak ez zuen seme hura eduki nahi, eta abortatu egin nahi izan zuen. Baina amak ez zion utzi. Umearen bizitzari buruz eztabaidatu zuten: gizakia zen ala ez, neskak haren bizitzarekiko eskubidea ote zuen edo ez, hilketa bat egingo zuen edo zama handiegia ote zen halako zirkunstantzietan. Egia esan, berriro topo egin nuen harekin eskailera batzuetatik behera erori zenean. Konorte barik geratu zen aldi batez. Esnatzean, haren alaba jaiota zegoen. Ez zuen onartu, uko egin zion alabari, baina amak etxean hartu zuen.

Zorigaiztoko jaun hura ezinegona sortzen hasi zitzaidan. Patua? Patua baldin bazen, inork topatu zezakeen paturik txarrena zen… Ezin izan nuen liburuarekin jarraitu.

— Urteak joan eta urteak etorri, zebrabide bat gurutzatzen ari zen beste emakume haurdun batekin topo egin nuen. Auto batek harrapatu zuen, eta bera eta umekia hil zituen.

— Zu ez zara patua, jauna. Zu zorigaitz hutsa zara gabardinarekin. Madarikazio bat. Utz nazazu bakean! Jainkoarren!

Hala ere, hainbeste tentelkeriaz urduritzen hasia nintzen arren, beste alde batetik ikaratu egiten nintzen. Baina hark bere kontakizunarekin jarraitzen zuen, nik iritzirik ematerik ez banu bezala, entzun besterik egin behar ez banu bezala.

— Emakume batek atsekabetuta negar egin zuen hildakoengatik, haurdun zegoen neskaren ama zen. Bortxatutako emakumea zen. Bere garaian jaio zitzaion alabari uko egin zion hura. Atsekabetuta negar egiten zuen.                

Ez nion entzun nahi izan eta, beraz, begiak jaitsi eta liburuko letrei begira geratu nintzen. Ez nuen irakurtzen, ezinezkoa zen gizon hura ondoan nuela irakurtzea. Handik pixka batera, ez nuen haren berbetarik entzuten. Betiko isildu ote da? Orduan, begiak altxatu nituen, liburutegiak argituagoa zirudien eta beste bi pertsona irakurtzen ari ziren. Arrotza ez zegoen jadanik, edo behintzat ez nuen inon ikusten. Joan egin ote da? Ezin izan nuen irakurtzen jarraitu, beraz, liburua maileguan hartu eta alde egin nuen.

Hari tenkatu bat bezala, bai, halaxe sentitu nuen, irtetean nire urratsekin dar-dar egiten zuen hari tenkatu bat bezala. Nire begiek ez zuten ikusten, nire zentzumenentzat ez zen existitzen, baina nik banekien han zegoela, nire denborak luzatzen, nire etorkizuna tenkatzen. Aurrera jarraitu nuen, baina haria gero eta gehiago tenkatzen zen… eta liburutegiko atetik irtetean, “tik!” apurtu egin zen. Orduan, atarian lanean ziharduen soldatzaile baten pistolaren txinpartek begiak erre zizkidaten. Harrezkero, ez dut gehiago ikusi.

Orain, orduan bezala, zurgindegiko zerrautsaren usaina hartzen dut. “Hemendik irten beharra dut!”. Paretaren kontra-kontratik noa aurrera, baina haria tenkatuta sumatzen dut berriro. Ihes egin gura dut, eta lehenengo izkinan azkar bira hartzean… “tik!”. Haria apurtu egin zen…

©F. Urien

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude