2022KO GABONAK

Abenduaren hasieran gaude, eta honekin batera datoz, berriro ere, Gabon edo Eguberrietako jai oso maitatuak eta, aldi berean, beldurgarriak. Jai hauek direla-eta, aurten ere seme-alabekin eta iloba edo bilobekin elkartuko gara, baita senide eta lagunekin ere, eta horietako batzuk egun berezi hauetan bakarrik ikusten ditugu agian. 

Gutako askok, datozen ekitaldiei eta harremanei aurre egiterakoan, agian berriro pentsatuko dugu azken bi urte hauetan gertatutako guztian, ziurgabetasunez eta kezkaz beterik igaro ditugu eta.

Lehenik eta behin, pandemiak familiarteko, lagun eta lankideak eroan zizkigun hilabete latz haietaz. Egoera hark hausnarrarazi eta pentsarazi zigun solidarioagoak izan behar dugula, eta eguneroko bizitza ahalik eta modurik anaikorren, alaien eta zoriontsuenean bizitzen saiatu behar dugula. Baina hilabete haiek igaro ostean, gure ohiko geurekoikeria eta desadostasunetara itzuli gara. Eta horien guztien ondorioz, liskarretara itzuli gara, eta, kasu batzuetan, gerrak ere sortu dira, hala nola, orain Ukrainari eraso egiten diona eta Europako gainerako kontinentea mehatxupean daukana. 

Gutxi batzuen berekoikeriak eta askoren luzaroko isiltasunak eraman gaituzte liskar horietara. Isiltzearen, onartzearen ondorioz ─askotan zer esango duten beldurragatik edo guztion ongiaren defentsarako ekintza eta jokabide jakin batzuek horiek egiten dituztenei ekar diezazkieketen ondorio fisiko edo ekonomikoengatik─, desiragarriak ez diren egoeretara eramaten gaitu inozoak, difamatzaileak edo erasotzaileak. Gaizkiaren aurrean isilik egotea da gaitza bera. Hitz horiek, Hitlerren aginduz, Bavariako Flossenbürg kontzentrazio-esparruan urkatu zuten Dietrich Bonhoeffer teologo luteranoak esan zituen.

Ematen du gizakiaren eromenaren aurrean Jainko Haurrak etorri behar duela berriro ere bake-mezu bat ekartzera. Eta gogoraraztera denok, denok salbuespenik gabe, elkarren senide garela arraza eta kolore bereizketa barik ─nahiz eta batzuek, beren jaioterriagatik, beste batzuk baino eskubide gehiagorekin jaio direla uste izan oraindik─ eta, beraz, ez dagoela borrokarako eta esplotaziorako arrazoirik.

Umiltasunetik gogorarazi gura dizuegu etorriko den haurrak Bake eta Maitasun mezua ekarriko duela mundu guztiarentzat, eta festa hauek familia-batasuna eta lagunekiko harreman ona areagotzeko balio izan dezatela. Laster amai daitezela gerra guztiak eta ongia berriro garaile izan dadila gaizkiaren gainetik.

Maitasun guztiarekin, Eguberri on!

 

Juan Carlos Ruiz de Villa         2022.12.01

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude