Myanmar IV


 

myanmar-40Buda etzanda

Yangon (II)

Egunari hasiera emateko, Pagoda Chaukhtatgyi bisitatu genuen (itzulita, 6 pisuko garaiera duena). Barruan, Budaren estatua handi bat dago, etzanda, 70 metro ingurukoa, oso gurtua.

1889 eta 1907 artean eraiki zuten, baina denbora gutxian kalte handiak jasan zituen. 1957an berreraikitzen hasi ziren dohaintza partikularrek finantzatuta, eta 1966an amaitu zen lan hori.

Pagoda guztietan bezala, edertasuna, artea, obrak bere horretan, bikainak dira. Liluragarriak.

Beste Buda batzuekin gertatu zitzaigun bezala, honek ezaugarri femeninoak dituela uste dugu. Gidariak esan zigun, zirkinik egin barik, Budak tratuan eta bere doktrinen irakaskuntzan ezarri zuen genero-berdintasunagatik dela.

Oinetan zizelkatutako marrazkiak nabarmendu behar dira, 108 segmentu, Budaren beste hainbat ezaugarri adierazten dituztenak.

Lau nat-ek zaintzen dute, bana ohearen ertz bakoitzean. Haurrentzako kantu erlijioso bat ekarri zidaten gogora: “Cuatro esquinitas tiene mi cama” (lau izkinatxo ditu nire oheak).

Haren oinetan dagoen horman, bere bizitza irudikatzen duten eszenak daude. Haietako batzuek haurrentzako ipuinetatik ateratakoak dirudite. Siddhārtha Gautamaren (Buda) haurtzaroa eta gaztaroa kontatu zizkigun San Yu gidariak.

Izan ere, budismo-barietate hori, behintzat, badirudi haurrei oheratzen direnean irakurtzeko ipuin-formatu egokia erabiliz transmititzen dela. Jakina, gure elizetako aldareetako erretaulak berrikusten baditugu, sinesmenak “publiko guztientzako” formatuan kontatzen direla ikusiko dugu, arte sakratuaren garairik loriatsuenean zeuden analfabeto ugariak barne..

Umeentzako ipuinetatik kristautasuna ere ez da salbu geratzen. San Jurgi (Eliza Katolikoak berak zalantzan jarritako santua) Anatoliatik segundo gutxitan iritsi zen Huescatik gertu izan zen Alcorazeko gudura, bere zaldi zuriaren gainean eta zaldun teutoi batekin, eta fedegabearen aurkako garaipenean erabakigarria izan zen; Santiagoren gorpuzkiak Compostelara zelan iritsi ziren azaltzea jada “Nobel Saria” irabazteko modukoa da.

Santiagori Herodesen aginduz moztu zioten burua. Bere dizipulu zintzoenek ehorztera eramana,  aingeru bat agertu zitzaien, eta (harrizko) hilkutxarekin batera ontziratzeko agindu zien, (Jainkoaren eskutik) ontzia jitoan joan zedin utziz, eta 6 egunen buruan Galiziako Muros aldera iritsi zen.

Han gertu, orain Compostela dagoen tokian, sorgin gaizto bat bizi zen jauregi batean. Harrera egin zienean, inguruko erregearengana bidali zituen, eta hark herensuge izugarri batekin eraso zien, baina dragoia, gurutzearen seinalea ikustean, airean desagertu zen.

Erregeak, izututa, soldaduak bidali zituen harrapatzeko asmoz. Jazarleak zubi bat zeharkatzera zihoazenean, zubia hondoratu egin zen eta itota hil ziren.

Sorginak hori jakin zuenean, benetako fedea bereganatu zuen, zeuzkan ondasun guztiak suntsitu zituen, eta pobrezia eta deboziozko bizitza izatera igaro zen.

Santiagoren jarraitzaileek inguruan lurperatu ahal izan zuten haren gorpua. 

Beste kondaira batek dio zerraldoa uretan utzi zutela eta arrainek Galiziara eraman zutela. Gutxienez 5 mendez, IX. mendetik XIV. mendera, kondaira horiek Bideko Erromesentzako mezetako sermoietan kontatzen ziren.

Santiagoz, Espainiako patroiaz, ari naiz..

Luis Vázquez de Parga eta beste historialari batzuen “Las Peregrinaciones a Santiago de Compostela” liburutik ateratakoa, 190. orrialdea eta hurrengoak.

myanmar-41

Nat bat Buda babesten

myanmar-42

Buda ficus baten azpian argialdia lortzen

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Beste tenplu moderno samar bat ere (50-60ko hamarkadakoa) ikusi genuen, non marmol zurizko pieza batean egindako Buda handi bat baitzegoen, kristalezko kutxa baten barruan sartuta. Esparruan, trenez eta itsasontziz egindako garraioaren argazkiak zeuden, baita erabilitako bitartekoak ere. Laguntza mekaniko eskasekin egindako zoro-lana, duda barik. Ziur asko langile askok galduko zuten bizia hartan.

Gertu zegoen leku batera joan ginen gero, eta han niretzat desatsegina zen zerbait ikusi genuen, nahiz eta haientzat esanguratsua izan: Teka-baso baten barruko soilgune batean hiru elefante zeuden, bat “zuria” (zehatzago esanda, marroi argia), katez hesola batzuei lotuta, mugitzeko aukera bakarra lotura-puntuaren inguruan bira laburrak ematea zutelarik. Pena handia ematen zuten.

myanmar-43


Marmolezko buda kristalezko kutxan

Elefantea, oro har, oso garrantzitsua da budismoan. Zalantza barik, piztiarik sakratuenetako bat da tigreekin, behiekin eta besteren batzuekin batera.

Budaren amak amets egin zuen 6 letagineko elefante zuri batek hiru aldiz inguratu zuela haurdun geratu zenean. Bere bizitzan ez zuen inolako gizonekin sexu edo haragizko harremanik izan, eta ez zuen inoiz ezer lizunik pentsatu, ezta amestu ere.

Erditu eta zazpi egunera zeruetara igo zen, Nirvanara iritsiz eta handik semea zainduz.

Hori gertatu zen Budak, bere jakituria amaigabean, elefanteen artean zuria aukeratu zuelako berraragitzeko biderik onena bezala.

Zalantza barik, oinarri bat da horrelako pakidermoak dituzten kondairak eta ipuinak tradizio budistan oso ohikoak izateko eta elefante zuriak ikonografian maisuaren ondoan agertzeko.

Tradizioz, babesa, adimena eta zorte ona adierazten ditu elefanteak.

Animaliengan berraragitzeko hainbat aukera daude: pertsona on samarrek elefante edo tigre gisa egingo dute, eta gaiztoek bufalo edo arratoi gisa.

Myanmarko monasterioetan haragia kontsumitzea ohikoa den arren, budista begetarianoak ere badira, horietako batzuk aurreko bizitza batean ezaguturiko norbait berraragituta jatea saihesteko.

Hiriaren erdigunera itzuli ginen, handik joan gura genuelako  auzo txinatarrera, oso tipikoa den ate batetik. Etorbide nagusia ohiko argiontzi gorri esferikoz beterik zegoen. Kolektibo hark urte berriko ospakizunetan jarraitzen zuen.

myanmar-44

Elefantea kateatuta

Kaleko postu koloretsuen artean paseoan ibili ginen, batzuk fruta-saltokiak ziren. Haietako batean ezagutzen ez genuen bat erosi genuen, ez dut gogoratzen haren izena, baina oskol gogor bat kendu behar zitzaion.

Herrialde hartan ohikoa denez, kaleek trafiko handi eta desordenatuak eragindako kaosa pairatzen zuten.

Auzoko tenplu nagusia, nahiko dotorea, ikusi genuen. Eltxoen aurkako hainbat zerrenda zituen sabaitik zintzilik.

Javik pila bat behar zuen erlojuarentzat. Kaleetan zehar ibili ginen, espaloietan eta solairuetan elektronikako dendak zeuden, guztiak arabiar zokorik kalamastrenetan inbidia eragingo zukeen metaketa- eta desordena-itxurarekin.

Bazkalordua zen. Inguruko portura eraman gintuzten, jatetxe txinatar batera, negozioaren izenaren ezaugarrietatik eta langileen fisionomiatik ondoriozta zitekeenez, nahiz eta sukaldaritza mendebaldekoa izan. Aurretik, San Yuk beste batera eramatea pentsatu zuen, baina egun hartan itxita zegoen. Nahiko ondo egon ginen terraza batean, kai aldera begira, eta jaki xume batzuk, oso txukun aurkeztuak, jan genituen.

Portu hura Irawadi ibai itzelaren bokalean dago, eta herrialde osoan nazioarteko merkataritzan diharduen portu bakarra da. Handia da eta trafiko bizia du.

myanmar-45


Kaleko fruta-saltokia

Ibaiak ─herritarrek Irawadi deitua (pali jatorriko hitza, “aberastasun ugarikoa” esan gura duena), ofizialki Ayeyarwadi izena duena─ iparretik hegora zeharkatzen du herrialdea, 2.170 km-ko ibilbidean, eta horietatik 1.600 inguru nabigagarriak dira. Hori horrela da lautada handi bat zeharkatzen duelako, itsas mailarekiko oso altuera gutxikoa, eta horrek, gainera, zelaiak eta inguruko lurrak oso emankorrak izatea eta baso asko egotea errazten du.

Ingelesek, iritsi zirenean, ikusi zuten ibai hura Mandalay (orduan hiriburua) eta Yangon (britainiarrentzat Rangun) arteko komunikazio-bide bakarra zela.

Adaman itsasoan hainbat delta eratuz itsasoratzen da. Ikusiko denez, ibai hura hainbat aldiz aurkitu eta nabigatu genuen hurrengo egunetan.

Programatutako jarduerak amaituta arratsaldea libre genuenez, San Yuri eskatu genion Strand hotelera eraman eta bertan utz gintzala.

Luxuzko hotel hau eraikuntza kolonialaren adibide bikaina da. 1896an inauguratu zen eta herrialdearen independentzia ostean berreraiki zen, bere jatorria errespetatuz.  Palace hotela Madrilen, hori da hotel hau Yangonen. Kafe on bat hartu genuen hango areto dotore batean.

myanmar-46

Strand hoteleko barrualdean

Javik gelara itzuli nahi zuenez, eta Isabelek eta Begok aurreko arratsaldean ikusi genuen merkataritza-gunera joan gura zutenez, erabaki nuen azken horiekin joatea, besteak beste, lasaiago ibil zitezen.

Strand hoteleko sarreran gure gidariari agur esan aurretik, eskatu genion paper batean jartzeko zer esan behar genion taxilari bati merkataritza-gunera eta gure ostatu-lekura eraman gintzan, eta zerbitzuagatik ordaindu behar genuen gutxi gorabeherako prezioa ere bai. Esan behar dut ez genuela taximetrorik ikusi ezelango ibilgailutan.

Taxi bat hartu genuen Strand hoteleko geralekuan prezioa finkatu ostean, gure gidariak esan ziguna baino zerbait gehiago. Autoa tokiko egunkari zaharrez beteta zeraman –eserlekuetan, lurrean eta abar zeuzkan–, eta ingeles oso mugatuan, eta keinuen laguntzaz, militarren diktaduraren alderdi oso kritikoak eta “Andere” miretsiaren oso aldekoak azaltzen joan zitzaigun, geu ginderamatzan autoa bezain zoroki zihoazen ibilgailuz inguratuta geunden bitartean.

Lehenengo, Javi uztera joan ginen, eta, gero, Merkataritza Zentrora, erabat mendebaldar bihurtua, non edozein hiritako ohiko marken dendak (Mango, Zara, Burger King…) ikusi baikenituen, eta beste batzuk korear eta japoniarrak, batez besteko birmaniarraren erosteko ahalmenera batere egokitzen ez diren prezioekin.

Tarima moduko batean ‘planta oneko’ mutil eta neska talde bat zegoen ariketa egiten, markako kirol-jantzi deigarriekin jantzita: gimnasio bat iragartzen zuten. Gama altuko auto-erakusketa bat ere ikusi genuen.

Kanpoko bizimoduarekin edozein antz kointzidentzia hutsa zen.

Berriro Javirekin elkartu ostean, gure kabuz joan ginen afaltzera. Jatetxe baten bila ibili ginen hotelaren inguruan. Buelta dezente eman genituen eta janari-karta oso labur eta koloretsua zuen zuku-tegi batean amaitu genuen.

Zerbitzariari keinuka eskatu genion ez zezala izotzik jarri edarietan, osasun-gomendioak zirela eta. Eta halaxe egin zuen… baina edalontzi batean bakarrik. Gainerakoa prestatu zuen bezala hartu genuen. Ez zen ezer gertatu.

Saltxitxa birmaniar desatsegin bat afaldu nuen. Ziur aski hildako animalia oso gaiztoa izango zen aurreko bizitzan, eta ez zuen merezimendu nahikorik egingo berrian. Utzi zigun zaporea ikusita, uste dut etorkizuneko berraragitze baterako ere ez zuela merezimendurik egin.

myanmar-47

(jarraituko du)

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude